« JUAN IGNAZIO IZTUETA | JIMENEZ, EDORTA » |
JAUREGI, KOLDOBIKA – “JAUTARKOL”
Luis Ramon Jauregi Etxenagusia Errenterian jaio zen 1896ko ekainaren 21ean, eta Zarautzen hil, 1971ko otsailaren 2an. “Jautarkol” ezizena izen-abizenen zenbait silaba elkartuz sortu zuen: “Jauregi’tar” hitzetik “Jau” eta “tar” eta “Koldobika” izenetik, “kol” hartu zituen. Sorterria Errenteria izanik, asko idatzi zuen gipuzkoar hiriaren aspektu anitzei buruz.
Hamahiru urterekin, Comillaseko Unibertsitatera joan zen, Santanderrera. Ikasketen fruitu, Zuzenbide kanonikoan lizentziatu zen lehendabizi, eta Teologian doktoratu ondoren. Comillasen igarotako garai hartatik Jautarkolengan eragin handia izan zuten bi pertsona aipatu beharra dago: Orixe eta Jose Maria Estefania. Lehenengoarengandik euskara eta euskal kultura maitatzen ikasi zuen, bitartean, bigarrenarengandik espainiar poesiari buruzko (bai klasikoa eta baita gerokoa ere) ezaguera ugari jaso zituen. Urte haietan, gainera, zenbait literatur lan argitaratu zituen Euzkadi, Euskal Erria, Irugarrengo Prantziskotarra, Argia, Zeruko Argia, RenterÃa, eta Euskal Esnalea aldizkarietan.
Kantabriatik Euskal Herrira itzulitakoan, Jauregi herri askotan ibili zen apaiz lanetan. Gerra zibila ostera arte Buradon Gatzagan (edo Salinillas de Buradón), Ataun San Gregorio, Altzo Muño eta Anoetan bizi izan zen. Altzon pasatako urteei dagokienez, Jauregik etxean sortutako euskaltzale giroa azpimarra daiteke. Bertan bildu ziren pertsonen artean, Jose Antonio Agirre (gero lehendakari izango zena) eta bere emazte Maritxu, Lizardi, Dioniso eta Anizeto Olano, Antonio Labaien edo Pio Montoia zeuden. Sasoi hartan Jautarkolek literatur sari asko irabazteaz gain, Donostiako El DÃa egunkarian hainbat artikulu idatzi eta Biozkadak olerki-liburua argitaratu zuen. Anoetako garaiari dagokionez, berriz, Jautarkolentzat oparoa izan zela esan daiteke, ez bakarrik bere lan literarioagatik, baita kultura suspertzearen alde egindakoagatik ere.
Gerra Zibilak eta gerraosteak ekintza horien guztien etenaldi luzea ekarri zuen Jauregiren bizitzara. Gerrateak iraun zuen bitartean momentu latzak bizi izan zituen, lagun askok ihes egin behar izan zuten eta beste batzuk, Aitzol edo Martin Lekuona kasu, fusilatu egin zituzten. Jauregi politikan nabarmendu ez bazen ere, Tolosako Eskolapioetan preso sartu zuten, harik eta apaiz karlista batek askatzea lortu zuen arte. Esan bezala, gerraostea ere ez zen erraza izan. Lauzirika gotzain frankistak, Jauregi baztertzeko xedearekin, Beasain eta Azpeitia inguruko bi herri txikitara bidali zuen. Elixabete Perez Gazteluk “isiltasun luzea” deitu dio Jautarkolen bizitzako pasarte horri: “Baina, gerrateak sekulako zauria utzi zion barrenean: argitara-lanei begira Matxinbenta eta Urrestilla isiltasunaren urteak izan ziren, deus argitaratu gabe pasa zituen Jautarkolek gerraondoko urte franko. 1936tik 1952a arte ez zuen olerkirik argitaratu” (2002: 12-13).
Azken urteak Zarautzen pasa zituen Jautarkolek. 1958an bertako karmeliten kapilau bihurtu zen. Garai hartan hainbat artikulu idazteaz aparte, La familia de Pascual Duarte eleberria euskaratu zuen Sabin Unzurrunzagak zuzendutako Itxaropena argitaletxean. 1965ean euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Jautarkolen izaerari buruz, Elixabete Perez Gazteluk hitz egiteko trebezia aipatzen du, eta lagunartean ibiltzeko zaletasuna ere bai. Bestetik, idazlearen bizitzako bi zutabeak erlijioa –kristau fedea da, bere ustez, gizartearen funtsa– eta euskal kultura izan zirela aipatzen du. Lehenengoari begiratuta, egungo ikuspuntutik atzerazaletzat jo badaiteke ere, ezin dugu gauza bera esan bigarrenari begiratuta: “atzerazaletzat jotzen duen horrek berak aitortu beharko du euskal kultura, literatura, euskararen etorkizuna eta beste idazgai dituenean, beste taxu bateko Jautarkol duela begi aurrean: berrizalea, aurrerabideari begira eta zabalik dagoena” (2002: 17).
Azkenik, Jautarkolen obrari dagokionez, esan dezadan genero desberdin asko landu zituela, bi hizkuntzatan gainera: euskaraz eta gaztelaniaz. Poesian, errenteriarraren ekarpen ezagunena Biozkadak (1929) poema-liburua da. Horren garrantzia, batetik, literarioa da, molde berriak ekarri zituelako egileak euskal olerkigintzara eta, bestetik, eragin soziala izan zuela ere aipatzekoa da. Euskaltzaleak taldeak, liburuak omenaldi bat merezi zuela eta, “Euskal Olerti Jaia” antolatu zuen. Ordutik aurrera urtero ospatzen zen jai hori eta bertan Lizardik, Loramendik, Jokin Ziltegik eta horien pareko poeta handiek hartu zuten parte. Jautarkolen olerkigintzari buruz honakoa dio Santi Onaindiak: “Jautarkol’ek bere arima berezia zuen, eta orixe utzi zigun, osto, ertzetan tanta iduri, bere bertsoetan dardarka. Barnean zituen atsekabe ta pozak adierazten erabilli zizkigun irudipenak, egoki, nare ta adikorrak ziran oso. Aren adimen argiak sorturiko gogai ta burutapenak, erri asko ez jakiñak berak ere naiko errez ulertzeko modukoak” (1977).
Prosaz, hiru ipuin bilduma —Egizko edertasuna (ipuin luzea) (1923), Ipuiak (1924) eta Ipuiak berriz ere (1953), beti ere, aurreko aipuan Onaindiak azaltzen duen bezala, irakurtzen errazak direnak–, eta saiakera eta biografiaren artean dauden liburu bi —Xenpelar bertsolaria (1958) eta “Loramendi” olerkaria, aren garai barruan ikusia ta aztertua (1959)– argitaratu zituen.
Itzulpen arras ezagun bat ere egin zuen, Camilo José Cela Nobel espainiarraren La familia de Pascual Duarte eleberria —Paskual Duarte’ren Sendia (1967)–. Horrez gain, behin baino gehiagotan aipatu artikulu eta saiakerak agertu ziren garaiko aldizkarietan (Zeruko Argia, Yakintza, Euzko Gogoa, Euskal Esnalea, Ekin, Bertsolariya) eta El DÃa egunkarian.
BIBLIOGRAFIA
ONAINDIA, Santi (1997): “Luis Jauregi Etxenagusia, “Jautarkol” (1896-1971)”. Euskal literatura V. Etor. Donostia. http://zubitegia.armiarma.com/aipa/ona/00290.htm
PEREZ GAZTELU, Elixabete (2002): “Jauregi, Koldo “Jautarkol””. Bidegileak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Bilbo.
« JUAN IGNAZIO IZTUETA | JIMENEZ, EDORTA » |