« GIL BERA, EDUARDO | HARANBURU, JOANNES » |
HARANBURU ALTUNA, LUIS
Luis Haranburu Altuna idazlea eta argitaratzailea Alegian (Gipuzkoa) jaio zen 1947an. Saturrarango apaizgaitegian, Donostian eta Parisen egin zituen Humanitate eta Filosofia ikasketak. 1971n, Parisetik itzuli ostean, G. Aresti, X. Kintana, R. Saizarbitoria, I. Sarasola, A. Urretabizkaia eta E. Villar kide zituen LUR taldeko partaide egin zen. Euskal Literatura 72 lanaren argitalpena prestatu zuen, bai eta hitzaurrea egin ere. Bertan, taldekideen lanez gain. B. Atxaga, M. Azurmendirenak ere biltzen ziren besteak beste. 1972an hasi zen literatura-lanak argitaratzen, Zeruko Argia, Anaitasuna eta Madrilgo Triunfo agerkarietan; zenbait sari irabazi zituen: PÃo Baroja (narrazio laburra), Irun Hiria (ipuina) eta Toribio Altzaga (antzerkia), besteak beste. Haranbutu Altunaren idazlanak, sariak bezalatsu, hainbat literatura-generotan sar daitezke: antzerkia, saiakera, narratiba edo eleberria. Are gehiago, 1999an Seme argitaratu zuen, semeari zuzenduriko gutun-bilduma, bai eta Bestiario bat ere. zeina bestiario eran antolaturiko artikuluen bilduma baita.
Desgizona, ipuin-bilduma 1978an argitaratu zen arren, 1972 eta 1975 artean sorturiko lehen idazkiez osaturiko lana da. Guztietan ageri da zerbait ez ohikoa: gizona izandako karakola dugu “Karakol Presoa”; “Gizagaia” ipuinean, ama barruko umekiaren gogoetekin batera, egunkaritatik jasotako berriak datoz: Vietnamgo gerra edo ETAko bi mutilen hilketa; “Elefante gorriak” lanean gizon baten gainbehera islatzen da; “Sugaar” jainko amildu baten istorioa da; “Desgizona” (erdi arrai, erdi gizon) honela azaltzen da: “Ez naizena naiz/ Ezaren hutsa, desgizona”. Beraz, ipuinek desberdintasunik baduten arren, metamorfosiaren leitmotiva mantentzen da denetan. Ideia ez da berria, hainbat idazleren itzalak daude hemen, baina denen artean Kafka nabarmentzen da, eta liburuaren hasieran bereziki aipatzen da, gainera.
Antzerkian 1972an eman zuen lehen pausua Haranburu Aranak Hil lanarekin. Hala ere, 1977an kaleraturiko Gernika lanak eta 1986ko trilogiak izan zuten indar handiagoa. Gernika 1974rako idatzirik zegoela ageri da kontrazalean, eta, han, sinatu gabe, honelaxe dio testuak:
“Drama eskematiko honetan Euskal Herriaren egoera errepresiboa tankeratzen da. Hain gertu diren denboretako zoritxarrak nekez gerta daitezke entretenigarri edo teatrogai badira beren trajedi kutsuagatik da. Gernika antzerki hau euskal teatro berriaren kontexto formalean finkatzen da”.
Kontraesana badirudi ere, Euskal Herriaren tragedia eskema bidez adierazi nahia da lanaren helburua, apaingarriak alde batera utzita komunikazio zuzena lortu nahirik. Baina, gai, forma eta egitura aldetik eskematismoa gainditzen saiatzen da idazlea. Egituran garapen dialektikoa eman nahi izan zaio lanari, baina bi partetako lau eszenek ez dute argumentu aldeko batasunik. Hartzaileen giroak emanda dator lotura, lanak duen inguru errepresiboan oinarrituta. Hala ere, testuan barna Brachten adierazpen-teknika jarraitu da: ekintzen progresioa ez da tentsioz eta klimaxez sorturikoa, elementu txikiez sorturikoa baino. Formari dagokionez, konplexutasuna sinbolismoaren bitartez lortu nahi izan da, pertsonaien ikuspegi eskematiko eta arruntean topifikaziorako joera ere badagoen arren. Baina, oro har, lanaren helburua ez da geratzen egoera erakustean, hartzailearen erantzuna eskatzen du. Haranburu Aranak tonu zuzena darabil hartzailearengana heltzeko: esaldi soilak, laburrak eta argiak, joera didaktikoa indartzea lortzeko, nolabait.
Forma eta gaiez gain, badira beste elementu aipagarri batzuk, adibidez, pastoralaren eragina, bai espazioari eta bai musikari dagokionez. Tonu epikoaren erakusgarri da lana bertsoz idatzita egotea, enkabalgamendurik gabe, eta esaldiak soilak eta baiezkoak izatea. Horrela, indar berezia lortzen du estiloaren alorrean egileak. Epikotasun berbera nabari da eszenen kontzepzioan: zatiketan oinarrituta dago, agian Brecht-en espresionismoaren aztarnak jarraiturik.
Gai historikoa da Haranburu Aranak 1986an kaleraturiko antzerki-trilogiaren haria. Zumalakarregi erako historikoki zehatza izateko nahiak argumentua historiaren arauetara eta datuetara moldatzera behartzen du. Egileak aitortu zuenez, jeneralari buruzko euskaldunon ezjakintasunak bultzatu zuen testua idaztera. Ondorioz, hari historikoaz gain, generalaren bizitzaren zenbait xehetasun ageri dira. Aipatzekoa da nola mintzatzen den Zumalakarregi Euskal Herriari dion maitasunaz antzerkiaren hasieran. Bada, egoera horretan, protagonista gerra antolatzen joango da.
Trilogiaren bigarren alean, Sabino izenekoan, Sabino Aranaren traiektoria politikoa azaltzen da, foralismotik nazionalismora egindakoa, alegia, eta heriotzaren garaian nazionalismo bare batera igarotzen dena. Ezaugarri politiko nabarmenak ageri dira, baita pertsonalak ere: pertsonaia gogorra zen Sabino Arana, eta hala agertzen zaigu obra honetan. Aurrekoaren antzera, lana bi partetan azaltzen da oraingoan ere.
Loyola du izena trilogia historikoaren azken lanak; bada, horretan ere alderdi biografikoetan jartzen du arreta egileak: Loyolaren izaera anbiziotsua, bortitza, ankerra eta bizitzan zehar izandako erabateko aldaketa ditu kontagai. Hiru ataletan banaturiko hamahiru eszenatan dago antolatuta trilogiako hirugarren lana, eta zati bakoitzaren hasieran bertsoak ditugu, emakume baten ahotan. Berriz ere nabari da pastoralaren kutsua: bertsoak, kanta, dantza eta jokoa biltzen dira egituran.
Josafat (2007) antzezlanean agertokia Josafateko zelaia da, eta bertara deitu dira zenbait euskaldun ezagun, Jainkoaren azken epaiaren berri izateko; pertsonaiak honako hauek dira: Euskal Herriko historia politiko eta kulturaleko zenbait, Euskal Herriko mitologiako beste hainbat izaki, izen ezezaguneko bi (ETAkidea eta Hiriko), Dante Alighieri eta Narziso izaki mitologikoa. Pertsonaion arteko lehenbiziko elkartzeak umorez, sorpresaz, eta kontraesanez beterik daude, eta horietan sortzen dira antzezlaneko galderarik mamitsuenak. Baina, amaieran, kontraesanek behera egiten dute, eta tonu ironikoak indarra galtzen du. Antzezlanean bi gogoeta-bide mahairatzen dira: batetik, izaera erreal eta fikziozkoari buruzkoa; bestetik, norbanakoaren identitate eta talde-identitatearen arteko harremanei eta mugei buruzkoa. Pertsonaren identitatea sortzeko bideen inguruko hausnarketan, euskal identitatea sortzeari lotu zaizkion tradizio erlijioso eta politikoekiko fede itsua gaitzesten da, eta maitasunaren fedea aldarrikatzen. Pasarte ironikoek pizten dituzte estiloari edo identitateari buruzko eztabaidak, nahiz eta ezin izan duen autoreak kutsu didaktikoa saihestu.
Eleberrigintzan, Lur argitaletxeak 1972ean kaleraturiko Itsasoak ez du esperantzarik dugu Haranburu Altunak urte horretan argitaraturiko hiru lanetako bat, hain zuzen ere bere eleberrien sailari hasiera ematen diona. Amodio-amodio eza istorio xumea da, nolabaiteko best seller izatera heldu zena euskal irakurleen gazteen artean; agian, istorioaren hurbiltasunagatik, izan ere bi pertsonai bakarrak unibertsitateko ikasle-giroko gazteak dira. Egiturak eta flash-backaren erabilerak agerian uzten du denboraren igaroak duen garrantzia: geldoegia da maitasun istorioak duen arinkeriarako.
Caritate (1979) liburuaren Introibo atalean azaltzen da liburua idazteko zergatia, gaia eta idaztankera: apokalipsia, mitologia pixka bat, narrazio hari ahula edo fantastikotasuna, besteak beste. Eleberrian bi eratako testuak nabari daitezke, eta bien arteko harremanare eta kontrajarpenaren bidez sortzen da liburuaren egitura. Lehenengoan Caritate mitikoaren mirariak eta eginak kontatzen dira; bigarrenean, ostera, tipografia bidezz ezberdindutaa, barne bakarrizketa ageri da: hain zuzen ere Caritateren zain den Jaunen bakarrizketa. Bigarren hori lehenengoaren une jakin batean eransten da: Jaun eta Caritateren arteko elkartzea baino lehenago. Horretan da, hortaz, bi testuon arteko lotura. Forma aldetik, Caritate-ren mundua sinbolikoa da, ez hainbeste Hego Ameriketako ipuin fantastikoetan den fantasiazkoa.
Auskalo, Luk (1995) nobelan Luk sibarita eta Xu gazte arduragabearen arteko harremanek erabakitzen dute nondik norakoa. Kontatzen denak alegiaren eta adibidearen kutsua du, mezuak gordeka ematen ditu egileak, munduaren bere interpretazioa agertzen duelarik. Lukek, lan munduan arrakastatsua denak, porrota jasaten du bizitza pribatuan, gaztetasuna aspaldi joan zitzaion, eta semeak larrutik ikasiko du gazte izatea ez dela txantxetakoa. Bi pertsonaion deskribapenek karikatura eta komiki kutsua dute. Doinu komikoa mantentzen da testuan zehar, eta aita-semearen arteko kontrajartzea nabarmentzen da horrela.
Haranburuk Kandido, edo Euskadi independientearen ukronia (2002) lanean satira eta fikzio politikoa aukeratu ditu, etorkizun independentea irudikatzeko, horretarako, Kandido pertsonaiaren birmoldaketa baliatzen du egileak. Postmodernitatearen bidetik abertzaletasunaren satira izatea da testuaren helburua. Neurri berean, nobela tradizionalaren parodia ere bada, ezaugarri tradizionalak (narratzaile orojakilea, kapituluen banaketa eta pertsonaiaren bizitza osoa kontatze nahia) gai postmodernoak eta helburu satirikoak sorturiko testuinguruan kokaturik parodiaturik bezala agertzen baitira.
Euskararen doluminak (2006) lana erreflexiboa da oso, batez ere euskararen egoera animikoarekin zerikusia duten epaietan. Egilearen ustez hobe da esan beharrekoak liburuan idaztea, behin eta berriz haietara bueltatzea baino. Zenbait pasartetan nostalgiaren kontra idatzi badu ere, egia da, bestalde, egileak debate zaharrak opatzen dituela berriro.
Argitaratzaile legez, 1974an Haranburu Argitaletxea sortu zuen Haranburu Altunak, euskarazko eta gaztelaniazko lanak argitaratzeko. Lur argitaletxea desegin zenean, berau osatzen zuten zenbait kideren bultzadaz “Kriselu” bilduma bereganatu zuen 1975an. 1999an Hiria argitaletxea sortu zuen, batez ere euskal literatura lanak argitaratzeko asmoz.
BIBLIOGRAFIA
DEL OLMO, K. (2007): “Euskal Herria epaitzen: Josafat” in Hegats. 2007-12.
ESTANKONA, I. (2007): “Ikuspegia osatzeko”. Deia. 2007-04-13.
JUARISTI, F. (1996): “Kontatzen denaren neurriko”. El Diario Vasco. 1996-04-13.
KORTAZAR, J. (1980): “Gernika” in Jakin. 1980. Abendua.
KORTAZAR, J. (2002): “Ukronia” in Bilbao. 2002-07.
KORTAZAR, J. (2007): “Josafateko zelaian” El PaÃs. 2007-06-11.
LANDA, J. (1980): “Caritate” bitxia” in Zeruko Argia. 1980-02-17.
MENDIZABAL, M.(1987): “Zumalakarregi, antzeztua” in Argia. 1987-03-22.
MENDIZABAL, M.(1987): “Sabino” in Argia. 1987-04-12.
MENDIZABAL, M.(1987): “Loyola” in Argia. 1987-05-03.
NABARRO, K. (1978): “Ipuin bilduma” Zeruko Argia. 1978-03-05.
RETOLAZA, I. (2007): “Euskaldunak zintzo, hobendun edo literato?” Berria. 2007-06-03.
« GIL BERA, EDUARDO | HARANBURU, JOANNES » |