« IPARRAGIRRE, JOXE MARI | IRASTORTZA, TERE » |
IRAOLA, BIKTORIANO
Donostiak goizetik hartu zuen bere besoen artean Pasai Donibanen jaiotako Biktoriano Iraola. Izan ere, Iraolatarrak, Biktoriano txikia zelarik, Donostiara aldatu ziren. Iraolaren erkideek oso donostiartzat zuten, haren hizkerak halaxe erakusten zuelako eta Donositiako kontu, istorio eta gertakizunak ederki ezagutzen zituelako. Hantxe ezkondu zen azpeitiar batekin: Katalina Álvarezekin, hain zuzen, eta –kasualitate bitxia– Azpeitia kaleko 5 zenbakian bizi izan zen, bertan inprimategi baten jabe zela.
Langile porrokatua genuen: serioa lanerako eta alaia edo txinpartatsua bere konposizio, bertso-sorta, gertakizun eta antzezlanak idazteko.
Hiriko kontuetan dezente inplikatu zen, zinegotzi izatera ailegatuta. Donostiako “Consistorio de Juegos Florales Éuscaros-eko” kidea ere bazen. Foruak galdu osteko erreakzio euskaltzalea izan zutenen taldekoa dugu Biktoriano. Bere hirian baziren batzuk: Ramón Artola, Ramos Azkarate, Enrique Elicechea, eta abar. Euren zeregin euskaltzaleak aldizkarietan aurkitu zuen euskarri garrantzitsu bat. Haietaz baliatzen ziren beren euskarazko lanak argitaratzeko, sarri askotan euskaldunei irakurgai probetxugarri eta entretenigarri batzuk eskaintzeko asmoz.
Biktoriano Iraolak, horretaz jakitun, ondorengo aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak: Ibaizabal, Euskal-Erria, La Vasconia / La Baskonia, Euskal Esnalea, Baserritarra… Azken hau, Baserritarra, Biktoriano Iraolak berak sortua da, eta bere etxeko inprimategian ateratzen zuen.
Koxkeroa izaki, gustuko zuen bertako pasadizoak eta gertakizunak bere bertso eta antzezlantxoekin irudikatzea, garai hartako donostiarren euskara eta izaera islatuz. 1884an bere Bi itsubak zarzuela aurkeztu zen. Urte berean, Pelayo Castillo antzerkigilearen El que nace para ochavo lana euskaratu edo moldatu zuen Ardita beti ardit izenburuarekin (1889ra arte itxaro behar izan zuen antzeztuta ikusteko). Sari bat ere irabazi zuen. 1886an Kontuchoak liburua argitaratu zuen, 187 orrialde zituena eta, urte berean, Petra xardin saltzallia estreinatu zen, antzezpen komiko laburra zena. Donostiako Biltoki zaharrean jazo zen hori, Euskal-Erria erakundeak antolatutako euskal festa baten barruan, Raimundo Sarriegik musika propio konposatua. Garai hartako Donostiako pertsonaia tipiko bat irudikatzen du, bere etorria eta hitz jarioa erakutsirik. Ezaugarri beretsukoak dira Karmen gaztain saltzailea eta zeladore baten estuasunak, denboraz nahiko paraje argitaratuak eta, berriro ere, Donostiako pertsonaia tipiko batzuek protagonista xelebre direla.
1888an bere Pasayan izeneko zarzuela saritu zuten, Pasaian ospatutako Lore-Jokoetan. 1889an Donostian Xordo izenburudun bakarrizketa estreinatu zuten. Hori ere antzezlan laburra (3 orrialde Euskal-Erria aldizkarian), baina txinpartatsua eta biziki dialektikoa dugu. 1891an, berriz, Leokadia argitaratu zuen, Norberto Luzuriagaren musikarekin; gaztelerara ere itzuli zen. 1892an Txomin Donostiyan lana aurkeztu (berriz ere N. Luzuriagaren musikaz) eta Pulpuba bakarrizketa lehendabizi antzeztu zuen. Ontzako Gaba komedia, bestalde, saritu zuten. Bestelako bakarrizketa laburrak ere argitaratu zituen, batzuk bertsoz eta beste batzuk hitz-lauz.
Antzerki-arloan oparoa izan zen arren, Marzelino Soroaren jarraitzailetzat hartzen ahal dugu, bere jarrera irrizalean eta irri-antzerkia dei dezakegun joera horretan. Inplizituki bada ere, euskaraz egindako antzerkiari zioten atxikimenduan, batera doaz Soroa zein Iraola, eta hori bigarren karlistaldiaren ostean euskal sentiberatasunarentzat pizgarria suertatu zen.
Ipuinen eta izkirimirien kontagintzan ere nabarmentzekoa da Iraolaren lana. Arestian aipatutako Kontuchoak liburuxkan bildu zituen horietako batzuk, Donostia eta inguruetako pertsonaia xelebreak narrazio irrigileotan bilduz. Antonio Zavalak Oroitzak eta beste ipui asko (1962) izeneko liburuan bildu zituen Iraolak idatzitako gehienak, Baserritarra aldizkarian (bere etxean inprimatzen zuena) argia ikusi zutenak. Irri eragileak dira kontakizun guztiak, elkarrizketez josiak, hitz-joko xelebreak bilatzen dituztenak eta kutsu herrikoia darielarik.
Marrazki edo komikiak egiten ere trebea zen Iraola. Egin ez ezik, argitaratu ere egin zituen marrazki horietako batzuk Euskal-Erria eta El Thun Thun aldizkarietan. Marraztutako pertsonaien artean ondokoak ditugu: Ramon Artola, Bilintx, Sanchez Irure, Juan Inazio Uranga, Pedro María Otaño, Juan Pedro Otaño, Udarregi, eta abar. Esan bezala, batzuk erretratu soilak dira. Beste batzuk, ordea, komikiak, hau da, marrazki serie bat gertakizun edo elkarrizketa bat irudikatzeko.
Bere bertso-lanekin, bestalde, hainbat sari irabazi zuen Biktorianok. Bazuen erraztasun bat edota adierazkortasun bat bere herrikideen arreta erakarri eta beren bertso-gosea asetzen zuena. 1880an, adibidez, “Abenduaren 7ª 1688-garren urtean” izenburuduna Donostiako Lore-Jokoetan saritu zuten 1880an eta urte Berean Euskal-Erria aldizkarian karrikaratu zuten.
Kontatzeko grina bertsozko konposizioetan ere nabarmentzen da, eduki narratiboa ugaria baita, joera elegiako zaharkitua lantzean behin agertu arren (“Pedro Calderón de la Barca jaunari bere eunkian” izenekoan, adibidez). Bertso elkarrizketatuak, bestalde, ugari dira izaera dramatikoa azpimarratuz behin eta berriz.
Erreferentzia eta eredu literario jasorik agertzen ez duen arren, adierazkortasunez eta ahozko estiloko ezaugarriez ondo jantzirik daude bertso horiek eta horretan datza bere arrakastaren giltzarrietako bat. Bere irudimen eta iruditegi oparoak, kontu historikoen berri ematerakoan, zertzelada bitxi eta detaile agonistiko harrigarriak erakustera bultzatzen du testuak egilea, irakurlearen erakargarri eginez. Bertso-jartzailearen tankera landuak erakusten ditu, bai erabilitako neurrietan, bai bertso-lerroak ondo tolesteko baliabideetan.
Maitasunezko gaiak jorratzean, adibidez, Bilintxen oihartzunak antzeman daitezke, batez ere, maitasun ez korrespondituaren topikoaren inguruan. Euskaldunen antzinako istorioak kontatzean, berriz, Felipe Arrese Beitiaren zertzeladak igartzen dira han-hemenka. “Gipuzkoatarren eta Erromakoen antzinako kondaira” delako konposizioan, esate baterako, euskaldunen garai bateko balizko ausardia harro agertzen du Iraolak, joera “aurre-abertzale” modukoa ikus daitekeelarik.
Heriotzak lanean harrapatu zuen 78 urte zituela.
BIBLIOGRAFIA
BIDADOR, Joxemiel (1999): “Biktoriako Iraolaz aipu labur”. Euskaldunon Egunkaria. 1999-01-15 eta 1999-01-22.
MENDIGUREN, Xabier/ IZAGIRRE, Koldo (1998): Euskal Literaturaren antologia. Elkar. Donostia.
ONAINDIA, Santi (1974): Euskal Literatura III. Etor. Lasarte/ Oria.
« IPARRAGIRRE, JOXE MARI | IRASTORTZA, TERE » |