« EIZAGIRRE, JOSEBA | MIXEL ELIZANBURU » |
ELIZANBURU, JEAN BAPTISTE
Jean Baptiste Elizanburu Lapurdiko Sara herrian jaio zen 1828an. Lehenengo ikasketak herrian bertan egin zituen eta ondoren Larresoroko apaiztegira jo zuen. Hogeita bat urte zituela seminarioa utzi eta armadan sartu zen. Bertan, Napoleon III.aren agindupean hainbat gerra-kanpainetan parte hartu zuen, Italia aldean batez ere. Granaderoen kapitain maila erdietsi zuen. 1870eko Sedango hondamendia gertatuta alemanek Metz-en atxilo hartu zuten, ondoren armada utzi eta herrira itzuli egin zen. Elizanburu, orduko Iparraldeko euskal idazle gehienak ez bezala, Frantziako errepublika aurrerakoi eta laikoaren alde sutsu agertu zen. Horrek, halarik ere, ez zion eragotzi bere idazkietan natura inguruaz eta herri ohiturez ikuspegi tradizionalagoa izatea. Bere literatur ekoizpenari bagagozkiola, esan dezakegu berau ez dela oso zabala, bai esanguratsua ordea. Elizanburu, euskal literatura bultzatzeko hain garrantzitsu bihurtuko ziren Lore-Jokoetako bertso lehiaketetan aurkeztu zituen olerkiei esker, hogeita lau bat guztira, garaiko olerkaririk onenen artean agertu beharrekoa da. Izan ere, Elizanburuk benetako trebezia erakusten du hizkuntza erabiltzen. Era berean, gustu handiz ondutako olerki horietan erregistro ugari azaltzeko gai izan zen. Esaterako, hain ondo landu zuen deskribapen ironikoa (Iragan besta biharamunean), emakumearen edertasuna (Maria), maitasuna (Aingeru bati), nostalgia (Agur nire herriari, Chori berriketaria), baserriaren ikuspegi bukolikoa (Nere echea, Artzaingoa), ikuspegi heroikoa (Biba Frantzia) larrimina (Solferinoko itsua)…Bestalde, prosazko lan bakarra ezagutzen badiogu ere, Piarres Adame izeneko lana, berau XIX. mendeko euskal prosa narratiboaren benetako aurrekari dugu. Piarres Adame, esan denaren kontra, ez da heltzen eleberria izatera, baina bai bada aurrerapen bat norabide horretan. Gogoratu behar dugu prosa narratibo hau garaiko egunkari eta aldizkariei esker garatzen hasi zela, gehien bat ipuin eta kontakizunak direla medio. Horrela bada, Piarres Adame ere atalka argitaratu zen 1886an Donibane Lohitzuneko La Nivelle aldizkari gorrian bosgarren kapituluraino eta geroago Le Reveil Basque-n. Azkenik liburu gisa argitaratu zen Pauen 1888an. Elizanburuk amaigabeko ehun narratibo sinplea proposatu zuen kontakizun honetarako; hau da, edozein ataletan amai zitekeen istorioa, eta, berez, Elizanbururen lana amaitu gabe gelditu zen, kapitulu gehiago gehitzeko asmoa baitzuen. Hori dela eta, esan genezake amaiera gabeko hezurdura horrek benetako eleberria izatetik urruntzen duela. Harian, Piarres den protagonistak Saratik Oletarainoko bidean kontatzen dituen pasadizoak ditugu. Horrela, lanari ebokazio ahalmen nabarmena dario. Eta ez hori bakarrik, liburu honek ederto batean islatzen du mundu modernoaren eta tradizionalaren arteko ikuskera aldea. Nolabait, Piarres Adame islatzera dator ahozko kulturatik idatzizkora doan tartea.
BIBLIOGRAFIA
BIDADOR, Joxemiel (1998): “Elizanburutarrak: xuri ta gorrien arteko liskarren adibidea”. Euskaldunon Egunkaria. 1995-9-1.
MITXELENA, Koldo (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.
ONAINDIA, Santi (1973): Euskal literatura II. Etor. Donostia.
RABELLI, Alvaro (2008): “Piarres Adame”. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.
SALABERRI, Patxi (2002):”Prosa Narratiboan murgiltzen”. Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.
« EIZAGIRRE, JOSEBA | MIXEL ELIZANBURU » |