« PATXIKO TXERREN (1890) | PIARRES ADAME (1888) » |
PERU ABARKA (1802)
Juan Antonio Mogelen (Eibar 1745 – Markina 1804) Peru Abarka (Peru Abarca) izeneko lan ezaguna euskal narratiba laikoaren alorrean dugun lehenengo saioa da. Gaurko talaiatik ikusita, liburu garrantzitsua da euskal literaturari eta hizkuntzari egindako ekarpenengatik eta sasoiko ideien agerkari izateagatik. Bi menderen arteko liburu honek —1802an idatzia— XIX. mendeko euskal narratiban eragina handiagoa izango zuen argitalpen prozesua hain gorabeheratsua izan ez balitz. Gure literatura zaharreko beste liburu asko bezala, idatzi eta urte batzuk geroago argitaratu zen liburu gisa. Lanaren esku-izkribua ezaguna izan bazen ere, 1880ra arte ez zen argitaratu, lehenengoz Bilboko Beti Bat aldizkari karlistan, atalka, eta azkenez, Durangon, liburu gisa 1881ean, eta laurogei urte geroago, Luciano Bonaparte printzeak ereindako berreskuratzearen jarrerari esker. 1899an Azkuek edizio elebiduna, gaztelaniaz eta euskaraz, atondu zuen.
Narratiba alorreko lana izanda, askok ikusi nahi izan dute Peru Abarkan euskal eleberriaren sorrera eta hasiera. Hala ere, liburuaren generoaren gaineko eztabaida argitzearren, aski da lanaren izenburu osoa gogora ekartzea: “Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada de la Universidad de Basarte o Dialogo entre un rústico solitario y un barbero callejero llamado Maisu Juan”. Erdaraz emandako izenburua luze eta panpoxo honek “elkarrizketa” baten aurrean gaudela adierazten digu. Elkarrizketa da, beraz, eta ez eleberria. Generoaren berri ez ezik, izenburuak lanaren asmoaz eta testuinguru eta ikuspegi ideologikoaz ere nahiko argibide eskaintzen du. Didaktismoa, euskararen gorazarrea eta bertute zaharren defentsa dira liburu honen gako nagusiak.
Peru Abarka XVIII. mendetik zetorren Neoklazismoaren eta mende berriko Erromantizismoaren artean kokatu beharra dago, ezen, behinik behin, euskal erromantizismoak bere egingo dituen ikuspegi asko aurkezten baititu.
Lan honen helburu eta kutsu apologetikoa hizkuntzarekin dago uztartuta. Lanaren lehenengo atalean, sarreran, Mogelek euskararen gorazarre egiteaz batera lanaren helburua azaltzen du, erdaraz azaldu ere: herrialdeko agintariek euskaraz egin zezaten. Hasierako atal honetan euskaren aldeko laudorioa bada, hirugarren zatian, bi abaderen arteko elkarrizketa batean, laudorio hori kritika bihurtzen da, euskara trakets erabiltzen duten abadeen aurka. Lan osoa, beraz, hizkuntzari eta ohitura garbiei loturiko irakaspena da. Irakaspen asmo horrek zerikusi zuzena du Mogelek hautatu zuen generoarekin, elkarrizketa generoarekin hain zuzen. Elkarrizketen bidez egileak asmo pedagogikoa gauzatu nahi du, irakurlea hezi eta konbertitzea lortu nahi du, eredugarri agertzen duen Peru Abarka bihurtu. Genero honek berebiziko abantaila bi eskaintzen zizkion Mogeli: batetik, fikzio narratibo korapilatsua saihesten zuen, eta bestetik, genero hau zeharo zetorren bat abadeek zerabilten metodo didaktikoarekin. Gogora dezagun Juan Antonio Mogel luzaroan Markinako parrokoa izan zela, eta ugari direla ondu zituen erlijio lanak. Elkarrizketen bidez irakaskuntza erraz eta naturalera iritzi nahi zen. Genero hau tradizio klasikotik dator, eta Neoklazismoaren garaian, beronek ekarri zuen didaktismo jarrera dela bide genero ezaguna izan zen Europako literaturan. XIX. mendeko euskal literaturan ere Peru Abarca ez da genero honetan emandako lan bakarra. Ildo horretan, hurbileko eragin bat aipatzearren, nabarmendu behar da Peru Abarcak Luis Vivesen Dialogos de Latinos deritzon lanarekin duen parekotasuna. Bestalde, elkarrizketak prosarako bideak irekitzen zituen, pertsonaien konfigurazioan zalantzarik egon ez dadin bide zuzena da. Izan ere, eleberri batean pertsonaiak alda daitezke. Genero honetan, ostera, pertsonaiak aldaezinak dira, kontrajarpenez parekatzen dira, elkarrizketak lagundu egiten du hasieratik amaieraraino pertsonaia laua izaten. Pertsonaiak, argumentua, dena dago hasieratik ondo bideratuta.
Pertsonaien arteko kontrajarpena lanaren izenburuan bertan azaltzen da. Batetik, Peru Abarka dago, baserritarra —abarkaz jantzita— euskara onaren jabe, baserri munduan ikasia, Basarteko unibertsitatean, lanak aipatzen digun bezala —baso arteko unibertsitatean—; eta bestetik, Maisu Juan, barberua, euskara traketsa egiten duena, kaletarra eta jakituna. Bi pertsonaia horiengan nekazarien mundua eta hiriaren bizimodua kontrajartzen dira. Hizkuntzaren errebindikazioaren bidez egileak planteamendu ideologiko zabala egiten du. Ilustrazioaren bide bertsuetatik joanda, egileak, Frantziako filosofo neoklasikoen eskutik, “Basati onaren” defentsa egiten du. Sasoi modernoak eta aldakorrak kolokan ipini dituen mundu zaharren zutabeen sustraietara jotzen du, aitzinera, jatorrira, benetako erroak eta garbitasuna gordetzen diren eremura, hau da, ia bakartuta bizi den baserri eremura. Mogelek baserri inguru hau mundu zaharren ikur eta sinbolo bihurtzen du. Mogel, horretan, Erregimen Zaharraren nostalgiaz ari zaigula esan liteke. Baserri inguru horretan euskararik onena egiten da, Peru Abarkarena, eta ohitura kristaurik garbienak gordetzen dira, hauek ere Peru Abarkarenak. Horregatik, bertutez jantzita agertzen den Peru Abarca hau ez da sinesgarri irakurlearentzat, eta Maisu Juan onegia da, egileak marraztu nahi dizkion alde txar guztiekin ere, interesgarriagoa suertatzen zaio irakurleari.
Lanaren egiturari dagokionez, Peru Abarka hiru zatitan banatzen da. Hasieran egilearen hitzaurrea dugu, ostean sei elkarrizketek osotzen duten liburuaren zati nagusia, eta hari horretaz gain, hirugarren atal bat dugu, bi abaderen arteko elkarrizketa, alegia. Peru Abarkaren eta Maisu Juanen arteko harremana sei elkarrizketa horietan gertatzen da. Behin, txiripaz, taberna batean elkar ezagutu eta gero, Peru izango da Maisu Juanen maisua, eta orduko baserri-bizimoduaren berri emango dio tokian-tokian azalpenak emanez: nola janzten diren, zer jaten duten, burdinolako lanak zertan diren, piztien eta baserriko abereen izenak zein diren, zuhaitzen eta landaren izenak euskaraz nola ematen diren egoki… Maisu Juani ematen dion irakaspen zehatz eta luze hau gaurko irakurleari mundu haren jakingarri paregabea zaio. Edonola ere, Peru Abarka lan hibridoa dela esan daiteke. Elkarrizketa bakoitza aurreratu egiten du egileak erdaraz idatzitako sarrera batean:
“Dialogo primero. Entre el inculto bascongado y barbero Maisu Juan y el culto casero Peru. Se da principio al Dialogo en una venta, donde se encontraron casualmente.”
Sarrerok antzerkia dakarkigute gogora. Elkarrizketa bakoitzaren sarrera nagusiaz gain, testu barruan ugari dira ohar eta akotazioak, denak erdaraz, antzezlanaren itxura indartzen dutenak, jakina, benetako antzezlana izatera heldu gabe. Bestalde, Peru Abarkak fikzioa ez egiteko asmoa agertzen badu ere —lanaren asmoa metalinguistikoa litzateke— bada sei elkarrizketa hauetan zehar hari bat, bigarren elkarrizketan bentako atsoaren istripua dela-eta hasten den trama. Trama horren intriga seigarren elkarrizketan konponduko da Maisu Juanek Peru Abarkaren arropaz jantzita agoazilei izkina egiten dienean. Dena dela, trama-haria meheegia da benetako hari narratibotzat hartzeko, hari garatu gabea da. Aitzitik, Maisu Juanek Peru Abarcaren arropa jantzi izana sinbolo esanguratsua da, une horretan arropa aldaketaren bidez Maisu Juan, kaletar ezjakin bihurtzen baita. Peru Abarkaren irakaspenei esker haren pare errenditu da; Maisu Juan Peru Abarca bilakatu eta ekintza horren bidez baserri mundua bere egin du. Hibridazioaren beste alde bat dira lanean tartekatzen diren kanta, bertso, esamolde, ipuin eta atsotitzak, denak herri kulturaren agerkari. Peru Abarkari ez zaio freskotasunik falta, sasoiko etnokulturaz jabetzeko lan garrantzitsua izateaz gainera, elkarrizketa izateak —non Bidasoaz bi aldetako euskaldunak batera agertzen diren— eta ironia fin batez apainduta egoteak laguntzen duen lan atsegina izaten.
” Nik uste neban bene benetako andikiren bategaz berba egiten nebala; agaiti nenguan txapela buruti kenduta lotsa nintzala berba egiten. Jakin baneu lenengoti barberu txar bat baño etziniala, ez nintzan jaunka zugaz egongo, ez da bere buru utsian”
Sei elkarrizketen ostean, atal nagusitik erabat bereiz, abade eta fraide baten arteko elkarrizketa dator. Fraide eta abade hauek, hurrenez hurren, Pedro de Urlija eta Juan de Zandija izenekoak dira. Ez da gaitza, hala ere, izen horien pean Pedro de Añibarro eta Juan Antonio Mogel bera ikustea. Bien artean euskara goratzen eta, oro har, abadeek egiten duten euskara mordoiloa salatzen dihardute. Euskara noranahikoa dela erakutsi nahi dute, gauza “goratubetarako” ere. Asmo apologetiko hori azkeneraino eramaten ahalegintzen dira autore klasikoen esaldi eder batzuk euskaraz emanez.
Ezin dugu ahaztu, azkenez, Peru Abarkak hizkuntzari egindako ekarpena. Aipatu bezala, lan osoa euskara eredugarri baten agerkaria da, euskara kultu eta jasoa agertzeko asmoz idatzia baita. Horregatik sinestezina eta irreala da hizkuntza hori Peruren ahotan. Mogelek, Añibarrorekin batera, bizkaiera literarioaren hastapenari ekin zion. Peru Abarkak, Markinako bizkaiera eredugarrian idatzia eta zenbaitetan arkaismo askoko hizkuntzaz idatzitako obrak, bizkaiera klasikoaren gailurra ezarri zuen.
BIBLIOGRAFIA
MOGUEL, J.A (1881): Peru Abarca. Luis de Elizalde. Durango.
ERZIBENGOA, J., EZKIAGA, P.(1978): Euskal literatura. Gero. Bilbo.
IBON, S. (1971): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.
IBON, S. (1975): Historia social de la literatura vasca. Akal. Madrid.
JUARISTI, J. (1987): Literatura vasca. Taurus. Madrid
KORTAZAR, J. (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.
MITXELENA, L. (1988): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
VILLASANTE, L. (1979): Historia de la literatura vasca. Aranzazu. Oñate.
« PATXIKO TXERREN (1890) | PIARRES ADAME (1888) » |