« ETXEPARE, BERNAT | JEAN ETXEPARE » |
ETXEPARE, JEAN – “MIRIKUA”
Jean Etxepare Bidegorri “Mirikua” Argentinako Mar Chiquita-n jaio zen 1877ko urriaren 30ean. 1883an Ipar Euskal Herrira joan zen, eta handik sei urtera erlijio-ikasketak hasi zituen Larresoron. 1893an Filosofia ikasten hasi zen, eta badirudi sasoi hartatik aurrera erlijioa ez zela nahiko izan Etxepareren berezko jakin-mina asetzeko; izan ere, apurka-apurka erlijiotik aldentzen hasi zen orduan. Horrela azaldu zuen Villasantek: “Se apodera de él una verdadera ansia por despejar todas las incógnitas. Sobre todo le atormenta el problema religioso (…) Larralde, uno de sus profesores, le dice que deseche esas tentaciones y siga fielmente a la Iglesia. Este consejo le hirió aún más” (1960, 300).
1894an Bordelera jo zuen Medikuntza ikasteko. Hain zuzen ere, urte horietan ezagutu eta irakurritako idazle eta filosofo erromantiko berantiarraren obrak (Haeckel eta Nietzscherenak, batik bat) irakurtzeak erlijioaren mundutik are gehiago urruntzea ekarri zuten. Medikuntza-ikasketak Quelques remarques sur le jouer de pelote izeneko doktorego-tesiarekin burutu zituen, non esku-pilota eta pilotarien gaitzak aztertu baitzituen. Behin ikasketak amaituta, Aldudeko mediku bihurtu zen eta han igaro zituen zenbait urte. Lehenengo Mundu Gerra piztu zenean, soldadu joan behar izan zuen, eta badirudi gerratean bizitako esperientzia gogorrek bere mundu-ikuskeran eragin sakona izan zutela.
Gerratik itzultzean, Kanbora aldatu zen mediku-lanak egitera, ezkondu egin zen, eta 1919an Euskaltzaindia sortu zenean, euskaltzain izendatu zuten. Eskualtzaleen Biltzarra-ko lehendakari ere izan zen urte askoan. 1935eko urtarrilaren 9an hil zen, bat-batean, Kanboko gaixo baten etxera zihoala.
Etxepare medikuaren literatur obra laburra izanagatik (bi liburu besterik ez zituen kaleratu bizi zelarik), funtsezkoa da XX. mende hasierako euskal literaturan, oro har, eta garai hartako Ipar Euskal Herriko literaturan, zehazki; izan ere, Etxepare izan zen sasoi nahiz inguru hartako idazle laiko bakarrenetarikoa eta garrantzitsuena.
XX. mendea hastearekin batera, Eskualduna eta Gure Herria aldizkarietan idazten hasi zen Hiriart-Urruty bezalako egileen eskutik, eta bere kezkei (zientifikoak, maiz) jarraikiz sarri idatzi zuen: “Le gustaban temas poco tratados: relaciones internacionales, polÃtica francesa, finanzas, hipótesis o teorÃas cientÃficas, la salud, etc.” (Villasante, 1961, 301). Bestalde, anaia Piarres Etxeparerekin batera, Eskualdun laborarien almanaka sortu eta editatu zuen, eta 1910ean Jean Etxepareren lehenbiziko liburua agertu zen: Buruchkak.
Eskualduna agerkarian aldez aurretik argitara emandako hogeita lau artikulu eta beste bi argitaragabe bildu zituen Etxeparek Buruchkak lanean, hogeita sei orotara. Garai hartako ohiko gaiei ohiko ikuspegi arruntetik heldu bazien ere, bere jakin-minak eta pentsalari-senak ikuspegi berriak bilatzera eta ematera bultzatu zuten, hala nola, emakumezkoen hezkuntza hobetu beharrari edo nekazarien izaerari buruzkoak. Buruchkak liburutik zenbait artikulu nabarmentzekoak dira, esaterako, aurretik Eskualdunan argitaratu gabeko “Nor eskola-emaile” eta “Amodioa” aipatu behar dira, euskal literaturaren historian mugarri izateaz gain (nahiz eta mugarri-izaera orain arte inor gutxik aldarrikatu duen), Buruchkak liburuaren eta egilearen beraren ibilbidea erabat baldintzatu zutelako.
Bi artikulu horietan erabat probokatzaile agertu zen Etxepare bere izaera aurrerakoi, laiko eta ironia zaleari jarraiki, eta garaiko pentsamolde nagusi, ofizial eta politikoki zuzenaren aurka jo zuen bete-betean . “Nor eskola-emaile” izenekoan, esate baterako, elizak irakaskuntzan zeukan gehiegizko lekuaren eta indarraren aurka agertu zen, eta eskola laikoa aldarrikatu zuen. Aldarrikapenaren garrantziaz jabetzeko, ezinbestekoa da gogoratzea sasoi hartan Ipar Euskal Herriko gizartean, kulturan eta irakaskuntzan, elizak zeukan indarra.
“Amodioa” testuan, bestalde, Etxeparek sexualitatearen tabua apurtu zuen era umoretsuan. Testu horretan zenbait gizon ageri dira Miarritzeko bazkaloste batean, sexuaz, orokorrean, eta sexu-joera zenbaitez (homosexualitatea, zoofilia, etab.) hitz egiten. Etxepareren obra aztertu duten ikertzaile eta kritikari moderno gehienek nabarmendu dute bi testuon izaera eta presentzia, baina Ur Apalategi izan da lehena bi testuak gure literaturako lehen testu modernotzat jotzen.
Bi testu horien edukia gehiegizkoa izan zen garaiko autoritate moral, erlijioso, politiko eta kulturalentzat, eta Etxepareri liburua erretiratzeko eta ez banatzeko eskatu zioten, obrak orduan izan zezakeen zabalkundea ekidinez. Badirudi, bada, presioa gehiegizkoa izan zela, eta medikua, gomendio-agindu-mehatxu horiei jarraiki, etxetik igarotzen ziren lagunei aleak oparitzera mugatu zen. Bere emazte izan behar zuenari liburuaren ale bat bidali zion banaketa-lanak hasi aurretik, eta ondorioak erabat tamalgarriak izan ziren arlo horretan ere: emakume hark liburua apurtu eta Etxeparerekin zeukan harremana etetea erabaki zuen.
Zalantzarik gabe, Buruchkak lanarekin gertaturikoak eragina eduki zuen Etxepareren hurrengo urteetako jokamoldeetan. Gertaturikoekin penaturik, askoz ere apalago jokatu zuen, eta ez zuen beste libururik argitaratu 30eko hamarkadaren erdialdera arte. 1941ean, Etxepare hilda zegoela, Laffittek Buruchkak lanaren berrargitalpena kaleratu zuen, baina aipatutako bi testuak kenduta. Lan osoa, hots, aipatutako bi artikuluak barne hartzen zituena, ez zen 80ko hamarkadara arte berrargitaratu, orduan ere 1941eko edizioaren Laffitteren hitzaurrearekin.
Beste alde batetik, 1934an Biribilez eleberria kaleratu zuen medikuak, 1921etik aurrera Gure Herrian argitaratutako atalekin. Liburu horretan, Nafarroa eta Gipuzkoan barrena egindako bidaiaren kronika egiten du egileak. Villasantek, alabaina, ez zuen liburua “erabat” garbi ikusten: “Aunque de apariencia inocente, si se repara un poco, también tiene su veneno. Una de las escalas de los viajeros fue la visita al Santuario de Loyola. Aquà introduce el autor a un jesuita que les habla contra los santos y contra San Ignacio” (1961, 301).
Kortazarrek honela kokatu zuen Etxepareren literatura-pentsaeraren abiaburua:
“abiaburua melo-dramatismo erromantikoa da, baina, lehenengo liburuan, oinarrizko jarrera errealismoaren eta naturalismoaren artekoa da” (…) Lehenengo pertsonako kontalaria, salbuespenak salbuespen, subjektibotasun erromantikotik urrun dago eta errealismoak ekarritako behaketa objektibora gerturatzen da (…) ezin da esan halere, Etxeparek errealismoaren ikuspegi liberala dakarrenik” (2003, 55-56).
Mitxelenak, azkenik, medikuaren idazkera goretsi zuen: “prosista de la talla de Orixe y de Lizardi” (1960, 155) izendatu zuen.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
ALTONAGA, Kepa (2007): Etxepare Aldudeko medikua. Euskaltzaindia. Bilbo.
APALATEGI, Ur. “Buruxkak”. Euskal Literaturaren Hiztegia. Idazlanak. EHU. [https://www.ehu.eus/ehg/literatura/?p=240]. Azken kontsulta: 2011-08-01.
CASENAVE, Jon (1997): De l’article de presse a l’essai litteraire : “Buruchkak” (1910) de Jean Etchepare. Université Michel de Montaigne, Bordeaux III. Bordeaux.
CHARRITTON, Piarres (arg.) (1984-1996): Jean Etchepare mirikuaren (1877-1935) idazlanak. Elkar. Donostia.
KORTAZAR, Jon (2003): Euskal literatura XX. mendean. Pramés. Zaragoza. 2. arg.
MITXELENA, Koldo (1964): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.
VILLASANTE, Luis (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. Oñati.
« ETXEPARE, BERNAT | JEAN ETXEPARE » |