« ARRESE, EMETERIO | JOXE AUSTIN ARRIETA » |
ARRETXE, JON
Basaurin (Bizkaia) jaio zen Jon Arretxe, 1963an. Nafarroako Arbizun bizi da 2004tik hona, Gazteizen 15 urte igaro ondoren. Piano-karrera ikasi zuen, Bilboko kontserbatorioan; Euskal Filologia eta doktoretza ere egin zituen, Deustuko Unibertsitatean; eta Heziketa Fisikoko lizentziatura, Gasteizko IVEF-SHEEn. Horrez gainera, Kantu-ikasketak amaitzen ari da Bilboko kontserbatorioan, eta Ingeles Filologia EHUn. Ikasketak egin artean, bitarteetan, hamar urte eman zituen Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoan euskara irakasle, eta hiru Heziketa Fisikoko irakasle, EHUko Irakasle Eskolan, Gazteizen.
Jon Arretxek berak aitortu legez, 1998tik hona, idaztea, bere liburu nahiz bidaiei buruzko hitzaldiak ematea eta, osagarri gisa, Bilboko Opera Koruan kantatzea izan ditu ogibide. Benetako ospea eta izena, baina, bidaia-literatura generoko kontakizunek eta unibertsitateko ikasleen bizitzan oinarritutako trilogiak eman diote. Halatan ere, Arretxe zenbait sariren irabazlea da: Idatz eta Mintz (Labayru), “Harpa liluragarria” ipuinarekin, Igartza, Tubabu bidaia kronikagatik, eta 7 kale (Bilboko azoka), bi aldiz, Zazpi kolore bidaia-liburuarekin eta Fatum nobela beltzarekin. Gainera, Basauriko euskara, (Basauriko udala, 1994) dialektologia-ikerketa kaleratu zuen.
Egileak ez du bere ibilbide literarioa filologiarekin loturik ikusten, euskara finkatzen eragin dezakeen laguntzaz aparte. Idaztea asko kostatzen zaiola aitortzen duen idazlea inoiz gutxitan geratzen da pozik, zuzenketak eta birzuzentzeak ugari egiten ditu (Arretxe, 2004).
Ospea ospe, idazten hasteko momentua kasualitatez eta gazteegia ez zela jazo zela aitortzen du:
“batez ere, bidaiengatik. Nik idatzi ez dut oso gaztetatik idatzi. Hamabost urte daramat idazten, baina bidaiak egiten, hogei urte baino gehiago. Halako batean, Labayruko lagunek, Adolfo Arejitak bereziki, “zergatik ez duzu liburu bat egiten, bidaiei probetxua ateraz?” esan zidan. Hasieran ez neukan asmorik, baina geroago animatu egin nintzen eta halaxe atera zen lehen liburua: Hakuna Matata (…). Nik ez neukan batere argi idazten jarraitu edo ez. Idazle asko dago Euskal Herrian liburu bat argitaratu eta desagertu egin dena. Ni horietako bat izan nintekeen (…). Bidaiak egiten jarraitu nuen (…) neukan lana utzita, bizikleta hartu eta Afrikara joan nintzen hiru hilabeterako (…) hartaz zerbait idatzi eta Beasaingo lehiaketa batera aurkeztu nintzen (…) irabazi egin nuen (…) Tubabu izenarekin kaleratu zen (…) Harrera ona izan zuen (…) Horrek animatu egin ninduen mundu horretan sartzera.” (2004).
Bere zalantzak izanik ere, ia urtero, liburu bat argitaratu du. Erritmoa hartuz gero eta, batez ere, zer kontatua izanik –badauka berak zer kontatua bizi esperientzia dela eta– lana ondo egin daitekeela uste duen idazleak.Bidaien exotismoa istorio harrigarriekin lotzen dituen Hakuna Matata (Labayru, 1991 eta Elkar, 1995) gazteentzako liburua izan zen, idazlearen lehenengo saioa idazle lanetan.
Idaztea bizitzaren beste atal bat legez hartzen duen Jon Arretxek, liburuak idaztea atsegin duela onartzen du, batez ere, irakurlea badagoela ikusten baldin badu, eta irakurle arrunten erantzunak edo iritziak jasotzen baditu. Hortaz, kanpoko gauzak kontatzeko tartea hartu izan du, mundu hori hona ekarri asmoz.
“Bidaia-liburuak bidaietan oinarritutako liburuak dira. Bi gauza edo gehiago egin daiteke hor: Batetik, ahalik eta modu ederrenean errealitatea kontatu eta kito. Nik hori egin izan dut bidaia-kroniketan: Tubabu, Tuparen seme-alabak eta Ekialdeko mamuak liburuek kronika egitura dute eta dena da egia, goitik behera. Beste batzuetan, egia eta fikzioa uztartu izan ditut (…)” (Arretxe, 2004)
Horrela kaleratu ziren Tubabu (1994) –Ttarttalok, Abra bilduman Tubabu, hombre blanco en Ćfrica legez, 2001ean gazteleraz argitaratua– eta Tuparen seme-alabak (1996) bidai kronikak Elkar argitaletxean. Tarte baten ondoren, berriro itzuli zen egilea honako kronikekin: Ekialdeko mamuak (Elkar, 2002) eta Griot (Elkar, 2004) —Griot, Alma Africana (Elea, 2006)–.
Tubabu-k (1994) Saharako basamortua zeharkatu eta Afrikan barrena bizikletaz eginiko bidai ausart eta arriskutsu bezain xarmangarria kontatzen du. Sentipenen aldetik oso bidaia aparta izandakoa, gustu bereziz idatzi du egileak, egun berri bakoitzak istorio berria dakarrela, eta egun berriarekin liburu berria sortuz (PadrĆ³n, 2001). Hala ere, egunkari edo eguneroko moduan egituratutako lan horretan “bizi izandakotik paperera asko galtzen da” aitortzen dio idazleak R. Olasagastiri (1996); dena kontatzen saiatu izan arren eta liburuak esperientziak kontatzeko aukera gehiago eskaintzen badu ere. Idazlearen ustean komunikatzeko trebeziak badu zerikusirik horretan; ziur da egilea irakurleak ez duela guztiz sentitu bizi izan duenak sentitu duena.
Tuparen seme-alabak (1996) kronikak Brasilera garamatza. Berriro bizikletaz batez ere, Amazonian hasi, Manaos zeharkatu eta Mato Grosson bukatzeko. 3.300 kilometrotan zehar denetatik dakarkigu liburuak: oihana, basapiztiak, ipar-ekialdeko etorkin txiroak, urre eta diamante bila ibiltzen diren garinpeiro-ak, indioak… Estiloa bidaia-kronikarena izanik ere, egian oinarrituta, kontatzen diren gertakizunekin batera bertako indioen kondairak, mitoak eta ipuinak tartekatu dira liburuan. Idazleak aitortu legez, ez da erraza izan herri-literatura horretara iristea. Ipuinetako batzuk ahoz jaso ditu; eta, beste batzuk, herri handietako liburutegietan topatu ditu. Hala ere, bitxia egin zaio, herri handietako liburu dendetan herri-literaturarik ez aurkitzea:
“(…) indioen istorioak oso zaila da topatzea. (…) Modernizatuta ez dauden herri guztiek oso herri literatura aberatsa dute. Afrika iparraldean, Afrika beltzean, Pakistanen, Txinan, Amazonian leku ugaritan topatu dut herri literatur aberatsa. Askotan, ordea, ez dago batuta. Herriak modernizatu ahala, ordea, galduz doa literatura hori” (Olasagasti, 1996)
Bidaian zehar koadernoan harturiko datu zehatzekin, ezagututako jendearekin, esperientziekin… osaturiko oinarria erabili du idazleak, erarik zuzenena eta argiena aukeratuz, hots, erregistro eta estilorik zuzenenari lehentasuna emanez bere idazlanetan:
“Ni ez naiz ibiltzen gauzak esateko modu berezi, zail eta arraroen bila. Uste dut inportanteena esan nahi duzun hori erraz komunikatzea dela… Hortaz hizkera ulergarria, samurra nahi bada, irteten zait, eta gainera ez daukat asmorik korapilatzeko” (Olasagasti, 1996).
Ekialdeko mamuak (Elkar, 2002) Istanbuletik Teheranera egindako bidaian oinarrituta dago. New York-eko Dorre Bikien erasoaren ostean heldu zen Arretxe Istanbulera, Teheranera joateko asmoz. Mamuak uxatuta, “aurreiritzirik” gabe ekin zion 2.500 kilometroko ibiliari, buruan hartuta bere begiz ikusi behar zituela gauzak, eta “jendea aurrez aurre ezagutu”. Zabalik topatu zituen urrundik itxirik ziruditen ateak. I. Susaetari (2002) esan bezala: “Egitura aldetik garrantzitsuena edo pisu handiena duena bidean ezagututako jendea da”. Kapitulu bakoitzak bidaian ezagututako pertsona baten izena daramala agerikoa da, liburuaren interesa goraka edo in crescendo doalarik.
Griot-en, Burkina Fason bizikletaz egindako ibilaldian ezagututako jendearen berri. ematen du Jon Arretxek, Burkina Fasoko artistek, bertsolariek, kantariek, dantzariek, danbor jotzaileek… osatzen duten grioten kasta bereziaren berri, alegia. Urteak ez dira alferrik igarotzen, eta Tubabun baino helduago ageri da Arretxe idazle gisa: jendearengan jarri du begirada, haren ahotsa jaso du, eta gutxiago agertzen da bidaiari narratzailea.
Ekialdeko mamuak-en antzeko moduan antzera ezagututako pertsona bat du ardatz liburuko atal bakoitzak. Ez da fikziorik, baina idazleak aitortu bezala: “Lortu behar dena, egia hori interesgarri izatea da eta askotan, ez da erraza.” (Arretxe, 2004). Emozioz betetako kronikak Zazpi kolore (Elkar, 2000) du aurrekari. Liburuak arintasuna, lasaitasuna eta alaitasuna dakartza, stress-ak jotako bizimodutik urrun; baina, iluntasuna eta ezintasuna ere ageri dira, miseriatik gertu. Afrika zer den azaltzen saiatu da egilea lan horretan, eta bidaia-koadernoan apuntaturiko eguneko gertaera interesgarrienak islatu ditu berriz ere:
“(…) momentu horretan sentitzen ditudan bezala. Hori da garrantzitsuena. Bestela, hona etorritakoan, modu azalekoagoan gogoratzen dira. Sentimenduak hotzituta egoten dira eta momentuko bizipenetatik urrundu egiten zara. (…) gogorik izan ez arren ere, nik beti idazten dut egunerokoa bidaietan.” (Arretxe, 2004)
Aurrekoekin tartekatuta, Urrezko triangelua (Elkar, 1995) argitaratu zuen Arretxek 1995ean. “Nobela fantastikoa zen, beste estilo batekoa”. Eleberriaren ildoan daude baita ere Oroituz (Elkar, 1998) eta berriki gaztelaniaz argitaratutako El sur de la Memoria (Ttarttalo, 2009).
Urrezko triangelua-k Tailandiara garamatza, abentura- eta bidaia-liburua da. Izenburuak badu Asia barneko kokapen geografikoa ez ezik, beste esanahi sujerenteagorik; une orotan intentzio bikoitzeko eleberria dugu eta dagokiguna. Hasieran, zeharo aurreikusi daitekeela iduri du, baina ustekabe ugari ematen ditu. “Honela, partitzeko orduan liburu osoaren haria zena ez da azkenean kristal zati hautsi bat baino,…eta eleberria ipuin bilduma ere badela ikasten du irakurleak”. (Iribarren, Ibon, 1996). Estilo apal eta errazak ordea, ez dio ukitu literarioagoa kentzen, batik bat bukaeran, J. Aramendiren (1996) ustetan tringeluaren hiru erpinetan ahulena azkena bada ere.
Arretxeren aurreko liburuek bezala, bidaia –Indian barrena egindakoa– eta idazlearen inguru hurbileko giroa du ardatz Oroituz izeneko lanak. Bada aldaketarik, baina: testu luzeagoa da estiloan eta gaiaren tratamenduan, eta garapenean ere badira aldaketak. Hemen aurki dezakegu Arretxe berria J. J. Fernandezen (1999) ustetan. Izan ere, liburuak biltzen duen bidaia bitarikoa da: alde batetik. fisikoa da; eta bestetik, bidaia izpirituala, Indiako erlijio eta gizarte desberdinak aztertu nahi ditu. Baina, egilea konturatu egiten da bidaiekiko duen zaletasuna, zer den ez dakien baina bilatzen duen zerbaiten lasterketa dela. Horrek gero eta indar gehiago hartzen du eleberriak aurrera egin ahala, Arretxeren luma aberastu egin delarik eta lehenagoko isiltasunak adierazpenarekin lotzen dituelarik.
Hakuna Matata-rekin hasitako haur eta gazteei zuzenduriko kontakizunen hariak beste kontakizun eta eleberri batzuetan du jarraipena. Egileak bidaia-literatura haur eta gazteengana hurbiltzen du. Hortxe ditugu Harresi Handirantz (Zubia-Alfaguara, 1997) haurrentzako kontakizuna, 2001ean Alfaguarak Hacia la Gran Muralla izenburupean gaztelaniaz kaleratu zuena; eta Lurraren taupadak (Zubia-Alfaguara, 2001) gazteentzako abentura-nobela, non Aturi izeneko mukaxi bat bilakatu baitu protagonista Arretxek, haren familiaren, endaren eta inguruaren berri emateko. “Mitologiatik abiatuta, eguneroko gaiak aletzen ditu Aturik: bizinahia, heriotza, maitasuna, borroka, elkartasuna…” (Iban, 2001).
Ezin aipatu gabe utzi bidaia-literaturan ziurrenik ospe eta hedapen handiena izan duen Zazpi Kolore (Elkar, 2000) kontakizun-liburua, RBA-Integralek 2004an 7 Colores eran gazteleratua. Hainbat herrialdetako bizipenak azaltzen ditu egileak narrazio laburretan: Amazonia, Aljeria eta Mali, India, Pakistan, Indonesia, Txina eta Siberia. Lehenengo testua Euskal Herrian kokatzen da. Sentimendu desberdinak adierazten dituzten kolore bidezko bidaia “beltzetik zurirantz doa, negatibotik positiborako bidaia da” (Arretxe, 2000), non beltzak mendebaldeko herioa adierazten duen, grisak etsipena, gorriak beldurra eta biolentzia, horiak eromena eta errealitatez bestalde dena, berdeak itxaropena, urdinak harmonia eta bakea, eta zuriak ekialdeko herioaren zentzu positiboa. Ana Urkizaren (2000) ustean, “liburuaren erritmoa oso zaindua bada ere, intentsitate edo indarra ez da berdina kontakizun guztietan (…) Hasierako atalek indar handia dutela esan daiteke, erakartzeko gaitasunari dagokionez”, azkenekoek bizitza ulertzen eta bizitzaz gozatzen erakusten duten artean.
Beste alor batean aipa daitezke umore-liburuak, eta haien artean, batez ere ikasle eta gazteen bizimoduan oinarritutako trilogia ospetsua: Ostegunak (Elkar, 1997), Ostiralak, (Elkar, 1999) kontakizunak eta Larunbatak, nobela (Elkar, 2001). Halaber, hor dira Manila konexioa, (Elkar, 2003) eta Kleopatra umore-nobela beltzak (Elkar, 2005).
Bidaia kontakizunen exotismoa hiriko unibertsitate ikasleen giro alai eta arduragabeagatik aldatu zuen Jon Arretxek, beharbada, narratibaren alorrean best-seller fenomenoaren euskal ordezkari ezagunena bilakatu zelarik. Hurbiletik ezagutzen duen mundua agertzen du idazleak, Egin egunkariak egindako elkarrizketan aitortzen duen bezala (Egin, 1997-XI-11): “Parranda giroko ipuinak dira, eta ganberro samarrak gainera. Giro ganberro hori ondo ezagutzen duen idazle ganberro samar batek idatzia, irakurle ganberroentzat”. Ipuinotan unibertsitateko giroa, itxura baten ikasleen arteko ohiko giro arduragabea ageri da batez ere: ikasketa gutxi eta txuleta ugari, artaburu izatera ere heltzen ez diren irakasleak, ikasle ligezale amorratu eta patetikoak, pisukide nahiko arraro, berezi eta arketipiko-topikoak eta idazleak esan bezala, ganberradak, ugari. Bost ipuin bildurik dago antolatuta liburua, eta ipuinak ere zenbait anekdota pilatuz osatuta sortutakoak dira. Sarritan topikotasunetik gehiegikeriara bidean doazen xelebrekeriez lortzen da itxura baten idazkion azken helburu den umorea eta barregura, umore hori krudel xamarra delarik zenbaitetan.
Egilea lekuko eta aldi berean hurbileko protagonista den anekdota eta topikoen gehiegikerian oinarrituriko testua da, nolabait. Ipuinetan badira elementu komunak –Unibertsitatea, parrandak, eta, batez ere, gazteak, ikasleak– liburuari itxura bateko batasuna ematen diotenak. Baina, batasun itxura, hori baino ez da.
Istorio urbanoak izaki, badirudi hizkuntzaren aldetik ere halako errealismo kutsua islatzen dela, elkarrizketa errealak, bat-batekoak eta ahozkotasunari atxikiak osatuz. Liburu arina eta irakurterraza da, eta kasu errealismoari loturiko ikasleen arteko esamoldeak irakurri daitezke sarri.
Dena dela, gazte eta nerabeen artean arrakasta izugarria eta jarraipen fidela izan duen generoari hasiera eman diola onartu behar zaio idazleari eta haren idazlanari. Argitaratu zenez gero hogei edizio plazaratu eta 30.000 ale saldu izanak “euskal best-sellerren” paradigma bihurtu du Arretxeren lana. A. Rabellik adierazten duen legez:
“Literatura onaren eta komertzialaren arteko eztabaida harrotu du… eta eztabaidak euskal literaturaren gaurko ezaugarriak utzi ditu agerian. Ezaugarri horiek tartean, eskola sistemaren menpeko literatura genuke. Irakurle multzorik handiena eskolako ikasleen artean daukagu eta eurentzako neurriko lanek daukate arrakastarik handiena. Horrela, idazleen partetik eta, are gehiago, argitaletxeen partetik horrelako literatura, eskolarako homologarria, bultzatuko litzateke.” (Rabelli, 2005: 111)
Aurreko lanaren jarraipen gisa planteatutako Ostiralak eta Larunbatak ezin ditugu Jon Arretxeren literaturaren ohiko balioen ikuspuntutik begiratu. Ikasle bizitzan edonola jarraitu nahi duten pertsonaiak eta bizimodu horretan irauteko bururatzen zaizkienak eginez bizi direnak dira kontagai Ostiralak-en, irakurlearen konplizitatea bilatuz autoerreferentzia errazak aurki daitezkeelarik. Bildumako sei ipuinetan ere umorea da nabarmen.
Larunbatak, elkarren ondoan lotutako istorioek josten duten trilogiaren burutzapen nobelan gaztetasunaren betiko mitoa planteatzen du Arretxek, adinean gora egin baina bizitzaren errealitateari aurre egiten ez dakien lagun taldearen nondik norako lotsagarriak jasoz. Narratzaile bitxi baten presentzia da –Txo izeneko txakurraren ikuspuntu ironikoa– literaturari egiten zaion kontzesio bakarra. Betikotasun nahiaren obsesioak jota, gure gizartearen egunerokotasuna lotsagabea eta sarritan gordina den umoreaz, gizakiaren jarrera nolakoa izan daitekeenaren isla garbia bihurtu dira pertsonaiak.
Azken urteotan, bai Manila konexioa (2003) zein Kleopatra umore-eleberriek nobela beltzarekin duten loturi eutsita, alor horretan eta beldurrezko liburuetan egin ditu eginahalak Arretxek.
A Rabelliren (2004) ustez, Arretxek etekin handia atera dio lanean galdu ez duen koherentziari. Ildo horretan, Manila konexioa bat dator trilogiarekin bai umorerik ganberro eta errazenean bai kokapenean. J. Rojoren (2004) esanetan, hasieran Patricia Highsmith-en nobela ezagun baten parodia dirudien eleberri horretan gaizkile batzuek emakume aberats baten maskota bahitu dute, ordainsaria eskatzeko. Emakumeak Artabe eta Etxebe ikertzaile pribatu ezin xelebreagoak kontratatzen ditu, anakonda baten bahiketak asmo zitalagoa estaltzen duen kontakizun zoroan. Gasteizko alde zaharreko giro ilunean gaurko gizartearen akats eta bizio guztien ikuspegi ironikoa eta irreberentea islatzen da, amaiera are zoroagoan bukaera dutelarik istorioek. Izan ere, nobela beltzen parodia dugu: kontatzen dena komikietatik hurbilago dago beste edozertatik baino. Behin baino gehiagotan erakutsi du Jon Arretxek bere trebetasuna gisa horretako istorioak gauzatzeko, eta oraingoan ere irudimenak ez dio hutsik egin argumentu korapilatsua duen nobela egitean, tonua, azken aldean pixka bat moteltzen bada ere.
Lehen kapitulutik jadanik komikitik hurbil den Kleopatra eleberriarekin polizia-nobelen parodia egiten jarraitu du egileak, umorea genero beltzaz uztartzeko ezaugarri topikoak gehiegikeriaz erabiliz. Pertsonaia nagusiak –“antipertsonaiak” A. Rabelliren (2006) esanetan– mantendu egin ditu idazleak, baina kokalekua Basaurin jarri du. Hala ere, egileak egiten dituen denbora anakroniek fikzioak behar luken egiantzekotasuna zailtzen dute.
Nobela beltzen arloan, aipaturiko umorezkoen ostean, Morto vivace (Elkar, 2007), Fatum (Elkar, 2008) eta Shamaran (Elkar 2009) kaleratu ditu Arretxek. Benetako eleberri beltza dugu Morto vivace, jatorrizko estilo-eleberria, polizia-nobela klasikoak eskatzen dituen osagai ezagunak dakarzkiguna: in media res hasiera hilotz baten agerpena eta horrek dakarren ikerketa hastea, trama zabaltzea eta dozenaka haritan korapilatzea; eta azkenik, hilketaren egilea atxilotzea eta kasua ixtea, erritmo bizi-biziz kontatuta. Gogorkeria, ustelkeria eta jende baztertuen bizimodua ere ezinbesteko osagaiak dira gisa horretako eleberrietan. Halaber, ezin da kritika sozialik falta. Horixe da Arretxek egin duena, girotze lana areagotuz. Protagonista nagusien izaera, sinplea eta tolesik gabea izan arren, askoz definituagoa da, eta Pariseko leku ezberdinen deskripzioak ugari dira. Horrela izanik ere, Arretxe irmo mantendu da haren betiko estilo zuzen eta txukunean. Argitaratu duen azken eleberriak —Shamaran (Elkar 2009)– Hanburgo eta Istanbul, Asia eta Europa, jartzen dizkigu aurrez aurre, protagonistatzat hartu duen hiltzaile profesionalaren eskutik. Bere begiradaz erakusten ditu hiri bion aurpegirik zikinenak, eta, era berean, ez uste bezain desberdinak
Beldurrezko liburuen artean Sustrai beltzak (Elea, 2006) izenburupean agerturiko kontakizunak aipatuko genituzke, 2007an RaĆces negras legez itzulia argitaletxe berean. Izuak hartu du liburuaren ardatza, baina bidaiek emaniko exotismoz berrituta. Hamaika narrazioek ipuin gotiko klasikoetara hurbiltzen gaituzte, “Lovecraft, Poe, Munro eta Saki idazleen mundu literarioen oihartzunetara. Horrela, bati baino gehiagori gogora etorriko zaizkio Miranderen Ipuin izugarriak liburuko testu gogoangarriak” (Rabelli, 2007), J. Rojoren (2007) ustez, “literatura fantastikotik hurbilago” dauden arren, eta haien asmoa larridura deserosoa sortzea izan. Ez dira falta, bidaiariak diren pertsonaiak, horrela, istorio mota hauek izan zezaketen originaltasun gabezia saihestuz horrela. Era berean, generoak eskatu ohi duen bezala, gizakiaren alderik ezkutuenak, sinesgaitzenak eta krudelenak nabarmentzen ditu Arretxek, kontaera erraza eta zuzena, ironia, ezustea eta paisaia exotikoek dakartzaten abenturak baztertu gabe. Esan daiteke narrazio bilduma honekin Arretxek lurralde berri batera hurbildu nahi duela.
BIBLIOGRAFIA
ARAMENDI, Jaime (1996): “Eleberria eta abentura, biak baten prezioan”. Argia. 1996-03-31
ARRETXE, Jon (2000): “Kolore biziak ikusteko hobe da mendebaldetik kanpora joatea”. Mundu mira. Egunkaria. Abenduaren 1
ARRETXE, Jon (2004): “Jon Arretxerekin solasean”. Beterriko liburua 12-15. or.
ERRO, Angel (2006): “Kritika gautiar txikia hiru fasetan”. Volgako Batelariak. 2006-08-15
FERNANDEZ, Jose Jabier (1999): “Zaharrak zahar,berriak berri”. Euskaldunon Egunkaria. 1999-03-20.
FERNANDEZ, Jose Jabier (2000): “Aste egunak eta umoreak”. Euskaldunon Egunkaria. 2000-01-29
GUTIERREZ, I. (2000): 90eko hamarkadako narratiba berria: Literatur kritika. Labayru ikastegia. Bilbo.
IBAN, Amagoia (2001): “Lurraren taupadak”. Egunkaria. 2001-07-14
IRIBARREN, Ibon (1996): “Gezurra antzeman”. Euskaldunon Egunkaria, 1996-09-14.
JUARISTI, Felipe (2008): “Paris”.El Diario Vasco, 2008-06-18
MARTIRENA, D.(2000): “Harritu egin naiz liburuak gazteengan duen arrakastarekin”. Diario de noticias. Araba. 2000-I-29
“Gazteizen deskubritu nuen estudiante tunantearen bizimodua”. Campusa. 2000-ko Azaroa.
“Parranda giroko ipuin ganberroak dira”. Egin. 1997, Otsaila.
OLASAGASTI, Ramon (1996): “Bizi izandakotik paperera asko galtzen da”. Egunkaria. 1996-XI-21, 23.or.
PADRON, Jose Luis (2001): “Afrikaren bihotzeraino bizikletaz”. Zabalik. Urriaren 6
PADRON, Jose Luis (2002): “Gazte ohien noraeza”. Zabalik, 2002-01-05
RABELLI, Alvaro (2004): “Manila Konexioa Karikaturak eta beste”. El PaĆs. 2004-02-15.
RABELLI, A. (2005): Bizkaiko euskal idazleen ipuingintza modernoa. Labayru ikastegia. Bilbo.
RABELLI, Alvaro (2006): “Umorea eta “kitsch”ak”. El PaĆs. 2006-05-08
RABELLI, Alvaro (2007): ” Beldurra eta abentura”.El PaĆs. 2007-05-14
RABELLI, Alvaro (2008): “Benetako eleberri poliziakoa”.El PaĆs. 2008-02-04
ROJO, Javier (2000): “Xelebrekeriak”. El Correo. 2000-01-12
ROJO, Javier (2002): “Parranda etengabea”. El Correo. 2002-03-13
ROJO, Javier (2004): “Maskotaren bila”. El Correo. 2004-02-18
ROJO, Javier (2005): “Parodia bat”. El Correo. 2006-01-18
ROJO, Javier (2007): “Larridura deserosoa”. El Correo. 2007-06-06
SUSAETA, Igor (2002): “Bidai kronika berri bat, ekialdearekiko aurreiritziak gezurtatu nahian”. Egunkaria. Azaroaren 23. 45. or.
URKIZA, Ana (2000):”Bizitzaren koloreak”. Egunkaria. Abenduak 23
ZABALA, Juan Luis (2004): “Afrikako adiskideen galeria”. Berria. Urriak 30.
« ARRESE, EMETERIO | JOXE AUSTIN ARRIETA » |