Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

O-TEN GAZTAROA NEURTITZETAN (1657)

Arnault Oihenart
Jon Kortazar

Arnault Oihenartek (1592-1667)  1657. urtean argitaratu zuen Parisen Les proverbes basques resuillis pour le S. d’Oihenart, plus les poésies basques du mesme auteur. Atsotitzak bildu ondoren, O[ihenar]-ten gaztaroa neurtitzetan azpitituluarekin poema liburu bat eman zuen argitara. Kontuan hartu beharko litzateke egileak ez dituela soilik gaztaroko poemak argitaratu, baizik eta zahartzaroko zenbait ere badirela bilduman, hala nola, bere emaztearen heriotzari eskainita, Arnault Oihenartek 61 bat urte zituenean prestatua. Izenburuan joera autobiografikoa agertzen bada ere, ez da zuzen-zuzen hartu behar liburua autobiografia bat denik, azken batean emakume desberdinei, edo izen desberdinekin agertzen den emakumearen irudi bakar bati eskainitako poema sorta baita.

Argitalpenaren aldetik testuak aldaketak izan ditu. Gaur egun 30 poema biltzen dira izenburu hori duen liburuan, baina 1657. urteko argitalpenak 26 poema besterik ez zituen bildu. Baionako alea deitzen den 1667. urteko beste argitalpen batek 30ak biltzen ditu. Hala ere, badirudi alde honen azterketa xehe batek agerian uzten du pasarteak, eta Jean Baptiste Orpustan irakaslearen esanetan, agian, poema osoak galdu ditugula.  Bigarren argitalpena da gaur eguneko edizio egileek jarraitzen dutena.

Tere Irastortza idazle eta Arnault Oihenart idazlearen ikerlariak hiru gai nagusi ikusi ditu Oihenarten poemaetan:

“Hiru dira, hiru, azkenik, Oihenarten poemetako gaiak: amodio, erlijioa eta politiko zenbaitentzako laudorioak, nahiz eta azken hau ez den oso garrantzizkoa, eta guztien gainetik amodiorako, bizimodu pribaturako gorde euskara “. (1992, 17).

Arnault Oihenart idazle eta poetak ezaugarri bi agertzen ditu ezer baino lehen, eta euskal literaturaren historia egileak bat datoz jarrera horiek deskribatzeko unean: bakarrik agertzen da, eta bere poesia ere isolatua da euskal eremuan, euskal sistema literarioa oso ahula den unean. Aita Luis Villasantek, adibidez, honelaxe deskribatzen du Arnault Oihenart, nahiz eta haren morfologiaz ari den zehazki:

“También en este particular [morfologian, alegia] Oihenart constituye una excepción o un caso aislado en la literatura vasca antigua”. (1961, 89).

Bide beretik agertu zaigu Koldo  Mitxelena:

“Su lenguaje se aparta del de los autores coetáneos por su carácter más purista, que se manifiesta sobre todo en el uso sistemátcia –y generalmente acertado- que hace de las posibilidades de la lengua en la formación de palabras… Su producción vasca no tuvo apenas influencia” (1960, 75).

Arnault Oihenarten isolamendua berezia da bere garaian, ez ordea Jose Maria Agirre, Lizardiren lanean, non agertzen baitira hiru mende beranduago Arnault Oihenartek agerturiko zenbait joera. Puntu honetan ados agertzen badira ere, euskal literaturako historia egileak ez datoz bat Arnault Oihenarten poemek merezi duten harrerarekin. Erromantizismoa gertatu ondorengo irakurleak izan ditu egileak eta horrela, adibidez, Koldo Mitxelenaren iritziak eskola egin du gure artean:

“Oihenart no era un poeta, sino un versificador extraordinariamente hábil y un gran conocedor de la lengua” (1960, 76).

Iritzi horren azpian ezkutatzen dena aurre juzkua da. Arnault Oihenarten idazkera modua ez da inondik inora “beroa”, hoztasuna da iruzkin-egileek gaineratzen dioten arazorik nagusiena. Baina hoztasun hori idazlea jaio eta bizi izan zen garaiko ezaugarri nagusia besterik ez da, esan nahi da, idazleak bizi izan zuen klasizismoaren eragin bat dela. Ezin zaio eskatu ez duenik, eta izan ez zezakeenik Arnault Oihenarten lanari. Irakurri klasizismoaren bidetik irakurri behar dugu, poemak pentsatu eta eraiki egiten dituen idazle baten aurrean gaude, ez sentiberatasun erromantikoa agertuko duen idazlearen aurrean.

Hala ere, zalantzan jarri da zein mugimendu estetikoan kokatu beharko genukeen Arnault Oihenarten lana. Bere katolikotasuna kontuan hartuz, Jon Juaristik, adibidez, barrokoaren barnean kokatu du haren izaera, jakina denez, barrokoak katolizismoaren defentsa sutsuan aurkitzen baitu bere izaera nagusia.

Oihenarten klasizismo joera hainbat alderditan ikus daiteke. Hasteko, poesia egiteko Arte poetiko bat idatzi zuen, 1656. urtean idatzia eta 1967. urtean oso berandu argitaratu zena, L’Art poétique basque izenburupean. Arte poetikoak beti dira arauemaileak, eta halakoxea da Arnault Oihenartena ere, eta arauak klasizismoaren barnean errespetatzen dira.

Iturriak ekartzean, ez ditu agertzen idazle barrokoak, eta bai, ostera, Frantziako klasizismoko idazleak. Arnault Oihenarten poesian bada kontzeptismoa erabiltzeko joera bat, esan nahi da kontzeptuekin jostatzeko ahalegin berezia darabilela hitz jokoetan, elisioetan, eta beste gogo-jolasetan. Inoiz espresamolde hori zela eta barrokotzat hartu izan da bere joera, ulergarria baita, kontzeptismoa barrokoarekin lotzen bada, eta barroko espainolean badu bere jaiotza eta jarraibidea, kontzeptuekin jolasten ari dena barrokotzat hartzea. Baina ingeniuma erabiltzen duena, azken batean, joko klasikoan jokatzen ari da, hori baita neurri berean barrokoaren azpian gordetzen den poesia egiteko modua. Kontzeptismoaren sorrera, berez, klasizismoan agertzen da.

Arnault Oihenarten idazle izaera azaltzean, honela dio Jean Baptiste  Orpustanek:

“El mérito de Oihenart es considerable: nos ha legado el único libro de poesía vasca enteramente conforme a la regularidad formal de la época clásica, aun cuando la temática poética, especialemente en los poemas de amor, permanece dentro del linaje directo de los neo-petrarquistas renacentistas de España, Francia,  Italia […] en los “blasones del cuerpo femenino”, tema muy de moda entonces, tan originales en poesía vasca […] también en la lamentación sobre la muerte de su mujer, que es de un orgullo poético muy en la línea ronsardiana” (1992, 183).

Arnault Oihenarten poesiaren “elogium”-a egiten duten lerroetan badira azpimarratu beharreko zenbait ezaugarri: Oihenartek euskal poesiaren eremuan duen originaltasuna azpimarratzen da lehenik, eta berebizikotasun hori zenbait alderditik datorkio: arauak jarraitzen dituelako, Petracaren poesiaren zale gisa agertzen delako, eta Ronsard-en poesiaren usaina dariolako bere lanari. Juxtu hiru ezaugarri horiek Klasizismoaren bidean jartzen dute.

Tere Irastortzak, ezaugarriekin jarraituz, Arnault Oihenarten poesia definitzeko orduan bere “neurria”, gaiari lotzeko duen sotiltasuna eta egitura ona nabarmentzen du, eta horrekin batera, aliterazioaren garrantzia hartu izan du kontuan.

Poemen egitura neurri “logikoan” eratuak dira, hots, aurrez jarritako lege bati jarraiki. Horrela, denboraren jarioa onartzen da poemaren egituratzaile gisa, irizpide logikoa, hala nola “Joanaren betheginzarrea” poeman, non maitearen erretratuak kanonak jarritako arauak betetzen dituen, haren irudia goitik beherako deskribapena jarraituz ematen den, eta, inoiz, lehen/orain kontzeptuen arteko kontrajarpenaz, zeina maiteari erregu egiteko baliagarri gertatzen den.

Alegoriak eta jokoak, bai hitzezkoak zein gogozkoak, oso apreziatuak dira Arnault Oihenarten poetikan. Aurelia Arkotxak (1994) egileak darabiltzan deskribapen moten intertestualitatea bilatu du, eta ondorioztatu du maitatzea, maitearekiko lotura, maitasun debekatua, bakartasuna, sekretua, maitasuna eta izadiaren aipamena, Europako poesia gortesauan behin eta berriro erabilitako gaiak eta topikoak direla, eta Arnault Oihenartek ere erabiltzen dituela, hain zuzen ere inguru kultural hartan jaio eta hazi zelako. Maitearen irudiaren kodifikazioa garaiko literaturan maiz erabiliko gaia da, eta beraz, Arnault Oihenart tradizio petrarkista batean kokatzen du.

Estilistika kontuan harturik Luis Mari Muxikak ere Arnault Oihenarten poesiaren zentzu klasikoa azpimarratu du.

BIBLIOGRAFIA

ARKOTXA, A.: (1994): “Oihenarten amodiozko poesien azterketa konparatiboa”. Iker. 8.401-450.

HEGATS (1992): Arnaud Oihenarten omenez. 7. zeb.

IKER (1994): Oihenarten laugarren mendeurrena. 8. zeb.

IRASTORZA, T. (1992): “Oihenarten poemagintza”. Hegats. 7. 17-33.

JUARISTI, J.: (1987): Literatura vasca. Taurus. Madrid.

KORTAZAR, Jon: “Arnault Oihenart (1592-1667)” in ELKARLEANEAN: Los escritores. Hitos de la literatura clásica euskérica. Sancho el Sabio Fundazioa. Gasteiz. 1996. 209-231.

MITXELENA, K.: (1960). Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madril.

MUXIKA, L.M.: (1994): “Oihenarten amodiozko neurtitzen tematika”. Iker. 8, 351-399.

ORPUSTAN, J.B. (1992, a). “Prólogo” in OIHENART, A.: Proverbes et poesies basques. (1657-1664). Izpegi. Baigorri.

ORPUSTAN, J.B.:(1994. 1992,b) “Bernart Etxepare ta Arnalde Oihenart: ondoriotasunetik harat”. Iker. 8. 451-465. Hegats. 7. 59-72.

VILLASANTE, L.: (1961). Historia de la literatura vasca. Sendoa. Bilbao.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus