Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ITURRIAGA, AGUSTIN PASKUAL

(Hernani, 1778-Hernani, 1851)
Manu Lopez Gaseni

Agustin Paskual Iturriaga euskal pedagogo eta idazlea izan zen. Familia onean hazia, Andoaingo apaiztegian eta Oñatiko unibertsitatean egin zituen ikasketak.

Apaiztu zela, zenbait solasaldi kulturaletara biltzen zen lagunekin, Hernanin eta Donostian, eta haietan ideologia eta jatorri askotako pertsonekin jarduten zuen hainbat gizarte-gaiez, horien artean pedagogiaz.

Pedagogia-kezkak bultzaturik, eskola bat sortu zuen Hernanin, anaia Cayetanorekin eta Manuel Larrarte maisu eta organo-jotzailearekin batera. Eskolak arrakasta handiz egon zen zabalik 1818tik 1823ra. Handik aurrera, berriz, ez zuen lortu irakaskuntzan jarraitzeko baimenik, konstituzio zaletzat joa izan zelako.

Garai beretsuan, Espainiako Korteetako diputatu ordezkoa izan zen, Gipuzkoatik.

Voltaireren pentsamoldearen eta Entziklopediaren aldekoa zelako salaketa anonimo bat jaso zuela, 1822an, erbesteratu behar izan zuen: lehenbizi Hondarribian eta geroago Zestoan. Jaioterrira itzulita, auzibidean jarri eta irakaskuntzan gehiago jardutea debekatu zioten. Berriro erbesteratu behar izan zuen, oraingoan Iparraldean, 1835etik 1840ra.

Hernanin zegoela, Iturriagak idatzi eta argitaratu zituen ezagutzen zaizkion hiru liburuak: Arte de aprender a hablar la lengua castellana para el uso de las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa (1841); Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primeras letras de Guipúzcoa (1842), Jolasak izenez ere ezaguna; eta Fábulas y otras composiciones en verso bascongado , dialecto guipuzcoano, con un diccionario basco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos (1842).

Horietaz gain, Iztuetarekin izandako gutun-trukea eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako idatzi zuen Memoria (1830) ere gordetzen dira.

Obra horien bitartez bere tesiak garatzeko tresnak eskaini nahi izan zituen Iturriagak. Alegia, eskoletan euskara sartu behar zela, hizkuntza horretan irakurtzen ikasteko lehebizi, eta gero gaztelaniazko irakaskuntza garatzeko. Beraz, haren iritziz, euskara eta gaztelania izan behar ziren eskola-hizkuntzak, euskara galduko ez bazen. Edonola ere, garaiko ilustratuen ildo beretik, gaztelania jakin eta landu beharra garrantzizkotzat jotzen zuen, lehen liburuko izenburuan adierazten duen legez.

Bigarren liburua, Jolasak, Basilio maisuaren eta Antonio ikaslearen arteko elkarrizketez osatua dago. Bi zutabetan emanak daude elkarrizketok, euskaraz batean eta gaztelaniaz bestean. Handik urte batzuetara, Jolasak izan zen Bonaparte printzeak euskalkiak lantzeko aukeratutako liburuetako bat. Hala, 1857an berrargitaratu zen, lau zutabetan: Iturriagarena, gipuzkeraz; bizkaieraz, Uriartek egina; lapurteraz, Duvoisinen eskutik; eta zubereraz, Intxausperen bertsioan.

Fábulas delakoan, azkenik, 49 alegia biltzen dira. “Euskal-Erriko gazteriari” izeneko eskaintzarekin zabaltzen da liburua. Horietaz gain, Virgilioren lehen eta hirugarren eglogen euskal bertsioa, San Inazioren martxa, ezpata-dantzaren hitzak eta euskara-gaztelania hiztegia ere biltzen ditu obrak. Alegiei dagokienez, Samaniegoren alegien itzulpenak dira. Manterolak Iturriagaren eskuizkribu batean aurkitutako beste 6 alegia gehiago argitaratu zituen Cancioneron, 1880an, haiek ere Samaniegorenetik euskaratuak. Liburu horren helburua ere, besteetan bezala, eskola-umeei hezibide egokia emateko material atseginak eskaintzea zen, alegien aldeko garaiko korrontearen barruan.

Luis Mari Mujikak aurrerakoi iritzi zion Iturriagaren irakaskuntza-metodoari. Paulo Iztuetak, aitzitik, erdalduntzeko asmoa ikusten du Iturriagaren liburuen atzetik.

Alegiei buruz, Manterolak esan zuen Iturriagaren testuek originalak ziruditela, jatorrizko testuak asko aldatu zituelako. Mitxelenak eta Onaindiak ere goraipatzen dute hernaniarraren lana, baina Etxaidek kritikatu zizkion gehiegizko joritasuna eta esaera batzuen erdal kutsua.

Beldarrainek ondorioztatu duenez, Iturriagaren alegietatik hiruk ez dute iturri garbirik, hibridoak dira, bestela esanda.

BIBLIOGRAFIA

BELDARRAIN AGIRRE, Josune (2010): Alegia klasikoak euskaraz: Isopeteko, La Fontaineren eta Samaniegoren alegien berridazketen azterketa. EHUko Doktorego Tesia. Argitaratu gabe.

VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Editoria Aránzazu (2. ed.).

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus