« OLERTI ETA IDAZTI GUZIAK | OSTEGUNAK (1997) » |
ONTSA HILTZEKO BIDIA (1666)
Ontsa hiltzeko bidia lehenengoz Orthezen eman zen argitara 1666an. Bigarren argitalpena RIEVek egin zuen 1991n. Azken urte hauetan, berriz, bi edizio kritiko eman dira argitara: batetik, 1975ean Andolin Eguzkitzak paratutako edizioa plazaratu zuen Jakin argitaldariak; eta bestetik, Patxi Altunak 1987an liburuaren lehen bi kapituluen beste edizio kritiko bat paratu zuen eta Deustuko Unibertsitateak eman zuen argitara, 1666an argitara emanikoak “ezin konta ahala hutsegite” dituelako Altunaren hitzetan (1987: 5), eta Tartasen testua finkatzeko lana bere gain hartu zuen, liburuaren hasieran ematen dituen irizpideetan oinarrituz (1987).
Zubereraz idatzitako lehen lana da XVII. mendean argitaratu zen erlijio-liburu hau, Bibliako erreferentzia ugari dituena. “Gomendiosko letra” eta “Irakhurtzaliari” atalen ondoren, “Onsa hilzeko bidia” pasarte laburra dakar eta ondoren, lau ataletan ontsa hiltzeko bidea frogatzen ahalegintzen da, eta horretarako lau arrazoi ematen ditu –lehen arrazoia laugarren atalean txertaturik dago eta bereiz datoz beste hirurak–, eta azkenik, hainbat eranskin dakartza: Kredoa euskaraz, Jainkoaren hamar manu edo aginduak eta abar.
Ontsa hiltzeko bidea Axularren Gero baino hogeita hiru urte geroago argitaratua da. Itxura guztien arabera, Tartasek ezagutu ez ezik baliatu ere egin zuen Axularren liburua, “”Gomendiozko letra” eta “Irakurtzaileari” izeneko sarrera gisakoak kidetasunen adierazgarri aski ez balira ere, bertako zenbait hitz, esaldi eta pasarteri Axularrenen susmoa” hartu baitie Salaberrik (2002: 86).
Alabaina, Mitxelenarekin, Sarasolarekin eta Villasanterekin bat egiten du Salaberrik Tartasen lana Axularrena baino trauskilagoa eta estilo aldetik txiroagoa dela esatean. Mitxelenak bitxikeriaz eta gehiegikeriaz josia dela nabarmendu du (1988: 82). Eguzkitzak edizio kritikoa paratu zuenean, barrokismorik gabeko obra dela nabarmendu zuen Axularrekin erkatzerakoan, eta honako ezaugarri hauek egotzi zizkion Tartasen estiloari, literaturatasunaren zutabe gisara: konparazioak, gaiak erabiltzeko modua eta bizkortasuna (1975: XIX).
Arueko erretorea izaki, erlijio-liburu hau elizako bere lanetarako prestatu zuen Tartasek. Edukiaz gain, ordea, eta estilo aldetik loriatua izan ez den arren, liburu honek bestelako balioak ere baditu, eta horien artean aipatzekoak dira ironia eta umorea direla liburu honen ezaugarrietako batzuk. Esan izan da hori izan zitekeela argitalpena hamar urtez atzeratzeko arrazoia ere (Villasante 1979, Kintana 1975). Kintanak dioenez, “Sermoietako exenpluak liburuetara ere iragan ziren, eta herri xehearentzako obretan, eta bai letra askorik gabeko predikarien eskribuetan, holako kondu eta irrisolasak oso ugari agertzen dira” (1975: XIII).
Azkenik, ezin utz genezake aipatu gabe berriki irakurria dugun Iñaki Iñurrietaren Kuskue Tanden (2004) eleberrian liburu honi buruz aurkituriko pasarte kritiko metaliterario aski argigarria:
“Esate baterako, egun batean irakurriko zuten Sarasolaren Euskal literaturaren historian ezen, ikuspegi filologikotik landa, literariotik ere interesgarria zela Iuan de Tartasen Ontsa hiltzeko bidea, zenbait pasartetako estiloak zuzenean gogorarazten zuela egungo estilorik modernoena, puntuazioarekin esperimentatzen duen estilo horrena, halako moldez non erritmo bizkorra lortzen zuen, eta abar” (2004: 70).
BIBLIOGRAFIA
ALTUNA, Patxi (1987): “Hurbil saioa”. In Iuan Tartas: Onsa hilceco bidia-ren bi lehen kapituluak: Hurbil saio gisa. Deustuko Unibertsitatea. Bilbo. 5-36.
EGUZKITZA, Andolin (1975): “Atarikoa”. In Juan TARTAS: Ontsa hiltzeko bidea. Jakin. Arantzazu. XVII-XXII.
IÑURRIETA LABAIEN, Iñaki (2004): Kuskue Tanden. Alberdania. Irun.
KINTANA, Xabier (1975): “Hitzaurre gisa”. In Juan TARTAS: Ontsa hiltzeko bidea. Jakin. Arantzazu. IX-XVI.
MITXELENA, Luis (1960): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 1988.
SARASOLA, Ibon (1971): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna: Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Franciscana Aranzazu.
« OLERTI ETA IDAZTI GUZIAK | OSTEGUNAK (1997) » |