« JEAN MARTIN HIRIBARREN | IPARRAGIRRE, JOXE MARI » |
IGERABIDE, JUAN KRUZ
Adunan (Gipuzkoa) jaio zen Juan Kruz Igerabide, 1956an. Euskal Filologia sailean Euskara Teknikoko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Filologian Doktorea. Urte askoan aritu izan zen haur eta gaztetxoekin irakasle lanetan. Literatura arloan ikerketak egin izan ditu haur-literaturan, batez ere poesia aztertuz; horretan, aipatzekoa da ahozko tradizioaren alorra aztertzen duen Bularretik mintzora: haurra, ahozkotasuna eta literatura (1993). Literatura sortzeko jarduera Azkue Saria irabazi zuenetik egin izan du, baina haur- eta gazte-literatura lantzeko grina OHOko irakasle zela biztu zitzaion, eta idazlerik esanguratsuenetariko bat bihurtu zen bera.
Idazleak zenbait elkarrizketatan (2002 eta 2006) aitortzen du hogeita bi urterekin hasi zela idazten, filologia ikasketak egiten ari zela, bai eta maisu-lanak eraginda ere, nahiz eta ikasketok egitera literaturarako zaletasunak bultzatu zuen. Bada, orduan ekin zion helduentzako poesiari, Rimbaudek, Mallarmék, Baudelairek… sortutako harridurak eraginda. Lehenengo liburuan handia da aurrekoen eragina, baita Kataluniako eta Galiziako literaturarena ere; Castelaok eragin nabaria izan du Igerabideren testu motzetan. Bestalde, eskolan lan egiteak ezezagun zitzaion liburutegi batekin topo egitera eraman zuen: haur-literaturaren liburutegiarekin. Mundu horretan sartzea bide naturala izan zen: berrikuntza pedagogikoaren garaian, irakaskuntza berritzeko eta literatura tartekatzeko ahaleginean, konturatu orduko literatura egiten ziharduen Igerabidek.
Alabaina, helduentzako poesia izan zen J. K. Igerabidek irakurleei eskainitako lehenengo oparia: Notre-Dameko oihartzunak (1984), Bizitzarekin solasean (1989), Sarean leiho (1994), Mailu isila (2002) Espainiako kritika saria, XX. mendeko poesia kaierak-Juan Kruz Igerabide (2002): Koldo Izagirreren edizioa. Eta horiekin tartekaturik, aforismo liburuak ekarri zituen egileak: Herrenaren arrastoan (1998) eta Egia hezur (2004).
Zentzu antropologikoaren bilaketak gidatu zuen Igerabide Notre Dameko oihartzunak eta Bizitzarekin solasean lanetan. Tradizio esoterikoetara jotzen du egileak maiz liburu horietan, baita inspirazio- eta interpretazio-iturri izan dituen ekialdeko erlijioetara ere. Notre-Dameko kanpai-hotsak Errezolgoekin, Konpostelakoekin gurutzatzen dira esperimentazio-jokoan. Poesia idazteko zein tradiziotan kokatu den zehaztea, baina, ez da erraza, hala ere egileak Lauaxeta, Lizardi, Lekuona, Mirande Atxaga… aipatuko lituzke. Bizitzarekin solasean (1989) lanean giro epela sortzen du Igerabidek ahozko euskararen tradizioa, erromantzeen moldeak, herriaren ohitura eta zenbait sinismen jasoz zein mitologia mintzaraziz. Alde batean baretasuna haztatu badaiteke, bestean, eragingarri legez, irudien arteko kontraste orekatua ageri da. Bost ataletan egiturata dago lana: lehen hiruen oinarrian gertakizun bat edo narrazio difuminatua dago; liburuari izena ematen dion laugarrenean, bizitzaren zirkulartasuna iradokitzen da; eta bosgarrenean, barne-hazkuntzaren garapena ageri da, espiralean, izan ere, estilo aldaketa nabari da poemetan.
Espainiako Kritika Saria jaso zuen Igerabideren Sarean leiho (1994) lanak. Bada, harako hartan aforismoak landu zituen egileak, “haiku”ekin batera. Egileak elkarrizketa batean onartu bezala:
“idazteko moduarekin-eta oso bat dator laburtasun hori. Bestalde, ideia oso ondo bildu behar duzu bertan. Eta apustua oso erabatekoa egiten da (…) asko ez dira nire ahots soila, kanpotik bildu dudana baizik. Deskripzioa dira, beste baten jarrera nola ikusi dudan (…) nire izaeragatik eta idazteko moduagatik (…) gauza xumeak egiten saiatu naiz (…) Sakonera jo nahi izan dut baina hitz xumeak erabiliz (…) 90eko hamarkadan aforismoekin hasi nintzenean Lichtenbergekin bueltaka ibili nintzen asko. Hala ere nire poesia pixka bat ezagutzen duenak ikus dezake Ekialdetik asko edan dudala (…) Haien eragin handia dago liburuan. Eta aipatu beharreko beste eragin bat, literatur arabiarraren zati sentsual horrena da. Sufiena” (Iban, 1998, 23).
Lana hiru zatitan egituratu da: lehenengoan, “Haiku ximurrak” izenekoan, naturari eta inguruko errealitateari begi poetikoz begiratu dio egileak, eta begirada poema labur bilakatu ditu haikuaren itxura edo neurriari erreparatu gabe. Nolabait esan, arimari erreparatu zaio, harritzeko gaitasuna duen oihartzunari, mina barik mindura gordetzen duenari, baretasunetik sorta munduaren ulermena den bat-bateko argitasuna lortu nahian. Hurrengo zatiaa “Laino artean: Felipe Juaristiren oihartzun” dugu, bi idazleen arteko konplizitatea agertzen duten hemeretzi poemak osatzen dutena. Denboraren ingurukoak dira zati horretako poema gehienak, baina bakardadea eta heriotza ere aipagai dira. Azkeneko zatian, “Alter egoaren mintzoa” izenburua duenean, beste izakia da mintzo dena, haikuetatik urrunduta bestetasunean sartuta bigarren tradizio batekin jokatzen duena, sentsibilitate jokoan baino paradoxan ernetzen den pentsakizuna. Bada, poeta zubigintzan dabil, artearen eta poesiaren inguruko haiku eta aforismoak txirikordatuz.
Mailu isila (2002) lanean barne bidaia aurkezten du Igerabidel, Arestiren mailuari beste joera bat emanez, izan ere, ez du kontzientzia kolpatuko, baina isiltasunetik abiaturik mundu propioa sortzen du, eta egunerokoaren euria betiko euri bihurtzen du. Lan hori ere hiru zatitan antolaturik dator. Etengabeak dira Igerabideren iturrien aipamenak: Lizardi, Atxaga, M. Lasa, Aresti, Gandiaga, Oteiza… Poeta unibertsal eta klasikoek ere izan eragin dute Igerabideren olerkietan: Rimbaud, Dante Baudelaire, Neruda, Hölderling… “Behera behar hau” izeneko hasierako atalean, inguruko errealitate gordinean oinarritzen da poesia. Bigarrenean, “Berriro igo nauzu” izenekoan, idealismoz murgildutako poesia goiarnastua ageri da. Azkenak, “Mailu isil bat behar dut” deiturikoak, atalik pertsonalena dirudi: subjektu poetikoaz ari da, eta eguneroko bizitzan eginiko ekintzetan oinarritutako poesia eskaintzen da bertan. Izan ere, subjektuak, errealitatearen eta idealismoaren artean harrapatua sentitzen delarik, bere baitara biltzen ditu begiak, eguneroko hizkeratik hurbil dagoen adierazpen poetikoa erabiliz. 2003an J. M. Carrerek Gara egunkarirako eginiko elkarrizketan argitu zuen poetak joera hori:
“Urtetan gai espiritualak jorratzeko berebiziko ardura izan dut (…) beti interesatu izan zait gizakiak bizitzaren aurrean egiten dituen galderak (…) Uste dut norberaren esperientziatan, bizitzan probatu behar direla dogmak eta teoria guztiak, eta poesiari, alde batetik behintzat, hori eskatu diot (…) bilaketa bat iradoki nahi izaten dut, ez erantzunik, erantzunik banu ez nuke idatziko (…) Bestalde, galdera etiko bat ere badago, alegia, gizakiak munduan jokatzeko moduari buruz (…) ez ikuspegi dogmatiko baten aldetik, baizik barrura begira.”
Aforismo liburuak ditugu Herrenaren arrastoa (1998), Egia hezur eta También las verdades mueren (2004). Igerabideren ustez (Iban, 1998) “Aforismoak pentsamenduaren alderik ezohikoenak bilatu nahiko lituzke”. Bide horri jarraitu dio egileak, beste autore batzuetatik edanez, baina bizitzako esperientziekin lotzen saiatuz. Herrenaren arrastoan izenburua pentsamenduaren adierazpen grafiko moduan eman du Igerabidek, pentsamendua bikoitza eta desorekatua den heinean; bikoitza, aurreko beste pentsamenduren baten itzalean edo haren itzaletik ihesi joaten delako; bikoitza, ugazaba bien zerbitzari delako: bata zuhurtzia, eta bestea erotasuna; bada, zuhurtziak emango lioke forma orekatua gogoetari, eta, erotasunak, ostera, berri izateko indarra. Egia hezur (2004) izeneko lana aurrekoaren oso antzekoa da, bai eta oso ezberdina ere, egilearen ustez; izan ere, ibilbide beraren alde banaezinak hartzeko ahaleginean, bi gai nagusi hartu ditu Igerabidek lan horretan: barne mundua eta kanpo mundua. J. Zabalaren esanetan (2004), barne-munduan auto-analisi etengabea dago, gehienetan besteen ispiluaren bidez egina. Kanpo-munduan, aldiz, gizarteari begiratzen dio egileak, betiere alde ezkutua agertzen saiatuz. Estiloari dagokionez, ironia da nagusi, baina gupida ahaztu gabe; jarrera kritikoa da, baina ahots apalez egina, eta nihilismora jo gabe, aforismoak “bizi-gogoa” den jakin minetik sortuak direlako. También las verdades mueren (2004) gaztelerazko lanean, euskarazko bi liburuotako ale itzuliekin batera, zuzenean gazteleraz sortutako aforismoak ditugu.
Azken hamarkadako sorkuntzan, helduentzako eleberri eta narrazio arloari ekin dio Igerabidek. Izar bat agertu da (2001), Hauts bihurtu zineten (2005) eta Elurra sutan (2009) lanak aipa daitezke, besteak beste. Idazten hasi orduko, bere buruari eta inguruari bizitzaren zentzuaz galdezka aritzen da egilea:
“poesiaren bidez, aforismoen bidez (eta haur literatura ere bai beste modu batera), bizitzaren esperientzia hori neure buruari argitzen saiatzen naiz (…) Alde batetik bizipenen historiaren ikuspegi bat lantzen dut; eta bestetik, barruko psikologiaren ikuspegia (…) Oraingo hau beste pauso bat izan da bide berean.” (Igerabide, 2006).
Hauts bihurtu zineten (2005) lanean ere “bizitzako esperientzietan oinarritutako fikzioa egiteko”(Igerabide, 2006) asmoa izan du egileak. Frankismoaren azken urteetako eta trantsizio garaiko Euskal Herriko auzo txikia du eszenatoki lanak: orduko grebak, langile mugimendua, atxiloketak, atentatuak eta ezkerreko mugimenduekin lotutako bizimodu alternatiboen sorrera. I. Egañaren ustez (2005), gatazka moral eta etiko garrantzitsuak jarri dira lehenengo planoan, existentziaren eta bizitzaren gaineko gogoeta orokorrarekin batera. Ausardia erakusten du Igerabidek biolentziaren erabileraren zilegitasun etikoaz eztabaidatzean. Maila askotariko irakurketak ahalbidetzen dituen eleberria da: bada iniziazio-nobela, bada garai historiko baten birsorpena, bai et abizitzaren eta existentziaren gaineko gogoeta eta iraultzaren eta utopiaren ezinaren testigantza mingarria ere. Baina, egileak aitortu legez (Igerabide, 2006), nobelan ez da azterketa historiko zehatza eskaintzen, bizipen pertsonalak eskaintzen dira. Pertsonaiekin apustu arriskutsua egin du egileak, arketipoetatik oso gertu egituratuz; pertsonaien sinesgarritasuna bermatzeko, aldiz, barren-barreneko zauriak agertu ditu idazleak.
Dena den, Igerabidek literaturan ekarpen berezirik egin badu, haur-poesian egin du. Poetak berak aitortu izan du haur-poesian inork egiten ez zuen garaian hasi zela, horretan inork sinesten ez zuenean. Arlo horretan, bide berri bezain arrakastatsu eta goi mailakoa zabaldu duten lanak eskaini dizkigu Igerabidek: Begi-niniaren poemak (1992), Egun osorako poemak eta beste (1993), Haur korapiloak (1997), Kartapazioko poemak (1998) K. Linazasororekin elkarlanean Igerasoro ezizenez, Munduko ibaien poemak (2004) eta Gorputz osorako poemak (2005). Igerabideren ustez, poetak badu…
“liluraren baten atzetik joan beharra (…) lilura hori mintzo-irudiekin adieraztea besterik ez du egiten (…) emozioen edo barne-zirraren mundua adierazten du (…). Baina (…) egoera itsu samarrean egongo da poesia hor, ikuspegi zabalik gabe (…) eragin inmediatoei jarraiki (…) poemak zuzen-zuzenekoak dira (…) irudien hezedura haragian sentitzen den horietakoa da (…). Irudimenaren lurraldeetara doa poeta eta hor sortzen ditu herrialde eta paraje imaginarioak, paraje fisikoak baino gehiago paraje psikikoak direnak. Errealitatea deitu ohi diogun horretako paisaiak badu eraginik gure barne munduan, eta sentipenak eta gogoetak sorrarazten dizkigu, baina gure sentipenen eta gogoeten barne-munduak ere sor dezake irudimenezko paisaiarik (…). Irudimenezko paraje horiei ez-erreala deitu izan zaie (…). Baina paraje horiek poetaren barnean bene-benetakoak diren bizipenen islapen dira, eta horren argitasuna eta errealismoa, maila psikikoan uka ezinak dira (…). Poeta bere unibertso ttikiari izenak jartzen aritzen da eta uste du horrela unibertso handirako bideak egiten dituela (…). Poesia gezurra da, azkenik unibertso objektibo hori islatu beharrean poetaren barneko unibertso ttikia islatzen duelako” (Igerabide, 1991).
Hari horri jarraiki, ez dagoela adinik, ez generorik, esango genuke haur-poesia deritzonak eskaintzen duen emozioez eta samurtasunaz gozatzeko, poemotara helduen begiekin ere irits baitaiteke, begirada baita errege. Horrexek finkatzen ditu gauza guztien tamaina eta forma, eta bakoitzaren kolore eta tonalitatea zein den esaten.
Begi-niniaren poemak (1992) lanean, haur-poesian jada sarritan erabili izan duen haikuaren hurbileko estetika darabil Igerabidek, nahiz eta aitortu legez ” zerikusirik badute, txikiak eta irudi batez jantziak datozen heinean… baina ez daiteke esan haikuak, hots, Zen edo budista ikuspegitik egindako momentuko inspirazioak direnik.”(1993). Lan horretan, ondoko urteetan datozenetan legez, ez dago sinbolorik, ez eta kontzepturik ere; irudiak ditugu, eta horiek irakurlearengan sortzen dituzten sentsazioak. Haiku direla esaterik ez bada ere, poetak esandako eran, haietan legez, esaten denak esaten ez denak besteko garrantzia du, biek osatzen baitute poemaren esanahia. Poemok haurrekin poesia ikertzeko emandako bekaren emaitza eta ondorio izan ziren. Lanean gerora haurrentzako poesia-liburuetan landuko zuen estetika-ondorioetara heldu zen:
“Zenbat eta txikiagoa izan (haurra), errima gehiago behar da haien gustua betetzeko. Irudi aldetik analogia asko gustatzen zaie, landareak pertsonifikatu (…). Analogiak ez du bereizketarik egiten subjektuaren eta objektuaren artean; hots, subjektua inguruaz bat egina sentitzen da. Analogiak egiteko, bestalde, edozein gauza erabil daiteke; hala ere, eremurik emankorrena izadiak eskaintzen digu; denbora eta espazioa mugagabeak adierazten ditu, eta bizipen estetikoari infinituaren sakontasuna eskaintzen dio (…) adimena horrela elikatzeak badu bere garrantzia. Eta, juxtu, bide honetatik irudi analogikotik sinbolorainoko bidea irekitzen zaigu, mendeetan eta mendeetan jorratu den ildotik” (Igerabide, 1993).
Bada, haur-literaturan, ugari dira dagokigun egilearen argitalpenak, poesiak eta kontakizunak tartekatzen direlarik: Tilin-talan (1993), Egunez, parke batean (1993), Gauez, zoo batean (1994), Denboraldi bat ospitalean (1995), Oporraldi bat baserrian(1996), Neskatxa telepatikoa (1996), Andretxo bizardunaren uhartea (1997), Bota ura nire terrazatik (1997), Gau, gau, gau eta Oi zein den ituna (1997, elkarlanean, Igerasoro ezizenez), Atea kox-kox (1997), Hiru ahizpak (1997), Jonas eta hozkailu beldurtia (1998), Abraham (1998), Helena eta arrastiria (1999), Botoi bat bezala (1999), Hamabi galdera pianoari (1999), Jonasen pena (1999), Leo Ferguson (1999), Dantzariño haserre (2000), Ondojoan (2000), Begi argi horiek (2000), Durango Durango (2000), Maisu berria (2000), Sagutxo ameslaria (2000), Ttolo maitea (2000), Txiri, Mirri eta Txiribiton. Arima polita (2000), Jonasen iratzargailua (2001), Eskola ekologikoa (2001), Mintzo naiz isilik… (2001), Daratulua (2001), Paularen zazpi gauak (2002): Patxi Zubizarretarekin batera, Jonas larri (2002), Jonasek arazo potolo bat du (2004) eta Adio, Jonas (2007).
Saileko lehenengo argitalpena, zortzi bat urteko haurrei zuzendutako Tilin-talan (1993) ipuin-liburua, alegia, umeen psikologiaren ispilu gisa egin nahi izan zuen idazleak, jostalari eta zuzena, asmamena lantzeko modu bereziak azalduz.
Haurrentzat idaztea errazagoa ote den galderari erantzun nahi izan dio maiz Igerabidek, sinpletasunez idatziz gero egiteko erraza dela baitirudi; baina, prosa landua uztartzean, korapilatzera jotzen da maiz, obsesioak, pentsatzeko edo mundua ikusteko modua liburuetan sartuz oharkabean. Umeen paperean jartzeak duen zailtasuna da, ordea, arazoa, haurrak ez baitu mundua klabe berean ikusten.
Egunez, parke batean (1993), Gauez, zoo batean (1994), Denboraldi bat ospitalean (1995), Oporraldi bat baserrian(1996) ipuin-liburuek Grigor dute protagonista, eta giza harremanen arloa lotura nagusi, hots, beldurrak eta jarrerak. Saileko lehenengo aletik azkenera, nabaria da, bestalde, pertsonaiaren ibilbidea: hazkuntza bakarreko mundutik lagunartera egiten den ibilbidea, hain zuzen ere. Neskatxa telepatikoa (1996), Andretxo bizardunaren uhartea (1997) eta Bota ura nire terrazatik (1997) lanen ondoren, Gau, gau, gau eta O zein den ituna (1997) argitaratu zituen Igerabidek, K. Linazasorekin elkarlanean, Igerasoro ezizenez. Bada, hala irabazi zuten SM argitaletxeko Baporea Saria. Testuek Iria izeneko hiriari gaizto talde batek gaua lapurtu ondoren sortutako gorabeherak dakartzate harira, eta bertan elementu klasikoak, fantastikoak eta herrikoiak biltzen dira. Baina, alderik interesgarriena idazle bien artean sorturiko elkarlanaren fruitua da, bai testuari dagokionez, bai lan egiteko moduari dagokionez; izan ere, hirugarren ahots bat sortzen dela esan daiteke.
Atea kox-kox (1997) lanean aurkezten den ipuin- eta poema-sortak haurrei koadernoa oparitzen dien erromes bat dakrkigu. Koadernoan poemak eta istorioak daude, umore-, fantasia- eta lirismo-ukitua sutenak. Azken istorioa erromesaren irudiarekin lotzen da berriro.
Hiru ahizpa lanean aitaren heriotza ondoren ama jostun lanean laguntzen duten hiru ahizpa dira protagonistak intrigazko ipuin miresgarriekin lotura duen istorio errealistan.
1988an Abraham lana kaleratu zuen Igerabidek, bai eta Jonas protagonista duten narrazio liburutxoen lehenengo alea ere: Jonas eta hozkailu beldurtia, Mikel Valverderen irudiekin, Euskadi Saria lortu zuen 1999an. Ipuinak haurraren beldurrean sakontzen du. Istorioa umorez hasten eta bukatzen bada ere, umeak etxeko bakardadean duen beldurra gero eta handiagoa da. Jonasen pena (1999), Jonasen iratzargailua (2001), Jonas larri (2002) eta Jonasek arazo potolo bat du (2004) aleek osatzen duten sailean hizkera bizia da, egunerokoa eta erritmoz betea. Narrazio eran ageri bada ere, egilearen poesiari darion xalotasunean eta lirisman bildurik heltzen zaio irakurleari.
Honako hau dugu Igerabideren iritzia:
“…haurra ipuinaren klabean mintzatzen da, bere pertsonalitatearen zati bat behinik behin bai. Hori da berarekin komunikatzeko modurik erosoena (…), naturalena eta aberatsena. Baina poesia ere era onean eta zuzenean eginez gero haurrarengana iristen da…”(1997).
Hala ere, badio:
“Nire bidean, haurren poemagintzan haikua egokitzen saiatzea izan da lan pertsonalena (…). Konturatu naiz haurrentzat idazteak asko lagundu didala nik hasieran nuen abstrakziorako joera hori (…) argitzen. Hor komunikazioa oso inportantea da (…). Honek guztiak gardentasuna lortzen lagundu dit.” (2002).
BIBLIOGRAFIA
AROZENA, Idoia (1997): Igandegin. 1997-III-23. 27.or.
CARRERE, Joxemari (2003): “Juan Kruz Igerabide” (Elkarrizketa) in Gara. 2003-III-15. Mugalari 2.or.
CARRERE, Joxemari (2003): “Buztinezkoa da gizona” in Gara. 2003-III-15. Mugalari 3.or.
EGAÑA, Ibon, (2005): “Memoriaren errautsetatik” in Berria. Abenduaren 6.
Egunkaria. Osteguna 1996-abenduak-5
ESTANKONA, Igor (2003): Gara. Urtarrilak 25
ETXANIZ, Xabier. Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia. Pamiela, Pamplona- 1997.
ELKARRIZKETA JKI-RI (1989): “Juan Kruz Igerabide: herri poesiatik sinbolismora” in Zabalik. El Diario Vasco. 1989-V-3. 2.or.
GOROZTIZU, Ainara (2002): “Azken bost urteotako gogoeta metafisikoak poematu ditu Igerabidek” in Egunkaria. 2002-IX-7. 47. or.
IBAN, Amagoia (1998): “Aforismoa niretzat erabateko apustua da” in Egunkaria. 1998-IV-30. 23. or. (Elkarrizketa da)
IBAN, Amagoia (1998): “Aforismoaren irakaspenak” in Egunkaria. 1998-IV-22
IGERABIDE, Juan Kruz (1991): Hegoaldeko itsasoetan barna. EHU-ko Ikastaroetan emandako hitzaldia.
IGERABIDE, Juan Kruz (1992): “Haur poesia edo lihoaren neke eta penak” in Haur literaturaren inguruan. UEUren Literatur saila. Udako Euskal Unibertsitatea. Iruñea. 43-63. or.
IGERABIDE, Juan Kruz (2003): Berria. Apirilak 8
IGERABIDE, Juan Kruz (2002): “Juan Kruz Igerabiderekin solasean” in Beterriko liburua. 2002. 8-10. or.
IGERABIDE, Juan Kruz (2006): “Juan Kruz Igerabiderekin solasean” in Beterriko liburua. 2006, ekaina. 9-13. or.
ITURBIDE, Amaia (1995): “Poema ikustea” in Egunkaria. 1995-IV-16, 32.or.
KORTAZAR, Jon (1992): “Juan Kruz Igerabideren begi niniak” in El Correo.
KORTAZAR, Jn (1997): Luma eta lurra. 80ko hamarkado euskal poesia. BBK Fndazioa. Labayru. Bilbo.
KORTAZAR, Jon (2003): “Lainoa eta euria nahasten direnean” in El PaÃs. Apirilak 14.
MARCHAL, Lucienne (1989): “Etxekotasuna” in Hegats. 1989, aben-dua, 27-28. or.
MARKULETA, Gerardo (1994): “Haikuak euskal erara eta beste” in Zabalik. El Diario Vasco. 1994-X-26. 2.or.
MINTEGI, Laura (1985): “Abenduko literatur booma, idazleen ahotan (IV)” in Argia 1985-I-27, 34-35. or.
ORMAETXEA, A. (1994): “Euskal literaturaren zorioneko uneak” in Egunkaria. 1994-X-21. 24.or.
OSA, Andres (1997): “Juan Kruz Igerabide. Olerki eta ipuingintzan gozatzen” in Deia. 1997-II-28. 14.or.
ROJO, Javier (2003): “Subjektu poetikoa” in El Correo. Apirilak 9
SAGASTUME, Laura.(1999): Behinola, 1.zb., 1999ko Azaroa.
SAIZAR, Joxemi (1993): “Poesia eta ipuinaren ontzian haurren munduraino bidaia” in Argia. 1993-I-21. 49.or.
ZABALA, Juan Luis, (1994): “Ttikiaren poeta handia” in Egunkaria. 1994-XI-13, 32.or.
ZABALA, Juan Luis (2004): “Esplikaezina ez esplikatuz ulertzen da” in Berria 2004-IV-30.
ZUBIZARRETA, Patxi (1993): “Poesia ate joka” in Argia. 1993-I-10. 55.or.
« JEAN MARTIN HIRIBARREN | IPARRAGIRRE, JOXE MARI » |