Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

IRASTORTZA, TERE

(Zaldibia, 1961)
Iratxe Martin

Euskal Filologia eta Hispaniar Filologia ikasketak egin eta 90eko hamarkadako erdialdean hasi zen poeta zaldibiarra Bergarako UNEDeko Ikastetxe Elkartuan lanean. Geroago, Beasaingo Ikastolara abiatu zen, zuzendari karguan jarduteko. Bergaran lanean hasi zenetik, Idazle Eskola bat sortzeko irrika piztu zitzaion Irastortzari. Irastortzak “idazketaren eta literaturaren nondik norakoak erakutsiko zituen eskola baten ideia” zuen, baina egitasmoa Euskal Idazleen Elkartean (EIE) zegoela gauzatu zen. Idazte prozesuarekin baldintzarik gabeko inplikazioa erakutsi du Irastortzak betidanik. 2002 eta 2006 urteen bitartean Euskal Idazleen Elkartearen lehendakaria izan zen, bai eta zenbait literatur aldizkariren sortzaileenetariko bat ere. Gaur egun zenbait aldizkari eta egunkaritan kolaboratzaile aritzen da, iritzi artikuluak, poemak eta ipuinak idazten. Goierritarra, Susa, Kandela eta Kalegats aldizkarien sorkuntza-prozesuan ere parte hartu; Kandela aldizkaria, kasurako, 1983an Gasteizko Filologia fakultatean ikasten zuten izen bereko literatur taldearen kideen (Julen Arriolabengoa, Jon Iñaki Lasa, Manu Lopez, Xabier Etxaniz eta Tere Irastortza) emaitza izan zen, eta bi zenbaki baino kaleratu ez baziren ere, garaiko literaturaren inguruko eztabaidak pizteko eta hausnartzeko aukera eman zuen. Ezin ahaztu Maiatz, Ttu-Ttua, Egan, Hegats, Karmel, Mugalari, Jakin, Nabarra edo Argia aldizkarietan argitaratutako idazlanen zerrenda luzea.

Interesgarriak dira Euskal Literatura XX. mendean liburuan Jon Kortazarrek aipatzen dituen 80ko hamarkadako literaturaren bi ezaugarri nagusiak: literatura joera ugari agertu izana eta literatura beste era batera sustatzen hasi izana. Poemagintzari dagokionez, bi joera bereizteko beharra ikusi zuen Kortazarrek: Sarrionandiaren eragina eta emakumeek idatzitako literaturak hartu zuen garrantzia. Bada, testuinguru horretan agertzen dira Tere Irastortzaren testuak. Idazleak berak bere poetikaz iritzitakoa jasotzen du Kortazarrek hurrengo lerrootan:

“Irastortzak dio bere poemagintza idealizazioranzko ibilaldia dela eta poesia idatziz soilik mundua ez dela aldatuko baldin badaki ere, bere lanak hasieran hurbileko eta eguneroko munduarekiko loturak aurkitzea xede bazuen ere, emeki-emeki bere baitako adierazpidetik abiaturik poesia minimalistarantz egin du, izan ere, poesia on guztietan ageri diren gaiak baliatzen baditu ere, egileak egia handien aurrean dituen usteak ediren baikenitzake: amodioa, bizitza eta heriotza” (Kortazar, 2003, 235)

1980an Kritika Saria jaso zuen Irastortzaren lehendabiziko poema-liburuak, Gabeziak izenekoak. Poetak berak dio Gabeziak idatzi zuenean idazte-ereduak barneratuta zeuzkala, Gaia eta gau aldaketak (1981) liburuan ordea, gauza berriak azaleratu ziren, eta horrek sinbologiaz kontzienteago hitz egiteko gaitasuna eman zion idazleari; bigarren poemategi horrek R.M. Azkue Sarian aipamena jaso zuen. 1982an Bilbao Aurrezki Kutxak egilearen Hostoak liburua saritu eta argitaratu zuen; argitalpen horren inguruan hausnartzen duenean, Irastortzak idazteko prozesuaz hitz egiten jarraitzen du, baina, aurreko liburuetan ez bezala, bere buruari jarritako erronka gailendu nahi izan du idazleak: Hostoak izan zen mugak igarotzen ari zela frogatzeko poemategia. Kortazarren ustetan, hurrengo urteetako isiltasunak, agian, Irastortzaren estetikari aldaketa ekarri zion, eta halaxe gertatu zen hurrengo bi argitalpenetan, 1986an Derrotaren fabulak eta 1987an Osinberdeko kantoriak izenekoetan. Sei ataletan banatuta dago lehenengoa, eta poesia definitzailearen egitasmoa izan zen. Bertan ditugu “Sei kontzeptu, hobeto esanda, sei bizikera eta bizikuna: Bizitza, Beldurra, Maitasuna, Denbora, Gaua, Hitza” (Kortazar, 1997, 494); bigarrenean, “heriotza eta maitasunari buruzko filosofia eskaintzen du poema minimoetan, baina, agian, desberdintasun bi ikus ditzakegu bere konposaketan aurreko liburuarekin gonbaratuz (sic) gero. Japoniako poesiaren izadi sentiberatasuna argiagoa da. Kontzeptuak irudiz janzten direlarik, eta, poemategiaren bukaeran, egunerokotasunaren agerpena argiagoa da” (Kortazar 1997, 497).

Ia hamar urte igaro ziren Irastortzak Manual devotio gabea (1994) argitara eman zuen arte. Bertan, egileak bide berberak jarraitu zituen:”hausnarketa, literatura eta bizitzaz ondua” (Kortazar, 1997, 499); bada, ibilbideari eutsiz, 1995ean beste bost liburu biltzen zituen Gabeziaren khantoriak deitutako liburu-bilduma eman zuen idazleak. XXI. mendearen hasieran, beste bi poemategi aipatu beharko genituzke: Izan gabe direnak. Haurdunaldi beteko khantoreak (2001) eta Golsak. Esana zetorrenaz (2003). Hiru ataletako lehenengo poema liburuan, idazleak bere “ahotsa” irakurleari helaraztea lortu zuen; Urkizak jaso zuen bezala, poema luzeetatik laburretara jauzi egin zuen Irastortzak, intentsitatea irabazteko asmoz, eta, hirugarren atalaren indarra azpimarratuz, Urkizak aipatzen du emakume bezala espazio eta hizkuntza propio baten aldarrikapena. 2003koa orain arte Irastortzak argitaratu duen azken poema-liburua da, Espainiako Kritika Saria jasotzeaz gain Poesia Sari Nazionalerako finalista izendatu zutena. 2008an saiakera aukeratu zuen idazleak, eta erabaki horren fruitua, Izendaezinaz,, urte horretan plazaratu zen.

Hiru aro nabarmentzen ditu Kortazarrek poetaren lehenengo urratsetan: “Lehendabizikoak lehen liburuak hartuko lituzke, 1980-1983. urteen artean. Bigarrenak, hurrengo liburu biak 1986 eta 1987an argitaratuak, nahiz eta idazleak onartu Derrotaren Fabulak hiru urte lehenago idatzia izan. Manual devotio gabeacoak (1994) marraztuko luke azkena” (Kortazar 1997, 486). Nolabait, egunerokotasunak, subjetibitateak, nortasunak eta sentipenak laburbil ditzakete idazlearen azken aro hori.

Bestalde, ezagunak dira Irastortzak egindako itzulpenak: katalanetatik, Maria Manent olerkariaren itzulpenak egin izan ditu, eta, frantsesetik, Edmond Jabès eta Marina Tsvietaieva poeten olerkienak.

Era berean, idazlearen poema-liburu batzuk katalanera, gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera itzuli izan dira.

Gainera, Irastortzaren olerkiak zenbait poesia-bildumatan argitaratu dira, hala nola, 1995eko Bruixes. Bruixoles. Brujulas. Brujas. Onze autores antologian; 2001an Once (poetas) para trescientos (lectores) (Mujeres poeta sen el País Vasco) argitalpenean; 2002an Veus paral-leles. Pirineoak-Pirineus, d’una riba a l’altra lanean; 2004an GALEUSCA. Antoloxia poetica. Poesía antologia. Antologia poética aipagarrian eta 2005ean Jon Kortazarrek argitaratutako Gazteentzako poesia antologia liburuan.

BIBLIOGRAFIA

KORTAZAR, Jon (1997). Luma eta Lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. Labayru Ikastegia. Bilbo.

KORTAZAR, Jon (2003). Euskal Literatura XX. mendean. Las Tres Sorores. Zaragoza.

URKIZA, Ana (2000). “Ezer ez da bakarrik sartzen”. Euskaldunon Egunkaria. 2000-09-30.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus