Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AZKUE, EUSEBIO M. D.

(Lekeitio, 1813-1873)
Paulo Kortazar

Eusebio Maria Dolores Azkue euskal idazle bizkaitarra Lekeition jaio eta hil zen. Ume-umetatik, Zamudion bizi izan zen, aitaren herrian, aita urte askoan izan zen bertako mediku. Gero, ikasketa klasikoak egin zituen Bilboko frantziskotarrenean: latina, filosofia, erretorika, bere idazlanen iturri izango ziren erdal idazle klasikoei buruzko jakinduria sakonduz. Lehenengo karlistadan karlisten alde borrokatu zen, baina Marotoren hitzarmena aintzat hartu ez eta, 1839an, Ferrolera joan zen Nautika ikasketak egitera. Pilotu gisa itsasoan ibili ondoren, nautika irakasle egon zen Bermeon, Mundakan eta Lekeition. Bi aldiz ezkondu zen, hamabi seme-alaba izan zituen, horietako bat izan zen, hain zuzen ere Resurrección M. Azkue filologoa.

Olerkari matematika zaleak Mundakan idatzi zituen poesia gehienak, 1860 inguruan. Baliteke, han, J. A. Uriarterekin, Bermeon zen frantziskotarrarekin, harremanetan jartzeko aukera izatea. Hipotesi hori frogatzeko daturik ez badago ere, kontutan izatekoa da garai berean izan zirela biak Bermeon: bata Nautika irakasle eta bestea komentuan. Are gehiago, J. A. Uriarte bilatzaile zorrotzak bizkaieraz idatziriko poesia-bilduman E. Azkueren olerkiok hartzen dute lanaren atal nagusia, geroagoko R. M. Azkueren argitalpenekoak baino bertsio fidelagoa eskainiz, gainera. Eusebio Azkue euskal literaturan olerkari bezala nabarmendu zen arren, 1896an azaldu zen J. Manterolaren Cancionero Vasco-n, bere poema solteak baino ez ziren kaleratu. Beranduago, semeak, R. M. Azkue hizkuntzalari, biltzaile eta eleberrigileak, argitaratu zituen aitaren olerkiak, sortaren izenburutzat neoklasikoen asmoarekin lotura duen Parnasorako bidea aukeratuta. Argitalpen horretan hainbat aldaketa egin zituen semeak, adibidez, bertsoen ordenari dagokionez, lerro osoak ezabatuz eta ahapaldiak zein hitzak eta ortografia aldatuz. Bestalde, R. M. Azkuek Aita J.A. Uriartek, E. M. Azkue eta beste zenbait idazleren lanak batzen zituen bizkaitar poesia-bildumari Poesía Vascongada izenburua jarri zion, bai eta argitaratu nahi izan ere. Lanak, ordea, ez zuen argirik ikusi 1987an J. Kortazarrek eta M. Billelabeitiak kaleratu zuten arte. Azkenez, 1990ean, A. Astigarragak eta K. J. Bijuescak eman zuten argitara Euskerazko versoac izenaz eta jatorrizko grafiaz.

J.B. Orpustan-en (1996, 188) ustez, Frantziskotarrengandik hartutako heziketa klasiko eta erlijio zalea argi ikus daiteke Azkueren olerkiotan. J. Kortazarrek (1997, 113), ordea, neoklasikoen tradizioan hezia izandako idazletzat eta Urrezko Mendeko idazle espainiarren oihartzunak dituen trantsizioko idazletzat du, halaber, jostalari eta ziri zale ageri dela dio. Astigarraga eta K. J. Bijuescaren arabera (1990, 19), berriz, nabariak dira Espainiako Klasizismoarekiko eta ahozko literaturarekiko loturak.

Gai eta olerki zerrenda luzea landu zuen Azkuek, euskal literaturan XX. mendera arteko oparoena: 121 olerki, 17 “ciri vertsoak” eta epigrama barne. Askotan, gogokoen zituen irakurketa egin berrien arabera eraikitakoak dira testuak, estilo bakar bati jarraitu gabe egindakoak. Beste alde batetik, XIX. mendearen erdialdean idatziak izan arren, ez dira olerkari erromantikoen aukerakoak soilik. Maitasunak eragindako lirismoaren, askatasunaren balioaren, Erdi Aroak sortzen duen liluraren, errealitate arrunt eta etsigarritik ihes egin guraz ekarritako ukitu exotikoaren eta orientalistaren inguruan sortutako olerkiek kutsu erromantikoa badute ere, sarritan testuen garapenean joera neoklasikoa ageri da. Maiz azaltzen da joera errealista-ohiturazalea, eta nabarmentzekoa da hori, ezen joera hori erromantikoen gogokoa baita, herri kutsua, hizkuntza barne, agertzeko.

Baina, lehenago esan bezala, ukitu erromantikoez gain, badira molde neoklasikoa jarraituz eginiko olerkiak ere, mitologia gai edo aitzaki dutenak. Eremu horretan Eusebio Azkue da dudarik gabe mitologia zabal eta zehatz darabilen lehenengo euskal olerkaria.

Azpimarratzekoa da eguneroko gertaera eta ardura hurbilek eragindako kezkak ere sarritan azaltzen direla bere olerkietan. Eguneroko gertaera horiek aukeratzean idazlearen ideologia garbi azaltzen da.

Gaien arloan gertatzen den bezala, sarritan, munduaren ikuspegi desberdin bi hartzen ditu Azkuek. Erlijio munduari begiratuz gero, deigarria da Jainkoaren irudi gogorra ageri dutela poemek, eta, era berean, salbamenerako bide legez Andre Mariaren bitartekaritza eskaintzen dutela; hau da, Erlijio kristauaren alde beldurgarria eta maitagarria batera agertzen dira. Hala ere, Azkuek bere burua katoliko eta tradizionalista legez azaltzen zu olerkietan, Erdi Aroan bizirik zen erlijioaren ikuspegia adieraziz.

Ezin da ahaztu erlijioa eta politika nahasten diren eremua labana dela oso. Azkueren garaia nahasia zen erabat, antiklerikalismoa puri-purian baitzegoen. Bada, idazleak harturiko jokabidea ortodoxiaren aldekoa da, Aita Santuaren lurreko botereen alde egin zuen, fraide anaidiak deuseztatu zirenean haien alde eginez, masoien aurkako iritzia azpimarratuz eta fedea bizi ez zutenei gogor eginez.

Politikan tradizionalismo kontserbatzailearen eragina ageri du batez ere testu historiko eta egia legezkoak ematean. Aldaketa historikoen aurrean iraganaren mitifikazioa maite du (joera hori olerkietan jorratutako gaietan ere azaltzen da) eta munduak aldaketarik badakar alde okerrera joko duelakoan dago. Aurrerakuntzak liberalismoa dakar, eta harekin batera datoz hipokresia eta okerkeria. Horren adibide dira, bere ustez, hizkera eta Jainkoaganako errespetua galtzea, baita gurasoei zor zaien begirakune galera ere. Bestalde, gizatalde berria sortu zen sasoi hartan (burgesia, izena ez darabilen arren) diruari begiratzen diona; bada, kasu horretan ere, ikuspegi tradizionalistarekin bat egileak, kapitalismoaren kontra egiten du, antzinako erregimenaren erorketa eta gizarte mailak berdintzea okerrera aldatzea dela uste duelako. Poetak aberats eta txiroen artean banaturiko mundua du buruan, eta horien arteko lotura paternalismoan oinarritzen du, baina, era berean, oharturik da erregimen zaharrak burutu duela dagokion ibilbidea. Ikuspegi horretatik irakurtzen du Azkuek historia: bere baitan tradizionalismoaak atzerritarren aurkako joerarekin, xenofobiarekin bat egiten du, kontrara izan arren, aurrerakuntza zein hirietara etorritako langileak.

Dena den, inspirazioz jota idazten duenaren jarrera erromantikoa ere bada olerkion zirrikituetan. Erromantikoen idealismoan erroturiko ikuspegi modernoa, hedatu zuen Azkuek, literatura gizartea aldatzeko gakotzat joaz eta olerkaria gizartearen gainetik jarriz.

BIBLIOGRAFIA

ASTIGARRAGA, Asier eta BIJUESCA, K. Josu (1990): “Eusebio M. Azkue (1813-1873)” in Euskarazko Versoak. Labayru. Bilbo. (14-40 or.)

KORTAZAR, Jon (1987): “Eusebio Azkueren poesiagintza” in Poesia Bascongada. Dialecto Vizcaíno. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo. (25-42 or.)

KORTAZAR, Jon (1997: Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.

ORPUSTAN, Jean.Baptiste (1996): Précis d´histoire littéraire basque 1545-1950. Editions Izpegi. Baigorri.

URIARTE, Jose Antonio (1987): Poesia bascongada dialecto vizcaino. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus