« ADÉMA, GRATIEN – “ZALDUBI” | AGIRRE BADIOLA, DOMINGO – “TXOMIN AGIRRE” » |
AGERRE, PEDRO – “AXULAR”
Euskal literaturako obra nagusienetakoaren egilea dugu Axular. Ama, Maria de Azpilkueta eta, aita, Pedro de Axular izan zituen; Axularren lehendabiziko abizena Agerre bazen ere, garaiko euskaldun askok bezala, Axular jaiotze baserriaren izenaz sinatzen zuen. Axularren bizitzaz eta, batez ere, haurtzaroko urteez gutxi samar jakin arren, badakigu Salamancan batxilergoa eta Teologia ikasi zituela; Itziar Mitxelenak (1974: 85-88) datu eta dokumentu ugari eskaintzen du gaiaren inguruan. Hala ere, Salamancara joan aurreko heziketa teologia-ikasketetara bideratuta egon zela pentsa daiteke. Ziur aski, gaztelania eta latinaren jakintza Urdazubiko monasterioan jaso zuen “oinarrizko letretan lehenengo eta gramatika eskolan edo parekoren batean gero” (Salaberri, 1997, 153).
1584an Iruñeko apezpikuak Axular subdiakono ordenatu zuen, 1596. urtean diakono izan zen Leridan eta urte berean apaiztu egin zen Tarbesen,. Ordena txikietatik handietara denbora luzea dago eta pentsatzekoa da tarte horretan Salamancan ikasketak egin zituela. Manuel Lecuona (Mitxelena 1974: 85) izan zen Axularrek batxilergoa zein unibertsitate-ikasketak Salamancan egin zituela jakinarazi zigun lehena. Geron bertan agertutako Zumel merzedarioaren izenak hala egiaztatzen du. Antza, Zumel Salamancako Unibertsitateko Arteetako irakasle izan zen 1580tik 1601era (Salaberri 1997: 173). Itziar Mitxelenak (1977: 57-68) egindako ikerketak erabakigarriak izan dira Axularrek Salamancan emandako urteak argitzeko. 1587tik 1591ra bitartean arteak ikasi zituen eta, era berean, garai hartako matrikula-zerrendek 1591-1595 urteetan Axular Teologia ikasten han egon zela frogatzen dute. Unibertsitatean sartzeko latina jakitea nahitaezkoa zen eta, horregatik, ondoriozta dezakegu Axularrek latina ere bazekiela (Salaberri 1997: 153).
Luis Villasantek (1972: 74) baieztatzen duen bezala, Salamancako ikasketek eragin handia izan zuten Axularrengan, azpimarratzekoa da, hain zuzen ere, teologia eskolastikako gaiak tratatzeko gustua. Axularren izena kondairetan ere agertzen da; José M.ª de Azconak (1919: 53-57) jakinarazten dizkigu Salamancako haitzulo batean gertatutako xehetasunak: Axular deabruari joko txarra egin zion gizon bizkor gisa azaltzen da.
Ordenatu bezain laster (1596), Donibane Lohitzunera bizitzera doa Axular, han eliza-kargurik izan ez arren lau urte egin zituen predikari. Baionako apezpikua Bertrand d’Echaux zen garaian, Sarako erretoreak, gaixotasun eta zahartasuna zirela eta, karguari uko egin zion eta, hori zela eta, Baionako apezpikuak, 1600. urtean, Axular Sarako erretore izendatu zuen. Horrek istiluak sortu zituen Juan de Harostegui apaizak ahaleginak egin zituenean Axular kargutik kentzeko: Axular nafarra izanik, Frantzian erretoregoa izateko eskubiderik ez zuela argudiatzen zuen. Axularrek, ordea, Enrique IV.arengana jo eta erregeak Lettres Royales (Urquijo 1911: 554) dokumentua eman zion; eginkizun hori Axular Parisera joan zelako susmoa baieztatzeko erabakigarria izan daiteke. Enrique IV.aren erantzuna, aldiz, argi da: Nafarroako erreinua bidegabe kendu diote, beraz, Sarako erretorea izateko Axularrek ez du frantses herritartasunik hartu behar. Edozelan ere, Axular Saran egon zen hil artean (1644), 40 urte baino gehiago; hango elizan irakur daitezke Bonaparte Printzeak ipinarazi zituen hitzak: “Pedro Axular euskaldun izcribatzailetatic iztun ederrenari, ni Luis Luziano Bonaparte euskarazaleak au ipini nion. Ez dago atsedenik ta odei gabe egunik, zeruetan baizik. 1865” (Irigaray, 1953, 2)
XVII. mendean, protestanteekin izandako istiluak itzalita, katolikoek nagusitasuna berreskuratu zuten eta, horren ondorioz, Trentoko Kontzilioaren aginduak hedatu ziren; idatzi erlijioso eta didaktikoak ugaritzeak, sorginkerien kontrako eraso eta errepresioak, kostaldeko garapen ekonomikoak… Lapurdiko euskal literaturaren gorakadari lagundu egin zioten. Lurralde katolikoetako literaturan, aszetika eta mistika nagusitu ziren. Sarasola izan da Axularren barrokotasunaz hitz egin zuen lehen ikerlea, mende hartako estiloa horixe zela nabarmendu zuelarik (1971). Kortazarrek barrokismo mugimenduaren eredu aipagarrienatzat jotzen du Axular; bere ustez, euskal barrokoaren eredua mamitu zen Geron: “…ezagunak dira joskeraren moldaera trebeak, kontzeptu dantzak, espresiobideen ugaritasuna, sinonimo pilaketa, hiperbatonaren erabilera eta oparotasunean oinarrituriko hizkera.” (Euskaltzaindia 95).
Garai hartako euskal liburuak ikertuz gero, Sara, Ziburu eta Donibanen ingurutik bizi diren idazle batzuen arteko erlazioa agerian geratzen da. Materre, Ziburuko Etxeberri, Pierre Arginarats, Hirigoiti, Jean Haranburu… elizgizonak gehienak, ikasiak eta euskaltzaleak izan ziren guztiak. Villasantek esana zuen: “bide urratzaileak izandu ziren XVII. mendeko idazle haiek. Hasiera guztiak gaitzak eta oztopoz beteak izaten dira. Eta orduan ere hala izan zela garbi aitortzen du Axularrek” (1972: 93). Edozelan ere, beti nabarmentzen da Axular dela Sarako eskolako egilerik nabarmenena korronte bat sortu zuela eta.
Urdatubiarrak Gero, bi partetan, partitua eta berezia izeneko obra bakarra idatzi zuen. Lehen aldiz Bordelen plazaratu zen 1643. urtean, egilea hil baino urtebete lehenago; harrezkero, liburuak argitalpen ugari izan du, eta obra horren inguruan egindako ikerketak eta itzulpenak asko izan dira. “Irakurtzailleari” eskainitako hitzaurrean , lagun arteko tertulia batean zegoela, liburua idazteko asmoa nola sortu zen azaltzen du: “… etzuela deusek ere hanbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko utzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzea.” (Axular 1976: 13). Liburua euskaraz idazteko premia ikusita, Axularri egokitu zitzaion egitekoa. Gero hirurogei atalez osatutako aszetika liburua dugu; Axularrek irakurlea konbentzitu nahi du haren ekintzetan eta moralean eragin gura du; horregatik, askotan egileak ematen dituen gomendioak maila erlijiosotik atera eta gizarte-arlora iristen dira (Salaberri 1997: 34). Idazle trebe eta oparoa, predikari sutsua eta goi mailako prestakuntzadun elizgizona izan zen Axular.
BIBLIOGRAFIA
AXULAR, Pedro de (1976): Gero. Ed. Franciscana Aranzazu. Oñati.
AZCONA, Jose MarÃa (1919): “Piarres Axular y las cuevas de Salamanca”. RIEV. 10,1. 53-57.
EUSKALTZAINDIA (2008): Literatura Terminoen Hiztegia. Euskaltzaindia. Bilbo.
IRIGARAY, Angel (1953): “Piarres de Axular”. Egan. 1,4. 1-13.
MITXELENA, Itziar (1974): “Sobre la estancia de Axular en la Universidad de Salamanca”. FLV. 16. 85-88.
MITXELENA, Itziar (1977): “Axularren titulua”. FLV. 25. 57-68.
SALABERRI MUÑOA, Patxi (1997): Axularren prosa erretorikaren argitan. Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua. Bilbo.
SARASOLA, Ibon (1971): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.
SATRUSTEGUI, José Mª (1974): “Axularren itzala”. FLV. 16. 23-28.
URQUIJO, Julio de (1911): “Axular y su libro”. RIEV. 5,3. 538-555.
URQUIJO, Julio de (1912): “Axular y su libro”. RIEV. 6,3. 292-303.
URQUIJO, Julio de (1912): “Axular y su libro”. RIEV. 6,4. 547-551.
VILLASANTE, Luis (1972): Axular: Mendea. Gizona. Liburua. Ed. Franciscana Aranzazu.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Franciscana Aranzazu.
« ADÉMA, GRATIEN – “ZALDUBI” | AGIRRE BADIOLA, DOMINGO – “TXOMIN AGIRRE” » |