Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

IRAZUSTA, JON ANDONI

(Tolosa, 1884-Lima, 1952)
Iratxe Martin

Asko dira erbestean idatzi behar izan zuten idazleak, Jon Andoni Irazustak ere, abertzale sutsua izateagatik, gerraren ondorio latzak pairatu zituen. Atzerrian bizitzeak, ordea, ez zion herrimina eta aberriarekiko zuen maitasuna ahaztarazi literaturaren arloan, behintzat, Euskal Herritik kanpo eman zituen urteak bere bizitzako oparoenak izan baitziren.

Jon Andoni Irazusta 1884. urtean jaio zen Tolosan, ama, Juana Muñoa zuen eta aita, Felipe Irazusta, herriko alkate eta Aguas de Insalus enpreako sortzaileetako bat izan zen. Haur eskola eta gazte denborako ikasketak Tolosako Eskolapioetan burutu ondoren, Bilbora (Deustuko Unibertsitatera) eta Madrilera abiatu zen Irazusta Zuzenbidea ikastera. Karrera amaitu bezain laster, 1910ean, Tolosan abokatu aritu zen harik eta 1936an Gerra Zibila hasi arte. Gaztetarik politikari lortu zitzaion, EAJ eta ELA sindikatuaren kide eta hizlari trebea izanik. Haatik, ezagunak dira Tolosako Batzokian nahiz herriz herri abertzaletasunaren alde emandako hitzaldiak. 1919an GBBeko idazkari egin zuten eta II. Errepublikan, Madrilgo Gorteetan, Gipuzkoako diputatu jeltzale izendatu ondoren, 1936ko hauteskundeetan kargua berritu eta euskal gutxiengoaren bigarren buru izan zen.

Politikan aritzeaz gain, garaian euskaltzale askoren bozeramaile ziren aldizkari eta egunkarietan kolaboratzaile ere izan zen Irazusta: El Día-n Egoaizea ezizenaz sinatzen zuen eta 1932tik aurrera, Antonio Labaien eta Lopez-Mendizabalekin batera, Antzerti aldizkaria sortu eta zuzendu zuen 1935era arte. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zituen lanak:

“Urte horietako lanik garaienenak bederen: Euzko-Aldunen Alkartea (Bilbo, 1935). Itzaldia, langilleak nolako eskubideak obarietan dituzten azaltzen duena. Kortietan aurkeztua. Ley de arrendamientos rústicos (Bilbao, 1935). Gora aundiko itzaldia. 21 orrialde […] Cartas boricuas (1948). Revista de América-n dator, XIV, 109-131 orr. Puerto Rico’ko ugarte bat duzu Boriquén […] Oñarrik (Euzko-Gogoa, 1950, 5-6, 48 orr.) ta Beti bat (E. G., 1950, 7-8, 35 orr.). Euskerari buruzko bi lan mamitsu.” (Onaindia 1975: 183).

Gerra Zibila hastear zegoela, Tolosako Batzokian Estatuari buruz emaniko hitzaldiak nahiko nahasia zegoen egoera politikoa okerrarazi zuen eta, horregatik hain zuzen ere, 1936an herria utzi eta Donostiara abiatu zen. Gipuzkoar hiriburuan egindako egonaldia “gestio” batzuk egiteko baliatzen du: “Jon Andonik bizia bati baino gehiagori salbatu zion gestio haiekin, esate baterako, mediku militarra zen Periko Iraola zegoen kartzelatik atera egin zuen eta horrela bizia salbatu zion.” (Iturralde 2003: 7).

Politikoki konprometituegia egotearren, gerra piztu zenean tolosarrak mehatxuak jasan ondoren Ipar Euskal Herriko Donibane Lohitzune eta Ziburura joatea erabaki zuen. Urteetan zehar politikan egindako lanaren ondorioz, ez zen harritzekoa izan Jose Antonio Agirre lehendakariak Bilbora itzuli eta Eusko Jaurlaritzari batzea eskatu izana. Irazustak, ordea, Euskal Herrira ez bueltatzeko erabakia hartua zeukan dagoeneko eta, 1937-1939 urteen bitartean Bartzelonan EAJren ordezkari legez egon ondoren, anaiarekin Ameriketara itsasoratu zen. Kontinente hartan ibilbide berriari ekin zion tolosarrak. Izan ere, literaturari dagokionez, urterik emankorrenak izan zirela pentsa liteke, idatzi zituen bi eleberriak Buenos Airesen argitaratu baitzirena.

Panamatik Bogotaraino joan zen, non Kanpo Arazoetako Ministerioan lan egin baitzuen politikatik erabat urrundu gabe “Sasoi horretan utzi zuen politika eginkorra, nahiz eta noizean behin Agirre lehendakariaren politika amerikarreko zenbait alderditan lagundu.” (Iturralde 2003: 10). Geroago, oraindik ere Kolonbiako kontsulatuan lan egiten ari zelarik, Puerto Ricora joan eta 1947an, Caracasen argitaratzen zen Euzkadi aldizkarian idazten hasi zen Boriquen ezizenarekin. Baina Irazustaren ibilera ez zen herri hartan amaitu: amaren heriotzari aurre egiteko Buenos Airesen zeukan iloba batekin bizitzera joan zen eta, handik, 1949an, Cordobara, Aita Pasiotarrekin elizgizona izateko ikasketak egiteko asmoz. Azkenean, misiolari pasiotar egin eta Moyobambara, Peruko misioetara, bidali zuten berak eskatu bezala. Hala ere, labur izan zen apaiz gisa eman zuen denbora: 1951n, Liman bere lehendabiziko meza eman ostean eta pasiotar egin zenetik hiru urte soil pasatu ondoren, 1952an, hiri horretan hil baitzen.

Arestian esan dugu idazle honen urterik oparoenak -literaturari dagokionez- erbestean igaro zirela. Euskal Herritik kanpo egindako bide luzean, euskararekiko zintzotasun nabarmena erakutsi zuen Irazustak: “Buenos Airesen kaleratzen zen Euzko Deya-n -aldizkari hori hilean hirutan argitaratzen zen- asko idatzi zuen Irazustak, baita 1950ean ere, bera Moyobamban zegoenean, esate baterako: “Txakur Beltza”, “Datorrela”, “Indioa eta arkakosoa”, “Egitazko Debozioa”… artikuluak.” (Iturralde 2003: 13).

Buenos Airesen ere Losintxak, Martinez Sierraren Madrigal lana itzuli zuen. Halaber, bi eleberri idatzi zituen Joanixio (1946) eta Bizia garratza da… (1950), biak Ekin argitaletxeak plazaratuta. Joanixio eleberria 1944an amaitu bazuen ere, 1946an argitaratu zen. Jon Kortazarren ustetan (2003: 119), lan horretan:

“Gertakarien berri ematerakoan Irazustak nolabaiteko ironia erabili bazuen ere eta modernotasunari loturiko xehetasunak tartekatu bazituen ere, pertsonaien psikologian sakondu ez zuenez, deskribapenetan orokortasunera jo zuenez eta elkarrizketari balio handia eman zionez, ohiturazko eleberrigintzatik hurbilekoa dela esan genezake.”

Gotzon Garatek (1989) ere lantxo bat eskaintzen dio Joanixio eleberriari, non Irazustaren nobela horrek Euskal Herriko eleberri errealistari hasiera ematen diola esateaz gain, eleberri errealista eta ohiturazkoaren arteko desberdintasunak zerrendatzen dituen. Bizitza garratza da… nobelan ere, protagonista Amerikara itsasoratzen da, gerra, deserrotzea, ihesaldia; azken finean, bi eleberriok erbestea dute abiapuntu eta irakurri ditzakegun gertakarietan idazlearen osagai autobiografikoak sumatzea ez da zaila izango.

BIBLIOGRAFIA

ÃLVAREZ GILA, Óscar (2001): “Notas sobre la etapa más desconocida de un político y escritor vasco: Jon Andoni Irazusta, de parlamentario a misionero en Perú (1950-1952)”. Sancho el Sabio. 14. 111-120.

GARATE, Gotzon (1989): “Jon Andoni Irazusta eta Euskalerriko elaberri errealista”. ZENBAIT IDAZLE: Gerraosteko Literatura. Labayru Ikastegia. Bilbao.

IBIÑAGABEITIA, Andima (1952): “Irazus’tar Jon Andoni’ren oroitzapenetan”. Euzko Gogoa. 3-4. 55-59.

ITURRALDE, Joxemari (2003): “Jon Andoni Irazusta”. Bidegileak. 30. 1-27.

KORTAZAR, Jon (2003): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza.

ONAINDIA, Santi (1975): Euskal literatura (IV). Etor. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus