« GANDARA, SEBASTIAN ANTONIO | GARATE, GOTZON » |
BITORIANO GANDIAGA
Bitoriano Gandiaga euskal poesian topatzen dugun gailurretako bat da, XX. mendeko bigarren erdian euskal poesiaren bilakaeran funtsezko eragina izan zuen-eta.
Bere lehenengo poemak hainbat aldizkaritan argitaratzen hasi zen (Arantzazu, Egan, Euzko-Gogoa eta Olerti aipatzen ditu Iraolak, –Iraola 2002: 6–), baina lehen liburuarekin (Elorri) egin zen ezaguna euskal literaturan. Hor zehar sakabanatutako idazlanak, poema solteak, antologia modukoak etab. alde batera utzita, bost dira idazlearen ibilbidean mugarri moduan agertzen diren poema liburuak:
- Elorri (1962): Hauxe da lehenengo poema liburua, idazleak dagoeneko 34 urte zituela argitaratua. Poema liburu erlijiosoa da. Mistizismoaren eraginik baduen idazlan honetan Arantzazuko misterioaren inguruan aritzen da, baina horrez gain naturalezari eskainitako poema lirikotzat ere hartu daiteke.
- Hiru gizon bakarka (1974): Bigarren poema liburu honetan giza izaeraren gaia nabarmenago geratzen da, existentzialismoaren aztarnak ere aurkitzen direlarik, nahi eta ezinaren gaiaren inguruan bilduta baitaude bertako poemak.
- Uda batez Madrilen (1977): Hirugarren poemarekin poeta aurkitzen dugu hiri handi batean kokatuta, eta bertan zer ikusten duen azaltzen zaigu. Gauzak honela, idazlanean mundu modernoarekiko talka nabarmentzen da, zeren beti ere esentziaren bila dabilen idazlearen begietan hiri modernoa itxurakeriaren adibide moduan agertzen baitzaio.
- Denbora galdu alde (1984): Laugarren poema liburu hau “bere buruari eta bere arazoei eskainiriko liburua da”, Iraolaren hitzetan (Iraola 2002: 16). Lanera emanda bizi izan den pertsonari psikiatrek esaten diote ez duela hainbeste perfekziorik bilatu behar. Poema liburu honetan idazleak bere burua jartzen du ispiluaren aurrean eta zer gertatzen zaion aztertzen saiatzen dela.
- Gabon dut anuntzio (1986): Poema liburu intimoa, barnekoia da, gabonen inguruan aritzen diren poemen bidez nolabait haurtzarora bueltatzea suposatzen duena. Berriro ere, azalaren eta barnearen arteko kontrajarpenarekin egiten dugu topo, bertan itxurakeriara emandako gabon kontsumisten aurrean gabonetako benetako esanahiaz aritzen baita.
Bitoriano Gandiagaren poesia-ibilbidea oinarrizko kontrajarpen baten argitan ulertu daiteke. Azala eta barnea, itxura eta izaera dira kontrajartzen diren bi osagai horiek. Kontrajarpen nagusi hau batzuetan beste forma baten azpian agertzen da haren poesian, zeren halaxe ulertu behar baita bere idazlanetan tradizioa eta modernitatea aurrez aurre jartzea. Gandiagaren mundu-ikuskeraren oinarrian bere haurtzaroko mundu tradizionala dugu, fedea erdigunean dagoelarik. Baina urteak pasatu ahala ikusiko du mundu hori desagertuz doala eta horren ordez azalkerian murgildutako mundu modernoa (erdigunean izatearen ordez edukitzea jartzen duena) nagusitzen ari dela. Konponduko gabeko tentsio horretatik sortzen da bere poesia.
Eta ia jarrera honen metafora izango balitz bezala, idazlearen heriotza 2001. urtean etorri zen, mende berriaren atarian.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 185-187. orr.
ASKOREN ARTEAN (2003): Zurgai Julio/2003 [“Con Bitoriano Gandiaga” azpititulua duen aldizkariaren ale monografikoa].
GANDIAGA, Bitoriano (2001): Bizitza itxaropen delako (1928-2001). Argitarapen Zerbitzua UPV-EHU. Bilbo
IRAOLA, Rufino (2002): Bidegileak. Bitoriano Gandiaga (1928-2001). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
ITURBIDE, Amaia (2000): B. Gandiaga, J.A. Artze eta X. Leteren poemagintza. Poesia tradizionalaren bidetik. Erein. Donostia.
ITURBIDE, Amaia (2001): “Hitzaurrea”. In Gandiaga 2001: 9-26.
« GANDARA, SEBASTIAN ANTONIO | GARATE, GOTZON » |