Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GARMENDIA, XALBADOR

(Zaldibia, 1932)
Eneko Zuloaga

Xalbador Garmendia Etxeberria Zaldibian (Gipuzkoa) jaio zen, 1932ko irailaren 20an. Lehenengo ikasketak Tolosako sakramentinoekin egin ostean, Erromako Unibertsitatera joan zen Teologia ikastera. Handik itzultzean Maulen bizi izan zen eta leku ezberdinetan aritu zen lanean: Zeruko Argia aldizkarian zuzentzaile, Eusko Kontseilu Gorena-ko itzultzaile, Egin egunkariko euskara arduradun, eta abar. Euskaltzain urgazlea da.

1960ko hamarkadan euskal antzerkia berritzearen alde egin zuen, besteak beste, Gabriel Arestirekin batera. Izan ere, XIX. mendetik zetorren eta gerra aurreko bi hamarkadetan indar bizia izandako antzerkiak (Martzelino Soroa eta Toribio Altzagarena, kasurako) ez zituzten baliagarritzat jotzen. Jarrera horren erakusgarri da Garmendiaren Historia triste bat (1964) antzerki-lana. Ondarroako Lore Jokoetako Antzerki saileko lehenengo saria irabazi zuen lan harekin, eta Euskal-Elerti 69 bilduman kaleratu zen. Ibon Sarasolaren ustez:

“Teatroan, Salbador Garmendiaren “Historia triste bat” obrak aurreko teatroaren krisisa ekarri zuen. Krisis hori gainditu nahiaz Labayen eta Karraskedok egin zituzten ahaleginek huts egin zuten. Patroiaren problema morala besterik adierazten ez duen haren teatro “sozial”-ak, pentsamolde zaharrari eusten jarraitzen diren idazleen preparazio falta eta korronte literario berriei buruzko inorantzia izugarria besterik ez zuen mostratu” (1971: 91).

1960ko hamarkadan bertan, bestalde, itzulpengintzari lotu zitzaion zaldibiarra. Albert Camus-en Les Justes euskaratu zuen (Gizon zuzenak, 1967), bai eta Pedrolo-ren Homes i no (Gizonak eta ez, 1969) ere. Handik urtebetera T. Zajarovaren Lurraren kondaira (Herri Gogoa, 1970) itzuli zuen, non munduaren jatorriaz eta bilakaeraz informazioa emateaz gain, gaiaren inguruan jakintsu handienek (Greziako Anaximandrotik garai modernoagoetako Galileo edo Newtonera) esanikoak azaltzen baitira. Liburuaz eginiko kritikan, Angel Irigaraik obraren ulerterraztasuna azpimarratu zuen, nahiz eta teknizismo asko agertu, euskaraz ongi emana zela: “etzaio erdal joskerarik batere nabari” (Zeruko Argia 1971-02-28).

Handik urte batzuetara itzulpenekin jarraitu zuen: St. Exupéry-ren Printze txikia (Plan, 1970) eta Gabriel García Márquez-en Crónica de una muerte anunciada (Heriotza iragarritako baten kronika, Sendoa, 1982) euskaratu zituen.

1990ean, azkenik, haur eta gazteentzako literaturaren ildotik, Beltza! Beltza! lana kaleratu zuen (Erein argitaletxea).

BIBLIOGRAFIA

BEOBIDE, Iñaki (1965): “Xalbador Garmendiari elkarrizketa”. Zeruko Argia. 1965-01-10.

IRIGARAY, Angel (1971): “Lurraren kondaira”. Zeruko Argia. 1971-02-28).

SARASOLA, Ibon (1970): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.

Literaturaren Zubitegia: “Garmendia, Xalbador” http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00035.htm

. [2010-12-30].

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus