Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

CAMOUSSARRY, JEAN-BAPTISTE

(Ziburu, 1815-1842)
Jon Kortazar

Jean-Baptiste Camoussarry marinel familia batean jaio zen Ziburun. Aita tirabira batean galdu zuen, jaioberria zelarik. 1838an egin zen eta, laster, Larresoroko Seminarioko irakasle izendatu zuten. Donibane Garaziko bikario izatera iritsi zen, eta handik hiru urtera bularreko mina, tisia, harturik, etxera itzuli eta 27 baino ez zituela hil zen.

Hogei poema baino ez zituen idatzi, baina itzal handia utzi zuen euskal literaturaren historian, Elissanburu eta Ademaren irakaslea izan baizen Larresoroko Seminarioan, hortaz, neurri batean behintzat, eskola erromantiko bateko zuzendaria.

Camoussarryren lan poetikoak erromantizismoaren bideak erakusten ditu. Ziburuarrak baliatutako gaiak oso loturik daude joera estetiko horren ikuspegi kontserbatzailearekin. Badu, kasurako, Zumalakarregiri eskainitako poema bat (“Zumalakarregi”), non heroi gisa traturik den, eta erlijioaren defentsa goraipatzen duen.

Hogei poema horietarik hamarrek erlijio-gaiak dituzte ardatzat (“Mendikioa”). Ongilearen eta gaizkilearen arteko borrokak mantentzen du Camoussarryren poesia, eta bere lanak garbitasunaren aldeko mezua errepikatzen du. Askotan kontajarpen bortitzek ematen diote mugimendua bere poemei eta “Purgataorioko penak” zeruan gozatuko diren poztasunekin kontrajartzen ditu (“Zeruaz gogoeta”).

Camoussarryren iraultza frantsesaren aurkako pentsakizunek ere ikusgai dira bere obran.

BIBLIOGRAFIA

ARTOLA, M. Guadalupe (1988) “Jean-Baptiste Camousarry (1815-1842). Una primera aproximación a su vida y a su obra”. Anuario del seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo. XXII-2. 391-443 or.

CHARRITON, Piarres (1990): “Iparraldeko bertsolari eta olerkariak XIX. mendean”. ELKAR LANEAN: XIX. mendeko olerki-bertsogintza. Labayru. Bilbao. 11-85 or.

ORPUSTAN, Jean-Baptiste: Précis d’historie littéraire basque. 1545-1950. Izpegi. St. Etienne de Baïgorry.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus