« ARCHU, JEAN BAPTISTE | ARISTI, PAKO » |
ARESTI, GABRIEL
Gabriel Arestiren (1933-1975) lana euskal literaturak izandako modernitate literarioranzko abioaren eredu da; sinbolismoan ainguraturako poesia gizarte giro berri batera darama, eta hizkuntzaren erregistroa berritzen du, komunikazio modu berriak sortuz literaturan.
Gabriel Aresti Bilbon jaio zen 1933an, Barroeta Aldamar kalean, ibaiadarretik oso gertu, hiriko udaletxearen aurrean. Biografoek gurasoen egoera ekonomikoa nabarmendu ohi dute. Izan ere, Bizkaiko probintziatik etorriak ziren, burges txikien girotik; azpimarratzekoa da aita zinegotzi izan zela udal frankista batean. Beraz, egoera ekonomiko ahulari garaileen aldekoa izatea gehitu behar zaio poetaren haurtzaro garaia ulertzeko.
Lehen ikasketak eskola nazionaletan, publikoetan, egin zituen, etxetik gertu. Ondoren, Bilboko Merkataritza Eskolan, Merkataritza Peritaje titulua eskuratu zuen. Ikasketa haiei esker, hainbat enpresatan kontuen kudeatzaile gisa lan egiteko aukera izan zuen, batetik bestera, jornal egoki baten bila, lanorduetatik kanpo idazteko eta kultur ekintzetarako denbora izatearren. Merkataritza Peritaje ikasketak egin zituen garaian, Gabriel Aresti zenbait hizkuntza ikasten hasi zen, haien artean euskara, eta aitaren mundu ideologikotik urruntzen hasi zen, hots, jende askoren artean hain zabaldua zegoen frankismo soziologiko hartatik aldentzen.
Hogei urtetik aurrera, poemak argitaratzen hasi zen euskaraz Euzko Gogoa aldizkarian. Guatemalan argitaratzen zen (lehen aldia, 1950-1955). 1954-1959 artean, Gabriel Arestik poema solteak argitaratu zituen, T.S. Eliot-en poesia eta Jean Paul Sartreren prosa sakon irakurrita zituelarik, sinbolorako eta testu klasikoak idazteko joerari eusten ziolarik. Sonetoak idatzi zituen, batez ere, bilbotarrak garai hartan.
Handik aurrera, Gabriel Arestik bi irakurketa mota egin zituen. Alde batetik, Europako kultura arreta handiz jarraitzen zuen, beti ere ahal zuen heinean garaiak ez baitzen lagungarri. Haren liburutegi pertsonalean Losada argitaletxeko liburuak aurki daitezke, alboan Arestik berak euskarara itzulpenak egindako itzulpenak dituztenak (argitaratu gabe daude itzulpen horiek). Bestalde, euskal literaturan sakontzen hasi zen eta badirudi bertsolarien lana miresten zuela. Ikasbide literario horrek aukera emango zion Arestiri kultura-oinarri hirukoitza jasotzeko: literatura jasoa, literatura klasikoa eta esakune xume eta herrikoia. Hain zuzen ere, hiru iturri horiek baliatuko ditu bere lan pertsonaletarako.
Poesia komunikazio-bide izan beharra ezin liteke ulertu baldin eta kontuan hartzen ez bada garai hartako euskara idatziak oso erregistro garbizalea baliatzen zuela, eguneroko erabileretatik oso urrundua, ulergaitz egiteraino. Hargatik erabiltzen du Gabriel Arestik bertsolarien eredua bere jokabide poetikoa zilegi egiteko.
Arestiren lehen lana, Bizkaitarra, hiru zatitan banaturik dago. 1959 eta 1960a artean argitaratua, zatikako autobiografia hartzen du gaitzat: euskara ikastea, maitemintzea, andregaiagandik bereiztea, eguneroko kontuak, lagunekin izandako solasaldiak. Metrika herrikoia darabil, ironia atsegina, esaldi betea, esaera zuhurra eta pentsamendu argirako joera. Bizkaitarra saileko azkenekoa bertsolaritzako ahapaldirik zail eta konplikatuenatzat jotzen den bederatzi puntukoan idatzirik dago; horrek esan nahi du Gabriel Aresti proiektu literario batekin ari zela literatura lantzen, ohartuki. Hortaz, bere obraren lehen aldian geroko zenbait giltzarri eta literatura-gai ageri direla esan dezakegu.
Joko literario hori idazluma fintzeko egin zuen, eta bere garaian ez zuen oihartzun handirik lortu irakurleen aldetik, Gabriel Arestiri ahots poetiko pertsonala mamitzen hasteko baliagarri izan zitzaion, beti ere eguneroko bizimoduari eta hark eragiten zionari atxikirik. Eguneroko bizimoduaren deskripzioak ez zuen alde batera uzten hiriko egoera politiko eta kulturala, ez orobat erlijioari buruzko lehen gogoeta, oso zorrotza, existentzialismoaren ukituaz Jainkoarenganako aurreko matxinada erakusten zuelarik.
Bizkaitarran aipatzen diren lagunak euskalduna dira, baina Gabriel Arestik sarri parte hartu zuen La Concordia jatetxeko topaketetan, Bilboko giro kulturala osatzen zuten idazleekin: Vidal de Nicolás, José MarÃa Basaldúa, Gregorio San Juan eta Angel Ortiz Alfau. Gainera, pintoreekin ere nagusi egin zen, hala nola, AgustÃn Ibarrola eta Dionisio Blanco.
Oso garrantzitsua da Blas de Oterorekin izandako harremana; adiskide hurbila izateaz gainera, Gabriel Arestik etxean hartu zuen Kubatik itzuli zenean, eta elkarrekin igaro zituzten udaldiak euskal itsasertzean.
Aldi berean, Gabriel Arestik, 26 urte zituela, bere lehen poema nagusia ontzen ari zen: Maldan Behera (Miren eta Joaneren historiaren bukaera). Harekin Euskaltzaindiaren Loramendi saria irabazi zuen 1959an eta 1960an argitaratu. Maldan behera poema luzea da, Nietzsche, T.S. Eliot-en, Ebanjelioko eta Salinasen aipueekin hasten da eta ia 2000 bertso ditu, bi zatitan banaturik: orotara, 222 ahapaldi. Egileak adierazten duenez, zati bakoitzak puntu zenbaki bera du: 677 puntu. Gabriel Arestik Supergizonaren irudia hartzen du, eta esanahi-sare bat eraikitzen, ondo bilbaturik, gailurretik modernitatearen infernuetarako jaitsiera irudikatuz.
Joan supergizona mendian behera dator, euskal poesiaren historia zeharkatuz (testuen buruan euskal poetan garrantzitsuen izenak datoz, haien artean Aresti, Lizardi, Iratzeder eta Loramendi). Halaber, zibilizazioaren historia ere ageri da, ezen protagonistak eboluzio maila batzuk igaroko baititu, bidezidorrean zehar, kamioan zehar, estratan zehar eta errepidean zehar. Jon Juaristik zentzu ezkorra eman dio zibilizazioaren maila horietara hurbiltzeari. Zibilizazioaren aurrerapena Arestirentzat ezkorra da, nola baitzen T.S. Eliot-engan, hiri modernoaren deshumanizazioa jorratzen zuelarik. Jesusena (gurutziltzatu aurretik) oroitarazten duen epaiketa baten ondoren, protagonista ere gurutziltzatu egingo dute. Lurperaturik, Joanek gogoeta egiten du bide batik buruz, hots, “zeruaren zorua” zapaltzera eramango duen bideari buruz.
Bigarren zati horretan, Gabriel Arestik egitura bikoiti eta txandakakoari eusten dio. Bitartekotza adierazten dutenei (atsedena, arbuioa, gurtza, grina, zoriona) txanda hartzen diote beste batzuek (irteera, epaiketa, mendekua, azken besarkada) eta Joanek goranzko bidea hartzen du. Huxley-ren Tximinoa eta esentzia liburuak eraginda, Gabriel Arestik bidearen metaforan oinarritutako egitura eraikitzen du, hondamendiaren mundu bat sortzeko, suntsiketa eta heriotza adierazten duten irudiekin, poema ameskoi bat oroitarazten duen osotasun bat lortuz. Aldiz, Arestik gutun batean poema azaltzen duelarik, amodio poema bat dela dio, maitemintzearen zio eta ondorioak adierazten dituen poema bat: “Lehendabiziko partean mutilaren sentimentuak adierazten dira, Miren ezagutu eta hil arte. Hirugarrenean hil eta amodioa bete arte. Bigarrenean neskatilaren sentimentuak adierazten dira”.
Poema luze horren zati den “Hariztia” tartean, kasurako, –poetaren izenaren oihartzunez osatua– ameskizunaren inguruan dabilen hizkuntza poetiko batez, pertsonaiak lur mortu bat deskribatzen duen, Elioten poesiaren oihartzunez.
1960 eta 1961 artean, Arestik Joan eta Mirenen historiaren ustezko hasiera argitaratzen du, eta zentsuragatik (eta ez Mitxelenak ironiaz zioen bezala, bertsoak gaizki neurturik zeudelako) zati batzuk baino ez dira agertzen Zuzenbide debekatua izenburuarekin; frankismoaren kontrako jarrera nabaria da, betiere literatura gailentzen zaiolarik. Lana 1985ean argitaratu zen osorik.
Irakurketen hautapen bat eskaintzen da liburuan, tresneria original baten bidez: karta-joko bat; karta bakoitza poema bat da, poeta baten izenburuarekin. Eliot urrezko txota da, esate baterako, eta Neruda biko urrea. Karta sail horrek argi uzten du Gabriel Arestiren irakurzaletasuna, batetik, eta poesian esperimentatzeko grina, bestetik.
Arestik Blas de Oteroren liburuak 1959an ezagutu zituen, bere gutun batean dioenez. Elkar ezagutu zuten, eta adiskide handi egin ziren 1961tik aurrera.
1960 eta 1964 artean, Aresti gero eta poesia zuzenagoa egiten hasten da, sistema politikoak ezarritako egoera soziala salatuz. Aldi berean, jite herrikoia duten poemak osatzen ditu, zenbait ezaugarrirekin: zatikakotasuna, alusioa, ideiak metatzea, lotura falta eta itxura kasu. Bestalde, testuak zentsuratu zizkiotenetik, liburuak ateratzea gero eta zailagoa egin zitzaion. Jo eta su ari zen idazten garai hartan; testu poetikoez gainera, Gabriel Arestik ipuin sorta bat kaleratu zuen, gizarte giroko gai konprometituekin, eta nobela bat ere egin zuen, Mundu-Munduan, hasiera batean antzezlan baterako pentsatua; zenbait antzezlan ere aurkeztu zituen Euskal Herriko literatura-sariketetara.
1964an, Gabriel Arestik bide berri bat abiatu zuen bere Harri eta Herri poemarioarekin; 1962rako idatzia zeukan, eta trilogia baten lehen liburua izan zen, harria eta euskal herria lotzen zituen irudia oinarri harturik. Geroztik etorri ziren, 1967an Euskal Harria eta 1970an Harrizko Herri Hau. Badirudi argitalpen batetik bestera hiru urte igarotzea egileak nahita egin zuela.
Harria eta herria lotzea, antza denez, Arestiri berari jazotako gertakariren batetik sortu zen. Abadiñoko Salbatzailearen Baselizatik gertu hamabi harri daude, Durangaldeko herrien sinbolo gisa. Dena dela, oihartzun historiko horrek ez du ezabatzen beste poeta batzuen eraginda. Celso Emilio Ferreiro galiziar poetak ere harria aipatzen du lehenagotik argitaratuko Longa noite de pedra liburuan. Jon Juaristik Miguel Hernández-en poema bat gogorarazten digu; “vascos blindados de piedra”. Euskal identitatea eta harria lotzen dituzten zantzuak Arestiren beraren lehenagoko poemetan ere ikus daitezke, zeinak ohartuki erabili baitzituen harriaren balio sinbolikoa, egoera politikoari aurre egiteko bitartekotzat.
Euskal historiaurreari egiten dio keinu bilbotarrak, eta euskal identitatea historiaurrearen arabera definitzeko interesa zuten beste ikertzaile eta artistekin lotzen da horrela. Harriaren sinboloa Jorge Oteizaren hipotesiekin bat dator; eskultoreak historiaurrean aurkitu nahi zuen euskal estetikaren ezaugarri nagusiaren sorrera: historiaurreko eraikuntzetan, zehazki mairu-baratzetan, ageri den hutsa; Oteizak huts hori abangoardiako eskulturgintzan txertatzen du. Migel Barandiaran arkeologo eta etnografoa ere euskal herriaren jatorriaz arduratua zen, apaiz hark bultzatu zituen Euskal Herrian arkeologia ikerketak. Bestalde, harria sinbolotzat hartzeak haren esanahi politikoa indartzen du: Euskal Herriaren aro ideala, utopikoa, Harri Aroa da.
Dena den, Arestik Harri eta Herri-n errealitatearen irakurketa semiotiko berezia bilatzen zuen poesiaren bidez. Edozein ñabardura, gertakizun, Arestiren poesian denboraren eta bizitzea egokitu zitzaion gizartearen alegoria bihurtzen zen. Poetak gauza zehatzekiko sentiberatasuna zuen: bizitako oro, ikusitako oro, entzundako oro, dena izan zitekeen poesiagai, eta horretan Gabriel Arestik bazuen “object trouvé” delakoaren ukiturik. Autorearen poemak bidaiak dira, hasi zerbait zehatzetik eta egia orokor batera iristerainoko bidaiak, alegia. Hala, “Zorrotzako portuan aldarrika” poeman, handik eta hemendik etorri eta elkarrekin lanean ari diren langileen gertakari xume bat hartzen du oinarri: injustiziak ez du haien artean bereizketarik egiten. Arestiren gizarte-konpromisoa poemaren amaieran ageri da: “Beti paratuko naiz / gizonaren alde”. Berdin gertatzen da “Bilbaoko kaleak” poeman ere, non kaleen irakurketa politiko bat egiten den, alde batetik gizarte frankista agerraraziz eta, bestetik, askatasunaren egarria.
Arestiren poesia Blas de Oterok esandako “Escribo / como hablo” haren araberakoa bada ere, badu eginkizun bat bete behar duen poeta-profetaren ikuspegirik ere. Harri eta Herri liburuan, Gabriel Aresti munduaren erdigunean jartzen da, subjektibitatetik eta ni poetikoaren lirikatik abiaturiko diskurtso poetikotik, eta bulartsu egiten dio aurre frankismoak eraikitako gizarteari. Horregatik da deigarria “Munduaren neurria” poema, ezen han poetak bere nia mundua sortzen duen hitzaren sormenaren haritik eraikitzen baitu.
Zentsurak liburuari kendutakoak 1964tik aurrera asko zaildu zuten Gabriel Arestiren poemen argitaratzea. Urte hartan kendutako poema batzuk Euskal Harria liburuan txertatu ziren (hango 120 poemetatik 60 soilik onartu zituen zentsurak) eta gehienak Harrizko Herri Hau liburuan (Euskal Harria liburutik atzera botatako poema asko ere bai). Hala, hiru liburuek ezaugarri jarraituak dituzte, eta ahots bera ageri da hiruretan. Dena dela, ez da hargatik usterik atera behar 1964an Harri eta Herri liburuan ageri ziren oinarri poetikoen halako jarraitze automatiko bat dela esanez. Esate baterako, Euskal Harria ortografia zaharkituaz idatzi zuen Arestik, Euskaltzaindiak euskararen batasun ortografikoa ezartzeko erabakian zuen atzerapena salatu nahirik. Liburu hartan, bestalde, Arestiren poesiaren ezaugarri konkretua arindu egiten da, nahiz eta badagoen. Era berean, egileak garaiko giltzarri politiko batzuen berrirakurketari eta berridazketari ekiten dio, alusio literarioa erabiliz, batik bat, zeharkako bide hori bere poesiaren ezaugarri tekniko nabarmen bihurtzeraino. Gainera, Arestik argitalpenean Agustin Ibarrolaren grabatu batzuk sartu zituen, eta pintore eta grabatzaile horri buruzko hirugarren zati bat (argitaragabea, orduan) osatu zuen gaztelaniaz. Liburuan argi eta garbi ageri da Arestik gaztelaniaz ere zeukan ahalmen poetikoa; sonetoak gaztelaniaz eginak daude, eta gero euskaraz jarriak. Sonetootan, gai-kezka bikoitza ageri du autoreak: gizarte kontzientzia –“sonetu jazartuak”– eta ahots benetakoarena, bi-biak zeinu bera bihurtzen ditu, hots, poetarentzat beharrezkoa den ahotsa egiazkotasun etikoaren ahotsa ere badela, askatasuna aldarrikatuz esklabotza nahi duen gizartean, gizarte kontzientzia kontzientzia moral bihurtzen delarik.
Harrizko Herri Hau liburuak bira bat gehiago ematen dio poeta bilbotarraren poesia hiritarrari. Gabriel Arestik ironia lantzen jarraitzen du, bai eta paradoxak eta hitz-jokoak, poesiaren mezu zibila argiago uzteko, gero eta argiago elkartu nahirik Kristo eta Lenin. Aldatzen ez den egoeraren aurrean eginiko protesta luzean, hiria herriari aurrez aurre ipintzen zaio, eta esplotazioa salatzen; bereziki “Rikardo Arregiren heriotzagatik auhenez” poema nabarmentzen da, non Arestik lirika tradizionalarekiko grina eta ameskizunez osaturiko giltzarri poetikoa uztartzen dituen. Rikardo Arregi euskal alfabetatzea bultzatu zutenetariko bat izan zen. Auto istripuz hil zen.
Garai hartan (1970-1971), badirudi Arestik poesia lantzeari uko egitea erabaki zuela, eta nobelak idazteari ekin zion.
1968tik aurrera gogotik aritua zen euskararen normalizazioaren eta batasunaren alde, eta gero eta lan gehiago egiten zuen filologo gisa.
1973tik aurrera, ondo diagnostikatu gabeko gaixotasun larri batek jota osasuna galdu zuen. 1973an lanetik baja hartuta Ea-ra (Bizkaiko itsasertzean) bizimodu lasai eta atseginago baten bila joan zen. 1975ko maiatzaren 27an, ebakuntza egin zioten Bilboko ospitalean, eta ebakuntzaren ondoko konplikazio batzuk direla-eta hil zen 1975ko ekainaren 5ean. 41 urte zituen.
« ARCHU, JEAN BAPTISTE | ARISTI, PAKO » |