Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

IRIGOIEN, JOAN MARI

(Altza, 1948)
Amaia Serrano

Joan Mari Irigoien Donostiako Altza auzoan jaio zen, 1948an. Ingeniaritza industriala ikasi zuen, nahiz eta inoiz ez den horretan aritu. Beste lan batzuen artean, euskal telebistarako pelikulak eta Roald Dhal idazle ingelesaren hiru obra itzuli ditu: Erraldoi on miragarria (The BFG), 1989an; Sorginak (Witches), 1990ean; eta Georgeren medizina miragarria (George’s Marvellous Medicine), 1991an. Halaber, euskara zuzentzaile izan da Egin egunkarian, eta hezkuntza-lanak egin ditu ikastoletan.

Joan Mari Irigoienek lana idazletzarekin uztartzen jakin du. 1975ean lehenengo liburua argitaratu zuenetik, idazlan ugari plazaratu ditu. Gaur egun literatura du ogibide, horretara emana da. Horren erakusgarri da azken bi urteotan (2008-2010) idatzitako Orbe familiari buruzko trilogia mardula.

Hitz neurtuz zein lauz trebezia handiko idazlea da, baina batik bat eleberriengatik egin da ezagun.

Bi urte pasa zituen Venezuelan. Han Benedetti, García Márquez eta Vargas Llosa bezalako idazleen obra ezagutzeko aukera izan zuen eta, esperientziaz beraz gain, aipatu idazleen eragina ere nabari da bere lan batzuetan.

Poesia: ezinegonen babesleku

Poemetan, Irigoienek hainbat gai jorratzen ditu, betiere heriotzaren, maitasunaren, denbora iragatearen, ahanzturaren, politikaren eta abarren inguruan dituen kezkak azalduz. Koldo Izagirreren arabera (2002), Joan Mari Irigoienen poesia Gabriel Arestiren osteko existentzialismo errealistan koka daiteke.

Idazle altzatarra mundu literariora ekarri zuen lehen obra Hutsatik esperantzara izan zen, Irun Saria jaso eta 1975ean argia ikusi zuena. Euskal literaturan ibilbidea hasteko giltza izan zen liburu hura idazlearentzat; izan ere, euskaraz idazteko erabaki sendoa orduan hartu zuen. Frankismoaren azken urteetan, nabari zen “askatasunaz” baliatuz, Irigoienek inguratzen duen errealitateari buruzko hausnarketa existentziala egin zuen, bere egia eta mundu ikuskera adieraziz.

1989an, ia hamabost urtetan zehar prosan aritu ondoren, poesia-liburu bat aurkeztu zuen: Denborak ez zuen nora. Ordura artekoan baino tonu ezkorragoan idatzitako lana izan zen, errealitateak eragiten zion kezka zela-eta, agian. Poema-bilduma hiru zatitan dago banatua: lehenengoan, haurtzaroari buruz hitz egiten du; bigarrenean, bidaia existentzialaz; eta azkenengoan, heriotza du ardatz. Hala ere, denboraren inguruko hausnarketa metafisikoa da obrari batasuna ematen diona.

Irigoien ez da helduentzako poesia egitera mugatu, eta 1994an, haurrei eskainitako Metak eta kometak lana argitaratu zuen. Halaz ere, haur eta gazte poesiara egindako lehen hurbilketaren ostean, altzatarrak Hautsa eta maitemina (1989) idatzi zuen, irakurle aktiboaren aldeko apustua eginez, zeinak haiku japoniarrak gogorarazten dituzten poemak osatu beharko dituen. Sentimendu eta sentsazioen pilaketak poema horiek aurrekoak baino abstraktuagoak izatea dakar, baita musikaltasunak zein irudi literarioek garrantzi handiagoa izatea ere.

Letra txikiaz bada ere (2003) liburuan, berriz, aurreko poesia-liburutik guztiz aldentzen da, errealitateari aurre egitera bueltatzeko; baina, oraingo honetan, estilo zuzenago eta umore kutsu handiagoaz dator idazlea, bere abizenarekin egindako hitz-jokoen bidez bere buruari barre eginez: Zirigoien, Zorogoien etab.

Biziminaren sonetoak (2004) izenburuko azken poema-sortan Joan Mari Irigoienek euskaraz sonetoak ontzean erakusten duen gaitasuna handia da, batez ere kontuan hartuz gero euskal literaturan ezohiko moldea dela. Obran zehar bizipenekin erlazionaturiko gaiak jorratzen ditu, tartean Egunkariaren itxierarena.

Koldo Izagirre idazleak antologia labur bat egin zuen, XX. mendeko poesia kaierak – Joan Mari Irigoien (2002) izenburupean, poeta altzatarraren lehenengo neurtitzak jasoaz.

Prosa oparoa

Joan Mari Irigoienek Oilarraren promesa (1976) eleberria, 2003ko edizioan zehazten duen gisan, Francoren diktaduraren azken urteetan idatzi zuen, Pinochetek estatu kolpea eman berri zuenean. Bertan, bere jaioterriak, Altzak, jasan zuen aldaketa gogorra deskribatzen du, non baserrien ordez zementuzko eraikinak eraikitzen hasi ondoren geroz eta etxe gehiago egin zituzten. Eleberri politiko eta soziala da beraz, zeinetan garaiko giroa nabari daitekeen. Mari Jose Olaziregik dioenaren arabera, nobela hori Euskal Herrian jasandako frankismoaren errepresioaren aurkako alegatua da (apud Ibargutxi & Arozamena). Eleberriak Kritika Sari Nazionala lortu zuen, estatuan idazle honi eman zitzaion lehenengoa.

Dagokigun idazle nekaezinak biografia bat ere idatzi zuen: Lope Agirre (1979), esploratzaile eta konkistatzaile euskaldunak lurralde hegoamerikarrean XVI. mendean izan zuen bizitza jasotzen duena.

Geldiune labur baten ostean, indartsu itzuli zen fikziora eta lehen emaitza Poliedroaren hostoak (1983) izan zen, obra konplexua, maila literario handikoa. Kritikaren alorrean harrera ezin hobea izan zuen, 1980an Azkue Saria eta 1982an Kritika Saria lortu zituen. Gainera, eleberria gaztelerara itzuli zen, La tierra y el viento (1997) izenburupean. Gaztelerazko bertsioan ikus daitekeen bezala, lur/haize dualtasuna da eleberria sinbolikoki egituratzen duena. Obrak bi familietako bost belaunaldi jarraituen arteko etengabeko liskarrak islatzen ditu, Elizalde eta Ibargoien sendietakoenak hain zuzen. Kasu horretan ere historia oso presente dago, narrazioa lehenengo karlistaldiarekin hasi eta frankismoraino luzatzen baita. Gai hori maiz agertzen da Irigoienen liburuetan, Euskal Herriak jasandako gatazken inguruan duen kezkaren erakusgarri. Esan liteke obra horretan jartzen dituela Irigoienek bere narratibaren oinarriak, bertan ageri diren ezaugarriengatik: gaia, dualtasuna, lirismoa, errealismo magikoaren eragina etab., behin eta berriro errepikatuko baitira hurrengo lanetan.

Joan Mari Irigoienenen arrakastak ez du mugarik. 1986an Bakarneren gaztelua argitaratu zuen, haur eta gazte literaturako liburua, eta urtebete beranduago Udazkenaren balkoitik (1987). Azken horrekin bi sari eskuratu zituen: Mirande Saria eta Kritika Saria. Lehenago ere landutako gaiak (heriotza, maitasuna, erlijioa, anarkia, frankismoan jasandako errepresioa…) eta agertokiak (Ollaran herriak bere jaioterriari egiten dio erreferentzia) errepikatu arren, liburuan errealismoa aurrekoetan baino are nabarmenagoa da. Bere bizipenetan oinarrituta, bere belaunaldikoen gurasoek bizi izandako giroa islatzen du egileak eleberrian.

Irigoienek, sorkuntza-gaitasunari atsedenik eman gabe, 1989an, Babilonia argitaratu zuen. Narrazio horren bidez Kritika Saria eta Euskadi Saria jaso zituen, eta gaztelaniara itzuli zen euskarazko lana, izenburu berberarekin. Bilbeak bi anaien –Trinido eta Feliciano Garayalde– arteko etengabeko ika-mikak biltzen ditu. Haien arteko gorrotoa amaigabea da, gerra karlistan ere elkarren aurka borrokatzen dira.

Irigoienek bere ibilbide literarioko etapa bat itxi eta beste bati ekiten dio Consummatum est (1993) eleberriarekin. Aurrekoekin alderatuz gero, ezberdintasun nagusiena kontakizunen kokapena da, fikzioa osatzen duten bi istorioak Euskal Herritik kanpo gertatzen baitira. Bi narrazio kontrajarri dira: lehenengoa, fantasiazkoa da (erromantikoa); eta, bigarrena, errealista. Aurkakotasun hori pertsonaien ezaugarritzearekin indartu egiten da: Diego, ikazkin baten eta prostituta ohi baten semea da, eta Gadea idealista alemaniar baten eta dama madrildar baten alaba. Eleberriaren amaierak bi istorioak lotzen ditu, eta pertsonaien izaeran ezusteko aldaketa bat eskaintzen zaio irakurleari.

1996an haur eta gazte literaturako liburu berri bat argitaratu zuen: Apaiz zaharraren gitarra, eta urte berean Kalamidadeen liburua ere atera zen, komedia surrealista, non pertsonaien karikaturak etengabeak diren. Liburua bi zatitan dago banatuta: lehenengoan, Ladisen, familiako aitaren, pasadizoak kontatzen dira, baita Gorkirenak ere; poeta soziala den aitona da azken hori; bigarren zatian, Manolik eta Juanitak beren senarrekin dituzten gorabeherak dira kontagai. Naturaltasun eta umorez josiriko istorioa da. Obra horrek irakurleak aktiboki parte hartzera bultzatzen du, gurutzegrama bat osatzera ere behartuz.

Historiazalea da Joan Mari Irigoien, eta Lur bat haratago (2000) eleberri historikoa idatzi zuen, XVII. mendeko Nafarroan girotutakoa. Argumentuak Gaztelaren aurkako gerra galdu zuen familia baten bizitza du ardatz, eta garai berrietara ohitzeko dituen zailtasunak kontatzen ditu. Garaiaren irudikapena oso erreala da, eta Axularrena gogorarazten duen euskaran idazteko aparteko abilezia erakusten du idazleak.

Irigoienen hurrengo obra Ipuin batean bezala (2002) da, non Sara altzatar gazteak bizi duen errealitate gogorra deskribatzen den. Nahiz eta gai nagusia maitasuna izan, horren atzean kontrolik gabeko drogen kontsumoa, heriotza etab. ezkutatzen dira. Beste hainbatetan bezain aproposa den izenburuak gauzak errealitatean diruditen bezalakoak ez direla adierazten du.

Errealeko bigarren talde den Sansen izandako esperientziaz baliaturik, Joan Mari Irigoienek Odolean neraman (2004) idatzi zuen. Hainbat jende erakartzen duen futbola euskal literaturan gutxi jorratu den gaia izan da. Beste liburuetako hausnarketa-ildo bera mantentzen duen arren, oraingoan, idazlea futbolari bati ospeak dakarzkion ondorioez mintzatzen da.

Urteko ia liburu bat argitaratzen duen garaian ikusten du argia Komunista.com (2005) liburuak, haur eta gazte literaturaren aldia ixten duen eleberria. Obrak Zilarrezko Euskadi Saria eta Zazpikale Saria lortu zituen.

Hala eta guztiz ere, Joan Mari Irigoienek idazten jarraitu du, eta orain gutxi Orbertarren sagaz diharduen trilogia argitaratu du. Lehen eleberriak Bestea da mundua (2008) du izena. Nazario Orbe eta Regina Aldasoro sendien hastapenak ditu hizpide. Kontakizuna XIX eta XX. mendeetan kokatzen da, Euskal Herriko industrializazioaren hasierarekin bat. Familia horren bizipenak bigarren eleberrian zehazten dira, Haragiaren gauak eta egunak (2009) izenekoan eta Nor bere bidean (2010) azken nobelan amaitzen, non lehen bi eleberrietako narratzaile orojakilea desagertu eta familiako bi anaiek, Damasok eta Gabinok, elkarri idatzitako eskutitzak ageri diren. Irigoienek azken liburuaren aurkezpenean esan zuen bezala: lehen eleberria zuhaitzaren sustraiei dagokie, aldi berean istorio ugari kontatzen direlako; bigarrena enborrari dagokio, egitura sendoagoa duelako; eta, hirugarrena, adarrei eta hostoei, bi anaien arteko dialektikan oinarritzen delako.

Joan Mari Irigoienen bibliografia oparoa da. Idazle altzatarrak zalantza existentzialak, hausnarketa metafisikoak, kezkak etab. ñabarduretan aberats eta euskararen erabileran bikaina den literaturan biltzen ditu. Horrenbestez, idazketari eskaintzen dion denborak euskal literatura aberasteko ez ezik, hurrengo liburuaren zain dauden irakurleen interesa pizteko ere balio izan du.

BIBLIOGRAFIA

IBARGUTXI, Félix & Ainhoa AROZAMENA: Joan Mari Irigoien Aranberri. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online: http://www.euskomedia.org/aunamendi/ee71774?q=joan+mari+irigoien&partialfields=fondo%3Aau%25F1amendi&numreg=2&start=0 [Kontsulta: 2010-12-22].

IZAGIRRE, Koldo (koord.) (2002): XX. mendeko poesia kaierak .Joan Mari Irigoien. Susa. Zarautz.

??

??

??

??

1

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus