Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ETXEITA, JOSE MANUEL

(Mundaka, 1842-1915)
Jon Kortazar

Jose Manuel Etxeita Luzarraga Mundakan jaio zen 1842ko abenduaren 14an. Ama, M. Josefa Luzarraga mundakarra zuen; aita, Markos Etxeita, Durangaldeko Garai herrikoa. Familiari buruzko detaileok garrantzia izango dute hala idazlearen bizitzan nola bere lanaren moldapenean.

Jose Manuel Etxeita marinako kapitain izan zen. Herriko ontzietan txo izan ondoren, Nautika ikasketak egin zituen Bilbon. Jarraian, itsasoko lanean aritu zen, eta bidaia asko egin zituen Europako zein Ameriketako portuetara.

1867an, amaren iritziaren eta erabakiaren aurka, Juana Abaroarekin ezkondu zen. Dirudienez, amaren ikuspegitik, baziren oztopo bi ezkontza eragozteko: familia loturaren bat zegoen ezkongaien artean, hargatik Erromako baimena eskatu behar izan zuten ezkontza burutzeko. Bestalde, gizarte-maila ezberdinetakoak zirela eta, Etxeitaren amak ez zuen semea Joanarekin ezkontzea nahi izan.

Hamaika urterekin hasi zen Jose Manuel Etxeita itsasoko lanetan eta hogei urterekin itsasontzietako kapitaina genuen. Liverpooleko Larrinaga konpainiarekin egin zuen lan, Liverpool-Manila itsas bidea egiten zuen ontzietan. Laster, barkuen ikuskari zen Manilan. Hala 16 urte egin zituen Filipinetan. Han, kargu handiak hartu zituen eta irabazpide onak egin harik eta irletako biztanleak Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin Espainiaren aurka matxinatu ziren arte. Kargu ezberdinak izan zituen mundakarrak Manilan: Larrinaga konpainiako zuzendaria, Kaiaren Kontseiluko aholkulari, Filipinetako Administrazio Orokorrean Kontseilari, Tabako konpainiako kontseilari, Komertzio Kamarako Lehendakari, eta, azkenez, Manilako Alkate ere izan zen.

1900etik aurrera Mundakan bizi izan zen. Gutuneria zabala utzi zuen eta haren bidez jakin dezakegu zertan eman zituen azken urteak Exteitak: ekonomia-gaiak izan zituen ardura nagusitzat, etxe berria eraikitzeko gogoa, seme eta iloben hezkuntza, itsasoko nabegazioa, Manila aldean utzitako interes ekonomikoen jarraipena… Zoritxarrez, baina, gutunetan ez dago idazten ari zen nobelei eta lan literarioei buruzko apunterik.

Nobela bi argitaratu zituen mundakarrak, hain zuzen ere euskal nobelagintza bere lehen pausuak ematen ari zelarik, XX. Mende hasiera-hasieran. Josetxo eleberria 1909an argitaratu zuen eta Jayoterri maittia 1910ean. Poema liburu bat ere argitaratu zuen 1913an Au, ori ta bestia izenburupean.

Josetxo eleberria argitaratu aurretik, Jose Manuel Etxeitak 1886an Manilako Chofré eta Konpania etxean Amoríos de Juana y Manuel y Lo que es la madre a pesar de los pesares lan autobiografikoa eman zuen argitara. Lana fikzio moldean emaniko autobiografia dugu. Berea ez balitz bezala lehen pertsonan kontaturiko Manuelen biografia ematen da, baina ez da zalantzarik, Manuel hori Jose Manuel Etxeita dela. Liburuak autorearen bizitzako arazo bi jorratzen ditu: nola maitemindu zen (hamaika urterekin) Juanaz, nola konpondu amarekin zuen auzia, Juanarekin ezkondu zen arte, eta nolakoa izan zen nabegazio-bizimodua.

Amoríos de Juana y Manuel lan garrantzitsua da, Josetxo lanaren moldapen fikzionatua baita, nobelan kontatzen diren hainbat eta hainbat pasarte liburu honetan kontatutakoetan oinarritu baititu egileak. Beraz, ezin da erabatean esan Josetxo ohiturazko nobela denik.

Dena dela, autobiografia nobelaren esparru bat hartzen badu ere, onartu beharra dugu Jose Manuel Etxeitaren nobela ulertzeko modua nobela erromantiko eta foiletinarekin loturik agertzen dela. Josetxok ijitoek ostu duten umezurtz baten istorioa da. Ijitoek Josetxo Mundakako etxe zabal batean uzten dute, eta Jose Manuel Etxeitaren biografiaroi jarraituz, pertsonaiak haren bidea egingo du, herriko neskatxa lirain batekin ezkondu eta ogibidean arrakasta izan arte. Nobelaren bukaeran bere benetako familia ezagutuko du protagonistak.

Nobela erromantikoaren aztarnak agertzen baditu ere, ez dira alde batera utzi behar Jose Manuel Etxeitak agertzen dituen esparru errealistak, bizi izandakoan oinarrituriko itsasoko pasarteak eta egiatasunez jantziriko atalak.

Jose Manuel Etxeita 1915ean argitaratuko ziren Antonio Truebaren (1819-1899) ipuin batzuk itzuli zituen. Agian, Truebaren literaturaren ikuspegiak izan zuen zerikusirik Etxeitaren nobelagintza osatzeko orduan.

Jayoterri maittia nobelan egileak bigundu egiten du pertsonaien bizitzeko joera. Artzain giroko nobela da hasieran, baina inmigrazioaren gaia tratatzen du ondoren. Garbi dago, autobiografiak agintzen zuela oraindik Etxeitaren literatura-ikuspegian. Garaiko arazo nagusia zen Ameriketara joaterena, baina Etxeitak bere ideologia kontserbatzailetik ikusten du auzia, eta joatea sorterrira aberastuta itzultzeko bidea besterik ez da. Bigarren nobela honetan pertsonaiak Josetxon baino askoz lausoagoak dira.

BIBLIOGRAFIA

ERKIAGA, Eusebio (1962): “Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga”. Olerti sorta. III-IV, 107-123.

KORTAZAR, Jon (1979): “Notas sobre la novela de José Manuel Etxeita (1842-1915)”. FLV. 33. 551-557.

———————– (1999): Jose Manuel Etxeita. BBK Fundazioa. Bilbo.

KORTAZAR BILLELABEITIA, Jon (2008): “Jose Manuel Etxeitaren (1842-1915) nortasun analisia, bere gutunen bidez”. RIEV. 53, 2, 475-505.

MUJICA, Gregorio (1915): “Don José Manuel de Echeita”. Euskal Esnalea. 50-56.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus