« ELIZANBURU, JEAN BAPTISTE | ELORRIAGA, UNAI » |
MIXEL ELIZANBURU
Mixel Elizanburu, Heletan jaiotakoa eta frère Innocentius bezala ezagututakoa, XIX. mendearen bukaera aldean euskal literaturan Frantziako tentsio politikoak nola islatzen ziren erakusten digun adibidea da. Jean Baptiste Elizanbururen ahaidea izanik, politikaren alorrean beste muturrean kokatzen zen, errepublikaren aurkako muturreko tradizionalista baitzen.
Hagiografiaren alorreko libururen bat argitaratu zuen Mixel Elizanburuk bere garaiko hainbat idazlek bezala (Joannes Batista dohatsuaren bizia -1891-), baina batez ere ezaguna da beste hiru idazlan hauengatik:
- Lehenagoko eskualdunak zer ziren (1889): Ia era nobelatu batean, idazleak bere haurtzaroan ezagututako munduaren deskripzioa egiten du, garai hartako ohiturak azalduz eta tradizioa goretsiz.
- Zer izan diren eta zer diren oraino Framazonak munduan (1889, Salaberriren arabera –Salaberri 2002: 194–, data desadostasuna baitago liburu hau dela-eta): Eskualduna aldizkarian argitaratutako artikulu polemista batzuk biltzen dira liburu honetan.
- Framazonak, bigarren edizionea, eta Frantziako hirur Errepubliken istorioa laburzki (1890): Lehenengo atalean aurreko liburua jasotzen da eta honi gaineratzen zaio hiru errepublikei buruz idazleak zuen ikuspuntu berezia. Hiru errepublika hauen historia kontatzean, errepublikazaleak jipoitzen ditu gupidagabe, monarkikoak goratzen dituen bitartean.
Idazle hau ez zuen polemikak kikiltzen eta, besteak beste, masoiak eta juduak jartzen ditu XIX. mendeko kontfliktuen erantzule moduan bere idazkietan (Villasante 1979: 182). Betaldetik, Koldo Mitxelenak adierazten duen bezala, idazle hau ez da historiara pasatuko bere prosa zainduagatik, baizik-eta polemikazale gogorra izateagatik eta bere iritziak partekatzen ez zituzten erradikalak astintzeagatik.
BIBLIOGRAFIA
MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatur vasca. Erein. Donostia. 134. orr.
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 194-196. orr.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Editorial Arantzazu. Oñati. 181-183. orr.
« ELIZANBURU, JEAN BAPTISTE | ELORRIAGA, UNAI » |