Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARRESE, EMETERIO

(Tolosa, 1869 - Tolosa, 1954)
Asier Barandiaran

Tolosan jaiotako Emeterio Arresek Aita Eskolapioetan egin zituen aurreneko ikasketak.

Gazte zelarik, baina, Ameriketara jo zuen bizimodua aurrera atera nahian. Han, dirua egin eta frontoiak eta euskal pilota hedatzen ibili arren, nahigabeak eta buruhausteak ere jasan behar izan zituen. Europa eta Amerikaren arteko itsasoa 48 aldiz zeharkatu ei zuen negozio eta zereginek bultzatuta, kontratista aritu baitzen La Habanan eta Missouriko Saint Luisen. Ameriketara hainbeste bidaia egin ondoren eta bizitza luzea burututa, 1954an hil zen 85 urte zituenean.

Hogeita sei urte baino ez zituela hasi zen lehenengo idatziak (bertso tankerakoak) zenbait aldizkaritan (Euskal-Erria eta Euskalzale) argitaratzen. Hasierako konposizio haietarikoren bat bertso-paper bezala inprentaratu eta zabaldu zuen (“Aurrera!!” izenburuduna, kasurako). Apurka-apurka, baina, beste argitalpenetan ere ikusi zuten argia Emeterio Arreseren poemek: La Baskonia, Ibaizabal, Zeruko Argia, Euskal-Esnalea, Tierra Vasca, Yakintza, Euzkadi, Baserritarra, Aranazazu, Gipuzkoarra, eta abar.

Lehengo liburua, halere, ez zuen 1913ra arte argitaratu. Tolosako Udalak emandako diru-laguntzarekin egin zuen, eta esker oneko agertu zen hori zela-eta. Nere Bidean jarri zion izena.

Bertsolaritzaren atetik sartu zen tolosarra poesiaren esparruan. Beti, baina batez ere hasieran, bertso-tankerak nabaritzen dira bereziki. Ahapaldien neurriak eta errimak kontuan hartuta, zortziko txikia eta handia erabiltzeko joera begi-bistakoa da. Ez zen alferrikakoa izan, beraz, Pello Otaño bertsolariaren laguna izan izana.

Gaiei dagokienez, erromantizismoaren jarraitzailea dugula antzematen da. “Euskal erromantizismoari” buruz hitz egiterik balego, bertako “bizilaguna” genuke Emeterio Arrese. Orain arte aipatutako ezaugarri guztiak biltzen dituen poemetako bat “Basotar baten kantua” dugu, Nire Bidean liburuan jasoa. Bertan, “euskal erromantizismoaren” topiko bat agertuko zaigu: goiak eta beheak kontrajarririk agertzen dira. Lehenengoak benetako euskaldun eta fededunaren jatorrizko lekuak eta ohitura onen egoitzak dira. Bigarrenak, ohitura txarren, gezurren eta erdalzalekerien babesleku. Izadia ere oso ezberdin ageri da biotan. Elurraren lumek biak ala biak berdin-berdin zuritu arren, esaterako, behealdeetan lohi bilakatzen da elurra. Goialdeetan, berriz, iturri oparoa. Hori guztia, noski, zortziko handi eta txikia txandakaturik adierazita.

Lehenengo liburu horretan bertan, halere, bestelako ezaugarri batzuk aurkitzen ditugu, bertsolaritzakoak ez diren ahapaldi motak, esaterako. Euskal olerkigintzako geroagoko olerkariak ekarpen horretaz baliatu zirela igartzen da. Bestalde, konposizio luze zenbait (“Nekazarien bizitza” delakoa, adibidez) hiru zatitan banaturik dago nolabaiteko simetria bilatu nahian, poemen eraiketari arreta eskaintzen diola erakutsirik. Sinbolismorantz ere hurreratzen dela ikusten da. Bere arimaren aldartea edo bere bihotzaren sentimenduak irudi ederren bidez, izadiaren aldarte eta egoera lirikoen bidez adierazten da. Izatez, izadiaren aldarteak adierazten duten elementuak (ekaitza, egunsentia, ilunabarra, zeruko urdintasuna, eta abar.) sarri askotan ezin esanaren sinboloak direla irudi du.

Argitaratutako bigarren liburua, Txindor (1928), aurrekoaren bideetatik darrai zenbait gai eta ezaugarritan. Izadiak –batez ere, euskal izadiak– txundituta bizi da poeta, eta 58 urte beteak zituen arren, “len bezin ameskor eta zaletsu” jarraitzen duela dirudi. Euskal mendiei, itsas ertzeko txokoei eta euskal herriei eskainitako poemek horixe salatzen dute. Emetasunaren misteriora hurbiltzen ere saiatzen da, erromantizismo berantiarraren jokaera batzuei eutsiz eta, era berean, ukitu sinboliko zenbait zertzeladaka zabalduaz. Emetasunaren gailurra den amaren irudiaren bidez, bestalde, aberria eta euskararen amatasun sinbolikora hurreratzera gonbidatzen gaitu Arresek, sentiberatasunaren bidetik, beti ere. Sentiberatasun hori, baina, patetikoa izan daiteke batzuetan edo xuxurla bezain xamurra bestetzuetan. Jarrera biak txandakatzen ahalegintzen da.

Hogeita lau urte pasatu ziren Txindor argitaratu zenetik ondorengo poesia-liburua argitaratu arte. Laurogeita hiru urte zituela kaleratu zuen Olerki berrizte (1952). Garai batean idatzitako olerkiak dira nolabait txukundu, zuzendu edo egokituak. Txukuntze lan horrekin zenbait kritikoren artean zalantzak egon izan diren arren, badirudi poemei kalte nabarmenik egin ez ziela.

Bertso tankerako olerkaritzaren atetik ere sartu zen antzerkiaren munduan. 1898an “Aiton baten eriotza” argitaratu zuen Euskalzale aldizkarian. Antzeztua izateko konposizioa da, zirraragarria, patetismoaren xerkatzailea. 1900ean, Eduardo Mokoroa musikariak egin nahi zuen Sentierak operari letra jarri zion, bertsozko letra, espero zitekeen bezala. Gerora Leidor izenburuarekin izango zen antzeztua 1936tik aitzina. Zara izeneko antzezlana ere (1913an Tolosan antzeztua) bertsotan egin zuen eta hiru ekintzetan dago banatuta. Urte bi lehenago sari bat eman zioten Seguran, “Euskalerriaren alde” erakundeak antolatutako jaialdi batean.

Lan horiek izan zuten eragina geroagoko zenbait egileren lanetan igartzen da. Nahiz eta oso poesia berritzaileak egin ez, ondorengo egileek jorratuko zuten bide berrietarako oinarri eta abiapuntu sendoa izan zen.

BIBLIOGRAFIA

IBIÑAGABEITIA, Andima (1952): “Olerki berritze” in Euzko Gogoa. Guatemala.1952-07.

KORTAZAR, Jon (2000): Euskal literatura XX. mendean. Prames-Las tres Sorores. Zaragoza.

ONAINDIA, Santi (1974): Euskal Literatura III. Etor. Lasarte/ Oria.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus