Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ALVAREZ ENPARANTZA, JOSE LUIS – “TXILLARDEGI”

(Donostia, 1929)
Eneko Zuloaga

Jose Luis Alvarez Enparantza, “Harribizkieta”, “Larresoro”, “Usako”, “Igara” edo “Txillardegi”, Donostian jaio zen 1929ko irailaren 27an. Euskara ikasten 1948 aldera hasi zen. Hogei urte eskasekin, Bilbon ingeniaritza-ikasketak egiten zegoela, EAJren jarreraren eraginkortasun-eza ikusirik Ekin erakunde abertzalearen sorreran parte hartu zuen beste gazte batzuekin batera. Halaber, ETAren sortzaile (1959) eta buruzagietako bat izan zen (berak eman zion izena, esaterako), baina erakunde armatuak V. Asanbladan (1967) marxismo-leninismoarekin bat egin zuenean kide izateari utzi zion. Garaiko militantzia politiko nahiz kulturalak kartzela-aldi laburren bat ekarri zion, eta erbestera ihes egin behar izan zuen 1960ko hamarkadaren hasieran: sorterritik kanpo, Parisen eta Bruselan, hamasei urtez bizi izan zen. Hain zuzen ere, sasoi hartan Hizkuntzalaritza ikasi zuen Parisen.

Behin erbestetik itzulita, Iñaki Aldekoarekin batera ESB alderdia sortu zuen eta gerora Herri Batasunaren ordezkari izan zen Espainiako Senatuan. Gaur egun Aralar alderdi politikoko kidea da.

1976an, halaber, Donostiako EUTGn Fonologia irakasten hasi zen. 1980ko hamarkadaren hasieran Californian urtebete egin zuen fonologia-ikasketak sakontzen, eta 1982tik aurrera EHUn aritu zen irakasle harik eta erretiroa hartu zuen arte. EHUko katedratiko emeritua da.

Ez da batere erraza Txillardegik euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena laburtzea; izan ere, hainbat eremu jorratu ditu azken lau-bost hamarkadetan eta ekarpen garrantzitsuak egin ditu eremu horietan guztietan. Literaturaz den bezainbatean, existentzialismoaren eraginpean eraiki du bere nobelagile-ibilbidea, korronte filosofiko horren itzala aurki daiteke hasierako eleberritik azkenera arte.

“Bakarrik nago “Zerubide”n.” Esaldi horrekin hasten da Leturiaren egunkari ezkutua (1957), hots, Txillardegiren lehenengo eleberria eta euskal literaturako lehenbiziko eleberri modernoa. Ferrolen soldaduska egiten zegoela idatzi zuen, eta 1957an argitaratu zen Koldo Mitxelenaren hitzaurrearekin. Honakoa zioen Mitxelenak berak hitzaurrean nobelaren izaeraz: “Noizpait, joan den udaberrian edo, bere asmoaren jakille egin ninduen: eleberri bat egitekotan omen zebillen, eta nolapait esateko existentzialista orietakoa. Leen-baiño-leen asi zedilla eskatu nion, eta alik lasterren buka zezala” (1957, 6).

Leturiaren egunkari ezkutuak eraberritzea ekarri zuen gaiaren nahiz gaia jorratzeko tekniken aldetik, aurreko lauzpabost hamarkadetan nagusi izandako ohiturazko eleberrigintza erabat irauli zuen: “Como narrador tiene el mérito de haber escrito la primera novela que rompió claramente con el universo moral del costumbrismo” (Aldekoa, 2004, 172). Txomin Agirreren eredua guztiz baztertu eta gainditu zuen donostiarrak.

Izenburuak berak adierazten duen bezala, liburua transkribatutako egunkari gisa dago idatzita, eta urtebeteko denbora hartzen du: udaberritik hasi eta negura arte. Urtaroekin batera, bada, Joseba Leturia pertsonaia nagusiaren barne-gatazkak ageri dira, Miren izeneko emakumezkoarekin lotutakoak eta harreman horrek eragiten dizkionak. Hori horrela, euskal eleberrigintzako lehenengo pertsonaia gatazkatsua (ez laua edo karikatureskoa) da Leturia, gertakariak, usteak eta pentsamoldeak lehenengo pertsonan kontatzen dituena. Horrekin batera, eleberriko lekuak ez dira jada kostaldeko herri txiki edo baserri-giro idealizatuak, ezpada hiriak (egiazkoak nahiz egileak asmaturikoak).

Arestian esan bezala, existentzialismo frantsesak berebiziko garrantzia eduki izan du Txillardegiren literatur produkzioan, eta Mitxelenak hitzaurrean islaturiko Txillardegiren hitzei jarraiki, eredu horrekin bat egiten zuen eleberria idatzi nahi izan zuen. Bestela esanda, Txillardegik bat egin zuen garai hartan Europan indar handia zeukan korronte filosofiko existentzialistarekin, eta horrek ere eguneratzea ekarri zion euskal literaturari: “Leturiaren egunkari ezkutua puso el reloj de la narrativa vasca en hora” (Aldekoa, 2004, 173). Eleberriak ohiturazko eredua nahiago zutenen kritika gogorrak jaso zituen arren, euskal nobelagintzara modernotasuna ekarri zuen arrakala zabaldu zuen.

1960an eleberri berria kaleratu zuen Txillardegik: Peru Leartzako, non kezka existentzialista areagotu egiten baita. Peru da protagonista eta nahitaez aurrera egiten duen denborak biziki kezkaturik dauka. Bizi duen nahigabe-egoeratik irteteko ahaleginak egiten ditu, baina guztiek egiten dute porrot, ez du zoriontsu izatea lortzen eta zoroetxean amaitzen du. Liburu honek, alabaina, lehenbiziko nobelak baino kritika kaskarragoak jasan izan ditu: “atzerakada poetikoa izan zelakoan gaude” (Olaziregi, 2002, 79). Izan ere, ideologiak garrantzi handia, handiegia, hartzen du, literaturaren kaltetan: “Peru Leartzako eleberri zapuztua dugu beharbada. Egitura-arazoak nahiz gaiaren koherentziari dagozkionak izan daitezke kritikarako gai nagusiak” (Kortazar, 2003, 144).

Elsa Scheelen (1968) hirugarren eleberriarekin Txomin Agirre eleberri saria irabazi zuen Txillardegik. Narratzaile orojakilea baliatu zuen donostiarrak izen bereko (Elsa Scheelen) protagonistaren bizimoduaren gorabeheren berri emateko. Bada, eredu klasikoagoa hautatze horrek kritikak ekarri zizkion. Narratzaile horrek Elsaren bizimoduaren berri ematen du, senarrarekin banatu eta maitasun zapuztua bizi izanaren ondorioz deseinganaturik dago, ez du harreman berririk nahi, eta inguratzen duen mundutik ere ihes egiten saiatzen da. Ihes horren gailurra heriotza da eleberri honetan ere: lo egiteko pilulen gaindosiaren ondorioz hiltzen da Elsa. Istorioa Bruselan dago kokaturik, eta idatzi zen garaiko gizarte-kezka eta eztabaidagaiak ageri dira: Vietnam, Martin Luther King, marxismoaren baliagarritasuna, etab. Eleberri honetan, baina, “pertsonaien problematika existentzialak berriro ere pisu gehiegizkoa hartu zuen” Olaziregiren ustez (2002, 79). Aldekoaren iritziz, bestalde, pertsonaiak ihes egin zion (2004, 174-175) egileari.

Hamaika urteko isilaldiaren ondoren Haizeaz bestaldetik (1979) eman zuen argitara Txillardegik. Lan horretan hasierako eleberrietan ageri zen karga existentzialista ahulagoa da, eta esperimentalismoak indarra hartzen du. Egitura biribila dauka eta bat egiten du eleberri lirikoaren molde eta ezaugarriekin. Jon Kortazarrek horrela laburbildu zuen edukia: “Bi kontaketa-ardatz ditu: batetik, euskal kostaldetik zehar eginiko bidaia barnerakoia eta, bestetik, testuan itsasoa eta aintzira, hots, asaldua eta konforme izatea, etengabe kontrakarreran jarririk agertzea. Eleberrian kontrakotasuna maila sinbolikoraino eramana da” (2003, 145).

Haizeaz bestaldetik argitaratu ondoren, beste isilaldi luze bat etorri zen, donostiarraren hurrengo nobela, Exkixu, ez baitzen 1988ra arte kaleratu. Etakide gazte baten ibilerak kontatzen ditu liburuak, eta errealismo sozialistaren mugetan sar daiteke. Kritikak, baina, pertsonaien gehiegizko karikaturizazioa, ideologiaren gehiegizko pisua eta muturreko manikeismoa aipatu ohi izan du. Izan ere, irakurleak pertsonaia nagusiek zer pentsatzen duten eta nola jokatuko duten erraz aurreikus dezake, erabat hertsiki jokatzen baitute aldioro, eta horrek guztiak “hondoratu egiten du edozein helburu literario” (Olaziregi, 2002, 80).

Beste isilune baten ondoren, Txillardegiren hurrengo eleberria, Putzu, 1999an kaleratu zen. Eleberri historikotzat jo daiteke, eta Putzu izeneko donostiarraren ibilerak dira obraren ardatza: bigarren karlistaldiaren baitan, liberalekin ez dago ados eta karlistekin egiten du bat. Denborak aurrera egin ahala, pertsonaiaren bilakaera psikologiko eta ideologikoa ere ikus daitezke (apurka-apurka karlismotik aldendu eta nazionalismoarekin egiten du bat). Nabarmentzekoa da egileak egindako dokumentazio-lana.

Orain arte Txillardegik kaleratutako azken nobela Labartzari agur (2005) da. Antton Ihartzegarai, kartzelan hamazazpi urte igaro ondoren sorterrira, Labartzara, itzultzen da, gazte-denborako geografia berraurkitu eta berreskuratu nahian, iraganera itzuli nahian. Alabaina, ezinezkoa zaio gertaturiko aldaketak gehiegizkoak izan direlako: dena eta denak aldatu dira, eta horrek galdera eta kezka larriak, kezka existentzialistak, eragiten dizkio. Pertsonaiaren izaera dela eta, arazo psikologikoak ditu, bere ideologia muturrekoari eusten dio eta borroka armatuaren alde agertzen da. Eleberria lehenengo pertsonan dago kontaturik. Zenbaitek (Arregi, 2007) eleberri politikotzat jo izan du. Kritika-gai izan dira, bestalde, Ihartzegarairen ahotan jarritako zenbait esaldi eta ideia.

Eleberrigintzaz landa, beste eremu batzuetan ere ekarpen garrantzitsua egin du Txillardegik, hala nola, saiakeran. Gaztetan hasi zen saiakera-lanak kaleratzen, 1965ekoa baita Huntaz eta hartaz liburua. Testu-bilduma da izatez, eta garai hartako kezka- eta eztabaida-gaien inguruan mintzo da donostiarra: Gandhi, Vietnam, AEBen inperialismoa, elizaren boterea, etab. 1972an, bestalde, Hizkuntza eta pentsakera izeneko lana kaleratu zuen, non marxismoa estrukturalismoaren argitan aztertu baitzuen hizkuntza, logika eta mundu-ikuskera lotuz. 70eko hamarkadatik hona Euskal herritik erdal herrietara (1978), Euskal kulturaren zapalketa (1984), Gertakarien lekuko (1985), saiakera eta memoria biltzen dituen Euskal Herria helburu (1994), Euskararen aldeko borrokan (2004) bilduma edo Horretaz. Zazpi saiakera labur (2007) obrak eman ditu argitara. Txillardegiren eleberrigintzan gertatu ohi den bezala, existentzialismoak, arazo moralek eta kezka ideologikoek berebiziko pisua eduki izan dute bere saiakeretan ere.

Euskaltzain oso izan zedin birritan proposatu bazuten ere, bietan gaitzetsi zen proposamena, arrazoi politikoak zirela eta (proposamena hirugarrenez egitekotan egon zirenean Txillardegik berak eman zuen ezetza). Alabaina, horrek ez zuen ekarri inolako etenik donostiarrak euskararen alde egindako lan luzean.

Jada 60ko hamarkadan, euskara batuaren sustatzaile, bultzatzaile eta defendatzaile handienetarikoa izan zen. 70eko hamarkadatik aurrera, bestalde, hainbat lan kaleratu zituen euskararen inguruan: Euskal gramatika (1978), Euskal fonología (1980), Euskal dialektologia (1983), Euskal azentuaz (1984), etab. 2004an ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

1990ean Hitza hitz. Txillardegirekin solasean elkarrizketa kaleratu zen, baita egileari buruzko monografikoa ere Jakin aldizkarian. Azken urteotan, beste alde batetik, Txillardegiren omenezko zenbait liburu argitaratu dira, hala nola, honako hauek: Txillardegi lagun giroan (2000), Iker 17. Nerekin iayo nun. Txillardegiri omenaldia (2005), Euskera LII, 2007, 2. Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan (2007).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

_______, (2008): “Txillardegi: Leturiaren egunkari ezkutua“, in Euskera LII, 2007, 2. Leturiaren Egunkari Ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan, Euskaltzaindia: Bilbo.

ARREGI, Rikardo (2005): “Labartzari agur”, Volgako batelariak. Interneten irakur daiteke: http://kritikak.armiarma.com/?p=1823.

CASENAVE, Jon (2008), in Euskaltzaindia (2008): Euskera LII, 2007, 2. Leturiaren Egunkari Ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan, Euskaltzaindia: Bilbo.

EUSKALTZAINDIA (2008): Euskera LII, 2007, 2. Leturiaren Egunkari Ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan, Euskaltzaindia: Bilbo.

KORTAZAR, Jon (2003): Euskal literatura XX. mendean. Pramés. Zaragoza. 2. arg.

MITXELENA, Koldo (1957): “Sarrera-itz batzu”, in Txillardegi (1957): Leturiaren egunkari ezkutua. Euskaltzaindia. Bilbo.

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia: Bilbo.

SARASOLA, Ibon (1975): Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza. Kriseilu. Donostia.

TOLEDO, Ana (1989): Domingo Agirre. Euskal eleberriaren sorrera. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo.

______, (2008), “Leturiak berrogei eta hamar urte bete dituela eta”, in Euskaltzaindia (2008): Euskera LII, 2007, 2. Leturiaren Egunkari Ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan, Euskaltzaindia: Bilbo.

TXILLARDEGI (1977): “Bigarren argitaraketa dela-ta, hitzaurre”, in Txillardegi (2000 [8. argitaraldia]): Leturiaren egunkari ezkutua. Elkarlanean. Donostia.

URKIZU, Patri (2008): “Leturiaren egunkari ezkutua. Liburuaren harrera garaikideen artean”, in Euskaltzaindia (2008): Euskera LII, 2007, 2. Leturiaren Egunkari Ezkutua eleberriaren ekarpena XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan, Euskaltzaindia: Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus