Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

JUAN IGNAZIO IZTUETA

(1767-1845)
Fco. Javier Rojo Cobos

Juan Ignazio Iztueta Zaldibian jaio zen 1767. urtean eta bertan hil 1845.ean. Elizgizonez beteriko euskal literaturan idazle honen presentzia nabarmena da, Mitxelenak azpimarratzen duen bezala (Mitxelena 2001: 110), bera izan baitzen elizgizona izan gabe erlijioarekin zerikusirik ez zuten liburuak idatzi zituen lehenengo gipuzkoarra.

Bizitza azarotsua izan zuen, kartzelatik ere pasatu baitzen, baina literaturara mugatzen bagara, bi zaletasunek markatzen dute bere ibilbidea idazketa munduan: dantza eta historia. Izan ere, zaletasun hauek asez liburu bana argitaratu zuen:

  • Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia (1824): Liburu honetan dantzen deskribapena egiten da, Gipuzkoako dantzak jatorrizko forman nolakoak ziren azalduz, zeren idazleak ikusten baitzuen bere garaian dantza horiek aldatuta agertzen zirela, jatorrizko formatik aldenduta, eta berari hori ez gustatu. Frai Bartolomeren haserrea ekarri zion dantza-zaletasun honek, jakina denez apez bizkaitarrak dantzetan era guztietako gaitzak ikusten baitzituen.
  • Gipuzkoako probintziaren kondaira edo historia (1847): Datari erreparatuz, idazlea hil ondoren argitaratutako liburua da. Idazlea euskaraz aritzen den lehenengo historialari moduan agertzen zaigu liburu honetan (Urquizu 2000: 358-359). Liburu honetan bi zati bereizten dira. Alde batetik idazleak berak zuzen ezagutzen duena agertzen da (bere inguruko tokiak, ezagutzen zituen ohiturak etab.), non informazio interesgarria eskaintzen duen. Baina bestaldetik, gipuzkoarrei egozten dizkien era guztietako loriak, benetakoak zein asmatuak, aipatzen ditueneko atalak ere badaude, liburu honen bidez idazleak gipuzkoarrak goratzea baitzuen helburu. Azken atal hauetan gehiegikeriara emanda dagoen idazlea topatzen du irakurleak, inolako oinarri sendorik gabe gipuzkoarrak munduan diren balentria guztien egile bihurtzen baitzituen.

Bi liburu hauez gainera, liburuxka hau ere argitaratu zuen:

  • Karta egiten diona Juan Ignazio Iztuetak apez don Juan Jose Mogeli (1829), non erantzuten dien dantzak direla eta frai Bartolomek egindako kritikei.

Liburu hauetan aurkezten den bezala, Iztuetaren prosa errepikakorra da, gehiegikerietara emana. Eta bestaldetik, Larramendiren hiztegia irizpide argirik gabe erabiltzeak ez dio idazkera zurrun hori erakargarri egiten asko laguntzen.

Liburuen formatuan agertutako obra hauek alde batera utzita, Iztuetak poema gutxi batzuk ere utzi zituen, Garmendiak prestatutako argitarapenean ikus daitekeen bezala (Garmendia 1978). Haietatik bat nabarmentzen da, halako moduan non ia-ia bere poema bakartzat hartu izan den: “Kontzeziri”. Kartzelan sortutako lana da hau, gero bere emaztea izango zenari (orduan hau ere kartzelan zegoen) eskainita. Amodiozko poema dugu, eta 1825.ean Londresen izan zen argitaratua, Pablo Mendibilek egindako liburuxka batean (Urquizu 2000: 310).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

GARMENDIA ARRUEBARRNA, José (1978): Iztueta’ren olerkiak. Kardaberaz Bazkuna. Tolosa.

MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatur vasca. Erein. Donostia.

URQUIZU, Patricio (dir.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.

VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Editorial Arantzazu. Oñati.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus