Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

PATXIKO TXERREN (1890)

Antero Apaolaza
Alvaro Rabelli

XIX. mendeko euskal narratibaren garapen ahulean bada kontuan hartu beharreko beste eragile garrantzitsu bat: aldizkarietan egindako sorkuntzaz ari gara. Aldizkako argitalpenak XIX. mendearen bigarren aldian ugaritu ziren, nahiz eta asko iraupen laburrekoak izan. Horietan idazle berriek aurkitu zuten euskarria luma zorrozteko eta trebatzeko. Aldizkarietako lanak jorratu gabe, nekez irits zitekeen ondorengo lehenengo eleberrietara. Aldizkarietan, bada, genero narratibo bat nagusitzen zen: errelato laburra edo ipuina. Eleberrien sorreraz eta bilakaeraz berba egiten dugun moduan, modu ipuinaren bilakaeraz hitz egin beharko genuke. Izan ere, XIX. mendearen bigarren aldiak ezarri zuen aldea mende horren hasierako hamarkadetan ipuinak zerabilen ereduarekiko. Hasierako urte horietan alegiaren jeneroa nagusi bazen, mende amaierako ipuingintzak alegiak baztertu eta herri istorio ohiturazaleen bidetik jo zuen. Ipuinaren eragina berebizikoa izan zen euskal eleberria ekarriko zuten lehenengo lanetan (Piarres Adame, Bein da betiko…). Hala ere, eleberria garatu ahala, bi generoon arteko aldeak nabarmentzen hasi ziren. Joeraz ez hainbeste, baina. XIX. mendearen amaierako ipuina eta, baita XX. mendeko urte luzeetakoa ere, joera ohiturazalekoa dugu nabarmen. Ipuingintza molde honetara biltzen dira herri ohiturak, eta herrietako pertsonaien kontu xelebreak eta barregarriak, ahaztu gabe, ipuinok artean helburu didaktiko eta morala zutela.

Ezin esan ipuinok balio literario aparta zutenik, landu ere asko ez ziren lantzen, eta esan bezala, neurri handi-handian aldizkarietarako zeuden idatzita soilik. Hala eta guztiz ere, badira nabarmendu beharreko lanak, eta horietako bat dugu Antero Apaolazaren Patxiko Txerren (Pachico Cherren) izeneko ipuina.

Antero Apaolaza (Urretxu, 1845 – Antzuola, 1908) botikaria eta politikaria —zenbait urtetan Bergarako alkate liberala izan zen— dugu lan honen egilea, edo itzultzailea, hobeto esanda. Apaolazak beste lan apurren bat gehiago utzi zuen, baina bere lan gehienak, olerkiak batez ere, familiak suntsitu zizkion. Itxura denez, Apaolazaren ideia liberalek ez bide zuten lagun onik egiten.

Aipatu bezala, Patxiko Txerren itzulpena da, ez ordea itzulpen soila. Apaolazak Antonio Trueba (Galdames, 1819 – Bilbo, 1889) egilearen El judas de la casa izeneko ipuina hartu eta euskarara ederto moldatu zuen. Apaolazaren itzulpenak Bergaran ikusi zuen argia 1890ean. Harrezkero argitalpen ugari izan du: Ibaizabalen 1903an, Irungo J. Diazenean 1915ean, Euskal-Esnalean 1917an, Auspoa bilduman 1962an. Mikel Arrutza euskaltzainak ere itzuli zuen, Etxe-kalte (Bilbo, 1934) izenez “Verdes Atxirika”-n argitara emana.

Ez da Truebarena itzuli izan den ipuin bakarra. Truebaren ipuingintzak bete zuen alde garrantzitsu bat XIX. mendeko lehenengo aldian. Bere eragina Espainiako idazleengana ere zabaldu zen, harik eta joera berriek egile bizkaitarraren ipuingintza zahartuta utzi arte. Truebak bere errelatoetan amarekiko maitasunaz eta herri kondairez idazten zuen. Sortzailea baino, baserrietako bizimoduaren biltzailea da. Etxeko bizimodua, natura eta ideologia atzerakoia dira bere lanen ardatz. Idealista eta tolesgabea zen, bere lanek gutxi dute dramatikotik, gehien jota ereduzko zigorrak jasotzen dituzte Truebaren ideologiak agintzen dituen arauak betetzen ez dituztenek. Joera horiekin bete-betean bat egiten zuten euskal idazleek, eta Truebaren eredua gaindituta, zenbait urtetara, eredua bakarra zen hemengo idazleen artean. Ez da harritzekoa, beraz, Truebaren lanak euskaratzea. Gerra zibilaren sasoira arte, behinik behin, Truebak eredu izaten jarraitu zuen.

Apaolazaren itzulpenaren benetako balioa lana euskaratzeko abilezian dago, eta baita Truebaren prosa arintzeko ahaleginean. Patxiko Txerren guztiz irakurgarria da, Apaolazak laburtu eta arindu egin zuen, sarritan anpulosoegia eta astunegia baitzen Truebaren prosa. Euskal inguruan kokatu zuen, gertaera Galdamesen jazo beharrean, jatorrizkoan halaxe baitzen, Antzuolan kokatu zuen, eta herriko hizkera jatorrez jantzi zuen, apurka-apurka nagusitzen hasia zen garbizaletasunetik urrun. Esan daiteke Patxiko Txerren jatorrizkoa baino hobea dela. Apaolazak darabiltzan elkarrizketa jatorrek abiadura eta arintasuna ematen diote lanari. Horregatik, itzulpenaz baino, berridazketaz berba egin beharko genuke.

Lanaren abiapuntua “Beti ohi da etxe bakoitzean txerren bat” esamoldean datza; hau da, beti dago etxe bakoitzean kalte egiten duen pertsona bat. Lana, berez, lukurreriaren aurkako aldarria da. Horixe dugu gai nagusia, diruzaletasunak etxea eta familia galtzen ditu. Protagonista nagusiak, Patxiko izenekoak, bizimodu txarrekoa bera, txantajera eta lapurretara emana, etxekoei milaka kalte egin ostean kartzelan amaituko du azkenean. Ez dira falta nobela arrosako elementuak, ipuinak berak du nobela arrosa estiloko garapena-eta. Anaia bi, bata ona, Ignazio; eta beste gaiztoa, Patxiko, Abelen eta Cainen antzera. Arreba bat bada, Patxikok ondasunak lapurtzen dizkion Angel izeneko indiano batekin maitemintzen dena, baina ezkontzeko traba franko gainditu beharko du bikoteak. Patxikoren gaiztakeriengatik osasuna galduta hiltzen diren gurasoak ere hor ditugu. Arrisku handiz Ameriketara joan beharra dirua egitera, Patxikok etxea saldu nahi eta familiako lagunek erostea egunen batean berreskuratu ahal izateko, eta azkenean, amaiera zoriontsua pertsonaia onentzat eta zigorra, berriz, Patxikorentzat, espero den bezala, horiek dakartza egileak.

Bilbe sinple honetan Apaolaza Truebaren joeren eta ideien igorle hutsa da. Apaolazaren testuak eutsi egiten dio ikuspegi moral eta laiñoari.

BIBLIOGRAFIA

APAOLAZA, Antero (1890): Pachico Cherren. Juan Lopez. Bergara.

ONAINDIA, Santi (1974): Euskal literatura III. Etor. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus