« IRIGOIEN, JOAN MARI | ITURBE, ARANTXA » |
JUAN IRURETAGOIENA
Juan Iruregoiena ez da oso ezaguna euskal literaturan. Bere literatur ekoizpena oso laburra izan zen. Izan ere, oso idazlan gutxi argitaratu zituen eta gehienak gerra zibila baino lehenago. Esketx moduko antzerki labur batzuk, eta poemaren bat dira bere literatur produkzio osoa, 2001.ean Antzerki eta poemak liburuan bilduta agertzen dena.
Idazlea Zarautzen jaio zen 1899. urtean eta bertan hil, 1982.ean. Andoainen eta Gasteizen ikasketak egin ondoren, 1923.ean apaiztu egin zen. 1927.ean Zarautzera joan zen kapilau. Gerra zibilaren garaian Frantzian egon zen, 1939.ean bueltatu zelarik.
Antzerkiaren alorrari dagozkion idazlan guztiak gerra zibila baino lehenago eman zituen argitara. Hauexek dira lanak:
- Gau-ostatua (1921): Ekitaldi bakarreko drama da. Antzerki honetan kontatzen da nola baserri batean hartzen duten iheslari bat; iheslari hau aldez edo moldez erlazionatuta egongo da baserri horretan bizi izandako tragedia batekin. Barkamenaren gaia nabarmentzen da idazlan honetan.
- Atso poxpoliña (1929): Bakarrizketa soil bat. Gaztaina saltzaile batek esaten dituenak eta pentsatzen dituenak nahasten dira bakarrizketa honetan, non pertsonaiak bere bizitza askearen aldarrikapena egiten duen erruki-etxean izango zuen bizitza ordenatuarekin kontrajarrita.
- Otarka aza (1929): Antzerki moduan aurkeztutako elkarrizketa laburra. Tren batean kokatutako elkarrizketa bat besterik ez da, non baserritarren bizimodua eta hiritarren bizimodua aurrez aurre jartzen diren.
Esketx moduko hiru antzerki labur hauek Euskal-esnalea-n agertu ziren.
Horrez gainera, Antzerki eta poemak izenburuko liburu horretan biltzen diren idazlanen artean bi poema agertzen dira:
- “Belgundaria” (1923, Jaungoikozale-n).
- “Gazi-gozoak” (1957, Egan-en).
Lan hauez gainera, sermoi eta itzulpen batzuek osatzen dute idazle honen ekoizpena, baten bat argitaratu gabe geratu zelarik.
BIBLIOGRAFIA
IRURETAGOIENA, Jon (2001): Antzerki eta poemak. Olerti Etxea. Zarautz.
ONAINDIA, Santi (1977): “Juan Iruretagoiena Aiestaran”. Euskal Literatura V. Etor [Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=ona-497].
ROJO, Javier (2002): “Idazle ahaztua”. El Correo. 2002/09/25.
« IRIGOIEN, JOAN MARI | ITURBE, ARANTXA » |