« AGIRRE BADIOLA, DOMINGO – “TXOMIN AGIRRE” | AGIRRE, JOXEAN » |
AGIRRE, JOSE MARIA – “XABIER LIZARDI”
Xabier Lizardi ezizenez aski ezaguna den euskal poeta Zarauzko Azara kalean jaio zen, 1896ko apirilaren 18an. Hamar urte igaro ostean, ordurako Gipuzkoako hiriburu izateari utzi zion arren oraindik ere ospetsua zen Tolosara joan zen bizitzera familiarekin (Lertxundi; Otaegi, 1994: 23). Bertan, ordea, ez zuen Zarautz ahantzi, izan ere, autorearen artikulu batzuetan (Tristezas de un jocoso sentimental, Zarautz erdelerri), baita olerki-zatiren batean ere (Maitea) adierazi zuen bere jaioterriari zion maitasuna (Otaegi, 1994: 23).
Jose Maria Agirrek Zarautzen hasi zituen lehen hezkuntzako ikasketak eta Tolosan jarraitu. Beranduago, baina, Madrilera joan zen, beti desio izandako zuzenbide-ikasketak egitera. Lana zela-eta eskoletara joateko aukera handiegirik izan ez bazuen ere, ohi baino azkarrago lortu zuen titulua. 1917an, hogeita bat urterekin, Madrileko Unibertsitate Zentralean amaitu zituen ikasketak. Tolosako Perot tela metalikoen fabrikako gerente bihurtu zen 1923an, hori izan zuelarik bizimodua (Lertxundi; Otaegi, 1995: XII).
Baldintza ekonomiko horrek emandako ziurtasuna dela medio, Zarautzen ezagututako Pakita Eizagirrerekin ezkondu zen, 1923an, eta lau seme-alaba izan ziren erlazioaren emaitza (Otaegi, 1994: 31). Dena dela, alaba bakarra hil egin zitzaion, eta haren sehaska hutsik ikusirik, barruan zeraman mina askatzeko, olerki bat eskaini zion: Otartxo utsa. Hori gutxi balitz, 1925eko Gabonetan Xabier semea ere zendu zen; hari, omenaldi gisa-edo, Xabiertxo’ren eriotza poema idatzi zion.
Seme-alaben heriotzek bizitza markatu zioten dudarik ez da. Heriotza haiei amonarena gehitu behar, gainera; hari Biotzean min dut olerkia eskaini zion. Beranduago poema hori erabili zuen Francisco Eskudero konpositoreak, musika gehitu eta “Hileta” izeneko oratorio ezaguna osatzeko (Lertxundi).
Ez da arraroa, beraz, Lizardik heriotzari buruzko hausnarketak egitea, besteak beste hori zelako kezkatzen zuen gaietariko bat. Horrez gain, gaztarotik bertatik nabari zaio izadiarekiko ardura, baita kristautasunerako, abertzaletasunerako eta euskaltzaletasunerako atxikimendua ere. Biotz begietan liburuan antzematen zaie sentimendu horiei (Lertxundi). Alde batetik, Bultzi-leiotiken ageri du izadiarekiko amodioa; bestetik, Yaun errukorra zein Agur! zein beste zenbaitetan kristau senetik ari zaigu poeta eta, azkenik, Gure mintzo olerkian, adibidez, aberriaz eta, batez ere, hizkuntzaz dihardu.
Horren harira, Lizardik euskara kalera, plazara, mundura zabaldu nahi duela adierazten du, hizkuntzak hori merezi baitzuen. Bernart Etxepareren desio berbera zuela frogatzeko, Eusko Bidaztiarena olerkian erabiltzen du haren ideia. Euskaltzaleak edozein esparrutan euskaraz mintza zitezen nahi zuen:
Badakit nik, bat-batetan, euskera utsez, bere batzarrak egiten ezin asi ditekela “Eusko-Ikaskuntza”. Baña, beintzat, izkera biak naasi lezazke, ta batzarrero ordu-laurdentxo batean euskeraz aritzeko oitura artu ere bai. (Euskera Aundiki soiñekoz I).
Lizardik, poeta gisa, ahal zuen guztia egin zuen euskararen alde. Gainera, haren aburuz, hizkuntzarik gabe abertzaletasunaren aldeko ideia guztiak hanka-motz gelditzen ziren (Larrion). Are gehiago, Zeletak dioskun moduan, behin hauxe aitortu omen zuen J.M. Agirrek: “Ezin genezakek abertzale bidetik jo “PRIMO”k eragozten digulako. Euskera bidez jo dezagun” (Zeleta, 1933: 6).
Gerra-aurreko egoera euskararentzako ona izan zen, ezbairik gabe. Euskal Pizkundean aldizkariak, antzerki taldeak, Lore Jokoak etab. ugaritu egin ziren eta, kulturgintzari dagokionez, “inoiz baino idazle, margolari, kazetari eta kulturgizon gehiago ikusiko dugu” (Lertxundi). Testuinguru horretan, bazegoen Lizardiren nahia betetzeko bide bat: menderatutako herriak literaturaren bidez berpiztearena. Pentsaera hori ardatz harturik aritzen ziren garai hartako hainbat artista (Otaegi, 1994: 51).
Euskararen zein aberriaren aldeko atxikimenduak bultzatuta, 1928-1930 bitartean, Euskaltzaleak elkartearen lehendakari izan zen. Elkartearen ekintza anitzetan parte hartu zuen, hala nola, hainbat idazlerentzako gune izango zen Euskal Egunkaria sortu zuen edo Kirikiño Saria, Aur Egunak, Errenteriako Olerti Eguna etab. Antolatu zituen. Halaber, politika-arloan ere aritu zen eta, EAJren Aberri eta Comunión adar bananduaren arteko elkarrizketetan parte hartzeaz gain (batasunaren aldekoa baitzen), partidu horretako Gipuzkoako Buru Batzarreko idazkari kargua bete zuen (Otaegi, 1994: 44).
Gizarte- eta kultura-esparruetan gizon arduratsua izan zen Lizardi; horrek ez zion literaturan aritzeko gogoa areagotu baino egin. Gaur egun duen ospea olerkigile moduan lortu du, arlo hori jorratu baitzuen gehienbat; Lizardiren ekarpen handien erakusgarri dira, alde batetik, Biotz begietan (1932) eta, bestetik, Jose Ariztimuñok, Aitzolek, Lizardi hil ostean argitaratu zuen Umezurtz olerkiak (1934), aitarik gabe gelditu ziren olerkiei erreferentzia eginez. Bertan, Aitzolek aurkituriko olerkiez gain, amaitu gabeko poemak eta olerkiak sortu baino lehen eginiko eskemak eskaintzen zaizkigu (Lertxundi). Egia esan, Lizardiren olerkietako gaiak haren hausnarketetan agertzen ziren berberak dira: izadia, bizia eta heriotza, aberria, euskara eta euskal tradizioa. Estiloaz denaz bezainbatean, modernotasuna, berritasuna eta originaltasuna goraipatu ohi zaizkio (Otaegi, 1995: XV-XVI).
Poesian ez ezik, antzerkian eta kazetaritzan ere trebea zen. Horren erakusgarri da Euzko Deya, Argia, Euzkadi, El DÃa, Amayur, Euskalerriaren Alde, Euskal Esnalea, Yakintza, Antzerti eta beste aldizkari askotan parte hartu izana. Horregatik, azken alor horretako hainbat lan, 1927tik 1933rarte eginiko artikulu batzuk hain zuzen, Itz-lauz (1934) liburuan bildu zituzten Euskaltzaleak elkartekoek; antzezteko sorturiko obrak, aldiz, Antonio Maria Labaien tolosarrak zuzentzen zuen “Antzerti” aldizkarian argitaratu zituen Laño ta izar (1932) eta Bi aizpak (1932) izenburupean. Ezkondu ezin ziteken mutilla (1953), berriz, “Egan” aldizkarian publikatu zuen Labaienek.
Dena dela, kontuan hartu behar da J. M. Agirrek olerkigile gisa baino antzerkigile moduan lortu zuela arrakasta bere garaian, izan ere “(…) hizkeraren trinkoagatik eta gogoetaren malguagatik, Xabier Lizardiren poesia gizamaila kultu baten kontsumorako artea zen. Bere garaiko klase landua, zoritxarrez, erdalduna zen gehienbat, eta euskaldungoa berriz ez zen aski eskolatua euskaraz, edertasuna posible zela frogatzen zion artistaren lana dastatzeko, urte asko eta historia luze bat pasa behar izan dute poesia minoritario hura herri oso baten erreferentzia izaten hasteko” (Izagirre, 2000: 8).
Poeta honi, baina, goiz etorri zitzaion heriotza. Hogeita hamasei urte besterik ez zituela pneumonia batek harrapatu eta 1933ko martxoaren 12an, arratsaldeko 15:30etan, hil zen. Otaegik dioskunaren arabera, hilkutxa Perot fabrikako gela batean egon omen zen, bertako nagusi zein langileen arteko harreman onaren erakusgarri. Omenaldi eta oroitarriren bat eskaintzeaz gain, jaioterriko Azara kalea Lizardi kalea bihurtzeko proposamena ere egin zuen Antonio Maria Labaienek (1994: 41); estimatua izan zen seinale, zalantzarik gabe.
Ordutik hona, asko dira Xabier Lizardiren lana goretsi dutenak. Horien artekoa da Gabriel Aresti, haren poemek irakurleengan sortzen duten sentimendua azaldu nahian zera adierazten duelarik: “Lizardik urrezko orri bat eskribitu zue[n](la) euskal literaturan, guztirik ederrena, guztirik dizdiratsuena. Haren izena munduko abantgoardian aurkitzen da” (apud Izagirre, 2000: 8).
Horrez gain, Koldo Mitxelenaren iritziz, Jose Maria Agirreri euskal literaturan aparteko lekua aitortu behar zaio (1960: 148) eta, halaber, Xabier Leteren ustetan, Lizardi izan da hizkuntza poetiko berezi bat moldatu zuen lehen euskal poeta (1974: 14-15).
BIBLIOGRAFIA
IZAGIRRE, Koldo (arg.) (2000): XX. mendeko poesia kaierak – Xabier Lizardi. Susa. Zarautz.
LARRION, Patxi. “Jose Maria Agirre Xabier Lizardi (Zarautz 1896-Tolosa 1933)”. Online: http://www.argia.com/mendea/pertso/ 33lizar. htm [kontsulta: 2010-02-19].
LERTXUNDI, Anjel. “Xabier Lizardi (1896-1933)”. Online: http://www.terra.es/personal3/zuzendaria/mintegi/euskara/1896.html [kontsulta: 2010-02-19].
MICHELENA, Luis (1988): Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein.
OTAEGI, Lourdes (arg.) (1995): Euskera aundiki-soñekoz (Jose Maria Agirre, Lizardi). Euskal Editoreen Elkartea. Donostia.
________________ (1994): Lizardiren poetika. Erein. Donostia.
ZELETA, Jon (1933): “Lizardi’tar Xabier (G.B.)” in El DÃa 18-03-1933. Online: http://www.hemeroketa.com/tmp/12658252 95195.pdf [kontsulta: 2010-02-10].
??
??
??
??
3
« AGIRRE BADIOLA, DOMINGO – “TXOMIN AGIRRE” | AGIRRE, JOXEAN » |