Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AGIRRE, JOXEAN

(1949)
Iñigo Barbancho

Joxean Agirre Odriozola Azpeitian jaio zen 1949ko maiatzaren 18an. Parisen Soziologia ikasketak burutu ostean, bi urte eman zituen Eibarko ikastola batean irakasle.. Ondoren, Historiako ikasketak hasi zituen Deustuko Unibertsitatean, baina hirugarren kurtsoan zegoela karrera bertan behera uztea erabaki zuen, Egin egunkarian lanean hasteko. Kazetaritza ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan, egin zituen.

Egin egunkaria itxi zutenez geroztik Garan dihardu eta, horrez gain, Ikastola aldizkariko kolaboratzaile eta Bertsolari aldizkariko zuzendaria da. Azken urteotan bertsolaritzari buruzko kazetaritzan espezializatu da eta arlo horretan egindako elkarrizketei esker 1990eko hamarkadan Rikardo Arregi Saria irabazi zuen. Bestelako saririk ere izan du, 2001ean Joseba Jaka Beka lortu zuen, kasurako.

Gaur egun arte argitara emandako obra honakoa da: batetik, Longa kapa beltza (1984) narrazio sorta; bestetik, Lehen triptikoa (1986), Gizon bat biluzik pasiloan barrena (1991), Elgeta (1996) eta Romain zen bere izena (2003) eleberriak. Horrez gain ere, Hitza hitz. Txillardegirekin solasean (1996) elkarrizketa eta Mozketaren maisua (1999) eta Osaba Txirrita (1999) biografiak idatzi ditu.

Longa Kapa beltza (1984) lau ipuinez osatutako liburua da: “Longa kapa beltza”, “Pentsatzen dut” , “Zure ezpainen o obalatua i izkutua” eta “Azken finean ez dakit”. Ipuinok idazteko orduan, James Joyce, Max Frisch eta Ramon Saizarbitoriaren obra kontutan hartu duela aitor du Agirrek. Gaiari dagokionez, memoria eta maitasuna dira nagusi: “Denetan ageri dira bizitzako une garrantzitsu zenbaitek utzitako aztarnak, oroitzapenaren bidez adieraziak, momentu horretako kontaeran tartekatuak, gertaerak erabat nahasiz, kontaerako pasarte guztiei garrantzi bera emanez, erritmo lasaian gogorapenak, frakasuak, tabernazuloetako pasadizuak, goizeroko alu ferekatzeak eta gazte denborako haurren sexu esperientziak aditzera emanez” (Camino, 1985).

Lehen triptikoa (1986) nouveau roman frantsesaren ildoa jarraitzen duen eleberri esperimentala da, 1986an Durangoko Euskal Festen Urteurreneko Saria jaso zuena. Bertan, bakarrizketan diharduen pertsonaiak errealitatea eta ametsa edo imajinazioaren arteko muga, eroen eta “osasuntsuen” artekoa, benetako pertsona eta aktorearen artekoa, zalantzan jartzen ditu. “Errealitatearen mugetan mobitzen dan pertsonai baten bitartez, errealitate horren ikuspegi deformatua emoten jaku, errealitate horren alde absurdoa erakutsiz”, dio Igone Etxebarriak (1987). Mikel Mendizabalek, bere aldetik, eleberrian pentsamenduak direla protagonista aipatzen du: “pentsamenduak ditugu nobela motz honen oinarria. Pentsamenduak mota guztietakoak, batzuk arraroak, besteak ez horren beste, baina edozein pertsonak bere buruan izan ditzaken pelikulak agertzen dizkigu Joxean Agirrek nobela honetan” (1987).

Gizon bat biluzik pasiloan barrena (1991) pertsonaia baten nortasunaren inguruan egindako zenbait gogoetek osatzen dute. Eleberriaren protagonistak ez daki “nor naiz” galderari nola erantzun, eta hartara, Ramon Saizarbitoriak liburuaren hitzaurrean proposatzen duen bezala, Gizon bat biluzik pasiloan barrena izenburuaren ordez, Gizona atributorik gabe, Izendaezina, Ez naiz Stiller edo Demagun Gatenbein naizela izenburua jartzea bazuen Agirrek. Izan ere Samuel Beckett, Robert Mussil eta Max Frisch idazleak oso maiteak baititu. Liburuaren tesia, pentsatzen du Saizarbitoriak, honela laburbildu daitekelarik: “Ez dakigu zehazki nor garen baina badakigu bakarrik gaudela” (1991).

Elgeta (1996) da Agirreri Irun Hiria Literatur Saria eman zion nobela. Jazinto Rivas, ezizenez “Elgeta”, soinujolearen bizitza eleberri honen oinarrian egon arren, ez zen haren biografia egitea izan Agirreren xedea. Trikitilari klasikoaren bizitza aitzakia besterik ez da liburuaren protagonista diren hiru pertsonaia iheskorren deserrotze eta isolamendu sentipenak adierazteko. Elgeta soinujolea, izenik ez duen argazkilari donostiarra eta Teresa izeneko dantzariaren bizitza kontatzen da eleberrian.

Romain zen bere izena (2003) metafikzioa eta literatura beltza nahasten dituen nobela da. Protagonista literatura bera eta literaturan parte hartzen duten agenteak dira, hots, idazleak eta irakurleak. Idazle baten hilketa, idazle horren beraren nortasuna ezagutzeko asmotan sortzen den ikerketa talde bat, idazle eta literatur obrei buruzko gogoetak… horiexek dira nobelak jokoan jartzen dituen elementuak. “Kezka bat, obsesio bat dago Agirreren nobelaren oinarrian: ba ote du idazleak desagertzerik? Obraren barnean soilik bizitzerik? Romain Gary eta Emile Ajar ezizenen atzean bere burua ezkutatuz desagertu nahi izan zuen Catonne idazlearen benetako kasua oinarri hartuta, Roman Gary ezizenaren babesean anonimotasunean bizitzea erabaki duen euskal idazlea da liburuko protagonista. Bere kreazioaren barruan galdu eta desagertzea helburu duen idazlea” dio Ibon Egañak (2003).

Beste genero batzuk ere landu ditu Joxean Agirrek. 1996. urtean Hitza hitz. Txillardegirekin solasean elkarrizketa argitaratu zuen. 1999an, berriz, Mozketaren maisua eta Osaba Txirrita biografiak. Lehena Joxe Agirre, ezizenez Oranda, bertsolari azpeitiarraren biografia da, Joxean Agirrek Jesús Muruarekin batera idatzia. Bigarrena Txirrita bertsolariaren biografia da, berezitasun bat duena: umeei zuzenduta dago eta bertsolariaren ilobak narratzaile funtzioa betetzen du.

BIBLIOGRAFIA

CAMINO, Iñaki (1985): “Longa Kapa Beltza“. Argia. 1985-06-16. http://kritikak.armiarma.com/?p=3018

ETXEBERRIA, Igone (1987): “Lehen triptikoa“. Idatz & Mintz. 1987-12. http://kritikak.armiarma.com/?p=3838

EGAÑA, Ibon (2003): “Romain zen bere izena“, Berria, 2003-09-20. http://kritikak.armiarma.com/?p=872

MENDIZABAL Mikel (1987): “Lehen triptikoa“. Argia. 1987-07-26. http://kritikak.armiarma.com/?p=3127

SAIZARBITORIA, Ramon (1991): “Hitzaurrea”. AGIRRE, Joxean Gizona biluzik pasiloan barrena. Elkar. Donostia. http://zubitegia.armiarma.com/aipa/mar/0197.htm

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus