Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BORDA, ITXARO

(Oragarre, 1959)
Eneko Zuloaga

Itxaro Borda 1959ko martxoaren 29an jaio zen Oragarren (Nafarroa Beherea), eta azken bizpahiru hamarkadetako Ipar Euskal Herriko euskal egile garrantzitsuena da. Nekazaritza eta Historia ikasi zituen, eta gazterik hasi zen idazten. Paue, Paris eta Maulen bizi ostean, Baionan bizi da gaur egun, eta bertako posta-zerbitzuan egiten du lan. Ipar Euskal Herriko Seaska ikastolen elkarteko lehendakari izan zen, eta Maiatz aldizkariaren sortzaile eta idazle (oraindik ere) izateaz gain, zuzendari-kargua ere eduki zuen.

Zenbait aldizkari eta egunkaritan argitaratu ditu artikulu eta bestelako lanak, hala nola, Herria, Maiatz, Euskaldunon Egunkaria edo, gaur egun, Berrian. Batik bat poesia eta nobela landu ditu. Lehenengo poema Herria aldizkarian 1974an argitaratu zuenetik etengabe idatzi eta argitaratu du.

Bordaren poesia dela eta, liburuen berri eman aurretik, aipatzekoa da 1990ean “Autojustifikazio erreza” izeneko hitzaldia, non baxenafarrak bere poetikaren berri eman baitzuen. Lan horretan zenbait poema-liburutan jada erabilitako gai eta ikuspegiak aldarrikatu zituen, eta geroko lanetan ere agertu izan dira. Besteak beste, poetaren nitasuna abiapuntu legez, egunerokotasunarekiko, hots, errealitatearekiko, konpromisoa, sistemaren aurkako joera eta hizkuntzarekiko kezka aipatu zituen Bordak .

Bizitza nola badoan (Maiatz, 1984) izan zen argitaratutako lehenbiziko liburua. Bada, ahots berriarekin batera, lehendabiziko poema-liburu hartan gerora Bordaren literaturan behin eta berriro agertu diren zenbait elementu zeuden. Liburuaren oinarrian autobiografia eta nitasuna daude, eta, Alvaro Rabelliren hitzei jarraiki: “nitasunaren biluzte horretan ikusi beharko genuke liburuak dakarren berrikuntza” (2009: 94). Alabaina, autobiografia eta nitasuna abiapuntu dira, ez helburu: “autobiografia badela aitortu arren, Itxaro Bordak argi du fikzioa versus errealitatea dela poesia” (Kortazar, 1997, 266). Bestalde, egunerokotasuna ere oinarrizko elementua da liburuan (aurrera egin ahala handitu egiten da, autobiografiaren kaltetan). Azken finean, “bizi duena idazten duen poetaren” (Kortazar, op.cit.: 265) gainean ari gara, eta bizi duen horrek sortzen dizkion samin eta tristurei aurre egiteko idazten duela ematen du: etsiarazi baino, idaztera bultzatzen dutela. Liburuak sei atal ditu, eta anitza eta aldakorra da forma nahiz edukiari dagokionez. Ardatza denboraren iragatea edo ihesa dela esan daiteke: “gaietan badago gune eta joko jakin bat, hemen denboraren ihesa eta bere inguruan ezartzen dira beste guztiak (…) Denen puzzleak osotzen du osotasuna, liburuak, oro har, tonu desberdinetara jo arren” (Rabelli, op.cit.: 99).

1980. hamarkadako azken bost urteetan argitaratutako poesia-liburuen bidez bere poeta-ibilbidea zedarritu, sendotu eta umatu zuen Bordak: 1986an Krokodil bat daukat bihotzaren ordez kaleratu zuen Susa argitaletxean, eta 1988an Just Love Maiatzen. 1986ko lanari buruzko kritiketan egilearen ausardia aipatu zen orduan, egunerokotasuna liburuaren ardatz izatearen nahiz berritasuna bilatzearen ausardia: “Modernitateak agintzen dituen berritasuna eta ezustea bilatzen ditu literatur lanean bere bigarren poema liburuaren izenburu polit eta harrigarrian adierazten duen moduan” (Kortazar, op.cit.: 269). Bordak lehenengo poema-liburuko elementu batzuk gorde bazituen ere, poesiaren beraren ikuspegian aldaketak egon ziren: “irudimen surrealista berezia dugu indar handiko testuen sorburuan” (Kortazar, 2003: 236).

Hirugarren poema-liburua jada 1990ko hamarkadan kaleratu zuen Bordak: Bestaldean (Susa, 1991). Liburu anitza da. Angel Zelaietak poetaren subjektibotasuna, barne-sentimenduekin ageri den lotura, goraipatu zituen:

“Baina, neure ustez, Itxaroren poesien alderdirik indartsuena, heiagorarik gorena, oihu pertsonala da: “bakardade biluziaz” ari denarena, “desolazio egunak” bizi dituenarena, “mendeetako larderiari ez obeditzen” diharduenarena: egoera honetan espero duen eta bilatzen duen laguntza “bestaldean” aurkitzen da, “telefono kabina urdin” baten. Hori, beste hori, gizabanakoa da.” (Euskaldunon egunkaria, 1992).

Zazpi urtean poesiarik argitaratu gabe egon ostean, bere poema-liburu arrakastatsuenetarikoa kaleratu zuen Bordak: Orain (Susa, 1998). Garai ezberdinetan idatzitako poemekin osatutako hiru zati ditu, eta ordena kronologikoa aurretik atzerakoa da: “Ahüzkiko Argi Kantak” (1995-1997), “Deep Northern Way” (1994) eta “Itsasoaren Bihotzeraino” (1993) dira atalok. Bordak bidaiaren literatur baliabidea erabili zuen liburuan: atalen hurrenkerak berak atzera begira egindako bidaia islatzen du. Bidaia sakona da, gainera, baxenafarrak proposaturikoa, barne-bidaia. “Deep North” hori erraz aski lot daiteke Ipar Euskal Herriarekin eta, hain zuzen ere, liburuaz idatzi duten kritikariek bat egin dute liburuaren muina eta bihotza bigarren atala dela esatean. Bertan prosazko 40 poema ageri dira, eta pisu handia dauka Bordaren obretan behin eta berriro agertzen den bakardadeak. Liburuak Aurelia Arkotxaren hitzaurre argigarria dakar.

Hautsak errautsa bezain (Maiatz, 2002) lana euskaraz eta frantsesez kaleratu zuen Bordak, eta honetan ere barne-bidaia egiten du egileak. Jon Kortazarrek ondo laburbildu zuen liburuaren edukia:

Oso elementu gutxirekin egindako poemategia dugu: ahots poetikoaren joan-etorri bat. Abiapuntua paisaiaren zertzelada bat da, askotan, ibaia, Adur ibaiaren, hegietan egindako eta hausnarturiko begiztapen bat. Ondoren Li Bai (edo Li Po) eta Rainer Maria Rilke poetekin egindako elkarrizketa bat, joan etorriko pentsakizun sorta bat. Intertestualitatezko elkarrizketa bat baino gehiago poeta biok Bordaren pentsakizunaren oihartzuna dira, eta haiek esandakoa eta euskaldunak pentsaturikoa tartekatuz mundu metafisikoa marratzen da. Zentzu honetan liburuaren atarian jarritako hiru aipamenek nahiko garbi uzten dute zein den poema liburuaren ibilbidea: kanpoko begirada hasiz eta barne ikuspegian bukatu. (El País, 2003).

Noizteinka (Maiatz, 2007) lanak Bordak 2000 eta 2007 urteen artean idatzitako poemak biltzen ditu, eta baxenafarraren lanetan ohikoak diren elementuak ageri dira bidaiaren ideiaren inguruan egituratuta. Lekuek garrantzi handia dute, izan Euskal Herrikoak, izan kanpokoak (Grezia zaharra, Alemania, Madril, etab.). Euskal Herria dela eta, begirada interesgarria ematen du poetak, aski pertsonala baita bere ikuspegia: periferiari lotuta dago erabat. Beñat Sarasolak (2008) adierazi bezala, liburuan ez dago erreferentzia giputz bakar bat ere.

Orain arte argitaratutako azken poemak Ogella line (La Malle d´Aurore, 2009) liburu txikian kaleratu ziren, frantsesez eta euskaraz. Bidaiaren, ibilbidearen ideia errepikakorra ageri da berriro ere, sentimenduei lotuta oraingoan: “Poemek maite denaren presentziak sortzen duen poza adierazten dute, haren ausentziak sortzen duen tristeziarekin batera” (Juaristi, 2009).

Poesian legez nobelagintzan ere lan arrakastatsuak argitaratu ditu Bordak, betiere bere ikuspegi pertsonalari eutsiz. Lehenbiziko poema-liburua kaleratu zuen urtean bertan argitaratu zuen lehenengo nobela ere: Basilika (Susa, 1994). Eleberri laburra da, Irulegi herrian kokaturikoa, eta ironia-, kritika-, eta probokazio-kutsu nabarmena dauka. Politikari komunista batek prestaturiko Ama Birjinaren balizko agerpena oinarritzat hartuta, hainbat gizarte-maila, erakunde eta ideia astintzeko baliatu zuen lana Bordak, hala nola, eliza (kontuan hartu lanaren izenburua bera), euskaldun-fededun binomioa, politikagintza, eta abar.

Udaran betaurreko beltzekin (Txertoa, 1987) lanak ez zuen arrakasta handirik izan. Ateka aldizkarian zatika kaleratu zen lehenbizi, eta horrek liburu gisa batasun falta nabarmena ekarri zion. Elena da liburuko protagonista, eta haren bizitza-egoerak, ideiek, pentsamenduek eta hausnarketek hezur-mamitzen dute liburua. Bakardadearen gaiak leku nabarmena dauka lan honetan ere.

1990eko hamarkadaren erdialdean aldaketa nabarmena egin zuen Bordak bere literatur ibilbidean Bakean ützi arte (Susa, 1994) argitaratu zuenean. Izan ere, oraindik ere itxi gabe dagoen liburu-sailari hastapena eman zion: Amaia Ezpeldoi landa-giroko detektibea protagonista duen liburu-sailari, hain zuzen ere. Nobela zubereraz idatzita dago, eta Amaia Ezpeldoi detektibe atipikoak desagertze bat ikertu behar du Zuberoako nekazarien eta Espainia eta Frantzia artean gas-hodia jarri nahi duen enpresaren arteko tirabira-giroan. Liburukoa detektibe atipikoa dela esan dugu ohiko detektibeen ezaugarriak hausten dituelako: emakumea da, bisexuala, komunikazio-arazoak ditu, eta abar.

Aurrekoa argitaratu eta urte bira kaleratu zen Bizi nizano munduan (Susa, 1996). Aurreko nobelako detektibe Amaia Ezpeldoi da protagonista, eta kokalekua Amikuze da. Orain 60 urte, ezkontza-gauean ihes egin zion emazteak gizonari, eta gizonak, emakumea aurkitze aldera, Ezpeldoi detektibea kontratatzen du. Horrekin batera, berez Asiakoa den baina zuberotartzat saltzen den espartzu-kontrabandoa ere tartean dago. Zenbait kritikarik Ezpeldoi Bordaren alter egoa dela adierazi izan dute, ezaugarri autobiografiko asko zeudela detektibearengan. Bestalde, tramak trama, hala nobela hau nola aurrekoa Ipar Euskal Herriaren bizi den egoeraren berri emateko baliatu zituen Bordak: “Galtzen ari den mundua delako idazleak guregana ekarri nahi duena” (Juaristi, 1996).

Amaia Ezpeldoi albo batera utzita, % 100 basque (Susa, 2001) argitaratu zuen Bordak, eta 2002an Euskadi saria eskuratu zuen lan horri esker. Liburuak hainbat atal ditu, eta esan liteke euskal nortasunaren inguruko hausnarketa egiten duela egileak: zer da euskalduna izatea, zein dira euskaldunaren benetako ezaugarriak, zer da euskal kultura, zerk osatzen eta adierazten du… Horrelako galdera eta kezkak azaleratzen ditu egileak lan horretan. Tartean daude estereotipoak, errealitatearen beharra (zenbaitetan egileak irakurlea errealitate-dosien bidez astindu nahi izan duela dirudi), kritika soziala, ekonomikoa, kulturala, eta abar. Ana Urkizak liburuari buruzko iruzkinean esan zuen “Liburuaren ardatz nagusia kontraesana da: nahiaren eta ezinaren artekoa; garela uste dugunaren eta daukagun irudiaren baitakoa” (Euskaldunon egunkaria, 2001).

Nolabait, aurreko obrarekin lotuta dago Zeruetako erresuma (Susa, 2005) nobela. Alabaina, ikuspegi eta gogoeta zehatzak baino, orokorrak baliatu zituen Itxaro Bordak ordukoan. Otsabide herri asmatuko (Oragarre izan zitekeen) herritar xumeen istorioa kontatzen du, eta aurreko hainbat obratan agertutako gaiak errepikatzen dira: bakardadea, tristezia, garenaren inguruko gogoeta eta antzekoak. Herriko zaharrek gerrari eta migrazioari lotuta gogoratzen dute lekua, eta gazte modernoentzat “basatiegia” da. Iñigo Rokek ederki laburbildu zuen eleberria zer den: “euskal historiaren desmitifikazio halako bat” (Gara, 2005).

Zenbait urtean ahazturik eduki ostean, Amaia Ezpeldoi detektibea berreskuratu zuen Bordak Jalgi hadi plazara (Susa, 2007) eleberrian. Gizon bat hiru euskaltzainekin Baionatik Bilbora joan da, baina ez da itzuli. Bada, desagertutako gizonaren alabak hala eskatuta, desagertzea ikertzen hasten da Ezpeldoi detektibea, Bilbora abiaturik. Ezpeldoi Ipar Euskal Herriko herri txikietarik Bilbora joateak eleberria (eta detektibea bera) hiritartzea dakar, eta, horrekin bat, Ezpeldoiren izaeraren zenbait ezaugarri argiago adierazten eta ezaugarritzen dira, hala nola, identitate sexuala. Honela laburbildu zuen Ibon Egañak lanaren mamia:

Detektibe nobela, identitate pertsonalaren eraikuntzaren gaineko kontakizuna, sexu orientazioaren kontzientzia-hartze prozesua, banakako askatasunaren aldeko aldarria, ipar eta hego gatazka kulturalen eta erdigune eta periferia harremanen gaineko hausnarketa, euskararen geografian barnako ibilbidea, euskal literatur tradizioa berrasmatzeko saioa, euskararen egoeraren gaineko kezkaren presentzia… Horiek guztiak, eta gehiago ere bai ziurrenik, dakartza berekin Itxaro Bordaren azken eleberriak, Amaia Ezpeldoi detektibea hamaika urteren buruan biziberritu duen Jalgi hadi plazara kontakizunak. (Berria, 2007).

Orain arte Itxaro Bordak kaleratutako azken nobela Ezer gabe hobe (Susa, 2009) da. Migrazioa da gai nagusia, eta Sigma izeneko protagonistaren bi istorio edo narrazio kontatzen ditu: lehenengoan, Sigmak Londresera bidean doan Posa Ngakari Baionara eraman behar du, Espainia eta Frantzia arteko muga igarota. Bigarrenean, aldiz, Sigmak berak Mexiko eta AEBetako muga igaro behar du, paperik gabe, Izta, Psili eta Zei bidelagunekin batera. Bada, bidaia literatur baliabide gisa ageri da berriro ere, eta bi istorio soil baino, egun kapitalismo eta neoliberalismoaren mende dagoen Mendebalaren argazkitzat har daiteke eleberria. Aipatzekoa da, amaitu aurretik, azken lan honetan ageri den erreferentzia-andana.

BIBLIOGRAFIA

BORDA, Itxaro (1991): “Autojustifikazio erreza”. Hegats 4. 229-238. or.

EGAÑA, Ibon: “Jalgi hadi plazara. Libera me”. Berria. 2007-07-01.

ETXEZAHARRETA, Lucien (1994): “Hogei urte, Bizitza nola badoan”. Hegats. 10. 11-20. or.

JUARISTI, Felipe: “Bizi nizano munduan. Mundu isila”. El Diario Vasco. 1996-11-02.

___, “Ogella line. Poza eta tristezia”. El Diario Vasco. 2009-05-29.

___, “Ezer hobe gabe. Bidaiak”. El Diario Vasco. 2009-12-31.

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. BBK & Labayru Ikastegia. Bilbo.

___, (2003a): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza (2. arg.).

___, (2003b): “Hautsak errautsa bezain. Aspaldiko hitza”. El País. 2003-04-28.

RABELLI, Álvaro (2009): “Itxaro Borda: Bizitza nola badoan“. Kortazar, J. (zuz.), Egungo euskal poesiaren historia. UPV-EHU. Bilbo.

ROKE, Iñigo: “Zeruetako erresuma. Omiasaindukari”. Gara. 2005-05-28.

SARASOLA, Beñat: “Noiztenka. Munduan zehar travelling”. Berria. 2008-01-27.

ZELAIETA, Anjel: “Bestaldean”. Euskaldunon Egunkaria. 1992-01-04.

Literaturaren zubitegia: “Itxaro Borda”: http://zubitegia.armiarma.com/?i=22. [Azken kontsulta: 2011-04-15].

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus