« GARMENDIA, XALBADOR | GAZTELUZAR, BERNARD » |
GARZIA, JUAN
Juan Garzia 1955ean sortu zen Legazpin, baina ume zela joan zen familiarekin Irunera bizitzera. Donostia eta Bartzelonan Filologia Hispanikoko ikasketak amaitu zuenetik, mugako herria du bizileku idazle eta itzultzaileak. HAEE/IVAPen irakasle urte luzez jardun ondoren, EHUko Euskara Institutuan dihardu azken urteotan, bertatik zuzentzen du Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bilduma, zientzia-dibulgazioko lanen itzulpenak biltzen dituen saila.
Idazten eta itzultzen, bietan bateratsu hasi bide zen Juan Garzia, argitaratzeko asmorik batere gabe. Ondoren, testuak ingurukoei irakurtzera emanda haiek bultzatuta ekin zion testuak argitaratzeari. Literaturaren inguruko lehenengo idatziak (artikuluak nahiz bertsoak) Irungo euskara batzordeak argitaratutako Plazara aldizkarian eman zituen. Lehenengo literatur saria, Arabako Foru Aldundiak antolatutako Ignacio Aldekoa ipuin saria, Pernixio ipuinarekin eskuratu zuen, 1987ko edizioan. Nobela labur edo narrazio luzetzat har litekeen kontakizun hori urte berean argitaratu zuen lehenengo ipuin-bilduman jaso zuen Garziak, Akaso (Erein, 1987) izenekoan. Halaber, 1996an ipuina solte argitaratu zen Ereinek testu laburrak argitaratzeko abian jarritako Milabidai bilduman.
Mari Jose Olaziregiren arabera, 1980ko hamarkadan euskal ipuingintzan nagusi zen nekazaritza-giroko errealismo tragiko baten zantzuak badira Garziaren lehenengo bilduman:
Bertan biltzen diren ipuinetako batzuk argi erakusten dute garaiko euskal ipuingintzan nagusi zen landa giroko istorio beltz eta dramatikoen eredua. Adibide baterako, lehenengo ipuinean, soldaduskara ez joateko aitajaunak eskua aizkoraz mozten dion Hilario gizajoa mintzo bazaigu, liburuko ipuinik lortuena den Pernixiok, berriz, Ameriketara joateko ametsa zuen pilotariaren istorioa kontatzen digu eta nola amets hori Bartzelonan zapuztu zitzaion, besteak beste, hanka batean izandako istripuagatik. (Olaziregi, 2005).
1990ean Alarigar Jualermu akronimopean argitaratu zen Taberna zulokoak (Erein) bilduma kolektiboan ere parte hartu zuen Garziak, Anjel Lertxundi, Felipe Juaristi, Pako Aristi, Iñaki Aldekoa eta Anjel Lertxundirekin batera. Bi urte beranduago, 1992ko Irun Hiria ipuin-lehiaketa irabazi zuen Garziak Gabonak Gubbio-n izeneko testuarekin. Kutxak solte argitaratu zuen ipuin horrek, beranduago, 1993an, berriro ikusi zuen argia Itzalen itzal (Alberdania) egilearen bigarren ipuin-bilduman. Halaber, Mari Jose Olaziregik apailatutako Mende berrirako ipuinak (Erein, 2005) antologian zein haren ingelesezko, italierazko, gaztelaniazko eta errusierazko itzulpenetan ere bildu zen ipuina, Gubbio izenburupean. Narrazio hori eta liburua osatzen duten gainerakok, azkenik, gaztelaniaz eman zituen Manu Lopezek Sombra de sombras (Alberdania, 2005) itzulpenean.
Desberdintasun nabarmena du Garziaren bigarren ipuin-bildumak lehenengoaren aldean: Akaso ez bezala, asmoz eta egituraz liburu unitarioa da Itzalen itzal. Batetik, liburuan jasotzen diren hamaika ipuinek hiri italiar bana dute kokaleku ez ezik izenburu ere, Pisa, San Gimignano, Firenze, Siena, Orvieto, Roma, Perugia, Gubbio, Venezia, Verona eta Milano, hain justu. Bestetik, zenbait pertsonaia ipuin batean baino gehiagotan ageri dira, eta badira halaber ipuin batetik bestera jauzi egiten duten hari narratiboak. Orobat, narrazioen girotzeek eta testuinguruek, anitzak izan arren, batasun-airea ematen diote liburuari.
Italiako hiri horietarako bidaia, fisikoa bainoago, intelektuala eta kulturala da. Denboran atzera, Berpizkunde garaiko edo Erdi Aroko Italiara, garamatzate ipuinok, garai haietako artearen eta arkitekturaren lilura berpiztera. Hamaika hirietako eraikin edo artelan erreal eta enblematikoak dira ipuinon abiapuntua: Pisako dorrea, Firenzeko katedrala, Sienako plaza zein Erromako Capella Sixtina. Artelan erreal horiek, baina, denboran atzera egiteko eta fikzioari ateak zabaltzeko aitzakia dira, eta Garziaren irudimenak eraikinen gainean sortutako hipotesi-itxurako fikzioak dira narraziook.
Historian atzera egin eta Berpizkundeko Italian barna abiatzeko gaur eguneko ikuspuntua hautatu du egileak. Narratzaileak artearen historia arakatzera abiatzen dira, eta bilaketa horretan ustekabean aurkitzen dute azalpen edo hipotesi berri bat, fikzioari ateak zabaltzen dizkiena. Narratzaileak sarri erudituak, arte-kritikariak edo arte-historialariak dira; Garziak ikerlanaren jantzian eman ditu liburuko ipuinak, eta, hala, hainbat teknika baliatzen ditu ipuinak taxutzeko: gutun-elkartruke itxurapean emango ditu, bai eta prentsako artikulu zein liburu-iruzkin edo ikerlari-txosten zientifikoa egituran ere.
Itzalen itzal osatzen duten ipuinak hurbil daude Borgesen ipuinen poetikatik: narratzaile erudituak erabiltzea, ipuinei liburu apokrifoen iruzkin-traza ematea edo metafikziorako joera dira antzekotasun horren erakusgarri. Ramon Saizarbitoriak liburuaren bigarren edizioari eginiko hitzaurrean dioenez, “Calvinoren fantasia neurtua, Tabucchiren dotorezia saudadez ukitua” ere baditu Garziaren bigarren ipuin-bildumak.
Tabucchi eta saudadea aipatzea ez leudeke soberan, bestalde, Juan Garziaren hurrengo lana hizpide hartzeko. Fadoa Coimbran (Alberdania, 1995) egileak argitara emandako nobela bakarra da, nahiz eta egileak berak ez duen oso argi “nobela” etiketa dagokion liburuari. Garziak berak zail ikusten du egile bera eleberrian eta ipuinean trebe aritzea:
“Labur esanda, badira, nire ikuspegitik, eleberriak baino luzeagoak diren ipuin batzuk (ingelesez, kasu horretan, romance deitu ohi dira, ez novel), eta, kontrakotik ere, ipuin tipikoak bezain laburrak diren eleberri-zati modukoak. Ezaugarri estilistiko (prototipiko) batzuek definitzen dutela, alegia, genero bion arteko muga. Gauzak horrela ikusita (badakit tautologia itxura izan dezakeela diodanak), idazlea, izatez, edo eleberrigile da edo ipuingile”. (Volgako Batelariak, 2007)
Sailkapen horren arabera, Garziak ez du uste bere bigarren lana nobelatzat har daitekeenik stricto sensu: “azalean NOBELA ipintzen badu ere, garbi dago ez dela inondik inora ere, nire kategorietan, zinezko eleberria (ingelesezko novel), ipuin-edo luze bat baizik (romance).” Izan ere, abiapuntua ipuin batean du eleberri izendatuko dugun liburuak: ipuin-ernamuin batetik abiatu bide zen Garzia, baina jatorrizko ideia garatzen hasi eta sakonduz eta korapilatuz joan zen, harik eta Fadoa Coimbran osatu arte.
Coimbrako putzu baten konponketan ari diren langileek argazki-kamera bat topatzean hasten da nobela, eta apurka-apurka Teoren eta Lauraren istorioa ezagutzen du irakurleak. Portugalen dira bidaian, eta bien arteko inkomunikazioa eta kanpo-errealitatea nork bere gisara nola bizi duten arakatzen du Garziak eleberrian. Orainaz nahiz iraganaz dituzten iritziak, gomutak eta hausnarketak jasotzen ditu narrazio-teknika askotarikoak baliatuz Garziak: lehenengo pertsonatik hirugarrenera, objektibotasunetik subjektibotasunera jauzika dabil narratzailea. Diskurtsoak, hitzak, gaina hartzen dio eleberrian ekintzari: kontzientziaren jario gisakoari lotzen zaio Garzia, diskurtsoa literaturaren inguruko hausnarketaz eta aipuz hornituz.
Fadoa Coimbran argitaratu zenez geroztik, Juan Garziak ez du fikziozko lanik plazaratu, hainbat ipuin-liburu kolektibotan egindako kolaborazioak salbu (Alberdania etxeko Izu zinezkoak eta Krabelinen herriminha bildumetan, 1998 eta 1999an, hurrenez hurren), eta, literaturari dagokionez, klasikoen itzulpengintzan nabarmendu da azken urteetan. Jorge Luis Borgesen ipuinak, Shakespeareren sonetoak eta Hamlet, Samuel Becketen Godoten esperoan edo Primo Leviren Sistema periodikoa dira Garziaren itzulpen-lan aipagarrienetako batzuk. Itzulpengintzako Euskadi Saria eskuratu zuen 1999an Borgesen Ipuin hautatuaken itzulpenagatik. Garzia erreferentzia alboraezina da egungo euskal literatur itzulpengintzan.
Itzalen itzal eta Fadoa Coimbran bere bi lan aipagarrienen tartean, 1994an, Sudur puntan mundua (Alberdania) gaztetxoentzako lana plazaratu zuen Juan Garziak; Tolosako Udalak antolatutako A. M. Labaien saria irabazitakoa da lan hori. Betaurrekoak jarri behar dizkiotela-eta bere burua zatar ikusten duen neskatoa du protagonista kontakizunak, eta neskatoak, pixkanaka, irudimenaren laguntzaz mundua koloretsuago ikusten du.
Saiakera ere landu izan du dagokigun egileak, eta bereak dira 1997an plazaratutako Joskera lantegi (HEAA/IVAP) eta Txirritaren baratzea norteko trenbidetik (Alberdania) saiakera-lan errotik diferenteak. Lehenengoa, itzulpengintzaren inguruko ikastaroetatik abiatuz taxututako estilo-liburua da, eta sintaxia du langai nagusi. Bigarrenak, berriz, ahozko literatura eta bertsolaritza ditu aztergai, Txirritaren obratik abiatuta.
BIBLIOGRAFIA
OLAZIREGI, Mari Jose (2005): Mende berrirako ipuinak. Erein. Donostia.
VOLGAKO BATELARIAK (2007): “Juan Garziari elkarrizketa” http://eibar.org/blogak/volga/archive/2007/11/28/114 [Kontsulta: 2011-07-07]
Literaturaren zubitegia (“Garzia, Juan”) http://zubitegia.armiarma.com/?i=69 [Kontsilta: 2011-07-07]
« GARMENDIA, XALBADOR | GAZTELUZAR, BERNARD » |