« AZCUE, RESURRECCIÓN MARÃA | AZURMENDI, MIKEL » |
AZURMENDI, JOXE
Joxe Azurmendi Zegaman jaio zen 1941eko martxoaren 19an, eta gaur egungo euskal saiogile gorenetako bat da, gorena ez esatearren. Arantzazuko Frantziskotarrenean ikasi zuen, eta ordenan sartu zen. Oliten eta Arantzazun ikasten jarraitu ondoren, Euskal Herritik kanpo, Filosofia ikasi zuen Alemanian, eta Teologia Erroman. 80ko hamarkadan frantziskotarren ordenatik irten eta EHUn irakasle hasi zen. Doktorego-tesia José MarÃa Arizmendiarrieta Arrasateko kooperatibismo-mugimenduaren sortzailearen filosofiari buruz egin zuen (1984), eta EHUko Filosofia Modernoko katedraduna da. Gazterik hasi zen garaiko euskal aldizkarietan (Olerti, Anaitasuna, Egan, etab.) argitaratzen, eta Jakin-en sortzaileetako bat izan zen.
Azurmendiren lanak bi talde nagusitan bana daitezke: poesia eta saiakera. Lehenengo generoa gazte-denboran landu zuen, eta sasoi hartakoa da Hitz berdeak (EFA, 1971) poema-liburua. Frankismoaren zentsura zela eta, baina, liburuaren pasarte bat ez zen argitaratu, eta Susa aldizkarian ikusi zuen argia 1990ean, Manifestu atzeratua izenarekin.
Hitz berdeak lana 50eko hamarkadatik aurrera Azurmendik idatzitako poemek osatzen dute, eta liburua Bitoriano Gandiagaren hitzaurrearekin argitaratu zen. Hitzaurrean bertan azaltzen du Gandiagak liburuaren oinarrian hiru koaderno daudela: 21 urte bete aurretik idatzitakoa, lehenengoa; gehien bat 1961 aurretik idatzitako poesia soziala jasotzen duena, bigarrena; eta 1965 eta 1967 arteko idazkiak jasotzen dituena, hirugarrena. Dena dela, badirudi ordena hori aldatuta edo moldatuta eman zuela zegamarrak, eta aipatzekoa da hain epe luzeko testuak elkarren ondoan jartzeak batasuna hausten duela, hots, liburuak izan zezakeen osotasuna apurtzen duela. Lehenengo pertsonan idatzitako poesia da Azurmendirena, eta “egia establezituen aurka eta, ondorioz, Jainkoaren aurka ere matxinatua” (Izagirre, 2001) ageri da. Alabaina, zegamarraren poesia sozialak ez zuen arrakastarik lortu, eta 60ko hamarkadan Gabriel Arestiren lan onenak argitaratu zirenean bilbotarraren arrakastak estali egin zuen Azurmendiren lana.
Saiakeraz denaz bezainbatean, luze eta sakon jorratu izan du Azurmendik generoa. Lehenengo saiakera-lana, gizarte-gaiei lotutakoa, Jakin aldizkarian kaleratu zuen “Kultura proletarioaz” (1973) izenburuarekin, etaordutik hona ia etengabe argitaratu ditu erraz zabaldu izan diren (eta zabaltzen diren) saiakerak. Bi urte igarota Gizona abere hutsa da (EFA, 1975) argitaratu zuen, eta 70eko hamarkadaren amaieran Euskal Herriko nahiz beste herrialde batzuetako idazleei eta literaturari buruzko saio interesgarriak argitaratu zituen, hala nola, Iraultza sobietarra eta literatura (Gero, 1975), Zer dugu Orixeren kontra (EFA, 1976), Zer dugu Orixeren alde (EFA, 1977), Errealismo sozialistaz (Kriseilu, 1978), Mirande eta kristautasuna (Kutxa, 1978). Bestalde, 1989an, Jon Miranderen pentsamendua (Susa) kaleratu zuen Azurmendik, eta 1991n Klaudio Otaegi olerkaria 1836-1890.
70eko hamarkada amaierako urteak aski emankorrak izan ziren Azurmendirentzat; izan ere, aipatutako saiakerez gain, Artea eta gizartea (Kriseilu, 1978), Nazionalismoa eta internazionalismoa (Lur, 1979), PSOE eta euskal abertzaletasuna (Lur, 1979) eta Sabino Aranaren pentsamendu politikoa (Lur, 1979) obrak ere kaleratu zituen.
Orduz geroztik, gaur egungo gai eta kezkei heldu izan die nagusiki Zegamakoak, bai eta zehatz eta sakon heldu ere. Azurmendiren lanak kritikatu izan dituen arren, Felipe Juaristik ondo laburbildu zuen Azurmendiren jokaera saiogile gisa: “Joxe Azurmendik gai bati heltzen dionean ez du uzten, harik eta agortzen zaion arte” (El Diario Vasco, 1993-12-19).
90eko hamarkadaren erdialdean bere lan arrakastatsuena argitaratu zuen Azurmendik: Espainolak eta euskaldunak (Elkar, 1994). Ia 600 orrialdeko saiakera da, non egileak hizkuntzaren inguruko mitologia eta ideologia aztertzen baitu, euskaldunen eta espainiarren ikuspegi eta ideiak garanduz. Andima Ibiñagabeitia saria irabazi zuen Caracasko Euskeraren Adiskideak elkartearen eskutik, eta lanak, salbuespenen bat salbuespen, harrera bikaina izan zuen euskal irakurleen artean. Lana idazteko asmoa eta proiektua 70eko hamarkadatik omen zetozen, eta aipatutako orrialdeetan barrena Espainiako intelektual eta pentsalariek euskaldunei eta euskalduntasunaren inguruan XVI. mendetik XX.era arte defendatutako ideia topikoak aztertzen ditu, ahulguneak eta gabeziak azaleratuz.
1997an Demokratak eta biolentoak (Elkar) argitaratu zen, eta liburu horretan aldez aurretik Jakin aldizkarian kaleratutako saiakerak bildu zituen Azurmendik. Estilo zirikatzaile eta polemista erabili zuen zegamarrak (“Zer zarete zuek: abertzaleak ala demokratak?” galdera da lehenengo esaldia), irakurleei pentsarazi nahian. Alemaniar pentsalarien (Nietzsche eta Spengler batik bat) ideiak baliatuta, demokraziaren kritika egin zuen, eta Euskal Herriko errealitate gordina aztertzeari ekin zion. Galderak bata bestearen atzetik harilkatu zituen Azurmendik, eta, hain zuzen ere, hori da bere abileziaren erakusle nagusietako bat, abilezia handiz lortzen baitu liburua osatzen duten pentsamenduak (sarri abstraktuak) lotzea.
1998an Oraingo gazte eroak (Luma, 1998) eta Teknikaren meditazioa (Kutxa, 1998) kaleratu ziren, eta handik urtebetera Hizkuntza eta talde nortasuna (EHU, 1999) eta Euskal Herria krisian (Elkar, 1999). Azken lan horretan oinarrizko ideia honako hau da: krisi orokorra bizi dugu, kultur sistema, balioak, usteak eta garaitikoak kolokan daude; Jainkoa gainditu genuen, baina beste Jainko batzuk beharrezko zaizkigu. Alabaina, Azurmendi ez da etsiturik ageri: krisiaren ondoren aro berria etorriko da, ez dago amaierarik. Eszeptizismotik ere badago lanean. Euskal Herriko gatazka politikoa hizpide hartuta, gatazkaren konponketa atzeratzen eta oztopatzen dituztenen aurka ageri da egilea. Biolentzia ez omen da onargarria, baina Euskal Herria mendean daukaten Espainiaren eta Frantziaren oinarrian biolentzia egon zen eta dago. Egoera ikusita, egoeraren araberako balio aldagarriak ditu mintzagai zegamarrak, hots, balioen erlatibismoa eta, zehazki, balioen erlatibismoa aurrerapausoak emateko tresna gisa.
2006an Espainiaren arimaz (Elkar) kaleratu zuen Azurmendik, non Espainiaren egungo eta etorkizuneko egoera aztertu baitzuen. Asko izan dira Espainiarekin eta Espainiaren arazoekin, izaerarekin edo arimarekin, XIX. mendetik aurrera, Volkgeist kontzeptua baliatuz, arduratu diren espainiar pentsalariak. Egia da, izan, kezka horiei helduta bide ezberdinak hartu eta baliatu dituztela, baina esan daiteke gehienengan helburu bera datzala: Espainiaren arima, funtsa, aurkitzea. Eta nola bilatu eta aurkitu behar izan dute elementu hori? Bada, beste nazio batzuen aurka, beste batzuk menderatuz. Tesi eta garapen horien erakusgarri, hainbat pasarte eta testu-aipu bildu zituen Azurmendik, non, besteak beste, hamarkadetan zehar iraun eta irauten duen esentzialismo eta arrazismo espainiarra ageri-agerian agertzen baita.
Azken urteotako lanak direla eta, Volkgeist. Ilustraziotik nazismora (Elkar, 2007) eta Azken egunak Gandiagarekin (Elkar, 2009) kaleratu ditu. Azken egunak Gandiagarekin da, zalantzarik gabe, Zegamakoaren obra pertsonalena: lan horretan, Gandiaga poetarekin igarotako azken egunen kronika ageri da, eta, hain zuzen ere, azken egun horietan jazotakoek eta hitz egindakoek bidea ematen diote Azurmendiri hariak luzatzeko eta gogoeta egiteko. Gandiagaren bilakabide poetikoa gogoan hartuta (Elorri > Hiru gizon bakarka > Uda batez Madrilen > Denbora galdu alde literatur ibilbidea, batik bat), hainbat gairen inguruko gogoeta egin zuen zegamarrak: erlijiotasuna, Jainkoa, ateismoa, arrazoia, herria, hiria, natura, kultura, heriotza eta bestelako gai sakonei heldu zien, baita sakon heldu ere.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki: (2004) Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
BATZUK (2010): Hegats. 45. Donostia.
IZAGIRRE, Koldo (arg.) (2001): XX. mendeko poesia kaierak. Joxe Azurmendi. Susa. Zarautz.
JUARISTI, Felipe (1993): “Espainolak eta euskaldunak”. El Diario Vasco. 1993-12-19.
« AZCUE, RESURRECCIÓN MARÃA | AZURMENDI, MIKEL » |