Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARRUE, GREGORIO

(Hernani, 1811-Zarautz, 1890)
Manu Lopez Gaseni

Gregorio Arruebarrena Rezola Hernanin jaio zen 1811n eta Zarautzen hil zen 1890ean. Hamazortzi urte zituela, nobizio sartu zen frantziskotarrenetan, Arantzazun, baina handik gutxira gaixotu zen eta komentua utzi behar izan zuen. Irakasle ikasketak eginda, maisu aritu zen Zarautzen, eta hantxe bisitatu zuen Bonaparte printzeak Euskal Herrian ibili zela. Bonaparterekin eta Van Eysekin aritu zen lankidetzan, gizpuzkerarako itzultzaile moduan eta euskara irakasle.

Izan ere, Gregorio Arrue itzultzaile gisa izan zen ezagun eta ospetsua. Dotrinak eta santuen bizitzak euskaratu zituen batik bat, gaztelaniatik: Cristauaren Dotrinaren jaquinbide azaldua, edo Asteteren dotrina (1858), Brabanteco Genovevaren bicitza arrigarri miragarria (1868), Villacastin-en Oracio mental edo pentsamentuzcoa iduquitzeco gai egoquiac dacazquian escu-liburua (1880), Aita San Ignacio Loyolaco Gloriosoaren bicitza (1881), San Alfonso de Ligorio-ren Mariaren Gloriac (1881), José Mach-en Salbacioco aingura (1883), Cristau eguiazcoaren Jaquintasun aundi eta errazoibide zuzena (1884), Cerura igotzeco escallera (1886), Sacramentu chit santuari eta Maria guciz santari illaren egun gucietaraco icusaldi edo bisitac (1887), Kenpis-en Cristoren Imitacio eta munduaren desprecioa lau liburutan (1887), Segur’en Comunio Santuaren gañean (Tolosa, 1883), Mayetzeco illa (1889), Aita San Jose gloriotsuaren bederatziurrena (1889), San Roque santu guciz artuari bederatziurrena (1889), Silvestre Llanson-en Maria doncella guciz garbiari bederatziurrena (1889), Carmengo Ama Birgiñaren bederatziurrena (1889), eta abar.

Euskal idazlan batzuk gipuzkerara aldatu ere zituen, hala nola, Juan Jose Mogelen Baserritar jaquintsuaren echeco escola (1878) edo Sebastian Mendibururen Jesusen Bihotzaren devocioa (1883). Juan Antonio Mogelen Peru Abarka ere gipuzkeraz jarri omen zuen, baina ez zuen argirik ikusi Euskalerriaren Adiskideen Boletinean plazaratu zen arte.

Testu politiko bat ere euskaratu zuela esan ohi da: Felix Sardá i Salvany apaiz katalanaren Liberalen dotriña pecatu da (1887); hala ere, liburu horretan ez dago itzultzailearen aipamenik.

Horien guztien artean ezagunena Brabanteko Genovevaren bizitza izan zen. Jatorriz Christoph Schmid apaiz katoliko alemanak idatzita, Erdi Aroko elehezahar ezagunaren berridazketa bat da, tonu erromantikoan. Europa osoan oso hedatua egon zen, eta Espainiara XIX. mendearen erdialdean iritsi zen; handik euskaratuko zuen Arruek seguruenik. Arrueren itzulpenak berrargitarapen batzuk izan ditu, heldu zein gazteentzat, eta herri bertsotan ere badu bertsiorik, besteak beste Manuel Lekuonak Zapirain bertsolariari jasotakoa, 1929an.

Itzulpenetatik at, Gregorio Arrue Donostiako Lore Jokoetan saritua izan zen, 1882 eta 1884an. Gainera, Eusebio López editore tolosarrari lagundu zion Aizkibelen hiztegia zuzentzen eta Azkuek bere hiztegirako baliatu zituen Arruek Larramendiren hiztegiari egindako albo-oharrak.

Hil zenean, argitaratu gabeko eskuizkribu asko utzi omen zituen, horietarik batzuk Donapaleuko frantziskotarren komentuan gordetzen dira eta beste batzuk Jose Maria Arrue ilobak omen dauzka.

Villasantek dioenez, itzultzea den zeregin gaitzean garaile ateratzen zen Arrue. Hain zuzen, itzultzaile gisa irabazitako ospeak eraman zituen Bonaparte eta Van Eys haren laguntza bilatzera. Mitxenaren iritziz, berriz, itzultzea inkontinentzia moduko zerbait izan zen Arruerentzat, hainbeste itzuli zuen.

BIBLIOGRAFIA

Auñamendi Eusko Entziklopedia, on line: http://www.euskomedia.org/aunamendi/5478

LÓPEZ GASENI, Jose Manuel (2000): Euskara itzulitako haur eta gazte literatura. EHUko Argitalpen Zerbitzua. Leioa.

MENDIGUREN BEREIZIARTU, Xabier (1995): Euskal itzulpengintzaren historia laburra. Elkar. Donostia.

MICHELENA, Luis, 1988, Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. (2. ed.).

VILLASANTE, Luis (1979). Historia de la literatura vasca. Editorial Aránzazu (2. ed.).

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus