Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

HIRIART URRUTI, JEAN

(Hazparne, 1859-1915)
Eneko Zuloaga

Jean Hiriart Urruti (“Manex” senide eta lagun hurkoentzat) 1859an jaio zen Lapurdiko Hazparnen. Fraideen eskolan, Larresoron eta Baionan, egin zituen ikasketak, eta 1881ean, apaiztu zen. Aurreko urtean, Larresoroko Seminarioan hasi zen irakasle, Arnaud d´Abbadie bertako buru zelarik. Ia hogeita hamar urte egin zituen bertan hizkuntza klasikoak (latina, grekoa) nahiz modernoak (frantsesa, alemana) irakasten. Euskararekiko kezka ere bazeukan, eta 1901 eta 1902an Hendaian eta Hondarribian, hurrenez hurren, antolatutako euskaltzaleen bilkuretan parte hartu zuen. 1907an Gratien Adema “Zalduby” hil zenean, Hiriart Urruti izendatu zuten Baionako katedraleko kalonje titular eta hiriburura jo behar izan zuen. Handik zortzi urtera, 1915ean, sorterrian hil zen.

Hiriart Urrutiren lanak ulertzeko, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran Frantziako gobernuaren eta erlijio-gizonen arteko eztabaidak, tirabirak eta gatazkak gogoan hartzea ezinbestekoa da; “gorri” eta “xuri”-en arteko gatazkak puri-purian zeuden. Elizarentzat garai latza izan zen, estatuko agintariengandik muga, agindu eta inposaketa berriak baino ez zirelako heltzen, eta horiek biziki zailtzen zituzten orduko apaizen lanak.

1886an La Réveil Basque aldizkari elebiduna (euskara/frantsesa) sortu zen Baionan, errepublikarra eta Elizaren kontrakoa. Bada, hari aurre egiteko sortu zuen Luis Etxeberrik Eskualduna astekari entzutetsua handik urtebetera (bai eta lortu ere, lehenengoa azkar desagertu baitzen). Eskualdunaz hitz egiterakoan, baina, ezinbestekoa da hazpandarra aipatzea; izan ere, zuzendaria izateaz gain, berak idatzi zuen asteko artikulu nagusia hogeita bost bat urtez. Hasiera batean hamabost egunetik behin argitaratzetik astero agertzera igaro zen. Larunbatetan kaleratzen zen, herriko laborariek igandean irakur zezaten. Lehenengo aleetan artikuluak euskaraz eta frantsesez argitaratu ziren arren, euskarazkoak apurka-apurka gehiagotu egin ziren. Jende xehearentzat egindako astekaria zen Eskualduna, garaiko etxajaun eta laborari euskaldunentzat bereziki. Zalantzarik gabe, hortik zetorkion aldizkariari lortutako arrakasta: 1908an 8.000 harpidedun izatera heldu zen.

Bere burua kazetaritzat, kazeta-egiletzat, zeukan Hiriart Urrutik, eta horretan aritu zen, beste ezertan baino. Begirune berezia zeukan euskal tradizioarekin eta tradizio hori mantendu eta gorde beharrarekin. Tradizio horren baitan zeuden erlijio katlikoa, familia-egitura tradizionala eta euskara; alabaina, hazpandarrak ez zeukan bere burua abertzaletzat. Sistema eta egitura politikoen aurka zegoen, gobernu “gorria”ren aurka, baina Frantzia zeukan aberri, eta armada nahiz garaiko inperialismoa sutsuki defendatu zituen kazeta-lanetan. Gogoangarriak dira, era berean, errepublika eta errepublikarren aurka idatzitakoak.

Aldizkaietako (Eskualdunako, batik bat) artikuluez gain, ez zuen besterik argitaratu. 1944an Piarres Lafitte-k (Eskualdunaren oinordeko Herria aldizkariaren zuzendaria zen) hazpandarraren lehen artikulu-bilduma osatu eta kaleratu zuen Zer eta zer izenburupean. Bilduma laburra izanagatik, Hiriart Urrutiren izena berreskuratu eta handik hamarkada batzuetara etorri ziren bilduma berriei bidea egin zien.

1971ean Mintzaira, aurpegia: Gizon! bilduma agertu zen, eta handik urtebetera Zezenak errepublikan izenekoa. Jakin argitaletxeak kaleratu zituen “Historia” sailean. Lafittek prestatu zituen ediziook, bai eta aitzinsolas bana gehitu ere. Liburuak Hiriart Urrutiren hiztegitxoarekin batera banatu ziren. Zezenak errepublikanen amaieran ederki laburbiltzen da bilduma horien edukia:

“Bi liburuki hauek elkar osatzen dute eta elkarrentzat dira; baina bakoitzak bere nortasuna du. Ipar Euskal Herrian Frantziako Iraultzaren bidari jarraituko zitzaion ala ez? Zer zioten garaiko (1870-1914) euskaldunek. Hiriart-Urruty bere garaiaren kritiko da” (1972: 216).

Handik hogeita bi urtera (1994) atondu zuen, Klasikoak bildumarako, Hiriart Urrutiren artikuluen antologia berria Iñaki Caminok Gontzetarik jalgiaraziak izenburupean. Aurreko hiru bildumen ildokotzat jo daiteke; izan ere, hazpandarraren iritzi-artikuluak jasotzen ditu, batik bat.

Orain artean egindako lan-bilduma mardulena, baina, Xabier Altzibarrek atondu zuen: Ni kazeta-egilea naiz. Artikulu, berri, istorio izenaz Labayru Ikastegiak kaleratu zuen 2004an. Ia ehun orrialdeko hitzaurrearen ostean, izenburuan aipatutako izkribu-moldeak batu zituen Altzibarrek: iritzi-artikuluak, kronikak, azalpen-testuak gizarteaz, euskaraz, euskalduntasunaz, euskal liburuen berriak nahiz kritikak eta abar.

Euskarazko kazetaritzaren oinarriak ezarri zituen Hiriart Urrutik bere lanetan. Kanpoko ereduak (halakotzat zeuzkan Venillot, Saint-Beuve, La Bruyère eto Bossuet, esaterako) eta ezagutzen zuen euskal tradizioa (Duvoisin-en Laborantzarako liburua obrako euskara miresten zuen, adibidez, baina Axular, Oihenart, Ithurri, Elizanburu edo Diharassarri ere ezagutzen zituen) uztarturik ondoko kazetari eta artikulugileen (“Otsobi”, “Zerbitzari”, Jean Etxepare, “Larreko” eta abar) aurrekari eta eredu izatea lortu zuen, Mitxelenak esan bezala, “maestro de prosistas” (1960: 140) izan zen hazpandarra.

BIBLIOGRAFIA

ALTZIBAR, Xabier (2004): “Hitzaurrea”, in Ni kaezeta-egilea naiz. Artikulu, berri, istorio. Labayru Ikastegia & BBK. Bilbo.

HIRIART-URRUTY, Jean (1972): Zezenak errepublikan. Jakin. Oñati.

LAFITTE, Piarres (arg.) (1971): Mintzaira, aurpegia: Gizon!. Jakin-EFA. Oñati.

LAFITTE, Piarres & Joseba Intxausti (arg.) (1972): Zezenak errepublikan. Jakin-EFA. Oñati.

MICHELENA, Luis (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkarlanean. Donostia.

VILLASANTE, Luis (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. Oñati.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus