Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

EGAƑA, ANDONI

(Zarautz, 1961-)
Miren Ibarluzea

Zarautzen jaio zen Andoni EgaƱa, 1961ean. Euskal Filologian lizentziatua, testu sorkuntzan egiten du lan, hala bertsogintzan nola gidoigintzan eta kazetaritzan. Egun bertsolaritzan erreferente nagusienetako bat berau dela esan daiteke, bertsoaren historian txapelketa nagusi gehienetan gailendu den bertsolaria izateaz gain ahozkotasunaren eta bertsogintzaren inguruko teorizazio interesgarriak eginak baititu. Horren emaitza da, berbarako, 2002an Sarasua eta Gartziarekin ateratako Bat bateko bertsolaritza, Gakoak eta Azterbideak liburua, non EgaƱak bertsoaren sorkuntza prozesuari buruzko gogoeta egiten duen.

Bere bertsoak orotariko bertso antologia eta liburuxketan aurki daitezke. Bai eta haren bertsoez osatutako bildumetan ere, Tximeletak sabelean (bertso musikatuak, 1994).

Ahozkoan ez ezik, idatzizko literaturan ere aritua da Andoni EgaƱa. 1989an Sokratikoek ere badute ama ipuin liburua kaleratu zuen, ipuin satirikoez, umorezkoez, osatua. Obra horren bereizgarria eguneroko gaien tratamenduan autoreak darabilen ironia da.

Arestian esana da kazetaritzan artikulugile sarria izan dela EgaƱa. Bada, 1990ean Aitaren batean publikatu zuen Elkar argitaletxeak, Diario Vasco egunkarian ateratako artikuluen bilduma.

1997an saiakera liburua etorri zen: Jon Sarasuarekin batera idatzitako Zozoak beleari. Gutun-hizketa da liburua, bertsotan gai librean ibiliko balira legez, hontaz eta hartaz dabiltzalarik, orotariko gogoeten elkartrukea. Bertsolariaren rolaz ez eze bi autoreak gizarte gaiez euren iritzia emanez ari dira saiakera liburu horretan.

Urtegarrenean Pausoa noiz luzatu argitaratu zuen EgaƱak Jaka bekari esker, nobela historikoaren eta errealistaren tarteko eleberritzat jo izan dena. Kortazarri irakurri diogu idazkera dela iritzi-emaileek goraipatu duten alderik nabarmenena. Kortazarrek Luis Mari Mujikaren hitzak gogorarazten ditu “perpausa luzea, garatua, andana egituratu baten tipologiakoa da” (Kortazar 2003: 286. or.). Gerra Zibilaren aurreko urteak eta gerraondoa bereizten ditu autoreak, bi kokaleku (Jaka eta Zarautz), bi kontaketa planotan. Bi pertsonaiaren inguruan harilkatzen da eleberria: batetik, Fermin Galan Espainiako Armadako kapitaina; bestetik, Kandido Labaka, Zarauzko lanbide eskolaren bultzatzailea. Bi pertsonaien arteko loturak egiten dira nobelan zehar.

1999an bi lan ekarri zituen EgaƱak, gaztetxoentzakoa bata: Zaudete geldi pixka batean (Elkar); eta bertsozaleentzakoa bestea: Basarri bertsolariaren biografia (Sendoa). 2000.ean, haur literaturako fruitu berri bat eman zuen ostera ere: Txirri Mirri eta Txiribiton mendian (Alberdania), eta 2001ean Popo loritoa (Baigorri).

2002an Urbietaren biografia idatzi zuen: Imanol Urbieta. Luzea da bidea (Ibaizabal). Bi urte branduago, 2004an, Hogeita bina (Hariadna) saiakera etorri zen, lehen pertsonan idatzitako gogoeta liburua.

Haur literaturan berrikiago atera da Niri ez zait futbola gustatzen, eta zer? (Elkar).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, IƱaki (2008): Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia. 2008.

FERNANDEZ, Jose Jabier (1998): “Edukiak eta iritziak”. Euskaldunon egunkaria. 1998-02-14.

JUARISTI, Felipe (1998): “Alanbretik jauzika”. El Diario Vasco. 1998-02-28.

KORTAZAR, Jon: (2003): Euskal Literatura XX. Mendean. Prames-Las tres sorores. Zaragoza. 2003.

Euskal Herriko Bertsozale elkartearen webgunea: http://www.bertsozale.com/euskara/nordanor/nordanor-datuak.php?id=+++++++613&orri=1 /Kontsulta 2010-02-10/

Zarauzko idazleak webgunea: http://zarauzkoidazleak.org/?l=EganaA04 /Kontsulta 2010-02-10/

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus