« OTTO PETTE (1994) | PATXIKO TXERREN (1890) » |
PARNASORAKO BIDEA (1896)
Eusebio M. Azkueren (1813-1873) seme zen Resurección M. Azkue hizkuntzalari, biltzaile eta eleberrigileak argitaratu zituen lehenengoz liburu baten bere aita zenaren poemak, izenburutzat neoklasikoen asmoarekin lotura duen Parnasorako bidea aukeratuz. Izenak Grezia klasikoa eta mitologia gogora dakarkigun “Apolo eta musak” olerkiari egiten dio erreferentzia, antza, eta argitalpena idazlea hil eta hogeita hiru urtetara agertu zen. Bertan, seme zenak hainbat aldaketa egin zituen bere kasa, bai bertsoen ordenari dagokionez, ahapaldiak aldatuz, lerro osoak ezabatuz zein hitzak aldatuz.
R. M. Azkuek baino lehenago, Aita J.A. Uriartek “PoesÃa Vascongada” bilduma lan eskerga osatu zuen Eusebio M. Azkue eta beste idazle batzuen lana batuz. Baina lanak ez zuen urte luzetan argirik ikusi, 1987an J. Kortazarrek eta M. Billelabeitiak kaleratu zuten arte. J. Manterolaren Cancionero Vascon ere agertu ziren zenbait poema, eta, azkenez, 1990ean, A. Astigarragak eta K. J. Bijuescak azterketa hau osatzeko erabiliko dugun bilduma eman zuten argitara Euskerazko versoac , jatorrizko grafia beraz.
J. B. Orpustan-en (1996:188 ) ustez Frantziskotarrengandik hartutako heziketa klasiko eta erlijio zalea argi ikus daiteke Azkueren olerkiotan. J. Kortazarrek (1997: 113), ordea, neoklasikoen tradizioan hezia eta Urrezko Mendeko idazle espainiarren oihartzunak dituen trantsizioko idazletzat du, Quevedo bezala jostalaria eta ziri zalea agertzen zaigu -begira, hain zuzen ere, “Sur bateri” olerkia-. A. Astigarraga eta K. J. Bikuescaren arabera (1990:19), berriz, nabariak dira Espainiako Klasizismoa eta ahozko literaturarekiko loturak.
Klasizismoarekiko zaletasuna ez da soilik generoen aukeraketa, edo gai eta aipamenetara mugatzen -alegiak gogoko ditu, eta mitologia aipamenak zein mitologia ez da falta-, egitura simetrikoen erabilerak eta pertsonaien erretratuak antolatzeko erak ere joera hori nabarmentzen dute. Baina inspirazioaz jota idazten duen idazlearen jarrera erromantikoa ere bada olerkiotan, eta honetan esanguratsua da olerki bildumari idazleak jarritako izenburua: Euskarazko versoak neurri ascotan apaindubak. Imini dituzana da Eusebio M. Dolores Azcuecoa, 1861garren urtian. Neurri ugaritasunean, eta gaien aukeraketarako duen zabaltasunean, Erromantizismoak olerka-riari eskaintzen dion idazkera-askatasuna ikusten du J. Kortazarrek (1987:114). Hain zuzen ere erromantikoen idealismoan erroturiko ikuspegi modernoa, ageri du Azkuek, literatura gizartea aldatzeko gaitzat joaz eta olerkaria gizartearen gainetik jarriz, arrunkeriatan jausi gabe, gizartearen zerbitzura jokatuko lukeen apaiz laiko bat iduri.
Gai zerrenda luzea aipatu dugu, eta ez da harritzekoa, Azkue baitugu XX. mendera arte olerkaririk oparoena; 121 olerki, 17 “ciri vertsoak” edo epigramak barne. Orotarik edanak direla esan beharrean gaude, idazleak egindako irakurketa anitz bezain aberatsek eragindakoak sarritan. Nabaria da maiz, gogokoen zituen irakurketa eginberrien arabera eraikitakoak direla bere poemetako gaiak eta ikusmoldea, estilo bakar bati jarraitu gabe, iturri desberdinetatik edan zuen. Joera hori argia da “Sur bateri” eta beste zenbait zortzikotan, “Dinostezu Catalin/cer dan zortzikoa:…”(75) erakusgarrienetakoa delarik. Era horretako zortzikoek estilo ariketak egiteko zuen nahia ere azaleratzen digute zenbaitetan: “¿Nai dozula, Fr. José,/ zortziko barrijha?…” (265). Beste alde batetik, eta XIX. mendearen erdialdean idatziak izan arren, ez dira gaiak olerkari erromantikoen aukera aukerakoak soilik. Maitasunak eragindako lirismoak, askatasunaren balioak, Erdi Aroak sortzen duen lilurak, errealitate arrunt eta etsigarritik ihes egin guraz ekarritako ukitu exotiko eta orientalistaren inguruan sortutako olerkiek kutsu hori erakusten badute ere, sarritan ageri da joera neoklasikoa gaiok garatzean. Maitasuna, esaterako, ez da beti erromantikoen subjektibotasun lirikoan ageri, ezen ikuspegi objektiboa ematen duen hirugarren pertsonaren bidez ere adierazten baita baserritarren edo herriko bizilagunen arteko harremanak deskribatzerakoan, esaterako. Izan ere, deskripzioa eta narrazioa luzeak dira sarritan, sentimenduen adierazle baino gehiago (“Jhoane Bekoerrota-koa….”). Horrelakoetan, agerikoa da joera errealista eta ohitura zalea, eta ezin dugu ahaztu erromantikoek gogoko dutela joera hori, asmoa herrien tasun eta bitxitasunak, hizkuntzarenak barne, agertzea da-eta. Ohiturak azaltzeko zaletasunak, bestalde, exotismoaren aurkakoak diruditen arren, barnealderanzko ihesa adierazi nahi duela uste dugu.
Ukitu neoklasikoa luketen gai erromantikoak aipatu ditugu, baina badira, zalantzarik gabe, molde neoklasikoari jarraiki hartutako beste zenbait erabaki: mitologia gai edo aitzaki nagusitzat duten olerkiak; edota “Idiak eta burrdia”, “Euzkadia”, ala neoklasikoek hainbeste maite duten simetria zorrotzaz sortutako “Apolo ta musak”. Azkue dugu dudarik gabe mitologia hain zabal eta zehatz darabilen lehen euskal olerkaria, baina ez ditu hala ere erlijioa, gai historikoak, barregarriak, neoklasikoentzat leit-motiv garrantzitsua diren amodio desorekatuak ala irakaspena gorderik duten ipuinak garatu gabe utziko. Azpimarratzekoa da eguneroko gertaera eta ardura hurbilek eragindako kezkak ere sarritan direla bere olerkien gai: “Marruecosco gerracuac”, Mundacaco emacumia”, “Euscaldun bat Veracruzen”, “Carlistenac”…
Gaien zerrenda luzea da benetan. Orotariko gaiekiko zaletasunak eragina du erregistro eta tonu ugaritasunean. Joera horrek eredu erromantikoari lagunduko dio, lanaren irudi onaren aurka ageri bada ere. Ezin da ahaztu Azkueren umorezko tonua, ingenioz betetako ironia eta tonu objektiboaren nagusitasuna ohiturak deskribatzean eta gai serioak aukeratzerakoan. Objektibotasuna joera narratiboaren sustrai litzateke poetarengan, lehen pertsona erabili arren, bere poesia ez baita beti lirikoa, narratiboa baizik. Ondorioz, egitura logikoa nagusituko da olerkiotan, nahiz eta egitura hau era askotara garatu: sarrera berezien bidez, elkarrizketen bidez, egitura paraleloak erabilita, ekintza linealak nagusi direlarik, tentsio-distentsio moldeak garatuta edo akumulazio egiturak erabiliz, berbarako. Objektibo izan nahi horretatik sortzen da, baita ere, gehiegikeriarako joera. Teknikarik garrantzitsuena pilaketa izanik da, semantika berezia agortu arte baliatzen du idazleak.
Ez da olerkiotan baliabide bitxirik erabiltzen, metaforak baino ugariagoak dira izadiko elementuekin sortutako konparazioak. Hizkera erraza, egunerokoa eta konplikaziorik gabekoa da. Arestian aipatutako mitologia oihartzunen bidez, goi-giroko sinbologia mundua osatuko du idazleak; baina ez hori bakarrik, poemak egituratu eta pertsonaiak indartzeko eta edertzeko baliabidetzat erabiliko du tasun hori, inspirazio errotzat erabiltzen ez dituenean, bederen.
Ez ditugu neurri berezi eta kultuegiak aurkituko lan honetan. Tonu narratiboari egokien doazkion zortziko nagusia eta txikia dira ugarienak, bertsogintza moldekoak biak ere. Errimarako, ordea, aldaketatxo bat egiten du, bigarren lerroak laugarrenarekin errimatzen baititu, eta seigarrenak zortzigarrenarekin. Hortaz, bi zatitan banatuko ditu ahapaldiak, bikoetarako joera agertuz. Horrelako ahapaldiek kutsu aberatsagoa ematen diote olerkiari, baina bertsolaritzan hain garrantzitsua den azken puntuaren indarra moteldu egingo dute eta ahapaldiaren lehen zatiko ideiaren gehigarri hutsa baino ez dira izango.
Olerki eta bertsoen ezaugarriak ageri dira lanean beraz. Bada Erromantikoen eta Neoklasikoen goi-asmorik, baina herri moldez garaturik. Hala ere, agerikoa da olerkiok aurretiaz zehaztutako plan jakin baten ondorio eta gogoeta sakonen emaitza direla, idaztean idazle kontzientzia argia duen olerkaria agertuz.
BIBLIOGRAFIA
ASTIGARRAGA, Asier eta BIJUESCA, K. Josu (1990): “Eusebio M. Azkue (1813-1873)” in Euskarazko Vertsoak. Labayru. Bilbo. 14-40 or.
KORTAZAR, Jon (1987): “Eusebio Azkueren poesiagintza” in Poesia Bascongada. Dialecto VizcaÃno. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo. 25-42 or.
KORTAZAR, Jon (1997: Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.
NAVAS RUIZ, R. (1982): El romanticismo español. Cátedra. Madrid.
ORPUSTAN, Jean.Baptiste (1996): Précis d´histoire littéraire basque 1545-1950. Editions Izpegi. Baigorri.
VARELA, José (1999): La novela de España. Taurus. Madrid.
« OTTO PETTE (1994) | PATXIKO TXERREN (1890) » |