AGERRE, PEDRO – “AXULAR” » |
ADÉMA, GRATIEN – “ZALDUBI”
Gratien Adéma Goyeneche “Zaldubi” Senperen (Lapurdi) jaio zen 1828ko apirilaren 14an. Ama bertakoa zuen, eta aita Senperera ezkondutako gaskoia. Lehenengo ikasketak sorterrian egin ostean, Larresoroko seminariora joan zen, eta bertan ezagutu zuen, hain zuen, XIX. mendeko idazle lapurtar ezagunenetako bat: Jean Baptiste Elizanburu. Ordukoak dira Zaldubiren lehenengo testu originalak nahiz moldapen eta itzulpenak. Larresoroko ikasketak amaituta, baina, bakoitzak bere bidea hartu zuen: Elizanburu armadara joan zen, eta Zaldubi erlijio-bideari lotu zitzaion.
Larresoroko ikasketak amaituta, Zaldubi Baionako seminario nagusira abiatu zen handik, eta 1853an apaiztu zen Lapurdiko hiriburuan. Handik Larresorora itzuli zen irakasle, eta 1854an Hazparneko apaiz-lagun izendatu zuten. Ez zen kargu makala ordurako; izan ere, Hazparne zen garai hartan Ipar Euskal Herriko herri nagusienetarikoa, nagusia ez esatearren: “Bazen hor gaindi orai bezenbat bizilagun, hots, bost milako bat, nekazari, ilhagin, ehule, larru-apaintzaile, zapatain, hargin, zurgin eta beste arotz. Horien guzien artetik ditxolari, pertsulari ala pilotari asko, ororekin gogotik kurutzatzen baitzen bikario berria” (Xarriton, 1985: 49).
Hazparnetik Nafarroa Beherera egin zuen 1860an Bidarraiko erretore kargua eman ziotenean, eta handik hamabi urtera, 1872an, oraindik ekialderago, Atharratzeko erretore nagusi bihurtu zenean. 1890ean, azkenik, Baionako katedraleko kalonje izendatu zuten, eta bertan egon zen harik eta 1907an hil zen arte.
Euskal Herria, euskara eta euskal kulturarekin kezka nabarmena zeukan, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak sendotzearen alde egin zuen, bai eta euskararen akademiaren alde ere: “Se sentÃa identificado con todo lo vasco: lengua, deportes, música” (Villasante, 1961, 191). Hego Euskal Herriko kultur jendearekin zeukan harreman ona erakusten du 1892an Azpeitian egin zioten omenaldiak. 1902an Hondarribian egindako Hizkuntzaren batasunerako bileran moderatzaile-lanak egin zituen. Jakina da batzar arazotsua izan zela eta, besteak beste, Ipar Euskal Herriko idazle eta kultur gizonak, Sabino Aranaren aldekoen jarrera zela eta, atsekabeturik joan zirela. Bada, askok Zaldubiri leporatu zioten batzarreko gidari-lanak behar bezala egin ez izana.
Zahartu ahala osasuna makaldu zitzaion, eta sarri joaten zen Aldudeko Harpeako ur sendagarrietara. Jean Etxepare zen hango medikua, eta Zaldubiren honako deskribapena eman zuen 1937an Gure Herrian argitaratutako artikulu batean:
“Guti dugu ikusi adin hartako xahar hain lirain xut gorarik, ile xuri nasai batzuek bere begitarte arrai xuhaila eztiagotzen zakotelarik oraino eta iduri gaztetzen. Jauntzitik hiritar emaiten zuen, edo bederen etxeko seme handi. Ibilgunean bazuen Eskualdun menditarrek bakarrik daukaten halako zalhu arinkeriarik gabeko zerbeit. Eskuak hain eder eta gurbil zauzkan non berehala ezagun baitzen zer tresna zerabilaten eta nola. Azken bizpahiru urtetarat bizkitartean adinak urritua zakon urhatsa, burua lurrerat ukurtu gabe hargatik. Gaitz zerbeit zintzurrari lothurik, erlastua ere zen, haren entzutea orozbat goxo eta bitxi baitzitzeien orori (…) Harpeko ur hotx mehe garbitik edan eta, jartzen ohi zen erregebidearen bazterrean dagoen kotor ttipi baten gainean. Inguratzen ginuen. Orduan bazuten haren ezpainek zerbeit, zerbeit erraiteko! Batzuetan ezin athertua, xaharra baitzen eta xaharra baino gehiago… koblakaria. Zer nahi bazakien Eskal-herriaz”.
Senpertarraren literatura aipatzen hasi aurretik, bidezkoa da euskararen inguruko lanen bat ere argitaratu zuela esatea. Esate baterako, euskararen jatorriarekin kezkatuta edo, euskararen eta japonieraren balizko antzekotasunen berri eman zuen Semaine de Bayonnen.
Ikertzaileren batek Adéma literatur lanak idazten berandu hasi zela esan badu ere, egun badakigu, arestian esan bezala, Larresoron zegoela hainbat testu landu zituela, bakarrik nahiz Elizanbururekin batera. Badira zenbait kaiera aski apain non senpertarraren idatziak ageri baitira. Kasurako, “Martin eta Kattalin” eta “Pilotariak” neurtitzak 1851 eta 1857koak dira, hurrenez hurren. Alabaina, aurretik ere esan bezala, sasoi hartako testu guztiak ez dira originalak: gaia sakon eta zehatzago aztertu behar da Zaldubiren orduko testuak ondo sailkatu nahi badira, baina orduko testuen artean badira itzulpenak eta beste egile batzuen testuen moldapenak ere (La Fontaine-ren alegienak, kasu). Are gehiago: badirudi Camoussarry-ren testuak ere koaderno haietara eraman zituela Adémak.
Lehenbiziko testu haien ondoren d´Abaddie-ren Lore Jokoekin lotuta ageri da Zaldubiren izena: zenbait izengoiti erabilita (Hergaraya, Senperetarra eta Uxalegy, esaterako) aurkeztu zituen bere bertso-lanak, harik eta 1873an Sarako Lore Jokoetan “Zalduby Artzain Beltcha” ezizenarekin lehenengo saria irabazi zuen arte. “Bildotsa eta otsoa” eta “Belea eta Axeria” alegiei esker irabazi zuen saria, eta, egon, La Fontaine-ren bi alegia daude testu horien oinarrian. Bada, badirudi sariketa hura irabaztearekin batera erabaki zuela senpertarrak ezizen horri eustea.
1880ko hamarkadan aurreko alegia bi horiek nahiz beste hainbat argitaratu zituen Refue des Basses-Pyrénées et des Landes aldizkarian, eta bere ospeak gora egin zuen nabarmen. Garai hartan Jean Hiriart-Urruty-k zuzentzen zuen Eskualdunan ere kolaboratzen hasi zen.
Zaldubiren lana ez zen alegietara mugatu, ordea, ezta gutxiago ere. Villasantek lan multzotan sailkatu zituen senpertarraren lanak: erlijio-testuak, alegiak, testu profanoak eta abertzaleak.
Erlijio-gaiez asko idatzi zuen, bertsoz nahiz hitz lauz. Aipatzekoak dira, adibidez, Lourdesen eta Betharramen Escual herritik pelegri cirenen orhoitzapena (1875) nahiz Escualdun pelegrinaren bidaltzailea (1877) lanak, bai eta oraindik orain Ipar Euskal Herriko eliza askotan kantatzen diren erlijio-kanta asko eta asko: bizi zen artean horrelakoak idazteaz gain, irakatsi ere egin zituen, eta ohitura zuen bere testuetarako doinu ezagunak, herrikoiak, hartzea, jendeak errazago ikas zitzan. Hainbat autorek esan bezala, hitza musikaren mende ageri da Zaldubik kantatzeko egindako lanetan.
1899an artikulu interesgarria kaleratu zuen Eskualdunan: “Art Poétique Basque”. Honakoa esan zuen Patxi Salaberrik Adémak bertan agertutako ideiei buruz: “Prezeptiboa izatea bilatzen duen euskal poesiaren arte-sistemaren deskribapen gisa aurkezturik (…) euskal herri-poesiaren arloko arauez gain, hain tradiziozkoak ez bide zirenak ere eskaintzen dira bertan, nonbait Zaldubik berak asmatuak edota sistematizaturikoak. Azpimarragarriak dira, edonola ere, poesiaz dituen hainbat kontzeptu” (2002: 184).
Bestelako testuetara itzuliz, guztira 18 alegia idatzi zituen, eta horien azaleko irakurketa egitea nahikoa da garai hartako gizarte-kezka eta gogoetak ageri direla ikusteko. Alabaina, Zaldubiren ikuspuntua, ikuspuntu orokor eta neutroa baino, aski markatua da: errepublikazaleen kontrakoa eta karlismoaren aldekoa zela begi-bistakoa da, bai eta euskal abertzale sutsua zela ere. Gainera, Kristautasuna euskaldunei berez zetorkiela uste zuela dirudi. Alegiez denaz bezainbatean, gehien-gehienetan La Fontaineren zordun ageri da. Hori dela eta, baten batek “La Fontaine euskalduna” izengoitiarekin ere izendatu du.
Literatur-moldeak direla eta, Adémaren ekoizpen osoa gogoan hartuta, ezin esan genezake egile modernoa izan zela; izan ere, erlijioak eta molde tradizionalez (4 puntuko txikia zuen gogoken) egindako alegiek osatzen dute bere literaturaren zati handiena. Alabaina, horrek “ez du ukatzen berrikuntza metrikorik nahiz jolas erritmikorik” (Salaberri, op.cit.: 186).
Alegiez gain, bestelako olerkiak ere argitaratu zituen, hala nola, errepublikari barre egitekoak eta abertzaleak. Hain zuzen ere, olerki-liburua prestatzen ari zelarik zendu zen Zaldubi 1907an. Bada, arestian aipaturiko erlijio-kantez gain, senpertarraren bestelako olerki musikatuak ere heldu zaizkigu bizi-bizirik: “Zazpi Eskual Herriek”, “Gauden gu Eskualdun” nahiz “Agur eta ohore Eskual Herriari” izenaz ezagutzen dugun testua da horren lekuko.
XIX. mendean Ipar nahiz Hego Euskal Herrian bizi-bizirik zeuden eta abertzaleek sarri aldarrikatzen zituzten elementuekin idatzitako testua da: Euskal Herriaren batasuna, euskara euskaldunen hizkuntza izatea, erlijioaren lekua euskaldunengan, haritza bezalako sinboloak, eta abar. Honela laburtu zuen Iñaki Aldekoak testuaren garrantzia: “el poema “Zazpi Euskal Herriek” , de G. Adéma, logró una formulación más acabada [del lema Zazpiak-bat], y alcanzó, ya bajo influencia nacionalista, una popularidad que ha llegado hasta nuestros dÃas” (2004: 99).
Bertsoak idazteko hizkuntza erabiltzeko zeukan trebetasuna behin eta berriro erakutsi zuen: “Zaldubi bertsolari zehatza da, bertsoak doi-doi neurtuak ematen ditu. Silaben kopuru mugatu hori lortzeko ongi ezagutzen dituen euskalkietara jotzen du hitz bila eta bertzetan, laburtu edo luzatzeaz gain, forma berriak sortu egiten ditu” (Bengoetxea, 1990: 11-12). Egileak estuen erritmo eta musikalitatea gogoan dauka, eta ohiturazale ageri denean ere, testuek ez dute freskotasunik galtzen.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
ALTZIBAR, Xabier (2006): “Adéma-Zaldubiren hitzaldi, artikulu eta kantu zenbait”, Lapurdum. 11. 7-39. or.
BENGOETXEA, Ales (1991): “Gratien Adéma”. Kantikak eta Neurtitzak. Gero-Mensajero: Bilbao.
ETCHEPARE, Jean (1937): “Buruchkak”. Gure Herria. XVII. 19. or.
SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.
XARRITON, Piarres (1985): “Gratien Adema-Zalduby-ren Bizia ta lanak (1828-1907)”. Mundaiz. 29. 47-53. or.
___, (1992): “J.B. Elissamburu eta Gratien Adéma”. Euskera. 37. 55-63. or.
VILLASANTE, Luis (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. Oñati.
AGERRE, PEDRO – “AXULAR” » |