« OLERKIAK | OLERKIAK » |
OLERKIAK
Juan Bautista Gamiz (1769-1773) idazle arabarrak euskaraz eta gazteleraz idatzi zituen poemak, baina, askoz gehiago izan ziren gazteleraz idatzirikoak. Hala, euskal poemetan nabaria da egileak gazteleraz sortzeko zuen ohitura, bai eta gaztelerazko eredu literarioen oihartzuna ere.
Jon Goikoetxea Maizak argitaratu zituen lehenbizikoz poeta arabarraren olerki guztiak, hain zuzen ere 1980an, honako liburu honetan: Juan Bautista Gámiz Ruiz de Otero: poeta bilingüe alavés del siglo XVIII, 1696-1773= XVIII. mendeko arabar euskal-erdal olerkaria, 1696-1773, Euskaltzaindia-Arabako Foru Aldundia, Bilbo.
Liburuan argitaraturiko poemen eskuizkribuak Loiolako josulagunen artxibategian egon dira gorderik, honako izenburu honekin: “Ofrecimientos varios de poesĂa”. Jon Goikoetxeak dioenez (1980, 175), ez dago jakiterik nola heldu ziren eskuizkribu horiek Loiolara, eta ez dago jakiterik zergatik ez ziren galdu, edo zergatik ez ziren 1767ko Errege Dekretuaren ondoren bahituak izan, josulagunen idazlanekin eta eskuizkribuekin gertatu bezala.
Jose Inazio Aranak (1838-1896) topatu zituen izkribu horiek lehenengo aldiz, eta Aranak José Butron Mujikari egotzi zion egiletza. Baina, Jokin Aspiazuk eskuizkribu haien egilea Juan Bautista Gamiz izan zitekeela iradoki zuen 1923an, Donezteben antolaturiko Euskalegunetako bigarren itzaldiak ekimenean. Ordutik aurrera, Gamizen egiletzaren alde egin zuten Santi Onaindiak, Koldo Mitxelenak eta Berrio Otxoak, besteak beste (cfr. Goikoetxea, 1980, 196; Bidador, 2004, 40).
XVIII. mendean Hego Euskal Herrian gertaturiko literatur loraldian kokatzen da Gamiz poetaren ekarpena. Arabarra bazen ere, 1729tik aurrera Iruñan bizi izan zen, Iruñako josulagunen ikastetxeko diruzain hartu baitzuten (cfr. Goikoetxea, 1980, 178-179; Bidador, 2004, 40-42). Hartara, Jesusen Lagundiaren giro hartan, Manuel Larramendiren ekarpenak ezagutu zituen, eta pentsatzekoa denez, haren eraginari esker ekin zion euskaraz idazteari, Larramendiren hiztegia eta idazlanak ezagutzen baitzituen (Goikoetxea, 1980, 205-206; Salaberri, 2002, 137). Besteak beste, Mendiburu josulaguna eta idazlea zuen adiskide. Edonola ere, Gamiz ez zen apaiz ordenatzera heldu, eta horregatik, ordenak horrela arautzen zuelako, ez zuen idazteko baimenik lortu (Bidador, 2004, 40). Ziur aski, arrazoi horregatik ez ziren oso ezagunak eta zabalduak izan arabarraren poemak.
Eskuizkribu hartan, euskaraz idatziriko 6 poema gorde dira: bi poema luze, “Dabilzentxoak” eta “Euskaraz gaiztoetan”; eta lau poema labur, “Oñekotxoa”, “Beste bat, arendako”, “Beste bat ere bai arendako”, eta “Beste tunutxo berri bat”. Ez dira oso poema landuak, literatura-jardunean hasiberri den poetaren testuak dira. Gamizen poemagintzan –gazteleraz zein euskaraz– emakumea eta maitasuna dira gai nagusiak, eta euskal poema gehientsuenak maitasun-aitorpenak dira. Goikoetxeak (1980, 187-180) dioenez, euskarazko poemetan irudikaturiko dama ideala da, eta gazteleraz, aldiz, hezur-haragizko emakumeak irudikatzen dira.
“Dabilzentxoak” poema da garatuena eta landuena. Gamizek, galaiaren oinazea kontatzeko, literatura neoklasikoaren topikoak darabiltza “Dabilzentxoak” poeman, poesia gortesauaren bidetik. Poesia gortesauan poetak maite duen damaren zerbitzari izan nahi du; horrela, maitemindua kexu da, eta damaren edertasuna zein bihotz gogortasuna izan ohi dira poemaren haria. Dama goraipatzeko, haren itxura fisikoan jartzen da arreta, eta damaren deskribapena gorputzeko atalez atal eskaintzen da. Europako literaturaren biderik ohikoena gorputzeko atal horiek goitik behera deskribatzea da, eta hain zuzen ere, “Dabilzentxoak” poema egitura horri lotzen zaio. Hartara, damaren edo maitearen edertasuna irudikatzean, eredu neoklasikoari lotzen zaio egilea, eta lorpen literario handiko testua ez bada ere, poeman bildu egiten dira garai literario hartako joera nagusi zenbaiten oihartzunak. “Euskaraz gaiztoetan” poeman ere maitearen absentziak sorturiko oinazea da kanta-gaia, eta galaia damaren zerbitzari edo morroi legez irudikatzen da, “Dabilzentxoak” poeman bezala.
Gamizek poemok osatzeko darabilen neurtizkera ez da erregularra, eta neurri laburra erabiltzen badu ere, ez du hizkuntza trinkoaren alde egiten. Patxi Salaberrik ohartarazi bezala, XVIII. mendeko lirikan “eredu zaharrekoak izan ziren-eta baliatutako molde gehienak, bat-batekotasunaren teknikekin eta, maiz asko, ohiko kantekin hertsiki lotuak hain zuzen” (Salaberri, 2002, 134). Gamizen poemak ere kantagintzatik hurbil daude, eta kantuaren eragin hori bereziki nabari da, poema laburretan erabilitako errepikapenetan, hoskidetasunetan eta hitz-jokoetan. Gainera, kanturako ere eginak omen dira, “Oñekotxoa” poeman honako hau adierazten baita: “Berze aldeko dabilzentxoak kantatzeko tonuarekin”. Jon Goikoetxearen ustez (1980, 183-185), Gamizen poemak hurbilago dira bertsolaritzatik poesia kultutik baino.
Gamizen poemek ez dute literatur tradizioan inolako eraginik izan, gainera, galduta eta ahaztuta egon dira hainbat mendetan. Gamizen ekarpena baloratu eta berreskuratu nahi izan da, honako bi arrazoi hauengatik: batetik, XVIII. mendeko Arabako euskararen lekukotasun bakarrenetakoa delako; eta bestetik, XVIII. mendeko Nafarroako literatur jardueraren ordezkari delako. Gamiz euskal poetaren berreskuratze- eta hedatze-lan horretan eragin nabarmena izan zuen Santi Onaindiaren antologia-lanak; Mila euskal olerki eder antologian Gamizen “Dabilzentxoak” (Onaindia, 1954, 248) poema bildu baitzuen, eta ordutik aurrera, historia-lan gehienetan aipatu izan da arabarraren jardun literarioa.
BIBLIOGRAFIA
BIDADOR, Joxemiel (2004): Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra. Pamiela. Iruña.
GOIKOETXEA, Jon (1980). Juan Bautista Gámiz Ruiz de Otero: poeta bilingüe alavés del siglo XVIII, 1696-1773= XVIII. mendeko arabar euskal-erdal olerkaria, 1696-1773. Euskaltzaindia-Arabako Foru Aldundia. Bilbo.
ONAINDIA, Santi (1954): Mila euskal olerki eder. Karmeladar idaztiak. Larrea-Amorebieta.
SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.
« OLERKIAK | OLERKIAK » |