Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ERDOZAINTZI-ETXART, MANEX

(Ibarlan, 1934-Toulouse, 1984)
Eneko Zuloaga

Manex Erdozaintzi-Etxart Ibarlan (Nafarroa Beherea) jaio zen 1934an, eta handik berrogeita hamar urtera zendu zen Frantziako Tolosan. Zortzi urte zituela Donapaleuko aurre-komentura joan zen ikasketak egitera, eta handik Brive-ko frantziskotarren seminariora egin zuen. 1950ko hamarkadan Bretainiako Quimper herrira joan zen nobiziatua egitera. Pauen filosofia ikasi zuen, eta Orsayn teologia-ikasketak sakondu zituen. Euskal Herritik kanpo hainbat urte eginagatik, ez zuen sorterriarekin etenik egin, eta hemengo gertakizun eta mugimenduak jarraitu zituen.

1959an Donapaleuko komentuan sartu zen apaiz. Bada, itzulera horrek aurretik distantziatik ikusitako gizarte-mugimenduak zuzen-zuzenean ezagutzea ahalbidetu zion. 1964tik 1969ra Parisen egon zen Psikologia ikasten. Jada 1970ko hamarkadan, Akitaniako frantziskotarren probintzialen buru izendatu zuten, eta han bertan egon zen sei urtez. Frantziako Tolosako komentuko buru ere izan zen.

Euskal Herritik kanpo hainbat urte egin zituen arren, ikaragarria da ibarlarrak herrigintzan egindako lana. Oso pertsona aktiboa izan zen: hainbat gizarte-mugimenduko kide izateaz gain, beste hainbat sortu, kudeatu eta zuzendu zituen. Esate baterako, Seaskako eta Amnesty International erakundeetako kide izan zen (lehenengoko bileretan gidari-lanak ere egiten zituen), Herriz herri astekaria sortu eta zuzendu zuen (Ipar Euskal Herriko berri hurbila ematea zuen helburu argitalpenak), Gure Irratiaren sortzaileetako bat izan zen, bai eta kristau ezkertiarren Fededunak taldeko kide ere. Ipar Euskal Herrian zeuden errefuxiatu politikoei laguntza eman zien.

Euskaraz idazten bere kabuz ikasi eta Bigarren Mundu Gerraren ondoko euskal aldizkari garrantzitsu gehienetan idatzi zuen: Egan, Euzko Gogoa, Gure Herria, Yakin, Herria, Olerti, Maiatz, eta abar. Bere izen-abizenez gain, zenbait ezizen ere baliatu zituen, hala nola, “M. Ostogia”, “M. Iharralde” eta “Manex”. 1983an, hil baino urtebete arinago, euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Bizi zela, artikuluez gain, nobela labur bat eta poema-bilduma bakarra argitaratu zituen.

Gauaren atzekaldean eleberri laburra (60 orrialde ditu, 12 ataletan banatuta) Elkar argitaletxeak kaleratu zuen, Orhi sailean, 1982an. Berez, hamar bat urte arinago idatzitako lana zen, egileak Beasaingo literatur lehiaketa batera Ilargi umea izenburuaz aurkeztu baitzuen 1973an. Honela laburtu zuen Itxaro Bordak eleberriaren argumentua:

Hinki-Hanka-ko ikuspuntua Euskal Herria baldin bazen, nobelakoa “”exilioa” edo “desterrua” zen, exilio politikoa zein ekonomikoa. Iparraldeak jasaten duen minaren alde nagusienetarik bat zen, beraz, nobelaren urrezko haria, oso gutitan gure herrian molde errealista horretan literaturara pasatu izan zena. Ordurarte, bederen, Pariserateko exilio ekonomikoa ironia astunaren zamaz desbalorizatua eta lehertua zen.

Nobelaren bahea itxuraz xinplea da: Txomin eta narratzailea abiatzen dira Migel itzali berri den beren lagunaren pusken bila, eta puskiletan, Migelen ingurraztia kausitzen dute. Halatan, Migelen Pariseko iharduera, lana, Mirentxurenganako amodioa, borrokak oro osa ditzakete, elementu guzien arteko harremanaren edukiaz griñatuz. (1995. 17).

Eleberria dela eta, aipatzekoak dira egileak erabilitako zenbait baliabide berritzaile, hala nola, denbora-hausteak. Lanaren gune ahulak direla eta, hizkera-erregistroa aipatu izan da; izan ere, hiru protagonistak Hego Euskal Herrikoak izanik, behe-nafarrera erabiltzea ez da sinesgarria.

Arestian esan bezala, poema-liburu bakarra kaleratu zuen Erdozaintzi-Etxartek bizi zela: Hinki-hanka (Elkar, 1978). Guztira 1958 eta 1976 artean idatzitako hogeita hamahiru poema bildu zituen liburu horretan. Argitaratu eta urtebetera Anaitasuna aldizkarian egindako kritikan, Andolin Eguzkitzak, ibarlarraren euskara ederra, egokitasuna, naturaltasuna eta xalotasuna goraipatu zituen. Liburuaren ardatza zein den Koldo Izagirrek adierazi zuen, bestalde, Itxaro Bordaren hitzei jarraiki:

Bere burua herriaren ekinbide guztietako idazkari eginik, belaunaldi engaiatu baten aitzindaria izan zen, premiazko idazlea. Larridura batean idatzi zuen bere poesia ere, hil-hurren dagoen herria duelako gai. Itxaro Bordaren hitzetan, poeta honen obrak eta bizitzak Iparraldearen barnealdeko berrogei urteko historia osatzen dute, «egunez egun, kolpez kolpe, Euskal Herriak eta herri honetako jendeek pairatzen zituztenak literaturara pasatzearren, olerkiak lerrokatzen zituen». Esan liteke, beraz, Erdozaintziren poesiak ez zeukala helburu literario bat, kontzientzian joz geroko oroimena labratu nahi zuen aldetik. (2000. 7-8).

Erdozaintzi-Etxarte hil ostean Maiatz elkarteko lagunek bi poema-liburu prestatu zituzten, hamar urte inguruko tartean: Herri honen erraietan (1985) eta Bizitza pilpirak (1994). Bietan bigarrena da interesgarriena: egilea hil zela 10 urte betetzearekin bat kaleratu zen Itxaro Bordaren hitzaurrearekin, eta hiru olerki-bilduma jasotzen ditu, berez, bere baitan: Bizitza pilpirak, Nafarroari poema irekia eta Herri honen erraietan. Felipe Juaristik Erdozaintzi-Etxarteren poesiaren honako ezaugarri hauek azpimarratu zituen:

Badira beste ezaugarri batzuk, nabarmenak direnak ere, neurri handian. Bata da poemek duten indarra, beren mundu erreferenziala ez delako mundu abstrakto bat, oso konkretua baizik: herria, Euskal Herria. Beste poeta askok bezala (gaurregun gutxiago dira halakoak) gure herriaren defentsa egiten digu, baina ez ozenki, leunki baizik. Bestea da erritmoa: bizia oso, hitzen errepikapen markatuan oinarrituz, soinuen emetasunean murgilduz. Musikalitate handikoak dira (1994).

Hain zuzen ere, Juaristiren hitzei jarraiki, aipatzekoa da hainbat musikarik (Pantxoa eta Peio, Pier Paul Berzaitz, Antton Valverde, Niko Etxart, eta abar) baliatu izan duela ibarlarraren testuen berezko musikaltasuna; izan ere, talde askok musikatu ditu, eta egilearen heriotzaren hamargarren urteurrenean haren omenezko bi kantaldi jasotzen dituzten diskoak ere argitaratu ziren.

1995ean Manex gogoan omenezko artikulu-bilduma kaleratu zuen Baionako Maiatz elkarteak, eta 2000an, Manex Erdozaintzi-Etxart. Bizitza eta pentsamentua biografia-lana argitaratu zuten Arantzazuko frantziskotarrek. Gipuzkoako Foru Aldundiak, azkenik, egile honi buruzko webgunea jarri zuen abian: http://www.manexerdozaintzi.com/. Bertan, biografia ez ezik, artikuluak (bereak nahiz berari buruzkoak), argazkiak, egilearen liburutegiko aleen zerrenda eta beste hainbat gauza kontsulta daitezke.

BIBLIOGRAFIA

BATZUK (1995): Manex gogoan. Maiatz. Baiona.

BORDA, Itxaro (1995): Bidegileak: Manex Erdozaintzi-Etxart. Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz.

EGUZKITZA, Andolin: “Hinki-hanka”. Anaitasuna. 1979-12.

IZAGIRRE, Koldo (arg.) (2000): XX. mendeko poesia kaierak: Manex Erdozaintzi-Etxart. Susa. Zarautz.

JUARISTI, Felipe: “Bizitza pilpirak”. El Diario Vasco. 1994-09-24.

LASA, Xabier (2000): Manex Erdozaintzi-Etxart. Bizitza eta pentsamentua. EFA. Oñati.

http://www.manexerdozaintzi.com [Azken kontsulta: 2011-04-11].

Literaturaren zubitegia: “Manex Erdozaintzi-Etxart”. [http://zubitegia.armiarma.com/?i=203 [azken kontsulta: 2011-04-11].

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus