Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ALONSO, JON

(Iruñea, 1958)
Ibon Egaña

Jon Alonso Iruñean jaio zen 1958an eta itzultzaile lanetan jardun du bereziki, ikasketaz biologian lizentziatua izan arren. AEKn nahiz ikastola batean irakasle jardun ondotik, itzultzaile dihardu Nafarroako Gobernurako. Literatur lantegiak ere eman izan ditu herriz herri, baita hitzaldiak ere. Hainbat mediotan kolaboratu izan du (Euskaldunon Egunkaria, Berria, Argia, Nabarra…) eta Korrok Iruñea inguruko literatur aldizkariaren bultzatzaileetako bat izan zen 1980ko hamarkadan. Halaber, literaturaren inguruko Sormenari leiho saioaren arduraduna izan zen Euskadi Irratian.

Sormena eta sormenari buruzko gogoeta batera joan dira Alonsoren ibilbidean; bateratsu landu izan ditu bere literatur ibilbidean zehar narrazioa eta saiakera, bai eta zenbaitetan biak genero bakarrean batu ere.

Berrogei urteak urruti ez zituela hasi zen argitaratzen Jon Alonso, eta saiakera literarioaren esparrukoa izan zuen lehen emaitza: Idiaren eraman handia, Mikel Zarate saria irabazitako lana (BBK-Euskaltzaindia, 1995). Gerora ere saiakeretan zein narrazioetan erakutsi dituen obsesioak eta literaturaren inguruko auziak lehenengo liburutik plazaratu zituen Alonsok: jenialtasuna, inspirazioa, originaltasuna, plagioa… Finean, literaturaren irudi erromantikoa, sormena inspirazioarekin eta jenio-kolpearekin lotzen duena, kritikatu zituen saio horretan Alonsok, euskal autoreen zein atzerritarren adibide eta testu-atal errealetatik abiatuz.

Saiakera hura kaleratu zen urte berean plazaratu zuen Alonsok lehenengo eleberria ere: Katebegi galdua (Susa, 1995), misterioz eta intrigaz beteriko nobela da, thrilleraren parametroetatik hurbil dagoena. Katebegi galduak galdutako liburu bati egiten dio erreferentzia: Erasmoren jarraitzaile bide zen euskal liburu bat desagertu da, eta, haren jabetzaren atzetik, errenkadan datoz hilketak; izan ere, liburuak euskal literaturaren historia eta euskaldunon historia irauliko luke: Europa bitan banatu zuen zismaren sasoian, higanoten hizkeratik hurbileko hizkera zerabilen misiolari euskaldunaren lanak erakutsiko luke gurean ere bazela katolizismoaren ubide orokorretik aparte zebilenik, eta, hala, euskal literatura ez zegoela Europako hainbat herrialdetan garai hartan izandako aldakuntzetatik hain aparte. Hipotesi literario eta historikoa plazaratzen du, beraz, Alonsok bere lehenengo eleberrian, horretarako genero-eleberriaren teknikak baliatuz.

Hiru urte geroago, aurretik bereiz landutako generoak liburu bakarrean uztartu zituen Alonsok Camembert helburu (EEF-Susa, 1998) lanean, zeina “nobelaz mozorrotu den saiakera” gisa aurkeztu baitzen. Henri Toulouse-Lautrec-delakoaren obra du abiapuntu liburuak (azpitituluak ere halaxe dio: “Toulouse-Lautrec mende bat geroago”), baina fikzioaren jantzian, izan ere, lehenengo nobelan bezala, bigarren honetan ere thriller poliziakoaren elementuak baliatzen ditu Alonsok narrazioa osatzeko: kartzelatik atera berri den Enekoitzi Toulouse-Lautrecen obra baten faltsutzean parte-hartzea eskainiko diote, horretarako erabat blaitu beharko du Albiko margolariaren lanean, pintorearen herriko museoan infiltratuz, besteak beste. Espioi-lanak, desagertzeak eta lapurretak, diruditena ez diren pertsonaiak… egileak polizia-eleberrietako elementu horiek baliatzen dituen arren, aitzakia baino ez dira, hainbat gogoetari bide emateko: artearen inguruko gogoetak (errealitatearen errepresentazioaz, plagioaz, kritikaren harrreraz…) eta arte munduaren inguruko hausnarketak (iruzurra, inflazioa, espekulazioa…) asko dira, baina baita eremu horretatik haragokoak ere (gizon-emakumeen arteko harremanak, euskalduntasuna, sexualitatea…).

Ezin ohiko genero-sailkapenetan kabitu eta “rapsodia” gisa sailkatu zuen Alonsok bere hurrengo lana, Euskal karma (Susa, 2001), beti ere intentzio ironikoz. Besteren testuez osatutako pastiche gisakoa litzateke rapsodia, eta halaxe izendatu zuen Alonsok berak, bertan erruz agertzen direlako besteren esanak eta idatziak, berriro ere bere narrazioaren gai nagusi izan ohi den originaltasunaren ideia hanpatuari irri egin nahirik. Oraingoan thriller delako generotik urrun, parodiaren eta fartsaren esparruan kokatzen da Alonsoren narratiba, esperpentiko xamarra baitu abiapuntua: Arantzazun lur hartu duen B-12 martetar euskaldunak Amazonas aldera abiaraziko du narratzailea, han gordeta dagoen Kolko Mitxoletak euskara eta euskal kultura salbatzeko bidea ezagutzen baitu: kanona. Amazonasen barna egindako bidaia aitzakia da berriro ere euskal literaturaren inguruko gogoeta eta kritika umoretsua egiteko. Pedantekeria, filologiarako euskaldunen joera edo kultur erakundeen hierarkizazioa dira bidaian agertutako pertsonaia bitxien bidez Alonsok kritikatzen dituen elementuetako batzuk.

Nobelarekin batera plazaratu zuen, ordukoan ere, Alonsok beste saiakera bat: Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk (Pamiela, 2001), Juan Zelaia saiakera saria irabazitako lana da lehenengo edizioan. Idiaren eraman handia lehenengo entseguaren ondoan, zatikatuagoa da bigarrena egiturari dagokionez, eta anitzagoa tematikan. Zazpi saiakera labur biltzen dira bertan, eta, aldi berean, saiakerok atal laburragoez osatuak dira, galderak planteatzen dituzten gogoeta-printzez, alegia. Egoera narratiboetatik abiatzen ditu gogoetok Alonsok sarrienik, askotariko hausnarketak plazaratzeko: filologizazioak sortu digun ikuspegi literario murritza, literaturaren funtzioa eta haren unibertsaltasuna, giza klonazioa, errealitatearen eta fikzioaren arteko antzekotasunak edo hitzen esanahi zehatza finkatzea, besteren artean.

Alonsoren hirugarren nobela da Hodei berdeak (Susa, 2003), frankismoaren amaierako Nafarroako egoera sozio-politikoaz eta, batez ere, abertzaletasunaren aurrekariez diharduen kontakizuna. Agintari jeltzaleek EGIko kideak borroka armaturako entrenatu zituztenekoa kontatzen du Alonsok, gerora historia kontatu dutenek osatutako kontakizun nagusia irauliz. Nafarroako eta Euskal Herriko egoera, bestalde, testuinguru mendebaldarrean kokatzen du Alonsok, eta CIAko espioiak ere trama narratiboaren parte egin zituen. Errealitate eta fikzioaren arteko muga lausoan dabil etengabe Alonso eleberrian, gertaera historikoak eta fikziozkoak etengabe nahasten baititu elkarrekin. Narratzaileen ikuspuntuak eta prosa dira, bestalde, liburuaren alderdi aipagarrienetakoak: narratzaileak txandakatuz, historia ofiziala eta indibidualak, biak bistaratzen ditu Alonsok, sarritan haien artean dauden inkongruentziak bistararaziz. Prosari dagokionez, punturik gabeko perpaus luzeak eman zituen hainbat ataletan, Saramago gogora dakarren estiloa erdietsiz.

Hiru urte geroago argitaratu zuen Alonsok bere estreinako ipuin-liburua: Erretzaileen eremua (Susa, 2006). Ipuingintzaren tradizio bat baino gehiagoren arrastoak antzematen dira kontakizunetan: errealismo zikinetik hurbil daude batzuk, errealismo magikora eta fantasiara jotzen da inoiz, metaliteraturara tarteka, eta baita fartsara eta parodiara ere. Ikuspegi eszeptiko eta ironiko batetik, gaur egungo gizartearen eta gizakiaren hainbat alderdi erretratatzen ditu ipuinetan Alonsok: asmo kolektiboen porrota, simulakroaren nagusitzea eta indibidualizazioa, esaterako. Literatur munduaren erretratu parodikoak ere badira, Euskal karman irekitako bidetik, eta baita, giro intimistagoan, gaixotasuna eta heriotzaz diharduten ipuin gordinagoak ere. Oro har, denboraren joanak eragindako higatzea eta gizartearen aldaketak dira liburuko ipuinak batzen dituzten hariak.

Ipuin-bilduma horren ostean, saiakerara itzuli zen atzera Alonso, Astrolabioa (Pamiela, 2007) liburuarekin. Guztiak literaturaren ingurukoak badira ere, elkarrekin zerikusi handirik ez duten lau saio labur batzen ditu liburuak. “Ferdydurkeren asimilazio zatikako bat” izena duen lehenak Gombrowizcen testu baten itzulpen atalkakoa eta iruzkindua jasotzen du, Ferdydurkerako hurbilketa gisa. Bigarren atalak, Gombrowizc eta Cortazar jartzen ditu aurrez aurre, argentinarrarenean leudekeen poloniarraren arrastoak arakatzeko. Hirugarren kapituluak literatur itzulpengintzari heltzen dio, itzulgai eta testu errealetatik abiatuta, euskal itzulpengintzaren zenbait arazo plazaratzeko. Azken kapituluak euskal literatur sistema eta “tropeleko belaunaldia” hartzen du hizpide eta Italiako literaturaren XX. mendeko historiarekin alderatzen du euskalduna, bien arteko parekotasunak azaleratu nahirik.

Literatur sormenaz gain itzulpengintza da Alonsoren saiakeretako gai konstanteetako bat, maiz iruindarrak langintza horretan izandako eskarmentuan eta konpondu behar izan dituen aferetan oinarrituta. Berak itzuli zuen Jose Saramagoren Lisboako setioaren historia (Ibaizabal, 1999), Itzulpengintzako Euskadi Saria ekarri ziona. Julio Cortazarren ipuinen bilduma bat ere itzuli zuen, Antologia apetatsua izenburu argigarriduna (Txalaparta, 2005). Saiakera klasiko bat ere itzulia du Alonsok: Claude Lévi-Straussen Tropiko tristeak (Klasikoak, 2009). Alderantzizko bidean, Juanjo Olasagarreren Mandelaren Afrika kronika gaztelaniaratu zuen 2000n (El África de Mandela, Ediciones B).

Alonsoren lanetako zenbait gaztelaniaz argitaratu dira argitaletxe ezberdinetan: Paciencia de buey (Altaffaylla Kultur Taldea, 1997), El eslabón perdido (Hiru, 2003), Objetivo Camembert (Ttarttalo, 2004).

Azkenik, Alonsoren lan txikiagoen artean, aipatzekoak dira Asisko Urmenetarekin batera argitaratutako euskal lokuzio-bildumak: Mantxut?, Mantxut mantxut? eta Freexkue, hirurak Argiak plazaratuak 2000 eta 2002 urteen artean. Halaber, “Umoreari buruzko gogoeta” artikulua plazaratu zuen Susa argitaletxeko Amukoak bilduma txikian, 2003an. 1999an, bestalde, Portugalgo krabelinen iraultzaren gorazarrez plazaratutako Krabelinen herriminha (Alberdania) liburu kolektiboan parte hartu zuen.

BIBLIOGRAFIA

Literaturaren zubitegia (“Alonso, Jon”) http://zubitegia.armiarma.com/?i=6 [Kontsulta: 2011-07-07]

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus