Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARISTI, PAKO

(Urrestilla, Azpeitia 1963)
Amaia Serrano

1963ko irailaren 17an jaio zen Pako Aristi, Azpeitiko Urrestilla auzoan. Lehen hezkuntza Betharran ikastetxe erlijiosoan osatu zuen (EIE), eta, ondoren, kazetaritza ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ordutik aurrera iritzi artikuluak, elkarrizketak eta erreportajeak idatzi ditu hainbat egunkaritan. Horrez gain, ETBko gidoilari lanetan ere jardun izan du (EIE). Bere betebeharra txukun egiten saiatzen da Aristi, bada, horren erakusgarri da 1992an eta 1993an, erreportajearen alorrean, Ricardo Arregi Kazetaritza Saria jaso izana.

Pako Aristik 1984an literaturatik eta kazetaritzatik bizitzea erabaki zuen, eta bide horretan genero ezberdinak jorratu ditu. Haur eta gazte literaturan aritu izan da —Martinellok ez du kukurik entzuten (1985) edo Miren nunca mais! (2007) lanak bereak dira esaterako–, eta poesia, narrazioa, antzerkia eta saiakera lanak ere idatzi ditu, baita euskal munduan ezagunak diren pertsonaien biografiak ere.

Aristiren lehenengo eleberriak, Kcappo. Tempo di tremolo (1985), izenekoak, irakurleen artean harrera ona izan zuen. Liburua beranduago idatziko zituen beste bi nobelekin batera osatuko zen trilogiako lehenengo emaitza izan zen. Jon Kortazar (2008) kritikariaren ustez, obra horren poetikak ondoko hiru alderdiak biltzen ditu:

  1. Estatu Batuetako kazetaritza berriaren oihartzuna antzematen zaio eleberriari. Horrez gain, “erreportaia eta nobela lotzeko” helburua ere nabarmentzen da, “trataturiko gaiaren alderik ilunetara jotzeko gogoa”.
  2. Nobela poliziakoaren eragina ere igartzen da, Estatu Batuetako Chandler idazlearena esaterako.
  3. Bestalde, “Gabriel García Márquezen mundua ere azaldu nahi izan du”.

Idazlearen lehenengo liburu horretan Ernesto Guardiola eta Santos Aldabalde lagunen eta euren familien arteko istorioa kontatzen da. Sexu harremanak, intzestua eta traizioa ageri dira liburuan, eta heriotzak ere hartzen du bere lekua. Kortazarren hitzetan, “ekintza odoltsuen akumulazio eta ugalketa baten aurrean” (2008) kokatzen gaitu nobelak.

Trilogiako bigarren alean, Irene. Tempo di adagio (1987) izenekoan, aurreko eleberriko egoera latzari jarraibidea ematen zaio, eta alargun geratu diren bi pertsonaien arteko harremana aurkezten da. Hasiera batean laguntasunezko erlazio horrek ezkontza ekarriko duen arren, bien arteko ezberdintasunek arazoak sortuko dizkiete.

Krisalida. Tempo di tempo (1990) nobelak ixten du kontakizun luzea. Iñaki Aldekoak dioen bezala, lehen bi eleberriek harrera paregabea izan bazuten ere, hirugarren horri erantzuna hotzagoa eman zioten irakurleek (2004, 210).

Jon Kortazarrek, trilogiaren balorazio orokorra eginez, hauxe dio:

“baserri-giro zitalaren ikuspegia erakutsi digu, bortxa eta sexua gailentzen diren giroa. Kontakizunaren erritmoa biziki lasterra izatea da idazle honen oinarrizko bereizgarrietako bat (…) Pertsonaiak heterodoxoak dira sakon-sakonean eta ezarririk dagoen munduari kontrakarrean jarririko beste mundu bat erakusten dute: baserri-giro berria, alabaina, intelektualismoaren aurkakoa da, eta horixe da Aristiren prosaren bereizgarririk definituenetako bat” (2003, 241)

Kontakizun luze hori idazten zuen bitartean, Narrasti ozena (1982) eta Iraileko ipuin eta poemak (1989) argitaratu zituen Aristik, azken horretan poesia eta narrazioa nahasiz.

Geroago Auto-stopeko ipuinak (1994) agertu zen, eta gazteleraz Los informes informales (1997) izenburua hartu zuen. Aurreko trilogian bezala, ipuin liburu horretan ere Estatu Batuetako errealismoaren zantzuak topa daitezkeela esan daiteke. Hogeita hamaika kontakizun laburrek eta bi poemek osatzen dute liburua, eta bakoitzean protagonista batek (dela taxilaria, dela feminista talde bateko partaidea etab.) bere esperientzia eta istorioak kontatzen ditu.

Bi urte beranduago, Emakumeen gerlak (1996) izeneko lana idatzi zuen Aristik. Liburuan hainbat emakumeren ahotsaren bidez eta lehenengo pertsonako narratzailea erabiliz, pertsona horien pentsamenduen eta bakardadearen berri ematen zaigu.

Kontagintzarekin jarraituz, Note Book (2005) izan zen Aristik argitaratutako hurrengo liburua. Izenburuak berak dioen legez, eguneroko gisa har liteke lana, baina ezin gara genero horretara mugatu, izan ere, narrazioak ere badaude-eta. Testu motzak dira liburua osatzen dutenak: batek ez beste guztiek bi orrialde bakarrik hartzen dituzte. Horietan guztietan Aristik gai ezberdinen inguruan hausnartzen du (batez ere bizitzea tokatu zaion gizarteaz eta haren alderdi ilunez dihardu), bere iritzia modu soilean eta garbian azalduz.

Ipuin-bildumak idatzi ostean, Aristi berriro lotu zitzaion eleberrigintzari, eta, horrela, Urregilearen orduak (1998) nobela plazaratu zuen, gaztelerara Las buenas palabras (2004) izenburuarekin itzuli zena. Kritika Saria jaso zuen liburuak. Fermin eta Luisa tabernariak dira protagonista, eta, labur esanda, euren tabernetara gerturatzen diren pertsonaien bidez, herriaren aldaketa dute hizpide. Kortazarren iritziz:

“Pako Aristik defendatzen du idazlearen etxea hitza dela, eta saiatzen da, berez, jendeak egiten duen hizkuntza erabiltzen (…) Galizian egin duen bizi-aldiaren ondoren, Aristik material desberdinez osaturiko nobela egin du: narratzaileak eta pertsonaiek kontatzen dutenarekin lotua. Kaieraren itxura ere badu, edozer (poemak, kontuak, pasadizoak) sartzen direlako lan horretan” (2003, 276-277)

Lehenago argitaratutako liburuekin alderatuz, irakurleak ez du tremendismorako joerarik aurkituko bertan, asmoa hainbat begiradaren bidez errealitatea aurkeztea baita.

Poesiari helduz, Koldo Izagirrek ongi adierazi bezala, Pako Aristiren estiloan “ez dago beharrezko ez den edergailurik, nekez isuriko zaio estereotipo lirikorik, hitz bakoitza da pertinentea. Hainbesteraino, non poemaren tituluak berak testuaren barne motibo bezala jokatzen duen” (2001, 7). Eta, zuzenean harira etortzeagatik segur aski, “bere poemek gidoiak dirudite, ipuintxoak, filme laburrak balira bezala irakurtzen ditugu” (ibid.).

Aristiren lehenengo poema-liburua Castletown (1996) da. Horretan, hizkuntza zehatzaren eta gardenaren bidez kontatzen dira istorioak, batzuetan umore kutsu batez. Jon Kortazarrek narrazioan zehar Manuel Rivas idazle galiziarraren presentzia nabarmena dela azpimarratu du, ondorengo ezaugarriei dagokienez batez ere: “pertsonaia hunkigarriak, xumeak, biografia ingurukoak, pertsonaia galduak” (2003, 264). Bi urte beranduago, Oherako hitzak (1998) argitaratu zuen, lehenagoko kontakizunetan ere azaldutako bakardade eta etsipen giroa islatuz. Ondoren, Libreta horiko poemak (2003) obra arrakastatsua burutu zuen. Bertan gai ugariren inguruan egiten du gogoeta egileak: alderdi sozialak, maitasun erlazioak, bizitzaren etapak, sexua eta desira etab. Bere estiloari uko egin gabe, zuzenean eta modu gardenean ematen digu iritzia Pako Aristik. Ibon Egañak dioen bezala, Aristiren “Libreta horiko poemak lanaren baliorik behinena (…) poesia dibinizatzeko izan den joerari” emandako erantzuna da (Volgako batelariak).

Baina, prosa eta poesia egiteaz aparte, antzerkian ere jardun du Pako Aristik. Josu Dukatiren proposamena (2009) lanarekin Toribio Altzaga Saria eskuratu zuen.

Bestalde, Gauza txikien liburua (2004) izenburuko lanak Beterriko Liburua saria jaso zuen, irakurleen erantzun onaren adierazgarri. Saiakera-esparruan kokatu izan den liburu horretan hirurogeita hiru kontakizun aurkitzen dira, ipuin, hausnarketa, poema eta kronika eran antolatuta.

Aipatutako generoak lantzeaz gain, segur aski kazetaritzaren eraginez, Euskal kantagintza berria (1985) liburua idatzi zuen, 1961etik 1985era bitarteko euskal kantagintzaren historia. “Ez Dok Amairu” taldeari jarraiki, hura desagertzearen arrazoiak ematen ditu bertan, horretarako hainbat egunkaritan esandakoak, elkarrizketak, iritziak etab. jasoz. Geroago, Venezuela, iraultza isilaren hitzak (2000) erreportajea egin zuen, Hugo Chavezek Venezuelan gauzatutako aldaketen inguruan. Ikerketa lan horren bidez, hedabideek politikariaren irudian izandako eragina eta herrialdeko lehendakari gisa egindako kudeaketa azaltzen dira, besteak beste.

Egunkarietan idatzitako artikuluak jasotzen dituzten liburuak ere argitaratu ditu Aristik. Lehenengoa Bezperan entregatu nituenak (1989) izan zen, baina, urte batzuk beranduago, Euskaldunon Abe’ria (1994) eta Udan lana egiten zuen gizona (2007) ere plazaratu zituen. Azken bi horietan bere iritziak modu kritikoan azaldu eta aitortzeko joera ikusten da.

Egindako guztia gutxi balitz, biografiak ere idatzi ditu urrestillarrak, esaterako, Euskal Telebistan eta Antzerkian ezagunak izan diren bi pertsonen ingurukoak: Mikel Garmendia (2001) eta Kontxu Odriozola, antzerkia bizitzaren edergarri (2002); baina, baita Uztapide bertsolariari buruzkoa ere: Nire Uztapide (2000).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

Euskal Idazleen Elkartea (EIE). “Pako Aristi Urtuzaga”. Pako Aristiren biografia. Online [kontsulta: 2011-04-07].

Egaña, Ibon (2005): “Hamaika galdera liburu baten aurrean” in Volgako batelariak, 2005-11-17. Online [kontsulta: 2011-04-11].

IZAGIRRE, Koldo (2001). XX. mendeko poesia kaierak. Pako Aristi. Susa. Zarautz.

KORTAZAR, Jon (2003:) Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza.

______________ (2008): “Kcappo. Tempo di tremolo (1985)” in Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus