Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

BIZKARRONDO, INDALEZIO – “BILINTX”

(Donostia, 1831-1876)
Paulo Kortazar

Gilermo Joakin Indalezio Bizkarrondo Ureña Donostian jaio zen, eta San Bizente parrokian bataiatu zuten. 1869an Nikolasa Erkizia azpeitiarrarekin ezkondu zen; Bilintxek 39 urte zituen orduan, eta emazteak 22. Bizibidez arotza zen. 1865etik aurrera Teatro Zaharrean bizi omen zen, emanaldietarako arotz-lanak egiten zituen, bai eta atezain aritu ere. Aretoan denda txiki bat zabaldu zuen antzezten ziren lanen liburuak saltzeko. Ezbehar ugari izan zituen bizitzan: haurra zela hirugarren solairutik erori zen (eskaileretatik behera jausi zela diotenak ere badira), eta aurpegia desitxuratu zitzaion; koxkortu zelarik, zezen batek adarkada eman omen zion hanka batean; inoiz zortzi mila erreal lapurtu zizkiotela ere aipatu izan da. Gainera, Bigarren Karlistadan, Donostiako liberalen alde egin zuen, eta Batallón de Voluntarios taldean aritu zen. Bada, karlisten bonbardaketa batean, granada bat sartu zen Bilintxen etxean, eztanda egin eta zauritu egin zen Bilintx; 1876an gertatu zen aurrekoa. Gertakari horren ostean sei hilabete iraun zituen Bilintxek bizirik, eta uztailaren 23an hil zen.

Donostia inguruan bertsolari asko zeuden garaian (Xenpelar, Udarregi, Pello Errota eta beste ezezagun batzuk), bertsolari ezaguna zen Bilintx.

Madrileko La correspondencia de España kazetan, kazetaritza-lanak argitaratu zituen Bilintxek.

Poesiari dagokionez, Bilintxek gazteleraz idazten zuten zenbait poeten lanak irakurri zituen. Manterolaren esanetan, Trueba, Campoamor eta Aguilera poeten lanen zalea zen. Bécquerren lana ere ezagutu zuen.

Bilintx 20 urterekin hasi zen bertsotan. Aita Antonio Zavalaren esanetan, “Galop Infernal” da ezagutzen den Bilintxen lehenengo poema (1978, 51). 1862 urte oparoa izan zuen, amodiozko poemak argitaratu zituen, beti ere bertso-paperetan. 1875ean “Juana Bixenta Olabe” argitaratu zuen. Bilintxen bertso-sail oparo bat galdu izan dela uste da (Zavala, 1978, 52), izan ere, bertsoetako batzuk ahoz esanak ziren, eta beste batzuk argitaratu gabe geratu ziren. 1876an, urtarrilaren 20an, granadak larri zauritu zuen egun berean, Diario de San Sebastián egunkariak “Nik au pentsatu nuben” bertsoa argitaratu zuen.

Juan Mari Lekuonaren esanetan:

“Maitasunezko sentipen bertsoak ditu bere ezauagarri […] Damarekin duen hartuemana nahiko urrutikoa da […] Beraz, urruti antzetik eta idealizapen mailan areago, noski.

Ikuspunturik aipatuena eta landuena hau du: damaren dohai fisikoen deskribakuntza poetikoa, eta idealizatu batean” (1978, 169 eta171)

Bertsolaritzari dagokionez, Iñaki Aldekoak honela laburtu du Bilintxen sormenaren muina:

“Bilintx es un poeta que hace suyos los recursos más al alcance de la tradición lírica amatoria y, sin embargo, la técnica, la versificación, el espíritu y el sentido de su canto son los del auténtico bersolari. De ahí que K. Mitxelena lo ensalzara como ‘la voz más auténticamente romántica de la literatura vasca’. Su secreto reside en que pone los estereotipos heredados de la lírica amatoria, así como su refinamiento estético al servicio de los recursos propios del bersolari. Bilintx acertó a fundir en la tradición popular un repertorio de imágenes que llegaban pulidas por la tradición amatoria occidental” (2004, 89-90)

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA; Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Ahozkoa eta klasikoa. XVI-XIX. Erein. Donostia.

LEKUONA, Juan Mari (1978): A los 100 años de su muerte. Bilintx (1831-1876). Conferencias y Concursos literarios. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián. Donostia. 167-185.

ZAVALA, Antonio (1978): Bilintx. Indalecio Bizcarrondo. 1831-1876. Bizitza eta bertsoak. (Vida y poesías). Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus