Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ETXEBERRI, JOANES – “SARAKOA”

(Sara, 1668? - Azkoitia, 1749)
Amaia Serrano

Euskal idazle klasikoa da Etxeberri Sarakoa, XVIII. mendean euskararen baliagarritasun zientifikoa agerian utzi nahi izan zuen lehenengo autore laikoa.

Bere jaiotza-data ziurrik ez badugu ere, Gidor Bilbaok (2006) argitzen duenez, 1668 inguruan jaio izan zitekeen, Azkoitiako Udaleko dokumentu batean egiten den erreferentzia oinarri hartuta. Saran jaioa zela onartzea, berriz, errazagoa da, Etxeberrik berak Axular erretore izan zen parrokian bataiatu zutela aitortzen baitu:

“Eta nola ni partida bezala bainaiz, zeren hark [Axularrek] bere denboran manajatu, eta bere gomendioan iduki zuen bathajo-harrian errezibitua baitut ene bathajoko ur Saindua” (Euscararen Hatsapenac, 61, §12).

Paueko Jesus Lagundiaren eskolan ikasi ondoren (Onaindia, 1972; Mitxelena, 1960), medikuntza ikasketak burutu zituen Okzitaniako Tolosan (Bilbao, 2006). Horiek amaitutakoan bere sorlekuan hasi zen lanean. Gero, baina, Hegoaldera igaro eta hainbat herritan ibili zen mediku: Beran, Hondarribian eta Azkoitian. Bertan eman zuen azken hatsa 1749an. Artatu zituen gaixoen artean Loiolako josulagunak zeuden, hala ezagutu zituen Kardaberaz eta Larramendi euskaltzaleak (ibid). Ofizioz medikuntzan aritu zen arren, afizioz idazteari lotu zitzaion. Haatik, obra zabal eta mardul baten egilea izanagatik ere, bere lan gehienek ez zuten une hartan argia ikusi, eta horietako batzuk betiko galdu ziren. Izan ere, Etxeberriren lan bat soilik plazaratu zen: Lau-urdiri gomendiozco carta edo guthuna (1718). Eskutitz horren bidez ezagutzen ditugu medikuaren asmoak, nahiz eta ezin jakin zein idazlan zuen ordurako amaituta edota zertan zebilen.

Julio Urkixok eman zuen Etxeberriren obraren berri. Hura izan zen saratarraren eskuizkribuak Zarauzko frantziskotarren komentuan aurkitu eta Obras Vascongadas del doctor labortano Joannes D’Etcheverri (1907) izeneko edizioan Parisen argitaratu zituena.

Aurkikuntza horren ostean, saratarrak buruan zuen proiektua hirukoitza zela esan genezake: alde batetik, Laburdiri Escuararen Hatsapenac idatzi zuen (Xabier Kintanak Eskuararen ethorkia deritzona), egun saiakera generoaren barnean koka genezakeen euskararen apologia; beste alde batetik, gramatika-lana, aipatu obrarekin batera topatutako Escuarazco hatsapenac latin ikhasteco izenburukoa, eta, azkenik, Hiztegi Laukoitza (euskara, gaztelania, frantsesa eta latina). Lehenengo bi obren faksimileak baditugu, baina hiztegiari buruz Gomendiozco cartan Etxeberrik dioena baiezta dezakegu bakarrik, eskutitza argitaratu baino lehenago hasia zuela hiztegia, alegia: “Halakotz, bada, Eskualdunen pena eta neke hau ikhusirik hasi nintzen Eskuaraz, Latinez, Franzesez eta Espainolez hitztegi baten moldatzen” (Lau-urdiri gomendiozko carta edo guthuna, 1718, 24).

Lau-urdiri gomendiozco carta edo ghutuna Joanes Etxeberrik Lapurdiko Biltzarrari bidalitako eskutitza da. Bertan bere lanaren berri ematen du, eta, horren truke, diru-laguntza eskatzen dio biltzarrari, baita aurrerapen bat ere. Erantzuna ezezkoa izanik, 1718an berrogei bat orriko eskaera bere kontu argitaratzea deliberatu zuen. Dena dela, Urkixoren aurkikuntzak frogatzen duen bezala, J. D’Etcheverrik bazituen plazaratutako eskutitz horretaz gain obra gehiago. Honakoa dio Urkixok eskuizkribuaren argitalpenaren hitzaurrean:

“(…) pregunté a los RR. PP., que con exquisita amabilidad me habian recibido, si existía en su convento algún otro documento en lengua eúscara. A los pocos momentos tenía en mis manos el manuscrito que voy á editar (…)” (Urkixo, 1907, VIII)

Etxeberrik Agustin semea bidali zuen eskutitzarekin Uztaritzeko Biltzarrera (Ibiñagabeitia, 1951; Mitxelena, 1960; Bidador, 2000). Helburua argia zen: bertan ziren biltzarkideei aitak zioena sinestaraztea. Ahalegina, baina, zapuztu egin zioten Etxeberriri. Bere eskakizuna atzera bota zuten “Uztaritzeko biltzarkide prantseztu[ek]” (Ibiñagabeitia, 1951, 8), biltzarrak bestelako kezkak baitzituen, lurren errentak jasotzea esaterako (Rabelli, 2008). Gidor Bilbaok, ordea, ez du uste Etxeberrik eskutitz hori Lapurdiko Biltzarrari bidaltzeko asmoz idatzi zuenik, ez eta bere seme Agustinek halakorik egin behar izan zuenik ere. Horretarako hiru arrazoi ematen ditu; alde batetik, batzar horrek 1718. urtearen inguruan gorderiko dokumentazioa frantsesez idatzia dago (eta guri heldu zaiguna, aldiz, euskaraz); bestetik, Biltzarrak ematen dion erantzunaren eta eskutitzaren daten arteko tartea luzea da: 1727ko agirietan ematen bide da Etxeberriren eskariaren berri, baina gutunaren argitalpen urtea 1718 da; azkenik, saratarraren obran zehar Axularri egindako aipamenak ugariak direla-eta, eskutitz horrek Axularren Geroko “Gomendiozko karta” atalean Bertrand Etxauzkoari zuzendurikoa gogorarazten duela dio Bilbaok eta, “Hortaz, zinezko gomendiozko karta gisa ulertu behar d[el]a (…) Axularrenean duen zentzuan (…): Bertrand Etxauzkoa hilik da eta ezin zaio beraz “benetako” laguntzarik eskatu, baina haren itzalean argitaratu gura du Axularrek bere liburua” (2006, XLIII). Gauzak horrela, Sarako Etxeberriren eskaera ere bere idazlanen interesa azpimarratzeko tresna erretorikoa izan zitekeen.

Escuararen Hatsapenac euskararen baliagarritasuna erakusteko froga moduan sortu zuen Sarako Etxeberrik, eta obra hori da, preseski, “Zarauzko eskuizkribua” deritzona. Euskara eta latinez idatzitako eskuizkribu horren barnean topa daitezkeen atalak ondorengoak dira: alde batetik, Laburdiri Escuararen Hatsapenac (lan horren atal dira “Escual Herrico gazteriari” eta “Iracurtçailleari”) eta, bestetik, Escuarazco hatsapenac latin ikhasteco.

Sarako medikuak Laburdiri Escuararen Hatsapenac zein helbururekin idatzi zuen oso argi geratzen da. Ordura arte gaztelaniaren eta frantsesaren defendatzaile sutsuek euskararen aurka esandakoak gezurtatu nahi zituen Etxeberrik:

“nik ere nahidut bilhatu egiteko huni dagokan egiazko orijinala, zeina baita Eskuara bera, (…) eta hunetarik beretik esperanza dut, atherako dudala beharden froga, eta argitasun ossoa” (Escuararen Hatsapenac, 5, §31)

Zentzu horretan, Gidor Bilbaok (2006) gogora ekartzen du zientzia arloetan hipotesi bat egiaztatzeko lau galderaren erantzuna eman behar zela-eta, ildo hori dela Etxeberriren lanetan jarraitzen dena, gugana azken bi galderak soilik iritsi badira ere: “hirur garren galdea zenbat gisetarakoa dentz eskuara: eta eskualdun mintzaira diferenta nondik heldu dentz” (Escuararen Hatsapenac, 49) eta “laurgarren galdea: zertako dentz eskuara” (ibid., 56).

“Escual Herrico gazteriari” atalean euskararen balioa berretsi beharrean, jakituriak duen garrantzia zenbaterainokoa den adierazi eta gazteak ikastera bultzatu nahi ditu saratarrak. Dirudienez, bi helburu zituen buruan: alde batetik, hizkuntzaren beraren balioaren frogapena, eta, bestetik, gazteak ikastera xaxatzea.

Latin gramatika euskaraz azaltzen duen Escuarazco hatsapenak latin ikhasteco idazteko arrazoia Etxeberrik berak Gomendiozco carta edo ghutunean eman zuen: gazteak hizkuntzak ikastera herritik kanpora joan ez zitezen eskaintza bat egin nahi zien, latinaren gramatika euskaraz emanik.

Lehenago aipaturiko Hiztegi Laukoitzaren helburua ere didaktikoa zen, euskaldunen eskutan hizkuntzak ikasteko baliabide bat jarri nahi izan zuen egileak. Begien aurrean inoiz izan ez dugun hiztegia izanik ere, Etxeberrik berak Gomendiozco cartan adierazten du hiztegi bat sortzen aritu zela (amaitua zuen ere ezin jakin, beraz). Horretaz gain, Larramendiren Hiztegi Hirukoitzaren (1745) hitzaurrean ere aipatzen da, eta, hartara, ulertu behar dugu galdu egin dela noizbait beste batzuek erabilitako hiztegi hura:

“El doctor Don Juan de Echeberria, natural de Sara en Labort, oy medico de la Villa de Azcoitia, muy docto, y amante de su lengua, tiene años ha compuesto un diccionario quadrilingue de Bascuence, Castellano, Francés y Latin, que impresso puediera servir para entender los pocos libros, que ay en Bascuence (…)” (Salaberri, 2002, 118, oin-oh.)

XVIII. mendeko idazleen artean lapurtera klasikoa erabili zuen azkena izan arren aipagai dugun egilea; bere lanen izaera dela-eta, ezin da hertsi-hertsian literatotzat hartu. Dena dela, Axularren mailara heltzen ez bada ere, ukaezina da Etxeberri estilista handia izan zela, eta idaztankera joria eta zehatza zuela, klasikoen erudizio bikainaz apaindua.

BIBLIOGRAFIA

BIDADOR, Joxemiel (2000): “Etxeberri Sarakoaz” in Euskaldunon Egunkaria. 2000-10-06.

BILBAO, Gidor (2006): Joanes Etxeberri Sarakoaren saiakera-lanak eta latina ikasteko gramatika: edizioa eta azterketa. Doktorego tesia. Argitaragabea.

ETXEBERRI, Joanes (c. 1718): Eskuararen hatsapenak. Online: http://klasikoak.armiarma.com/pdf/EtxebSaraHatsapenak.pdf [kontsulta: 2010-03-17].

ETXERRI, Joanes (1718): Lau-Urdiri gomendiozko karta, edo ghutuna. Online: http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/E/EtxebSaraLauUrduri.htm [kontsulta: 2010-03-17].

ETXEBERRI, Joanes (c.1718): Eskual-Herriko gazteriari. Online: http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/E/EtxebSaraGazteriari.htm [kontsulta: 2010-03-17].

IBIÑAGABEITIA, Andima (1951): “Joanes Etcheberry, euskal gurasoetan argiena ta bikainena” in Euzko Gogoa. II (9-10). 7-8.

MITXELENA, Koldo (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

ONAINDIA, Santi (1972): Euskal literatura I. Etor. Donostia.

RABELLI, Alvaro (2008): “Lau-Urdiri gomendiozko karta, edo gutuna (1718)” in Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta Lekukotasuna. Euskal literatura idatzia1900 arte. Elkar. Donostia.

URQUIJO, Julio (1907): Obras vascongadas del doctor labortano Joannes d’Etcheberri (1712) con una introducción y notas por Julio Urquijo de Ibarra. Geuthner. Paris.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus