« ENBEITA, KEPA – “URRETXINDORRA” | ERDOZAINTZI-ETXART, MANEX » |
EPALTZA, AINGERU
Aingeru Epaltza Iruñean sortu zen 1960an. Kazetaritza ikasketak egin ostean, hainbat hedabidetan jardun zuen lanean (Deia, Euskal Telebista, Navarra Hoy), harik eta Nafarroako Gobernuko itzultzaile-lanetan hasi zen arte. Dena den, idatzizko prentsan kolaboratzen jarraitu du azken urteotan (Noticias de Navarra, Argia eta Nabarra-n, besteren artean).
Iruñako Auzolan liburu-dendaren inguruan eratutako Korrok literatur aldizkarian eman zituen ezagutzera bere lehenengo idatzietako batzuk, 1984 eta 1989 artean. 1990an Rikardo Arregi kazetaritza saria eman zioten, baloraziozko kazetaritza kategorian. Antzerkia (1984an Ortzadar taldearentzat idatzitako Mugetan irri), ipuina (Garretatik erauzitakoak, 1989; eta Lasto sua, 2005) nahiz saiakera (Bezperaren bezpera, 2007) landu dituen arren, nobelagile petoa da Epaltza, eta arlo horretan eman ditu lanik aipagarrienak (sei orain arte), gaztetxoentzat idatzitako eleberriak ahantzi gabe.
1985ean egile berrientzako Iruñeko Udalaren beka irabazi zuen Sasiak ere begiak baditik eleberriarekin, eta urtebete beranduago plazaratu zuen Elkar argitaletxeak. Lehenengo nobelan, honezkero finkatuta ageri ditu Epaltzak ondorengo eleberrietan behin eta berriz agertuko diren joera konstanteak: batetik, aro historiko jakinak birsortzea eta pertsonaia nagusi baten bidez sasoi jakin bateko historia kolektiboa kontatzea; bestetik, bazterra, ertza edo periferia hartzea literaturaren erdigunetzat, eta euskalduntasuna birformulatzea, nafartasunak emandako ikuspegi hein batean periferikotik; hirugarrenik, nafartasun hori markatzea nafarrerarantz egiten duen euskara batua erabiliz.
Lehen eleberri labur horrek Lehen Gerra Karlistan Karlosen jarraitzaileekin gerrara doan baztandar bat da protagonista: Pedro Mari Arrieta. Borrokaldi baten ondoren, liberal jantziekin ihesari ematen dio, eta, ustekabean, liberalen bandoan lerratzen da. Hortik aurrera, ustekabeak eta abenturak bata bestearen ondotik etorriko zaizkio: karlistek aurkitu eta zigortu nahiko dute, liberalek, ostera, euren aldekotzat hartuko. Abenturazko eleberri historiko klasikoaren ezaugarriak ditu Epaltzaren lehenengo eleberriak: gerrak guduak, ihesaldia, maitasun ukatuak… Baina, horrez gain, gerra karlisten berrirakurketa ere bada nobela, euskal abertzaletasunak egin izan duenaz bestelakoa, izan ere, nobelaren helburu nagusia manikeismoa apurtzea dela dirudi, eta gerra karlisten eta gaur egungo gatazka politikoaren arteko continuum historiko-ideologikoak saihestea.
Aurkitutako eskuizkribuaren teknika baliatu zuen lehenengo nobelan Epaltzak, eta teknika bera erabili zuen hogei urte beranduago kaleratutako Mailuaren odola eleberrian ere (Elkar, 2006). Nafarroako Erresumaren historia kontatzea xede duen Erresuma eta fedea trilogiako lehenengo liburua Sasiak ere begiak baditik-en parametroetan koka dezakegu: nobela historikoa bainoago aro historiko baten berrirakurketa proposatzen duen liburua da, historiaren gaineko mitifikazio zenbait kritikatuz zeharka. Nafarroako Erresumaren gainbehera eta ondotiko erlijio-gerrak ditu kontagai eleberriak, 1512ko konkista-aurreko garaitik XVII. mendera arte. Mailu familiako hiru belaunaldik egiten dute mendeen arteko jauzia, bi gizon izanik protagonista nagusiak: Joanas Mailu da bat, lehen pertsonan bizi dena, eta haren aitona Migel Mailu bestea. Ertzean dagoen pertsonaia da Joanes Mailu (sasikoa, ez Borboi ez Albret eta aldi berean bien itzal, ez ume ez gizon); bada, horrek ematen dio talaia Epaltzari landu nahi dituen gaiak hizpidera ekartzeko: nerabearen gizontzea, familia-harremanak eta dinastien artekoak, betiere historiaren irakurketa manikeoa saihestu nahirik. Ispilu eta simetria-jokoak dira, bestalde, eleberriko teknika narratibo aipagarrienetakoak.
Trilogiaren bigarren aleak Izan bainintzen Nafarroako Errege (Elkar, 2009) du izenburua, eta XVI. mendearen azken laurdena eta Nafarroako Erresumaren azkenak ditu kontagai, haren patua Europako garaiko testuinguruan kokatzeko ahalegina eginez. Aurreko eleberriko Joanes Mailu da oraingoan ere protagonista, egiazko pertsonaia historiko batekin batera, Joana Albretekoaren seme Henrike III. Arekin batera, alegia. Parisen gertatzen da eleberri ia osoa, eta Henrike III.a apurka frantses balioetan nola barneratzen doan ikusarazten du, Joanes Mailuk kontrapisu nafarzale eta protestantea egiten dion artean.
Nafarroaren historiaren inguruan taxututako lehenengo eleberriaren eta trilogiaren artean, edonola ere, beste hiru eleberri plazaratu zituen Epaltzak, guztiak ere garai baten erretratua dakartenak. Ur uherrak izan zen Epaltzak kaleratutako bigarren eleberria, 1991ean Xalbador saria irabazi eta Pamielak 1993an argitaratu zuena. Bi pertsonaia nagusiren gainean eraikia da Epaltzaren eleberria: batetik, Jazinto dugu, edadeko bertsolaria, porrota gainera etorri zaiona plazetan bezala bizitzan ere; bestetik, Billie dugu, rock talde bateko abeslaria, Vietnamgo gerrako beterano baten alaba, azalaren kolore beltzak eta herritarren desberdinarekiko mesfidantzak zokora eraman duena. Izenik aipatzen ez den arren, Nafarroa Garaiko iparraldeko herri txiki bat du eszenatoki nagusi nobelak; bada, hasieran bereiz dabiltzan Billie eta Jazintoren bizitzek bide komuna hartuko dute eleberriko istorioek aurrera egin ahala. Dikotomia indartsuetan oinarritzen da eleberria: tradizioa eta modernotasuna, herria eta ziutatea, Billie eta Jazinto, rocka eta bertsolaritza, arrotza eta bertakoa… Baina kontrajartzeaz harago, bien arteko sintesiaren bilaketaren lekuko da nobela; alegia: isiltasunera kondenatutako kolektiboari irtenbide bat ematen dio Epaltzak liburuan, hain zuzen ere uztartzea edo bateratzea, Billieren rock taldean Jazintoren bertsoak txertatzeak sinbolizatzen duen gisan. Finean, euskal egoera sozio-politikoaren irakurketa kulturanitz eta berria eskaintzen du Epaltzaren bigarren nobelak.
Denboran atzerago, Gerra Zibilaren osteko garaira garamatza Tigre ehizan hurrengo eleberriak (Elkar, 1997), hain justu ere 1944ko abuztuaren 7ra, egun bakarrean gertatzen baitira nobelan kontatzen direnak. Gertaeren espazioak, aldiz, bi dira, eta bi, halaber, pertsonaiak eta hari narratiboak: gerraren ondorioz Bizkaitik ihes egindako familia bateko aita-semeak. Martin aita, Venezuelan dabil gizon bati eraso egin diola-eta oihanean jaguar (“tigre” deritzoten arren) baten ehizan; Martintxu semea, aldiz, familiarekin Larresoron da, eta lagunekin Lapurdi okupatuta duten alemanen tankea (“tigrea”, haien solasean) “ehizatzera” jolasten dira. Paraleloki egiten dute aurrera bi narrazioek, lotura-elementutzat ametsak eta elkarrenganako akorduak izanik, Bigarren Mundu Gerraren amaierak gauzak bestelakotzen dituen arte. Diasporaz mintzo da, beraz, Epaltza nobelan: Euskal Herri barneko diasporaz (erdi-bizkaitar eta erdi-lapurtar da Martintxu), eta Euskal Herriaz kanpoko diaspora globalaz (Venezuelara alde egindako aita). Erdigunetik urrun, diaspora hartzen du oraingoan Epaltzak ertzeko begiradatik so egiteko euskal historiari, identitate hibridoko pertsonaiak protagonistatzat hartuta.
Gertakari historikoei eta gai sozio-politikoei ihes egiten dien heinean, aski desberdina da, itxura batean, Epaltzaren hurrengo nobela aurrekoekiko. 2000n plazaratutako Rock and roll nobela beltzaren parametroetan kokatzen da: Edu Saragueta kazetariak hilketa eta gorpu baten desagerpena ikertu beharko ditu, eta, apurka, hasierako ikerlana konplikatuz joango da. Izenik aipatzen ez den arren, Iruñea izan litekeen hirian kokatu zuen Epaltzak eleberria, baina fikzioaren beharretara egokitutako hiria da nobelakoa: abuztua denez jendez hustua, leku dekadente eta bazterrekoak dira gertaeren eszenatoki. Genero beltzeko topikoak baliatu arren, nobela beltza bainoago genero horren parodiatzat har daitekeen eleberriak, bestalde, belaunaldi baten erretratua ere eskaintzen digu Edu Saragueta eta bere koadrilaren bidez, hots, 1980ko hamarkadan gazte izandako belaunaldiaren gainbeheraren eta dekadentziaren testigantza jasotzen du Rock and rollek, 40 urteren bueltan dauden lagunak berriro elkartzen direlarik eta haien miseriak azaleratzen direlarik.
Nobeletan bezala, urriago landu duen ipuingintzan ere, oso presente du iruindarrak Euskal Herriaren eta, batez ere, Nafarroaren historia. Epaltzaren lehenengo ipuin-liburuak, izan ere, Euskal Herriko historiaren aro banatan kokatutako kontakizunak biltzen ditu. Garretatik erauzitakoak (Elkar, 1989) bilduma osatzen duten ipuinek Erdi Aroa, Frantziako Iraultza, XIX. mendea, Bi Mundu Gerren eta Gerra Zibilaren sasoia, gerraostea eta 1980ko hamarkada dituzte kontagai, besteren artean. Guztietan ere euskal historiaren ikuspegi aski iluna ematen du Epaltzak, eleberrietan ohi duen nafarreraranzko joera duen euskaran. Lehenengo ipuin-liburu horrek badu loturarik Sasiak ere begiak baditik (1986) nobelarekin, izan ere, karlistadetan kokatutako eleberriaren kontakizuna Etxebertz delako baten eskuizkribua bazen, hemen Etxebertz berori da liburuko ipuinak sute batetik erauzi dituena; horrek ematen die batasuna bildumako ipuinei.
Urte luzez ipuin-bildumarik kaleratu gabe egon ostean, 2005ean argitaratu zuen orain arteko bigarrena, Lasto sua (Alberdania), batez ere enkarguz egindako eta han-hemenka azken urteetan argitaratutako lanak biltzen dituena. Lehenengo ipuin-bilduman gaiaren gordinagatik (ETAri kritika garai hartarako gogorregia egiten bide ziolako) argitaratu gabe geratu zen ipuin bat berreskuratu zuen egileak, eta bigarrenaren hasieran paratu. Liburuko azken ipuinak ere euskal gatazka hartzen du hizpide. Tarteko ipuinek, aldiz, tonu arinagoa dute, eta badute umorerako tarterik ere. Gaiak, aldiz, askotarikoak dira: badira funtzionarioen eta administrazioaren inguruan eraikitako ipuinak; badira, halaber, figura literarioen berrinterpretazioak (Etxepare edo Kixote), edo Nafarroako egoera politikoari buruzko ipuinak ere.
Saiakera-generoan eginiko lehen sartu-irtenean, 2007an, Epaltzak Nafarroako politika hartu zuen hizpide. Bezperaren bezpera (Pamiela) trantsizioaz geroztiko Nafarroako gertaera sozio-politikoen kronika da, fokua euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak izandako patu ilunean jarrita.
Azkenik, haur- eta gazte-literatura ere landu izan du Epaltzak, harrera ona izan duten lanak plazaratuz. Lur zabaletan (Pamiela, 1994), esparru horretako lehenengo lana, abentura-nobela petoa da, Ameriketarako euskaldunen emigrazioa hizpide duena, hiru gaztetxo euskaldun protagonista hartuta. Haien bidaiak zein Ameriketara heldutakoan bizitako abenturek osatzen dute eleberri bizi horren ardatza. Hurrengo emaitza Sorginkerien liburua (Pamiela, 1998) izan zen, fantasiarekin eta ahozko tradizioarekin lotuago dagoen lana. Oporretara baserri batera do Kattalin neskatoa, eta bera da protagonista; sorginkerien gidaliburu bat topatu du Kattalinek, eta uste ez bezalako egunak pasako ditu fantasiaren munduan. Kattalinen neba, Mikeltxo, da haur-literaturako Epaltzaren hurrengo narrazioaren protagonista (Baloika, Pamiela, 2000). Idazleak aitortu izan du pertsonaia manikeoak baliatzen dituela haurrentzako istorioak idaztean, eta kontraste bortitzak bilatzen dituela; bada, hala gertatzen da Baloika izeneko lanean, Mikeltxoren futbol-taldea eta haiei iruzur eginez irabazten dien gaiztoen taldea paratzen baititu Epaltzak aurrez aurre. Urtegijauna (Pamiela, 2002) da orain artean haurrentzat idatzitako azken lana, eta, bertan, Mikeltxoren beste istorio bat kontatzen du idazleak: udalekuetara doa mutikoa, Ibai lagunarekin, bi astetarako; hasieran aspergarri espero dituen oporrak abentura eta misterioz jantziko dira, urtegi betako misterioa dela eta. Gaztetxoentzako kontakizun horretan ere ez dira falta Nafarroako egoera sozio-politikoaren zeharkako aipamenak.
BIBLIOGRAFIA
Literaturaren Zubitegia: “Epaltza, Aingeru” http://zubitegia.armiarma.com/?i=29 [2011-07-07]
« ENBEITA, KEPA – “URRETXINDORRA” | ERDOZAINTZI-ETXART, MANEX » |