« ARRUTI, TXOMIN – “MENDILAUTA” | ASTARLOA, PEDRO JOSE » |
ARTZE, JOSANTON – “HARTZABAL”
1939ko apirilaren 6an Usurbilen (Gipuzkoa) jaioa, XX. mendeko bigarren erdiko poeta originalenetakoa da Joxe Anton Artze “Hartzabal”. Gazte denboran zenbait urte Europan barrena –Paris, Estokolmo, Ingalaterra– egin ostean, Euskal Herrira itzuli eta 1965ean. Ez Dok Amairu taldea sortu zuen Jexux anaia eta, besteak beste, Xabier Lete, Jose Angel Irigarai, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundirekin elkarlanean.
Aipatzekoa da usurbildarrak txalapartaren modernizazioan aipatu anaiarekin eginiko lana, 1968 eta 1975. urteetan argitaratutako diskoak tartean. Baga, biga, higa (1969) edo Ikimilikiliklik (1970ko hamarkadaren hasieran) ikuskizunetako antolatzaile eta partehartzaile izateaz gain, Joxe Anton Artze izan da olerkia plazara nahiz antzeztokira, askotan musika eta dantzarekin lagunduta, eraman duen lehen euskal poeta.
Artzeren poesia-ibilbideaz hitz egitean, kritikak bi aro nagusi ezberdindu izan ditu: lehenengoa, 1969tik 1979rako; eta bigarrena, 1987tik orain artekoa. Bi aroen artekoak isiltasun urteak izan ziren.
1969an kaleratu zuen Artzek lehen poema-bilduma Isturitzetik… Tolosan barru izenburupean, eta egilea bera izan zen argitaratzailea. Opera prima horren ezaugarri nagusienetakoa, nagusiena ez bada, autoreak formari eman zion garrantzia da: “Bere berezitasun morfologikoan izenak idazlearen berritasun nahia agertu zuen.” (Kortazar 1998: 56). Edukia ez ezik, liburua bera objektu estetikoa da, artelana. Edukia Isturitzetik Tolosara Euskal Herrian barrena egiten den bidaia legez aurkezten du autoreak, geldiune bakoitzean poema bat eskainiz. Bidaia horren mapa da, hain zuzen ere, liburuko aurkibidea.
Juan Mari Lekuonak 1970ko kritika batean bost atal bereizi zituen liburuaren baitan:
“1. Aozko literaturaren kimu berritze bat
2. Konkretu izeneko poesia lan ederra
3. Pikareska moduko filosofia
4. Errotutako gizona, pentsamen gurpil agerikoa… Askatasuna da, agian, bere gairik aipatuena ta biozkadarik ozenena…. Emakumea
5. Mugaketak eta arrixkuak: Bere itz ikasketak eta ots ikasketak, sorgin izkuntza baten lilluratasuna badariote ere, kontu aundia izan behar du egilleak geiegizko batean eror ez dadin…”
Zaharra eta berria kontrajartzen ditu hizpide dugun obrak azaletik bertatik. Arestian aipatutako bidaiak Isturitzen, primitibotasunean, hasi eta, apurka-apurka hersten diren zirkuluetan barrena, Tolosa moderno eta industrializatuan amaitzen da. Kortazarren hitzak jarraituz, modernotasun-giro hori edo, zehatzago, giro horrek dakarren bizimodu eta balio-sistema, jasangaitzak dira autorearentzako. Hiru ezaugarriren bidez identifikatzen du: fedea, agintea eta industria; poeta hiruren kontra ageri da bete-betean. Egoera hori apurtzeko bidea jatorrira, erroetara itzultzea litzateke, “euskaldun=fededun” gisako topikoak apurtu eta linboa bezalako tarteei lekurik utzi gabe. Matxino-izaera horri loturik doaz askatasunaren aldarrikapena –horra hor “Txoria txori” famatua– eta emakumearen ezaugarritze berria. Izan ere, emakumearekiko maitasun idealizatua baztertu eta emakumearen irudi erotikoa darabil usurbildarrak. Barrenetik dakusa egoera poetak, eta barrenetik mintzo da.
Bestalde, arestian aipatu bezala, formak berebiziko garrantzia dauka Isturitzetik… Tolosan barru obran. Aipagarria da testuen eta hitzen zein testuen eta irudien arteko loturak zer nabarmenak diren, autorearen joera metaliterarioa tarteko. Belokik 1975an esan bezala, poesia bisuala da Artzerena. Hoskidetasunekin, (txalaparta-) erritmoarekin, kaligramekin, koloreekin, irudi eta irudien formekin, ollageekin literatur jokoa aurkezten du Artzek: zenbait poema irakurtzeko ispilua beharko du irakurleak, inoiz orrialdeetan dauden ebakiak zabaldu barruan dagoena irakurri ahal izateko, testua erakutsi eta ostendu egiten duten gurpilak biratu, eta abar.
Umore beltza, ironia eta irakurlea harritzeko eta bidegurutzera eramateko abilezia dauka usurbildarrak. Abangoardietatik, Chillida eta Oteiza eskultoreen obretatik nahiz milenarismo eta Garnierren espazialismotik hurbil kokatu izan da Artzeren lehen lan hau. 2007an berrargitaratu zen, aurrenekoz, liburua.
Isturitzetik… Tolosan barru argitaratu eta lau urtera liburu bikoiztua argitaratu zuen Artzek –autorea argitaratzaile izan zen ordukoan ere–: Laino guztien azpitik… (1973) eta …eta sasi guztien gainetik (1973). Izenburuek sorginei euskal tradizioan egotzi izan zaien esaldia biltzen dute, hau da, lehenengo obran agertutako zenbait balio berreskuratu eta garatu egiten dira hauetan ere, aurreko liburuko giroan sakondu egiten da. Are gehiago, 1973ko lanotan agertzen diren zenbait poema Isturitzetik… Tolosan barru lanean argitaratu ziren lehendabizi.
Laino guztien azpitik.. eta eta sasi guztien gainetik obretan “Ideologiaren aldetik bermatu ditu bere iritziak eta erreboltak indar handiagoa hartu du.” (Kortazar, 1998, 65). Lehenengo obraren bidetik jarraitzen badu ere, berrikuntza batzuk egon, badaude: mundiak bizi duen ordena eza eta aniztasuna islatzen du testuetan –hemen ere ez daukagu aurkibiderik, pertsonaia zein hizkuntza ezberdinak ageri dira– eta autoreak aldaketak eta bilakabideak nahi ditu. Gizartearen egoera hobetzeko bidea elkartasuna izango da oraingoan, baina poeta izaki manikeotzat agertuko da, ez baitu jarrera neutralik edukitzeko aukerarik onartuko. Estiloaz denaz bezainbatean, aipagarria da idazleak darabiltzan irudietako sakontasun ea aberastasuna, bai eta, aurreko obrarekin erkatuz gero, erritmoari emaniko leuntasun-maila handiagoa.
1979an argitaratu zen Artzeren poesiako ziklo experimentalista ixten zuen lana: Bide bazterrean, hi eta ni kantari. Koldo Izagirrek 2001ean “poema fisikoki irakurleak berak idatziz haurtzaroko hitzaganako lilura berreskuratzeko jostailua” esaldiaz definitu zuen liburua. Muturreraino eraman zuen usurbildarrak formarekiko zeukan obsesioa, hain muturreraino non irakurlei eurei eskatzen baitzitzaien poemak irudiak lotuz idazteko.
Zortzi urteko isilaldiaren ostean bere obra mardulena argitaratu zuen: Ortzia lorez, lurra izarrez (Elkar, 1987) izenburupean. Kortazarrek autorearen liburu borobilenatzat jo zuen. Artzek forma eta itxurari aurreko lanetan emaniko garrantzia baztertu eta edukian, mamian, jartzen du indar handiena. Hala zioen Kortazarrek 2003an: “liburuan oximoroma eta aurkakoen arteko lotura baliatu ditu [Artzek]. Testuaren funtsezko ezaugarri dira txikitasunaren ikuspegia eta poetikotasuna. Hitz jakin bat errepikatu ea txandakatzeak sortzen duen musikaltasunak harilkatzen ditu gaiak. Budismoa eta erlijio tradizionalak daude gaien oinarrian”.
Idazleak darabiltzan errekurtsoen artean paradoxa, hitz-jokoa, simetria eta kontrajarpenak dira nagusi eta bikoizketa izenburutik bertatik agertzen den kontzeptua da, jatorrizko batasuna apurtu ostean agertutako bikoiztasuna. Amaia Iturbidek Artzek obra honetan “edozein manikeismori itzuri eginez, mugarik gabe eta era biluzian landuko duela arketipoa” dio, “gizakia besarkatzeraino landu ere, eta analogiaren bidez, erotismoa laztanduko.” 1988ko Gizon handia da mundua, eta mundu ttikia gizona ikuskizuna azken obra horri loturik dago.
Bigarren isilaldi baten ostean, 1998an, Ortzia lorez, lurra izarrez obraren ildo beretik zihoan Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat (Elkar, 1998) argitaratu zuen disko eta guzti. Edukiari gagozkiolarik, garai ezberdinetan idatzitako olerki moldatuak argitaragabe batzuekin eta emanaldietako hainbat argazkirekin batera bildu zituen. Izaniko kritikez denaz bezainbatean, hala mintzo zen Javier Rojo azken 1999an:
“Poetaren ardura nagusia izatea baita, zer den benetan izatea. Erantzunak aurkitu nahirik paradoxa erabiltzen du maiz, hau egia bilatzeko tresna egokiena bailitzaion. Hargatik, izatea eta iruditzea kontrajartzen dira, edota izatea eta edukitzea. Honelako kontrajarpenetatik ateratzen duen ondorioa agian sinplea da, baina funtsezko gauzek duten sinpletasunaz hornitua: izatearen oinarrian maitasuna dago.”
Mende berriarekin batera, azkenik, 2001ean Oihana auheneka (Jazzle) disko-liburua argitaratu zuen. Liburuak edukitako kritika bakarrenetarikoan, Fito Rodriguez idazleak hala definitu zuen edukia:
“Oihana Auhenkaren erantzuna naturaren aldarrian aurkitzen da. Benezkotasunaren egitatean. Hauxe dugu, eta ez besterik, bere ekarpena. Hau da, gaur egun arte egiterik baldin badago, hautsi beharra dago Faustoren izpiritu erromantikoaren hedapena eta, aitzitik, ekintza egin beharrean, egitatearen bidez lan egin.
Artea, zentzu klasikoan bederen, “aletheia” dugu. Erakusketa partziala. Gauzak edo egoerak, edota sentimenduak ere, ikusarazteko talaia fenomenikoa. Ikuskera hori ezin da kontzeptuak ematen duenarekin alderatu. Artearen eragina ez da egintza bati dagokiona, ezta gertakizunak duen edukiarekin batera uler daitekeena ere. Arteak ikusmirak aurkitu eta eskaini egiten ditu.
Hau da Oihana Auhenkan aurkitzerik dagoena. Naturaren ikuspegiak ematerik duen sosegua.”
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, I. (2008): Euskal literaturaren historia. Erein, Donostia.
GANDARIAS, Z. (2009): Isturitzetik… Tolosan barru poema liburuaren identitatea eraikitzen (tesina-lana, argitaragabea).
ITURBIDE, A., (2000): B. Gandiaga, J.A. Artze eta X. Leteren poemagintza. Poesia tradizionalaren bidetik. Erein. Donostia.
IZAGIRRE, K. (arg.) (2001): XX. mendeko poesia kaierak: J.A. Artze. Susa Argitaletxea. Zarautz.
KORTAZAR, J. (1998): “Joxe Anton Arzeren poesia”. Sancho el Sabio . 9. 47-80. or.
_____________ (2003): “Artzeren poesiaren pentsakizuna”. Lapurdum. 8. 285-328.
_____________ (2003): Euskal literatura XX. mendean. Prames-Las Tres Sorores. Zaragoza.
RODRÃGUEZ, F. (2002): “Oihana auheneka”. Gara. 2002-03-02.
ROJO, J. (1999): “Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat”. El Correo. 1999-03-10.
« ARRUTI, TXOMIN – “MENDILAUTA” | ASTARLOA, PEDRO JOSE » |