Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GAZTELUZAR, BERNARD

(Ziburu, 1619-Paue, 1701)
Eneko Zuloaga

Ziburun 1619ko martxoaren 12an sortua, XVII. mendeko bertsogile aipagarrienenetakoa dugu Bernard Gazteluzar. Josulaguna 1640tik, Jesusen Lagundiak Lapurdin finkatu eta hedatzeko proiektuetan parte hartu zuen. Predikari lanetan ari zela hirian bertan ikastetxea sortu asmoz, Baionara bidali zuten beste hiru lagunekin batera, baina garaiko hiriburuko burgesiak, nagusiki jansenista izanik, ez zituen onartu. Bigarren saiakera bat Begognen egin zuten josulagunek, hala ere, Saint-Cyranen itzala handiegia zenez gero, han ere ez zuten ezer egiterik lortu. Hainbat urte Pauen igarota Gazteluzar 1701ko apirilaren hamabostean hil zen.

Obra bakarra argitaratu zuen Gazteluzarrek: Eguia Catolicac Salvamendu eternalaren eguiteco necesario direnac, Pauen 1686an. Erlijio-liburua da ziburutarrarena, zortzi ataletan eta, hasierako hitz-lauzko pasarteren bat salbu, gainerakoa bertsoz idatzia. 1983an prestaturiko argitalpen berri baten sarreran Lino Akesolok zehatz laburbiltzen zuen bertsoon edukia:

“Bertsotan kantatzen ditu Kristoren eta Andre Mariaren misterioak, Belenen asi eta Galbarioan zear, zeruratu arteraiño. Bertsotan lagunduko dio kristauari barkamenduko sakramentua artu eta Eukaristiara urbiltzen. Bertsotan ustuko ditu, bai zerurakoen pozak, bain infernukoen oiñazeak, eta bai santuen zoriona. Bertsotan azaltzen du, bertsozko galde-erantzunetan, kristau-ikasbide osoa” (1983: 16).

Liburuko kopla gehienak autorearenak berarenak badira ere, liburuan badaude itzulpenak ere. Asmo didaktikodun obra da Gazteluzarrena, herria eskolatzeko asmoz itsasertzeko jendeari begira bertsoz idatzitakoa. Ezaugarriok, bada, Gazteluzar XVII. mende hasierako beste idazle eta obra batzuen ildoan kokatzera garamatzate: Ziburuko Joannes Etxeberri –gogoratu haren Manual devotionezcoa (Bordele, 1627)– edo Joannes Haranbururenean —Debocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia (Bordele, 1635)– hain zuzen ere.

Oro har kritikak harrera ona egin izan dio Gazteluzarren obrari. Francisque Michelek poesia bikainaz eta zerabilen lapurdiko euskara apainaz ziharduen, eta bide beretik jo zuten, jada XX. mendean, Lafitte edo Mitxelenak. Idazleari buruzko iruzkinetan ziburutarraren bertsogintzaren aberastasuna aipatu izan da batik bat. Izan ere, eredutzat latindar testuak erabiltzeak aberastasuna eta berritasuna ekarri zuen euskal bertsogintzara. Autoreak estetikaren kontzientzia ere bazeukala ematen du, hitzek sor zezaketen erritmoaren jabe zela. Hau guztia hala, Patxi Salaberrik esan bezala (2002: 95), Gazteluzarrek Oihenarten poetika-moldeekin apurtzen du, zuberotarraren monokromatismo eta iluntasun poetikoa baztertzen ditu. Kritika guztiak ez dira, alabaina, guztiz aldekoak izan. Hala, Iñaki Aldekoak, esate baterako, autorearen debozio indartsuari ez dio balio poetikorik ematen (2004: 50).

BIBLIOGRAFIA

AKESOLO, L. (1983): “Bernard Gasteluzar (1619-1701)”, in Gasteluçar, B. (1983): Eguia catolicac salvamendu eternalaren eguiteco necesario direnac. Euskaltzaindia. Bilbo.

ALDEKOA, I. (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

LAFITTE, P.: (1974): “Bernard Gazteluzar olerkaria (1619-1701)”. Gure Herria. XLIV.

MICHELENA, L. (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

ONAINDIA, S. (1972): Euskal Literatura I. Etor. Donostia.

SALABERRI, P. (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.

VILLASANTE, L. (1961): Historia de la literatura vasca Sendo. Bilbao.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus