Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARRIETA, YOLANDA

(Etxebarri, 1963)
Miren Billelabeitia

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria (1963) Etxebarrin jaio zen

1963an. Irakasle ikasketez gain, Antzerkia eta Kultur eta Gizarte Antropologia ikasketak ere egin ditu. Lanik sakonena, baina, aspaldidanik eta etengabe garatu duena, literaturaren ingurukoa izan da: bai sortzaile legez, bai literatura-tailerrak gidatuz zein literaturzaletasuna eta irakurzaletasuna bultzatuz. Azken alor horretan, azpimarragarria da literaturara hurbiltzeko haur txikien guraso eta irakasleekin egiten dituen saioak.

Literatura ekoizpenari gagozkiolarik, aipatzekoak dira helduen literatura-arloan argitara emaniko lanak, esaterako: Jimiren laguna (1990) eta Luisa (1991) ipuinak, Susa aldizkarian argitaratuak. Legazpi saria jaso zuen. 1995ean Eganen agertu zen Noiz baina! antzerki lana. Yolanda Arrietarenak dira, halaber, Lekurik bai? eskola antzerkia (1996) eta Bihozkadak antzerki-dantza-poesia ikuskizunaren testua (Egan aldizkaria. 1996-1).

1998an Irun saria irabazirik, Jostorratza eta haria eleberria eman zuen argitara Kutxa Fundazioak. Handik hiru urtera, lanak bigarren argitalpen eraberritua izan zuen Alberdania argitaletxearen gazteen literatura-sailean. Azkenez, 2005ean, argitalpen elebiduna kaleratu zen Madrilen, Atenea argitaletxeari esker.

Joko bi daude Jostorratza eta haria eleberrian: lan liriko gisa deskribatu izan da, baina testua ehundu eta josi egiten da narrazioa osatu nahian, Grezia klasikoaz geroztik literatura egitea adierazteko erabili izan den metafora hartuz (Kortazar, 2000: 284). Beraz, lan metaliterarioa dugu, edo konstruktibismoari loturikoa, literaturaren konponketari buruzkoa.

Kontakizunaren ardatza familia baten historia izanik, josten ikasteko esku liburu gisa aurkezten den nobelak garbi agertzen du joera sinbolikoa. Kontalariak iragan urrunera egiten du jauzi, zer eta ordutik hasita eta gaur egunera arte kontakizuna luzatzeko. Batzuetan, kutsu sinbolikoa eta fikzioa nabari-nabariak dira; besteetan, errealitateari estuago atxikita dabil idazlea. Horrela, historiaurreko lehenengo emakumeak egindako lehenengo josturarekin hasi eta historian zeharreko ibilbidea egiten da. Egia antzik izateko asmorik ez duen fikziozko atala emeki josten du idazleak errealitateari lotuago dagoen familiaren historiarekin eta kontalariaren hurbileko historiarekin, sinbolikotasunaren haria askatu gabe. Bestalde, kontaketa, jaiotzear dagoen alabari zuzentzen dio ama kontalariak, bizitza-testamentu gisa. Bizitzarako tresna horretan ez dira falta azalpen eta aholkuak, lehen eta hirugarren pertsonan emanak, eta baita bigarren pertsona deiktikoan ere.

Lehenengo edizioan, aurkibideak egitura gotorreko testua erakusten du, josketaren pausoak argi agertzen dituena. Bigarren edizioan, ostera, aldaketak daude: batetik, kontalariak, eta idazleak, testua osatzean izan duen helburua, testuaren muina eta klabe nagusiak azaltzeko sarreratxo bat bada. Bestetik, lehenengo edizioko aurkibidean atal bakoitza azpiatalez josita zegoen, azpiatalok idazlearen bidearen berri ematen zuten. Bigarrenean bost atal nagusiak mantendu badira ere, aurkibidean ez dago azpiatalen aztarnarik. Argiago azaldu nahi izan dira antolaketaren multzo nagusiak, nolabait. Irakurketa askoz ere markatuago geratzen da horrela. Idazleak aurkeztu nahi zuen egitura eta azpiegitura estalita, testuaren zehaztugabetasuna, irakurlearen esku uzten dena, indartu egiten da. Egitura gotorra ageriko egiten da atalen barne-egituraren simetrian. Dena dela, hasieran emandako azalpenaren eta ondoren datorren istorioaren arteko lotura ez da beti agerikoa, nahiz eta zenbaitetan egileak zinez egin nahi duen oroimen kolektiboaren transmisio-haria, eta hori argi eta garbi utzi nahi duela dirudien, erratze-biderako aukerarik eman gabe.

Hortaz, batez ere emakumeek transmititu duten hori litzateke oroimen kolektiboa, ahoz aho dabilena. Zientziaren bidez azterturiko historia, idatzizkoa, denborari loturik dago, Kronos batean gertatzen da. Baina, ez da hala testu honetan, ugari baitira denborari buruzko aipamenak, eta denbora hori ez da inoiz zehazten; datu batzuk ematen dira, baina zehaztugabeak gehienetan. Kronologiaren jarraipenik eza belaunaldiei buruzko aipamenekin ordezten da sarritan, ahoz kontatutako historia gordetzen duten herrietan bezala. Are gehiago, badira ipuinetan erabilitako formulak. Azken horri eta belaunaldiekiko aipamenei eleberri osoan zehar pertsonaien izenak errepikatzen direla erantsita, areagotu egiten da zehaztugabetasunaren irudia eta narrazioa bera amaierarik ez duen bide biribilkatuan dabilelako sentsazioa.

Prozedura guztien gainetik, baina, indar sinbolikoa dago. Helburu bat du idazleak. Identitateari buruzko aurkezpena, nobelaren hasierak indartu egin duen bidea da. Historia eta istorioa, errealitatea eta fikzioa nahasten saiatzen den kontaera hiru kontalari maila nagusi erabiliz egiten du egileak. Lau ahots dakartza: narratzaile estradiegetikoa eta hiru narratzaile intradiegetiko, akzioaren parean kontatzen dutenak.

Jostorratza eta harian-en modernitate ondorengoko ezaugarri bi ageri dira batez ere: batetik, adabaki txikiz osaturiko liburua dugu, fragmentarioa; bestetik, “eraikia” da, kostruktibismoaren barnean kokatzen dena. Maiz aipatzen da zatia kontaketan, baina txataldun izate horri kritikarik eza ere gaineratzen zaio, gertakizun, kontakizun eta istorioak pilatu egiten dira, eta datozen bezala pastixe itxura ematen du horrek, identitate-diskurtsoan gertatu ohi den bezala. Izenburuko hariak, ahozkotasunarenak, eraiki egin nahi duen identitate baten oihala josten du. Kontakizunaren lirismoa epikotasunarekin batera agertzen da nahasturik, kolektibitatearen istorioari errealitate kutsua ezartzen zaionean. Nahasketa ahots desberdinen erabilerari eta kontalariek erabilitako ikuspuntuei zuzen loturik dago.

Saiakera-arloan Yolanda Arrietaren Gatzaren atzetik. Emakumeen irudia euskal ipuin herrikoietan: Mari-xor lana 2005ean agertu zen, Emakunderen laguntzarekin autoeditaturik. Uretan lez. 2008an kaleratu zuen Ereinek, eta, ondoren, Off-on etorri zen (2009, Erein).

Talde lanean, beste idazle batzuekin batera osaturiko proiektuetan ere egin du bere ekarpena Yolanda Arrietak: Gutiziak ipuin liburua (Txalaparta, 2000) eta Lauaxeta. Idazleek idazleari Omenaldia (EHUko Argitalpen Zerbitzua,2005).

Ez dezagun ahaztu Haur eta Gazte literaturan autore honek egindako lan paregabea: Begigorritarren erlojua (S.M. Baporea, 1992), Badago ala ez dago? (Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila, 1992 eta 1998 Aizkorri), Hegaldiak (S.M. Baporea, 1994), Denboraren kanta-kontuak (S.M. Baporea, 1995). Nola bizi, zazpi bizi (Desclée de Brouwer, 1996) lanak, egilearen esanetan “bizitzaren zikloa erakusten du liburuak katakumeen bidez (…) bizitzaren zikloa bukaerarik gabeko zerbait bezala” (Arrieta, 1996) eta, azken batean, batzuk joan eta besteak datozen etengabeko jira-bira gisa. Animaliak aukeratu ditu askotan, urrunetik gauza hurbilekoak ikasten direlako. Leziorik eman gabe, era dibertigarrian, lehenagoko bideak berreskuratuz animalien erabileran eguneroko gauzak azaltzeko Izar bat erori da zerutik lurrera ipuina (Baigorri-Gara), Groau! (Aizkorri, 2004), Astebeteko kontuak (Aizkorri, 2005), Oinutsik jauregian (Ibaizabal, 2007), Ametsetarako hitzak (Lea-Artibaiko Hitza, 2007) ditugu, eta beste idazle batzuekin batera, Zazpi pertsonaia istorio bila (Aizkorri, 2008) eta Amarunen alamandrea (Gero-Mensajero, 2009).

Literatura ardatz duten zenbait produktu ere sortu ditu Yolanda Arrietak: testu liburuetako “Literatura atala”, egutegi olgetariak, postalak, margotzeko liburuak, album familiarra… Aipatzekoak dira, halaber, haurrengan antzerkirako zaletasuna bizteko sortu dituen baliabideak: Eskola-antzerkirako gida Euskal Idazleen Elkartearen eta Hezkuntza sailaren eskutik, “Eskola antzerkia 3 eta 4” zenbakietarako eginiko Testua: Hasteko lau puntu (1992), zein Eskola Antzerkira bidean (1995) laneko sarrerak.

Prentsan ere aritu izan da azken urteotan, Yolanda Arrietaren zutabeak eta artikuluak Berria, Deia eta Argia egunkari eta aldizkarietan agertu dira 2005 eta 2007 bitartean. Ikus-entzunezko komunikabideetan,bestalde, gidoigintzan eta hizkuntza-zuzentzaile legez aritu izan da: Bihozkadak ikuskizunaren gidoi-lanetan (1993-1996), ETB-rako Hasiberriak telesailean platoko gidoilari eta euskara-zuzentzaile (2000-2002), Baietz gogoratu! programako gidoilari (2002) eta Jon eta familia telesail-pilotuan, platoko gidoilari eta euskara-zuzentzaile (2004). Azkenik, Isla(da)k ikuskizunerako bost kantu eta gidoia (2003) egin ditu, non emakumeen ikuspegitik poesia, antzerkia, dantza eta zuzeneko musika eta kantua uztartzen diren.

Literatura, beraz, zentzurik zabalenean landu eta jorratu izan du Yolanda Arrietak, sortzaile lanaz gain irakurlearekiko lotura estua zainduz, eta irakurzaletasunaren aldeko ahalegina areagotuz.

BIBLIOGRAFIA

ARRIETA, YOLANDA (1996): “Adin guztietako irakurleentzat”. Egunkaria. (J.A. Zabalaren artikulua idazleen komentarioekin) OSTEGUNA. Abenduak 5

BURKE, Peter (1996): Hablar y callar. Funciones sociales del lenguaje a través de la historia. Gedisa. Barcelona.

FUSS, Diana (1999): En essència: feminisme, naturalesa i diferència. Eumo Editorial. Vic.

GARBÃ, Teresa (1997): Mujer y literatura. Ediciones Episteme S.L. Valencia.

GUTIERREZ, Iratxe (2000): 90eko hamarkadako narratiba berria: Literatur kritika. Labairu Ikastegia. Bilbao.

KORTAZAR, Jon (2000): Euskal literatura XX. mendean. Pramés. Zaragoza.

SERRANO, Sebastiá (1996): Cap a una lògica de la seducció. EUB. Barcelona.

URKIZA, Ana (2010): Zortzi unibertso, zortzi idazle. Alberdania. Irun

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus