« ETXEITA, JOSE MANUEL | ETXEPARE, JEAN – “MIRIKUA” » |
ETXEPARE, BERNAT
Linguae Vasconum Primitiae (1545), euskaraz argitaraturiko lehen liburuaren egile dugu B. Etxepare. Liburuan diren testuen kopurua eskasa izanik ere, (hamalau poema besterik ez, orain arte XI. poema gisa genuena, berez, X.aren bukaera besterik ez da), eta poema bilduma bakarra argitaratu izan bazuen ere (horrek literaturan eginiko lanaren urritasuna erakusten du), egileak idatzitakoa euskarazko lehena izateak, XIX. mendera arte nahiko murritza izan den argitalpen munduan jakin-min eta arreta bizia biztu du idazle eta ikerlarien artean. Horrek, neurri batean, egilearen bizitzari buruzko datuen urritasunari ordaina dakarkio.
Badira Bernat Etxepare pertsona eta idazlearen inguruko zenbait zehaztapen. J. B Orpustanek (1996: 33) adierazten duenez, pertsonaia ospetsua eta lehen mailakoa izan zen bere garaian, Nafarroako Erresuma osorik ezagutu zuena. Halatan ere, ez du horren ikuspegirik eta ondoren gertatutako zatiketaz inolako zehaztasunik ematen. Tradizioak, urte luzez iraun baina zehatz dokumentaturik ez den tradizioak, idazlea Sarrasketan jaio zela adierazten badu ere, olerkariak Garazi goraipatzen du idazkietan:
“O heufcara lauda ezac garacico herria
Ceren hantic vqhen baytuc beharduyan thornuya” (Sautrela, 2-3)
Jaiotza bada, Erdi Aroan “etxagapare” legez izendaturiko etxeetako batean, hau da, inguruko lurraldeetan gehien baten etxe nobleek hartzen zuten izeneko etxean, izan zen.
Zehaztasun falta hori beste hutsarte batzuen arteko lehena baino ez da, ez baitakigu ez jaiotza-data (1470 eta 1480 bitartean izan zela uste da) ez eta heriotza-data zein den ere. Beste horrenbeste gertatzen da ikasketak non egin ote zituen ikertu nahian hasiz gero. Orpustanen (1996) ustez Baionan egin zitzakeen, apezpikutzaren egoitza zen tokian, zein hego-mendebaldeko beste hiriren batean, edo garai hartan Nafarroako erresumaren hiriburu zen Iruñean. Beste alde batetik, eta iturri bera jarraituz Bernard d´Etchepare deituriko norbait, Sarrasketakoa –agian gure poeta ikerlariak dioen bezala–, Tristan d´Ahaxeren ezkontzako lekuko izan zen 1505eko abuztuaren 5ean. 1518ko martxoaren 27an dataturiko espainiar agiri batean ere aipatzen da “Bernar de Chapare Rector de San Miguel”, 1516.ean, hau da, Jean d´Albret erregetzaz gabetua zendu zen urtean. 1545eko Linguae Vasconum Primitiae-ren argitalpeneko azalean ageri den bezala, ardura horretarako izendatu izan zen:
“Dominum Bernardum Dechepare
Rectorem sancti michaelis veteris”
Datarik ez baina hutsik den apezpikutza aipatzen duen beste agiri espainiar batean, beraz 1520 eta 1530 urte bitartekoan, azaltzen da Baiona inguruko Behenafarroako bikario izendatu dela Etxepare jauna. Baina bertako apaizteria aurka ari dela, eta joko eta beste zenbait lardaskeria direla eta, kargugabetua izan dadin eskatu duela. Hala ere, agirian zehazten denez, erregearen zerbitzari guztiz ona ohi da, eta gaitasun bizia du letretarako zein ospe oneko diren beste bertuteetarako.
Olerkariak “Mossen Bernat echaparere cantuya” olerkian aipatzen duen egoera, hau da, Espainiarekiko duen fideltasunagatik Nafarroako erregeren aurrean salatua izana eta Bearnera deitua izan ostean espetxeratua izana, beste inon azaldurik ageri ez dena, garai honetakoa da, aurki. Dena dela, zalantzarik gabe, espetxealdia ez zen oso luzea izan. 1533an berriro aipatzen baita Bertrandus de Chaparre rector sancti Michaelis veteris delakoa, ziur asko geure olerkaria, izenean errakuntza bat agertzen bada ere. Azken aipamena dugu hori, 1545eko argitalpenaren aurretik. Azkenez, 1559an aipatzen da maestre bernard de echapare , Orreagako abadian gertatutako hondamenei buruzko epaiketan, lekuko.
Andrés Urrutiak (1996: 85. or.) dioenez, Etxepare bere giro historikoan kokatzeak Erdi Arotik Errenazimendurako igaroa gertatzen den garaiaz galdetzea dakar, nahiz eta ez dakigun, idazleak ez baitu ezer ere adierazi nola bizi ote zuen apaiz eta olerkariak Errenazimenduak zekarren humanismoaren kontzeptu berrira urreratzea eta historian zein politikan inguruan gertaturiko beste hainbat aldaketa, hala nola: Gaztelakoek Nafarroaren konkista burutzea (horrek ekarri zuen erresumaren zatiketa eta murrizpena, eta errege-erreginek Iruñeatik alde egin behar izan zuten. Etxepare bidegurutzeko gizona da, Erdi Aroko egitura zaharrek egoera berri batzuei –Gaztela-Aragoiko erresuma batzea, Nafarroako erresumaren zatiketa eta Frantziako erresumaren indarberritzea– bide ematen dietela ikusten duena. XVI. mendearen hasiera, bada, nazioen eraketarako bizitasun berezia duen unea da Nafarroako erresuma txikia inguratzen duten Espainia eta Frantziako erresumetan.
Orain arte behintzat, euskaraz idatzi eta argitaraturiko lehen liburuaren egile dugu B. Etxepare, Patxi Altunak (1979) tesian gaur egun ezagutzen dugun 1545eko argitalpena bakarra izan ez zela dioen arren. Ba omen zen aurretiaz Linguae Vasconum Primitiaaeren beste argitalpen bat, Altunaren ustetan; bertso batzuen neurri gorabeherak eta inprimatzaileak erregeri 1545eko argitalpenetik kanpo beste edozein salmenta debeka dezan egiten dion eskabidea adierazten duen eskaerak frogatuko lukeenez. Dena dela, horrelako eskariak handik aurrera beste inork atera ez zezan ere egiten ziren. A. Oihenart (1967: 227) Rouen-en 1565 baino arinago agertutako bigarren argitalpenaz mintzo da.
Nafarroako erresumaren eite linguistikoak okzitaniera, gaskoia, Nafarroako erromantzea eta euskara nagusiki hartzen zituen hizkuntza aniztasuna izan zuen ezaugarri. Euskara ez zen inoiz ere ofizial izatera iritsi Iruñeako gortean. Goi-Nafarroaren konkistaren ondorioz, lurralde zatiketaren ondoren, jatorrizko nafar monarkiak gaskoia mantenduko du kantzelaritza-ele legez, beti ere haren erregetzapeko nafar lurraldeetan. Egoera horretan, euskararen bultzadarik ere izango da literatura-arloan, baina egoerak eite berezia izango du inguratzen duten hizkuntzekiko. Etxeparek euskalkitan zatiturik eta ofizial ez den hizkuntzan idazten du, lurralde eta politika izate desberdinetan banaturik den herrialdean. Hori dela eta, hizkuntzaren aukeraketa erabakigarria da idazleak idaztean izan duen asmoa aztertzeko. Aukeraketa hori ez da berezkoa, ez da oharkabean egina, oso ondo pentsatua eta arrazoitua baino, liburuaren hasieran, Erregeren abokatu zen Bernard Leheteri eginiko eskaintzan ageri denez:
“… inprimiturik heuskarara, orano izan eztena, eta zure hatse honetik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara eta baskoek, berzek bezala, duten bere lengoajian eskribuz zerbait doktrina, eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora igaraiteko materia, eta ginen direnek gero duten kausa oboro haren abanzatzeko.” (1995: 79)
Aipamen hori, A. Urrutiaren ustetan (1996: 89) XVI. mendeko euskararako egiazko hizkuntza-politikarako osagaiak dituen testu luzeago baten zatia baino ez dugu, non Etxepareren euskararekiko iritziari buruzko lau ezaugarri nagusi azpimarratzen baitira: lehendabizi, euskaldunon gaitasuna zientzia eta letretarako; bigarrenik, beste ezein hizkuntza bezain gai izateko kultura bide legez idatzia behar duela izan; horrez gainera, Etxeparek tresna legez hartzen du hizkuntza, euskaldun hiztunentzat baliagarri izango den euskal korpus linguistikoa osatzeko; eta bukatzeko, normalkuntzarako asmo argia ageri du, hau da, gaur egun egoera diglosikoa deituko genukeena gaindituko lukeen erabilera usurako gunea. Asmo garbia du idazleak euskara aukeratu duenean. Inprentaren aurrerapen ahalmena eta teknikaren garrantzia onartzen ditu, garaiko humanistek bezala. Aurrerapena hizkuntzaren zerbitzura jartzen du, mundu guztira heda dadin eta, kulturarako eta zientziarako hizkuntza ere bihur dadin, ordura arte gertatu ez zen bezala. Hizkuntzari buruzko ardura eta asmoak Errenazimenduko gizonarenak dira, ez Erdi Aroko idazlearenak, zenbait adituk adierazi izan duten bezala. A. Urrutiaren ustez, Etxepareren lana hurbilago zatekeen Erdi Arotik Errenazimendurik baino, herri xeheari zuzenduak beraz, erritmo eta azalpen erraz eta errealistak erabiliz eginak ziren neurrian.
Hizkuntzaren aukeraketaren eta horren inguruan azaldutako auzia, Etxepare Errenazimenduko ala Erdi Aroko idazle den alegia, lan osoan garaturiko lau gai nagusietako alde desberdinetan izango da eztabaidagarri adituentzat. Zenbait ikerlarien ustez (Juaristi, 1987: 31) Etxepareren olerkietan agertzen den maitasunari buruzko ikuspegia hurbilago dago Erdi Aroko idazleen ikusmoldetatik, Errenazimenduko ildo nagusietatik baino. Iritzi berekoa da K. Mitxelena ere (1960: 47), eta Juaristik Etxepareren eta Hitako Artziprestearen lanen arteko paralelismoei idazle bien biografia zehaztasunak eskaintzen dutena gehitzen du. Arrazoiok, ordea, ez dira nahiko J. Kortazarrentzat (1997: 87), inprentari emandako garrantziak eta hizkuntzari eginiko gorazarreak “bere garaiko, errenazentista” egiten baitute olerkaria bere ustez. Iritzi hori azpimarratzeko, amodio poemen ikerketa estrukturala proposatzen du Kortazarrek, olerkariaren erregulartasuna agerian utzi nahian. I. Aldekoak ere (2004: 23-28), euskal literaturaren sorreraz ari denean, ez du batere zalantzarik Etxepare eta haren poesia Humanismo eta Errenazimenduarekin lotzeko.
Esan genezake idazleak maitasunari buruz duen jarrera ez dela maiteminduen arteko harremanen deskribapen hutsa, ez eta bere bizitzan zehar izandako maitasun gorabeheren azalpen errealista ere –lehen pertsonaren erabilerak ez du ezaugarri autobiografikoa bereziki azpimarratzen. Horren gainetik, “constructum” oso bat egiten du Etxeparek, maitasunaz ikuspegi anitza erakutsiz.
Eztabaidak baliabide literarioen alorra ere ukitzen du: alde batetik, Errenazimendu garaiko estetika moldera hurbiltzen duten “ispilua” eta “artizarra” metafora nagusiak erabiltzen dituelako; eta bestetik, baldintzazko eta ahalezko perpausen erabilerak irrealtasun kutsua indartzen dutelako; baina horrez gainera, egituraketa mental eta sortzailea uzten duelako agerian, testua silogismoen erabilerara hurbilduz, poemaren eraikuntza lanari berebiziko garrantzia emanez, eta idazkera eta literatura idatziarekin lotuz nagusiki.
Neurkera arloan ere izan da eztabaidarik. Patxi Altunak tesian zioenez, Etxeparek erabilitako ahapaldi gehienak errima bakarrekoak ziren, 15 silabako lau lerroz osatuak, eta 4/4/4/3 egiturari jarraituta osatuak. J. Juaristiren iritziz (1987: 35), ordea, hamasei silabako lerroz osaturiko “tetastrofo monorrimo” delakoa zen Etxeparek zerabilena, Libro de Miseria Omne idazlan anonimoan, eta ziur asko Erdi Aroaren amaiera aldeko “mester de clerecÃa”-k osaturiko lanetan, erabiltzen zen eredu bera.
Eztabaidak ez dio argi handirik eskaintzen auziari, aditu bien ondorioen arabera Etxepare bertsolaritzaren molde herrikoi eta tradizionalen jarraitzaile zein Erdi Aroko neurkeren aldekoa zatekeelako. Auzia, ez du neurriak argituko, ez eta baliabide zenbaiten erabilerak. Beste alde batzuei begiratu behar litzaieke zorrotzago, idazleak idaztean zuen asmoari, hizkuntza hautaketaren helburuari eta lan eraikia osatzeko gogoari, esaterako, horiek idazlearen poetika tradiziotik Errenazimenduaren ikusmoldeetara hurbildu baitzuten.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia
ALTUNA, Patxi (1979): Versificación de Dechepare. Métrica y pronunciación. Mensajero. Bilbao
ALTUNA, Patxi (1980): Linguae vasconum primitiae. (edizio kritikoa). Euskaltzaindia. Bilbo.
ALTUNA, Patxi (1995): “Hitzaurrea” in Linguae vasconum primitiae 1545-1995. Euskaltzaindia. Bilbo (13-18)
ARKOTXA, Aurelia (1994): “Etxeparekoaren maitasunezko kopleta, I.”. Sancho el Sabio. 6.zb. Gazteiz.
BILLELABEITIA, Miren (2003): Euskal Herriko literatura. Ibaizabal. Zornotza.
JUARISTI, Jon (1987): Literatura vasca. Taurus. Madrid.
JUARISTI, Jon (1990): “De métrica vascorrománica” ASJU, 2.
KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.
LAFITTE, Pierres (1990): Euskal literaturaz. Etor. Donostia.
LAFON. René (1951): “La langue de Bernard Dechepare”. BAP, 7. Donostia.
MITXELENA, Luis (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.
OIHENART, Arnaud (1967): “L´Art Poétique Basque”. Gure Herria. Baiona. (205-229)
ORPUSTAN, J.B.(1996): Précis d´histoire littéraire basque. 1545-1950. Editions Izpegi. Baigorri.
URRUTIA, Andres (1996): “Bernat Etxepare: el poeta de una lengua sin estado” in Los escritores, hitos de la literatura clásica euskérica. Besaide bilduma. Fundación Sancho el Sabio. Gastéiz.
« ETXEITA, JOSE MANUEL | ETXEPARE, JEAN – “MIRIKUA” » |