Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

CILLERO, JAVI

(Bilbo, 1961)
Jon Kortazar

Javi Cillero Bilbon jaio zen, baina laster hartu zuen emigrantearen bidea, deserriaren bidea. Kazetaritzan Lizentziatua da (1984), Bilboko Deustuko Unibertsitatean itzulpengintza masterra egin zuen (1991) eta Renoko Unibertsitateko Basques Syudies Program-en dokotrego ikastaroak egin zituen (1996). Sail horretan lan egin eta hantxe aurkeztu zuen doktorego-tesia, euskal nobela poliziakoari buruzkoa: The Moving Target: A History of Basque Detective and Crime Fiction. Ondoren, Ginebrako Unesco erakunde nagusian itzultzaile izan da Suitzan.

Haur eta gazte literaturako hainbat liburu argitaratu ditu, Euskal Herrian ohi denez, genero desberdinak landuz. Arlo horretakoak dira Lizardi Saria irabazi zuen Eddy Merckxen gurpila (1994) eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionalean finalista izan zen Thailandiako noodle harrigarriak (2001). Antzerkia ere landu du, Uztailaren lauan, Renon (1999) lana argitaratu zuenlarik alor horretan.

Cilleroren lana zenbait antologiatan batu da, tartean Bilbao, ipuin biltegia (2000) ipuin-bilduman, non bere ipuin ezezaguna eman baitzen argitara.

Ipuingintza jorratu du Cillerok nagusiki, genero horretako lan bi eman dituelarik: Hollywood eta biok (1999) eta Ero hiria (2006).

Javi Cilleroren lana Estatu Batuetan idatzia dela adierazten du agerpen estetikoak, eta liburu bietan agertzen da herrialde horren ikuspegi zabala. Liburu bietan ageri da joera postmodernoak agertzeko gurari nabarmena. Biek ala biek jokatu dute gaurko estetika baten aldeko apustua. Gainera, biak osatzen dira batasun hari baten inguruan, zinema eta literatura direlarik lehen liburuaren heldulekuak; eta espazioa bat, Reno hiria, bigarrenean batasun aldea.

Hollywwod eta biok ipuingintza postmodernoaren adibide argia da. Batez ere subjektuaren identitatearen galera eta aldaketa agertzen da. Rimbaudek agerturiko “beste norbait naiz ni” esaldi nagusiak esangura berezia hartzen du liburuan, subjektuaren izaeraren forma desberdinak lantzen zirelako. Liburuko lehen ipuinean, “Thriller bat bagoian irakurtzeko” lanean, protagonistak, unibertsitateko literatura katedradunak irakurtzen duen liburuko pertsonaiak bizitza hartuko eta hil egingo du. Beraz, errealitate (edo kontaketa maila) desberdinak hartzen dira kontuan, eta zenbait zinema lanetan, edo Unamunoren nobelan, gertatu izan den bezala, fikziozko pertsonaiak jauzi bat egin eta beste maila bateko pertsonaia hiltzen du. Fikzioaren barneko maila desberdinen nahasketa berebizikoa gertatu da metaliteratura (literaturari buruzko literatura) eta zinemari buruzko argumentuak usu erabiltzen direneko liburuan.

Postmodernitateak galdera nagusia bidali du pertsonaren izaeraren inguruan, eta nor garen galdetzen dugun bakoitzean desberdinak dira erantzunak. “Archerren bulegoan” deituriko ipuinean, adibidez, pertsonaiak bere identitatearen bila esplorazio sakona egiten du, baina dena ispilu joko bat balitz bezala gertatzen denez, pertsonaiak ez du jakingo, narrazio biribilean, zein den benetan bere izaera.

Liburuaren gai nagusitzat errealitatearen definizioa ezinezkoa dela har dezakegu. Errealitatea ezin du lan literarioak guztiz eta era batean definitu, horregatik, kontakizunaren mailak nahastu egiten dira narrazio bilduman, eta metaliteratura ez litzateke errealitatearen izaera harrapaezinaren definizioa baino. Hizkuntzak, eta kontakizunak, ezin du errealitatea adierazi, eta hitzaren eta objektuaren artean amildegia dagoenez, beste hizkuntza mota bat –ironia, parodia– aurkitu behar da.

Jokoa, umorea, bikoiztasuna, ispiluen bikoiztasuna, anbiguotasuna, ironia, generoen nahasketa: guztiak dira Hollywood eta biok liburuaren ezaugarriak.

Egilearen idazkera arina eta ulerterraza da, kontakizunari oso lotua, irakurlearen eragina lortu nahi duena, beti ere, ipuinetan bukaera ezusteko batek arreta tentsioan utziko duelarik.

Ero hiria liburuak batasun hari nagusi bi ditu. Espazioa, alde batetik, Reno hirian kokaturik daude ipuinak; eta denbora bestetik, mendea bukatu eta bestea hastera doanean, pertsonaiak zalantzan bizi dira, etorkizunak zer ekarriko duen zain.

Mugimendua eta, beraz, arintasuna dira liburuko pertsonaien agerbide nagusia, postmodernitateak agintzen duen azalean bizi dira, sakontasunik gabe, behin eta berriro euren bizitzaren zentzua bilatu nahiez.

“Hamar urte igarota” ipuinean egileak bere narrazioaren legeak aurkezten ditu: “Ez duzu uste narrazio zinematografikoaren legeetan oinarritzen garela askotan bizitzako pasarteak kontatzeko?” esaten du pertsonaia batek, eta beste batek erantzun: “Bai, baina zineman atzera-aurrera ibil gaitezke narrazio eraikitzen eta bizitza zailagoa da”. Narrazioaren eta bizitzaren kontatzeko legeen artean, Javi Cillerok mundu baten ikuskera eman du ipuin liburu honetan, beti ere bere pasio nagusi biei: literaturari eta zinemari garrantzia emanez.

Aurreko liburuarekin konparatuz gero, bigarren honek narrazio zuzena darabil, eta idazleak ipuinen bukaeran ez du ezusteko bortitzik eskaintzen. Giro filmikoa, Ameriketako Estatu Batuetako espazio tipikoiekin lotu dezakeguna, da ipuin liburuaren helburu nagusia, eta giro garratz eta ia desertikoan jartzen ditu Cillerok dantzan itxaropenaren eta etsipenaren, zalantzaren eta baikortasunaren artean mugitzen diren pertsonaia galduak, Reno hiri den gisako hiru, postmoderno eta galduaren argazkia eginez.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus