« ETXEPARE, JEAN – “MIRIKUA” | EZKIAGA, PATXI » |
JEAN ETXEPARE
Jean Etxepare Landerretxe beti izango da gaztea, sendagilea izan zen izen bereko idazle gorenarengandik bereizteko. Izan ere, Jatsun 1937.ean jaiotako idazle hau 1961.ean hil zen, Hazparnen, bai bizitzan bai literaturaren alorrean ibilbidearen hasieran aurkitzen zelarik.
Gaztedanik gaixotia izanik, epe luzeak pasatu behar izan zituen ohean. Goi mailako ikasketak Baionan egin zituen eta enpresa batean idazkari moduan lan egin ondoren, irakasle laguntzailea izan zen Hazparnen ireki zuten ikastetxe teknikoan. Gaixotasunak, ordea, ez zion meniarik eman eta 1961.ean hil egin zen (datu biografikoetarako, Bidador 1997).
Antzerkigintzarako zaletasuna zeukan eta hori izan zen literatur mundura egin zuen lehenengo hurbilketa. Edonola ere, ipuingintzan egindako lanagatik izan zen ezaguna. Arlo hau dela-eta, berarengandik liburu bakarra heldu da, Mendekoste Gereziak eta beste izenburuarekin 1963.ean argitaratu zena. P. Charritton-en ardurapean egindako liburu horretan biltzen ziren idazleak idatzitako hainbat testu, orduko aldizkarietan sakabanatuak, besteak beste “Mendekoste gereziak” izenburuko ipuina, 1959.ean “Euskal-Kulturaren-Alde” zeritzon erakundeak antolatutako literatur saria irabazi zuena. Geroxeago, 1991.ean idazle honen beste bilduma bat agertu zen, Mujika Iraolak prestatua eta Mendekoste Gereziak izenburu soila duena. Azken argitarapen honetan aurreko liburuan agertutako testu guztiak argitaratzeaz gainera, beste batzuk topatzen ditugu, hiru arlotan bilduta:
- Gerezi Heldu: helduentzako narrazioak.
- Gerezi Gazte: gazteentzako narrazioak.
- Bertze Gerezi: kazetaritza testuak.
Bere literaturan joera edo idazle desberdin batzuen aztarnak aurkitu izan dira (neorrealismoa aipatzen du Mujika Iraolak –Mujika 1991– edota PÃo Baroja –Charritton 1991–). Eta batzuetan haur eta gazte literaturaren esparruan kokatu izan da, bilduma horietako istorio batzuk arlo horretakoak baitziren (Aldekoa 2004: 252). Edonola izanik, begirada sentibera da bere idazkietan nabarmentzen dena. Idazlea gaixotia izanik, berehala ohitu zen bere inguruan gertatzen zena arretaz begiratzen eta begirada horrek antzematen zuena paperera pasatzerakoan idazleak sentiberatasun berezi bat zuela frogatzen zuen, Bordak azaltzen duen moduan (Borda 1991).
Heriotzak berehala eraman zuen eta hasiera interesgarri hori kontuan hartuta espekulatu baino ezin daiteke egin noraino hel zitekeen halako idazle bat.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
ETCHEPARE, Jean (1991): Mendekoste gereziak. Erein. Donostia.
BIDADOR, Joxemiel (1997): “Etxepareren 60. urteurren ixilekoan”. Euskaldunon Egunkaria. 1997/10/31.
BORDA, Itxaro (1991): “Ametsaren erotasuna”. Argia. 1991/09/08.
CHARRITTON, Piarres (1991): “Gibel-solasa”. In Etchepare 1991: 233-243.
MUJIKA IRAOLA, Inazio (1991): “Jean Etchepare Landerretche”. In Etchepare 1991: 7-18.
« ETXEPARE, JEAN – “MIRIKUA” | EZKIAGA, PATXI » |